Pasaiako segada

Koordenatuak: 43°19′47.78″N 1°55′23.49″W / 43.3299389°N 1.9231917°W / 43.3299389; -1.9231917
Wikipedia, Entziklopedia askea
Pasaiako segada
Euskal Herriko gatazka
Pasaiako segada jazo zen lekua, Santa Isabel gazteluaren parean. Hil ziren harkaitzetan hildakoen aldeko margo oroigarriak daude.
Data1984ko martxoaren 22a
LekuaPasai Donibane, Gipuzkoa
Euskal Herria Euskal Herria
Gudulariak
Komando Autonomo Antikapitalistak Espainiako Estatua, Cuerpo Superior de Policía, Guardia Zibila, PSOE
Indarra
6 Hamarka batzuk
Galerak

Pasaiako segada 1984ko martxoaren 22an Espainiako segurtasun indarrek Pasaiako badian Komando Autonomo Antikapitalistak izenekoen bost ekintzaileren aurka eginiko segada izan zen. Pasai Donibaneko Santa Isabel gazteluaren parean jazo zen.

Txalupa pneumatiko batean Ipar Euskal Herritik zetozen ekintzaileak lehorreratzen ari zirela, inguruan ezkututako poliziek tiro egin zieten; horren ondorioz, Rafael Delas, Jose Mari Izura, Dioni Aizpuru eta Pedro Mari Isart hil eta Joseba Merino atxiloturik suertatu zen. Rosa Jimeno amu moduan erabili zuten, baita atxilotu ere. Testigantzen arabera, aurrez erabakitako hilketa izan zen eta lau hildakoetatik bi bertan berehala exekutatuak izan ziren, hasierako tiroketatik bizirik atera ondoren. Hilketak estatuko aparatuetatik prestatutako mendekutzat jo zituzten sektore ezkertiar eta abertzaleek; izan ere, GAL erakunde parapolizial sortu berria antolatu izana leporatuta, Komando Autonomoek Enrique Casas PSOE alderdiko senataria hilabete lehenago hil baitzuten.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960ko hamarkadatik Hego Euskal Herrian abiarazitako Euskal Herriko gatazkak erantzun gogorra izan zuen espainiar estatuaren aldetik, frankismoaren garaian nahiz Espainiako trantsizioan. Ordenamendu juridikoan insurjentziaren aurka propio ezarritako tresnen ondorioz, milaka atxiloketa eta kartzelaratze izan ziren. Horretaz gainera, ekintzaile eta zibilen torturak eta hilketak ere izan ziren, estatuaren konplizitateaz eta ez ikusiarenaz, Espainiako segurtasun indarren nahiz talde parapolizialen eskutik. 1982ko urrian PSOE alderdiak Espainiako hauteskunde orokorrak gehiengo absolutuz irabazita, Felipe González bilakatu zen Espainiako presidente. Berehala, Zona Especial Norte kontrainsurjentzia plana diseinatu zuten, Hego Euskal Herrian bizi zen insurrekzio-egoerari aurre egiteko, estamentu politikoen eta indar polizialen arteko koordinazioaren garrantzia nabarmentzen zuena. Testuinguru horretan sortu zen GAL erakundea, Ipar Euskal Herrian errefuxiaturik bizi ziren euskal ekintzaileen aurkako talde terrorista, espainiar estatuko aparatu politiko eta polizialek antolatua. Pasaiako segadaren aurretik, Lasa eta Zabalaren bahiketa eta hilketa, Segundo Mareyren bahiketa, Ramón Oñederra Kattu, Mikel Goikoetxea Elorriaga Txapela, Angel Gurmindo Stein eta Bixente Perurenaren hilketak izan ziren GAL erakundearen lehen ekintzak, 1983 urteko bukaeran eta 1984ko urtearen hasieran.[1] Hego Euskal Herrian, berriz, Guardia Zibilak egindako operazio batean, Iñaki Ojeda etakidea hil zuen tiroz 1984ko otsailaren 16an.[a 1]

Komando Autonomo Antikapitalistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Komando Autonomo Antikapitalistak»

Komando Autonomo Antikapitalistak 1970eko hamarkadan Hego Euskal Herrian sortutako talde armatua izan zen. Langile autonomian, anarkismoan eta asanblearismoan sustraiturik, kapitalismoarekin erabateko hausturaren aldekoak ziren; horrela, ETAren inguruan mamitutako KAS Alternatibaren aurkakoak ziren, demokrazia burgesa ekarriko zuen programa erreformatzailea zela argudiaturik;[2] halaber, ETAren egitura leninista arbuiatzen dute. Horregatik, ETA eta inguruko erakundeetatik marjinalak zirelako kritikak jaso zituzten. Ekintza armatuak 1978 urtean abiarazi zituzten, kasu askotan enpresarien aurka. Hain zuzen, bereziki haien jardunaren hasieran, borroka armatua langileen borrokaren laguntza izan behar zela irizten zuten eta ekintza zuzen eta gogorren aldekoak ziren. Guztira, 1984ra arte, 25-30 pertsona hil zituzten, bereziki enpresariak, poliziak eta guardia zibilak.[3]

Enrique Casasen hilketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komando Autonomoek Enrique Casas seinalatu zuten, besteak beste, espainiar gobernuaren kontrainsurjentzia estrategia bortitzaren arduradun gisa. Enrique Casas, Gipuzkoako PSOE alderdiko idazkari nagusia, PSOEko senataria eta Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkidea orduan, segurtasun indarren koordinazioa bere gain hartzen zuen Junta de Seguridad del País Vasco segurtasun-batzordearen kidea zen [a 2] 2014ko otsailaren 23an, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak baino bi egun lehenago, Komando Autonomoetako talde batek Casas tiroz hil zuen Donostiako Aiete auzoko bere etxeko atarian.

Segadaren prestaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilketaren ondoren, PSOE eta beste alderdien ofentsiba politiko eta mediatiko zabala izan zen, Herri Batasunaren aurka bereziki. Herri Batasunak hilketa gaitzetsi eta konspirazioaren teoria plazaratu zuen, Herri Batasunari botoak kendu eta gerra zikina justifikatzeko estatuko aparatuek prestatutako hilketa izan zela baieztatuz. Hauteskundeen atarian, PSOE alderdiak Casasen hilketaren erabilera politikoa egin zuela salatu zen; gainera, ordezkari politiko baten hilketa izanik, demokraziaren aurkako eraso zuzentzat hartu eta gogor erantzun behar zela adierazi zuten bere ordezkariek.

Pasaiako segadara eramango zuen polizia-operazioa hilketa izan eta berehala hasi zen. Casas hil zuten lekutik ihes egiteko, hiltzaileak Hernanirantz abiatu ziren autoz, baina bidean trafiko ilara luze batekin topo egin zuten. Autoa espaloi gainera igotzean, gurpil bat lehertu eta taxi batean ihes egin zuten. Lehenengo autoan, poliziaren komunikazioak hautemateko irrati uhinen eskaner bat aurkitu zuen poliziak. Eskanerraren erosle moduan Joseba Merino Komando Autonomoetako ekintzailea identifikatu zuten. Autoa erositakoa izan arren, transferentziaren izapidea egin gabea zen; egoera berean zegoen beste auto bat aurkitu eta horren inguruan bijilantzia-operatibo bat ezarri zuten. Rosa Jimeno ekintzailea 1984ko martxoaren 18an autoa mugitzera joan eta harrapatu egin zuten segurtasun-indarrek, haren atxiloketaren berri eman gabe. Familiak desagerpenari susmo txarrik har ez ziezaion, gurasoei deitu eta haiei lagun batekin zegoela esateko agindu zioten. Halaber, amu moduan erabili eta Ziburun zegoen Dionisio Aizpuru Kurro mutil lagunari deitzera behartu zuten hitzordua egiteko, martxoaren 22ko 22:00ak aldera, ekintzaileek aurrez ezagutzen zuten Pasai Donibaneko arroketako paraje jakin batean. Txalupaz etortzekoak ziren Ipar Euskal Herritik. Komando Autonomoetako kideek ez zioten susmo txarrik hartu deiari, Jimenoren dei baten zai zirelako Hego Euskal Herrira sartzeko.[a 3][4]

Segada eta hilketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1984ko martxoaren 22ko arratsaldean, Joseba Izura Pelu, Rafael Delas Txapas, Dionisio Aizpuru Kurro, Pedro Mari Isart Pelitxo eta Joseba Merino ekintzaileak, azken horren Beltza txakurrarekin batera, Ziburutik atera ziren Zodiac motako txalupa pneumatiko batean. Bitartean, ehun bat polizia eta guardia zibil operatiboa prestatzen hasi ziren. Rosa Jimeno beraiekin eraman zuten. Arma ugari zeramatzatela ikusi ahal izan zuen. Operatiboa prestatzen ari zirela, inguruetan zegoen bikote bat hauteman eta erretenitu egin zuten bertan.

22:30ak aldera, txalupa Pasaiako badiara heldu eta hanketatik sokaz lotua zegoen Rosak adostutako argi-seinaleak egin zizkien ekintzaileei beste aldi batzuetan lehorreratzeko erabili zuten leku berean. Joseba Merinoren testigantzaren arabera (bizirik irten zen handik), ekintzaileak txalupa bertara zuzendu eta soka bat luzatu zioten Rosari, txalupa lotzeko. Lehorreratzen hasi ziren. Poliziak Rosa hanketatik lotzen zuen soka tenkatu, hura lurrera erori eta «Alto, policía» hitzak eta ondoren tiro bat entzun ziren. Berehala, inguruan ezkututako hogei bat poliziak tiro-segida luzea egin zuten ekintzaileen aurka. Ekintzaileak ez zeuden armaturik, zekartzaten armak poltsa batean gordeta zeuzkatelako. Tiroketaren ondorioz, Joseba Izura eta Pedro Isart bertan hil ziren. Txakurra ere bertan hil zen. Txalupatik Joseba Merinok eta Rafael Delasek uretara salto egin eta onik atera ziren, baina berehala Pasai San Pedroko ertzetik etorritako poliziaren bi txalupak aurkitu eta lehorreratzeko esan zieten. Dionisio Aizpurua ere —lurrean zen— onik atera zen. Berehala, hiru polizia arroketatik jaitsi eta mehatxupean izenak galdetu zizkieten bizirik zeuden hiru ekintzaileei, eskuak garondoan eta lehorreratzen ari ziren arroka berean. Segituan, Rafael Delas eta Dionisio Aizpuruaren aurka bizkarretik tiroka egin eta bertan hil zituzten.[5][a 4] Testigantza zenbaiten arabera, Rosa Jimenoren «¡Asesinos, asesinos!» oihuak (euskaraz, «Hiltzaileak, hiltzaileak!») entzun ziren tiroketen ondoren. Ondoren, Rosa Jimeno, Jose Luis Merino atxilotua eta gordetako bikotea Pasai San Pedroko ertzera eraman zituzten Guardia Zibilaren txalupetan. Egin egunkarian jaso zenez, inguruko irratizaleek GEO polizia taldearen kuartelera «operazioa arrakastatsua izan dela jakinarazteko» mezua jaso zuten polizien komunikazioetan.

Lau hildakoek hainbat bala-inpaktu jaso zituzten, txosten forentsean jaso zenez: 28, Pedro Maria Isarten kasuan; beste 28, Joseba Izurarengan, bereziki buruan; 36, Dionisio Aizpuruarengan, bereziki lepo eta gorputz adarretan; eta 21, Rafael Delasengan, bularrean bereziki eta posta motakoak (garai hartan segurtasun-indarrek debekaturik zuten munizio mota hori jendearen aurka erabiltzea).

Hildakoen biografiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dionisio Aizpuru Kurro 1962 urtean jaio zen Azpeitian. Lanbide Heziketako ikasketak egin zituen Azkoitian, non ikasleen borrokan jardun zuen hezkuntza autoritarismoaren aurka. Jardun horretatik heldu zen mugimendu autonomora. 1983ko uztailean Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen.

Pedro Mari Isart Badiola Pelitxo 1961 urtean jaio zen. Ikasketak bukatu gabe, lanean hasi zen altzari enpresa batean. Problematika sozial eta politikoarekin konprometitua, GAI (Gaztedi Abertzale Iraultzailea) erakundean parte hartu zuen. 17 urte zituelarik, atxilotua eta sei hilabetez kartzelaratua izan zen. 1982an, Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen eta trenbideen mantenimenduan hasi zen lanean. 1984ko martxoaren 1ean, Pasaiako segada baino lau aste lehenago, bera eta beste zenbait lankide tirokatu zituzten Hendaiako trenbideetan. GAL erakundeak bere gain hartu zuen atentatu horretan Jean Pierre Leiba hil zen.

Joseba Izura Pelu Iruñean jaio zen 1958 urtean. Txantreako auzokidea zen. Ileapaintzaile (Pelu ezizena pelukero lanbidetik zetorkion) moduan lan egin zuen osaba batekin. LAB, HB eta ETA militarreko kidea izan zen. ETAko taldea poliziak desegin eta Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen; han, ETArekin izandako desadostasunengatik, Komando Autonomoetara bildu zen.

Rafael Delas Aizkorbe Txapas 1957 urtean jaio zen Iruñean. Bere auzoko gizarte-bizitzan biziki inplikatua, ideologia anarkistakoa zen. 1977 urtean, Jose Luis Cano langilea poliziak gertutik botatako tiro batez nola hil zuen ikusi zuen eta 1978ko Sanferminetako protestetan aktiboki hartu zuen parte. Hori guztia dela eta, mugimendu autonomoan murgiltzea erabaki zuen azkenik. 1983ko abuztuan ihes egin zuen Ipar Euskal Herrira.[a 5]

Erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilketek protesta ugari eragin zituzten Euskal Herri osoan, baina bereziki Azpeitian eta Iruñean. Protesta-manifestazioak gogor erreprimitu zituen espainiar poliziak eta hainbat atxilotu izan ziren. Halaber, protesta moduan, poliziaren, bankuen eta zenbait enpresen aurkako erasoak izan ziren. Xabier Perez de Arenazaren heriotzak, GALen atentatu baten ondorioz, protestak areagotu zituen. Martxoaren 28an greba orokorrerako deia egin zen Hego Euskal Herri osoan.

Rafale Delasen anaiak dei bat jaso zuen hilketen eguneko gauen bertan, «ya ves que nosotros lo que prometemos lo cumplimos» (euskaraz, «ikusten duzu, guk hitz ematen duguna bete egiten dugu»), bera atxilotu zutenean ezagutu bide zuen polizia baten ahotik. Delasen hileta elizkizunean ere gorabeherak izan ziren, apaizak «todos tenemos las manos manchadas de sangre» (euskaraz,«denok dauzkagu eskuak odolez zikinduta») eta «tenemos que pedir perdón por nuestro pecados» (euskaraz, «gure bekatuengatik barkamena eskatu behar dugu») esanda, elizan zeudenetako batzuek txakurra eta lotsagabea erantzun ziotenean.[6][7]

Alderdi politiko eta horien ordezkarien aldetik, indar ezkertiar eta abertzaleetatik soilik izan ziren kritikak. Carlos Garaikoetxea lehendakariak gertakarien inguruko ikerketa xehatua agindu zion Luis Maria Retolaza Barne Sailburuari. Herri Batasunak gertakariak estatuaren ahuldadearen isla zirela adierazi zuen. Euskadiko Ezkerrak fusilamendutzat hartu zituen hilketak. LKIk, EMKk eta Auzolanek ere salatu zituzten hilketak.

Ikerketa judiziala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen ikerketa baten ondoren, hilketei buruzko kasua artxibatu egin zen 1986ko urtarrilaren 24an. 2000 urtean, dilijentziak abiarazi ziren berriz ere, senitarteko eta lagun batzuen zein Egia, Justizia eta Oroitzapena kolektiboaren eskariz. Geroztik, epaitegiek eskatutako dilijentzien aurkako jarrera azalduta, kasua berriz ere artxibatzea erabaki zuten 2016ko otsailaren 2an, gertakari haietan delitu aztarnarik izan ez zelakoan.[8]

Oroimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komando Autonomo Antikapitalisten lau kideren oroimenezko margoa Pasaian.

Lau ekintzaileak hil ziren lekuan, lau gorpuren soslaiak daude margotuta. Hilketen urteurrenetan loreak eramaten dira bertara. Hilketen 25. urteurrenean deitutako oroimen-ekitaldia ezin izan zen burutu, Espainiako Entzutegi Nazionalak ezarritako debekuagatik. Horretarako, Ertzaintzak polizia-operatibo zabala prestatu zuen lehorrena, uretan eta helikoptero batez.[9][10]

Beste alde batetik, Barricada musika taldeak Bahía de Pasaia izenburuko abestia osatu zuen gertakarietan oinarrituta 1987 urtean. Oroimezko plaka ere badago han. Abestiko hitz batzuk dira honako hauek: (Gaztelaniaz) «Detrás del uniforme queda el anonimato / en el cuartel un brindis / esta vez fueron cuatro». Polygram disko etxeak ez zuen abestia onartu taldeak 1987 urtean plazaratu zuen No sé qué hacer contigo diskoan, abestia beste abestiekin batera grabatu bazen ere. Zuzenean grabatutako disko pirata batean azaldu zen 1990 urtean, Resiste kolektiboaren eta DDT banatzailearen eskutik. 1995 urteko Los singles disko ofizial bikoitzean argitaratu zen, azkenik. 2006 urteko Latidos diskoko abestietako bat ere bada.[11]

Iruñeko Txantreako auzokidea zen Joseba Izura Peluren omenez plaka bat jarri zen 1984 urtean. 2007 urteko maiatzean Iruñeko udaltzainek erretiratu egin zuten udalaren aginduz. Harrezkero, plaka berriz ere jarri eta kendu egin da modu berean hainbat aldiz.[12]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Comandos Autónomos Anticapitalistas: Emboscada en Pasaia. Un crimen de Estado. Virus. Barcelona, 2008. ISBN 978-84-96044-93-7.
  1. 50 orrialdea.
  2. 25-52 orrialdeak.
  3. 87-94 orrialdeak.
  4. 96-106 orrialdeak
  5. 116-120 orrialdeak.

Beste erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «GAL 30 urte» berria.info.
  2. (Gaztelaniaz) Comandos autónomos. Un anticapitalismo iconoclasta.. Felix Likiniano Kultur Elkartea, 77 or..
  3. (Gaztelaniaz) López Adán, Emilio. «Sobre la historia de la autonomía» Ekintza Zuzena (19).
  4. (Gaztelaniaz) «Rosa Jimeno, el «cebo» de la emboscada» naiz.info 2014-03-21.
  5. (Gaztelaniaz) «Relato de Joseba Merino, superviviente de la emboscada de Pasaia» youtube.com (Noiz kontsultatua: 2014-04-05).
  6. (Gaztelaniaz) Egin: 6. 1984-03-24.
  7. (Gaztelaniaz) Egin 1984-03-25.
  8. (Gaztelaniaz) «Recogida de firmas para que no se archive el caso de la emboscada en la bahía de Pasaia» Angula Berria 2016-02-16.
  9. (Gaztelaniaz) «La Audiencia Nacional española prohibe acto de recuerdo a la emboscada de Pasaia en Nafarroa» kaosenlared.net 2009-03-18.
  10. (Gaztelaniaz) «La Ertzaintza actua por tierra, mar y aire contra el acto de Pasaia» gara.naiz.info 2009-03-23.
  11. (Gaztelaniaz) «Bahía de Pasaia, la emboscada impune» infonodo50.org 2008-12-30.
  12. (Gaztelaniaz) «Peluren hilketaren XXV. urteurrena» archive.org (Noiz kontsultatua: 2014-04-03).

Kontsultaturiko beste bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

43°19′47.78″N 1°55′23.49″W / 43.3299389°N 1.9231917°W / 43.3299389; -1.9231917