Apo-hontz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Otus scops» orritik birbideratua)
Apo-hontz
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaStrigiformes
FamiliaStrigidae
GeneroaOtus
Espeziea Otus scops
Linneaus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera58,5 cm
Kumaldiaren tamaina3,5
Eguneko zikloagaueko

Apo-hontza (Otus scops) strigidae familiako hegazti harraparia da[1]. Iberiar penintsulako hontzik txikiena da. Kolorazio kriptikoa du, enborraren antza hartzen baitu eta, sarri, zaila da non dagoen ikustea. Hontz hau migratzailea da eta uda soilik igarotzen du gure artean. Neguan Europako hegoaldeko muturrera eta Saharaz hegoaldeko Afrikara migratzen da.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apo hontza Iberiar penintsulako hontzik txikiena da. Gorputzaren luzera 19-21 cm bitartekoa da; hego-luzera 47-54 cm bitartekoa[2]; buztanaren luzera 67-75 mm artekoa; eta pisua 60-135 g artekoa (emeak arrak baino pisutsuagoak dira)[3]. Begi horiak aurrerantz bideratuta ditu, mokoa kako formakoa da eta tartsoak lumez estaliak daude. Kolore gris-arre gorrizta du, eta orban beltzak ditu, zuhaitzen koloreak imitatuz. Koloreztatze hau kamuflatzeko baliagarri du. Luma zefaliko zabalak dauzka («belarriak»), maiz ezkutuan izaten baditu ere[4].

Kantua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arraren kantua txirula-antzeko beherantzko inflexioa duen nota monosilabiko bakarrez osaturiko sekuentzia luzea da. 0,2-0,3 segundo irauten du nota bakoitzak eta noten artean 2-3 segundo igarotzen dira[3].

Bikoterik gabeko emearen kantua antzekoa da, baina luzeagoa eta altuagoa. Bikotedun emearen kasuan oraindik ere kantu altuagoa da, eta zertxobait zakarra. Gorte-egite garaian arrak eta emeak elkarrekin abesten dute, nota altuko eta baxuko duetoa osatuz[3].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eurasia eta iparraldeko Afrikako eskualde epeletan, batez ere herrialde mediterraneoetan, Ekialde Hurbilean, Mongolian eta mendebaldeko Txinan ugaltzen da. Iparralderantz Alemania, Polonia eta Baikal lakuraino iristen da. Erdialdeko Europako zati handienean, Britainiar uharteetan eta iparraldeko Europako herrialdeetan ez da umatzen[5].

Iparraldeko populazioak guztiz migratzaileak diren bitartean, hegoaldekoak migratzaile partzialak edo sedentarioak dira[5]. Negua Afrikako ekialde eta mendebaldeko sabanetan igarotzen du, euri-oihanaren iparraldean[3].

Iberiar penintsula osoan zehar ageri da, baina dentsitate handienak gune mediterraneoetan ditu[5].

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso ez oso trinkoetan bizi da, hala nola, dehesa, fruta-arboladi, zaldu edo parkeetan, eta baita pinudi eta harizti bakanetan ere. Dentsitate handienak zuhaitzak eta palaxuak tartekaturik dituzten nekazal guneetan, ibarbasoetan, sastrakadi mediterraneoetan eta herri eta hirietako parkeetan izaten ditu[5]. Zuhaitz eta zuhaiska helduak ditu gustuko, zulo gehiago izaten baitituzte. Negua sabana zuhaiztunetan igarotzen du[6][3].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batez ere, intsektuez elikatzen da, hala nola, matxinsalto, kakalardo, sits eta txitxarrez. Armiarma, beldar, zizare, narrasti, igel eta ugaztun zein hegazti txikiak ere jaten ditu[3].

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apo-hontza
Otus scops

Umatze sasoiaren kronologia asko aldatzen da eskualde batzuetatik besteetara; Iberiar penintsulan apirila eta uztaila bitartean izan ohi da. Gauean arrak emeei deika hasten dira eta azkenean biek batera kantatzen dute. Arrak zulo bat eskaintzen dio emeari eta, honek onartzen badu, bertan umetuko dira. Apirilean edo maiatzean 3-4 arrautza (batzuetan 2-7) errun, eta 20-31 egunez emeak bakarrik txitatuko ditu; denbora horretan arrak ekarriko dio jatekoa. Arrautzak ia esferikoak dira, 31x27 mmkoak, batez beste. Arrautzak ireki eta lehenbiziko egunetan (18-21 inguru) emea habian geratzen da txitekin, eta arrak ekartzen du mantenua; gero hura ere janari bila joaten hasiko da. Txitak itsuak dira lehen 6-7 egunetan, eta 11-13 egunekin irekitzen dituzte guztiz begiak. 3-4 asterekin gazteak habiatik irteten hasten dira, nahiz eta hegan egiteko gai ez izan oraindik. Hegan egiteko gaitasuna 33 egun ingurekin lortzen dute, eta beste 4-5 astez gurasoen zaintzapean egoten dira. Urtean txitaldi bakarra izaten dute. Heldutasun sexuala 10 bat hilabeterekin lortzen dute[3][2].

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apo hontza gau-hegaztia da, aktibitaterik handiena iluntzetik gauerdira bitartean izaten duena. Egunez gorderik egoten da, bai zuhaitzetan, enborretik gertu edo hostotzaren artean, bai zuhaitz zaharren edo arroken zuloetan, bai hormetako zuloetan. Iluntzeko aktibitatea, normalean, oihu azkar batekin hasten da. Batzuetan egunez ere entzun daiteke kantua[3].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. BirdLife International 2012: Otus scops The IUCN Red List of Threatened Species. Version 2014.1. Iucnredlist.org
  2. a b Autillo europeo Seo.org
  3. a b c d e f g h Common Scops Owl - Otus scops Owlpages.com
  4. Otus scops Guía interactiva de aves ibéricas. Montes.upm.es
  5. a b c d Autillo Europeo Atlas de las aves reproductoras de España. Magrama.gob.es
  6. Fabrizio SERGIO, Luigi MARCHESI, Paolo PEDRINI (2009): Conservation of Scops Owl Otus scops in the Alps: relationships with grassland mangement, predation riskk and wider biodiversity. Ibis, 151: 40-50

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]