Irango historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Irango historia, Mendebaldean Persia ere deitua, korapilaturik dago Iran Handia deitutako eskualdekoarekin. Milaka urteko kondaira da, lehenbiziko hiri-kokapenak K. a. IV. milurtekoak baitira, Mesopotamiakoak bezain antzinakoak[1].

Protohistoria eta Mediar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzina persiarrak eta indoariarrak elkarrekin bizi ziren: herri horien hizkuntzen antzinako formak oso antzekoak dira, mitologian jainko asko berdinak dituzte, eta brahmanen eta parsien erlijio zeremonia asko eta asko antzekoak dira. Bigarren milurtekoaren hasieran, arioak Asiako ordokietan sartu ziren, Kaspiar itsasoaren eta Persiako golkoaren artean, eta beren gizarte egiturak ezarri zituzten; bestalde, nomadismoa utzi eta nekazaritzan hasi ziren. Herrialdez eta bizimoduz aldatzeaz gainera, erlijioan ere hainbat aldaketa onartu zituzten Zoroastroren predikuak zirela-eta.

Antzinako Ekialdeko hainbat eskualdetan irandar aztarnak aurkitu dira, mediar-persiar erreinuaren aurretikoak: Elamdar zibilizazioa, persiarren urrungo arbasoak, Kish erregeen mende gelditu ziren; horiek Mesopotamia hartu zuten mendean. Herri horiek asiriar iturriek aipatzen dituzte lehenbiziko aldiz: mediarrak Irango goi-ordokiaren ipar-mendebaldean bizi ziren (Ekbatana inguruan), eta persiarrek Urmia aintziraren mendebaldean eta hego-mendebaldean hartu zuten bizileku; nekazaritza goi-ordoki horren ekialdean eta mendebaldean landu zitekeen bakarrik.

K. a. VIII. eta VII. mendeetan, mediarrek arbasoekiko loturak hautsi zituzten, beren bizimodu berria nekazaritza eta abeltzaintzan oinarritu zuten, eta gero eta indar handiagoa hartu zuen eskulangintzak haien artean. Mediarrek, asiriarretatik babesteko, mediar tribuen konfederazioa sortu zuten: Dejozesek estatu bat osatu zuen K. a. 715. urte inguruan, eta ondoren, zimeriarrak eta eszitak iritsi ziren. Fraortesek mediar tribuak bildu eta Parsimaxeko persiarrak menderatu zituen.

Asiriarren erreinua ahuldu ahala, mediarrek mendebaldean zuten presioa hazi egin zen: Ziaxaresek esziten nagusitasuna galarazi zuen eta, ondoren, mediarrak Babiloniarekin aliatu ziren eta asiriarren inperioa desegin zuten (gudaroste profesionala osatu zen asiriarren ereduaren arabera). Une horretan sortu zen mediarren estatua; errege nagusietako bat Astiages izan zen. Baina erregearen ahalmena nobleek mugatzen zuten, eta monarkiaren kontrako higikundeak bata bestearen atzetik gertatzen ziren, Persian gertatzen zen bezalaxe.

Akemenestar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

559an Ziro Handiak, Babiloniarekin elkar harturik, mediarren kontra egin zuen, eta 550ean hiriburua, Ekbatana, suntsitu zuen; horren ondorioz, mediarrak persiarrekin batu ziren eta Akemenestar Inperioa sortu zen. Zirok, Handia goitizena ez ezik, xah titulua ere jaso zuen. Berak sortu zuen Ziroren Zilindroa deritzona, giza-eskubideen lehen adierazpentzat hartzen dena. Ziroren ondorengoek inperioa sendotu zuten. Kanbises II.a errege zela, K. a. 530etik aurrera, hainbat iraultza izan ziren, baina, hala eta guztiz ere, K. a. 525ean Egipto menderatu ahal izan zuten.

Akemenestar Inperioaren hedadura handiena

Zortzi urte boterean eman ondoren, hil zen Kanbises eta borroka piztu zen haren oinordekotza zela-eta; K. a. 521ean, Dario I.a bihurtu zen errege. Haren lehen hiriburua Susa izan bazen ere, Persepolisen eraikuntza abian jarri zuen. Nilo eta Itsaso Gorriaren arteko kanala amaitu zuen, eta errepide sarea hobetu[2]. Izan ere, haren agintaldian aipatzen da lehenbiziko aldiz Erregeen Bidea, Susa eta Sardis lotzen zituena, tarte erregularretan atseden hartzeko posta etxeak zituena. Administrazioan ere aldaketa nabarmenak gertatu ziren. Moneta sartu zen, bai urrezko bai zilarrezko txanponak. Inskripzioetan persiera zaharra erabili zen, idazkera kuneiformean idatzia. Dariok hainbat kanpaina zuzendu zituen Trazia, Mazedonia eta Itsaso Beltzeko kostaldea bereganatzeko; hala, garai hartan izan zuen persiarren inperioak gehieneko hedadura. Mende eta erdi iraun zuen aldi horrek.

K. a. 499-493 bitartean gertatu zen Joniarren altxamenduaren ondoren, Xerxes I.ak hainbat saio egin zituen Grezia menderatzeko (Mediar Gerrak), baina huts egin zuen, eta persiar gobernarien indar politiko eta militarrak gainbehera latza egin zuen. Ondoren, garrantzi gutxiko erregeak izan ziren, harik eta Alexandro Handiak akemenestarren inperioa desegin zuen arte Granikon (K. a. 334. urtea).

Horrela amaitu zen Akemenestar Inperioa, 200 urte iraun zuena. Oso indar handiko inperioa izan zen, ez baitzituen bakarrik Ekialde Hurbileko herriak bereganatu, inperio unibertsala izan zen, eta ahal zuen guztia menderatu nahi zuen. Bestalde, ez zen inperio bateratua izan, kultura maila desberdineko herriak biltzen baitzituen. Persiar Inperioaren sorrera eta sendotzea erlijio iraultza batekin batera gertatu zen, alegia zoroastrismoarekin batera. Erlijio horretantxe zuen inperioak bere ideologiaren eta politikaren oinarria. Herri gazte harentzat erraza zen lurraldeak konkistatzea, aginpide nahi handikoa baitzen eta elkargo egitura baitzuen, baina, aldi berean, zaila zen konkista haiei eustea.

Seleukotar eta Partiar inperioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. 323an Alexandro Handia oinordekorik hil zenez gero, inperioa haren jeneralen artean (diadokoak) banatu zen. Haietako batek, Seleuko I.a Nikatorrek, Asiako aldeaz jabeturik, Seleukotar Inperioa sortu zuen. Berak fundatu zituen inperioaren hiriburuak: Seleuzia Tigrisekoa Mesopotamian eta Seleuzia Pieria Sirian. Erresuma multikulturala zen, besteak beste persak, grekoak, juduak eta mediarrak biltzen zituena. Persia helenizatuz joan zen, errege eta satrapa guztiak greziar jatorrikoak baitziren, batasun kulturalaren bitartez inperioa baturik atxiki nahi zutenak.

Seleukotar Inperioa sortu orduko hasi zen beheraka, K. a. 304an Chandragupta Mauryaren esku gelditu baitziren Indusetik mendebaldera zeuden lurrak[3]. K. a. 250 aldean, Partia eta Greko-Baktriar Erresuma independizatu ziren. Bestalde, Antioko III.a, Hanibalek adoreturik, Grezia konkistatatzen saiatu zen; Etoliar Ligarekin bat egin zuen, baina erromatarrek azpiratu zuten Termopiletan, K. a. 191n. Seleukotar dinastia K. a. 64an itzali zen, Ponpeiok Antioko XIII.a erregetzatik kendu eta Siria Erromako probintzia bihurtu zuenean[4].

Partiar Inperioaren hedadura handiena, K. a. 60an

Partiar Inperioaren historia oso loturik dago Seleukotar Inperioarenari. Parni tribu nomadako Arsazes eta Tiridates anaiek fundatu zuten Artsazidar dinastia, K. a. 247an. K. a. II. mendean, seleukotarren ahuleziaz baliatu ziren, Siriatik ekialdera zeuden lurraldeak menderatzeko[5]. Geroago, Erromaren ekialdeko etsai porrokatua izan zen Partia, eta geldiarazi zuen erromatarren hedatzea Kapadoziatik haratago. Partiar armadak bi zalditeria mota zituen: bata astuna eta blindatua, eta arina bestea, mugikortasun handikoa, zaldun arkulariz osatua. Erromatar armadaren oinarria infanteria zenez gero, partiarrak garaitzeko zailak ziren, bi zalditeria motak soldaduak baino azkarragoak baitziren. Bestalde, partiarrek zailtasun handiak zituzten konkistatutakoa okupatzeko, setio-gerrara egokitzen ez zirelako. Hori zela-eta, ez erromatarrek, ez partiarrek, ezin izaten zituzten elkarren lurrak beretu. Partiar Inperioa 224an amaitu zen, Asdaxir I.ak, Sasandar Inperioaren sortzaileak, Artaban IV.a bentzutu zuelarik[5].

Sasandar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sasandar Inperioa 500. urte aldean.

224 aldean, Ardaxir I.ak, Sasanen leinuko agintariak, partiarrak garaitu eta Sasandar Inperioa sortu zuen. Sasandarrek akemenestarren ondorengotzat jotzen zuten beren burua. Xapur I.a, Ardaxirren ondorengoa, agintari ahaltsua izan zen. Haren erregealdian estatuaren agintea sendotu zen, eta zoroastrismoa estatu erlijio bilakatu zen. Mendebalderantz hedatu ahala, sasandarrak gatazkan hasi ziren Erromarekin. 260an, Edesako guduan, Xapur I.ak gatibu hartu zuen Valeriano erromatar enperadorea. Xapur hiltzerako, Sasandar Inperioak Eufratesetik Induserainoko lurrak hartzen zituen, gaur egungo Armenia eta Georgia barne[6].

Gainbehera labur baten ostean, Xapur II.aren agintaldian (309379) sasandarrek berreskuratu zituzten lehengo lurraldeak. Kusandarrak menderatu zituzten ekialdean, eta basamortuan arabiarren aurka borrokatu ziren. Bestalde, erromatarrei iparraldeko Mesopotamia eta Armenia kendu zieten[6].

V. mendean, Huno zuriek inperio zabala eratu zuten, erdigunea Afganistanen zuena. Kanpaina ezin txarrago baten ondoan, sasandarrak behartuak izan ziren hunoei zerga ordaitzera. Hunoak azpiraturik, inperioak bere une gorenetako bat izan zuen Kosroes I.aren erregealdian (531579). Kosroes hil osteko urteetan, ordea, barne gatazkek eta Bizantziar Inperioaren aurkako gerrek ahuldu zuten Persia. 642an, Islamak batutako arabiarrek garaitu zuten sasandar armada; azken sasandar agintaria, Jazdgard III.a, 651n hil zen[6].

Persia musulmana eta Urrezko Garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Qotbeddin Shirazi (1236–1311) persiar astronomoaren eskuizkribua, non planeta-eredu bat agertzen den.

Jazdgard III.a azpiratu ondoren, arabiarrek Persia konkistatu zuten. 674ko Khorasan Handia, gaur egungo Khorasan, Afganistan eta Transoxianaren zati bat hartzen zuena, musulmanen esku zegoen. Omeiatarrak arabiarren gailentasuna defendatzen bazuten ere, irandarrak integratuz joan ziren komunitate berrian, eta konkistatzaileek sasandar usadio ugari berenganatu zituzten. Beti ere, Islamaren sineste, lege eta ohiturak inposatu ziren. 696tik aurrera, arabiera izan zen gorteko hizkuntza ofiziala, baina persiera ere erabiltzen zen[7].

750. urtean, As-Saffah kalifak omeiatarrak garaitu eta abbastar dinastia sortu zuen. Arabiarren aginpidegunea gaur egungo Siriatik Bagdadera eraman zuen eta, horren ondorioz, kalifa-herriak Persiaren eragin handia jaso zuen. Ekialdeko Iranek burujabetasuna lortu zuen eta bere dinastiak sortu zituen: tahiriarrak Korasan Handian (821-873), saffariarrak Sistanen (8611003), samandarrak Korasan Handian eta Transoxianan (874-899 inguru).

IX-X. mendeetan, shu'ubiyya higikundea garatu zen, arabiarren estatus abantailatsuaren aurka. Ez zeuden Islamaren aurka, baina persiar nortasuna eta kultura babestu nahi zituzten[8]. Persierari eustea izan zen shu'ubiyyaren ondorio azpimarragarrienetakoa. Iranek berebiziko garrantzia izan zuen Islamaren Urrezko Aroan (VIII-XIII. mendeak); garai horretan, ehunka jakintsu eta zientzialarik aurrerapen handiak egin zituzten teknologia, zientzia eta medizinan.

934-1055 bitartean, buiatarrek gobernatu zuten mendebaldeko Iranen, Fars eta Kermaneraino. 977an, Sabuktigin izeneko turkiar agintariak Ghaznatar dinastia sortu zuen, Iranen ekialdea, Afganistan, Pakistan eta Indiaren ipar-mendebaldea bereganatu zuena. 1040 inguruan, ordea, turkiar seljuktarrek hartu zuten ghaznatarren lekua, eta Iran, Irak eta Anatoliaz nagusitu ziren. 1218-1224 bitartean, Genghis Khan buru zuten mongolek eskualdea inbaditu eta suntsitu zuten. 1380-1393 urteetan, Tamerlanek gauza bera egin zuen.

Safavi leinua eta Persia modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Safaviak Safi-ad-din Ardabili (1253-1334) xeik kurduaren ondorengoak ziren[9]; 1399an utzi zuten ordena sufia eta xiismora bihurtu ziren. 1488an, otomandarren aurka zeuden turkiar herri guztiak bildu zituen Ismail buruzagi safaviak eta, Persiako mendebaldeko osteak garaitu ondoren, xah titulua jaso zuen 1501ean[10]. Handik aurrera, xiismoa estatu-erlijio bihurtu zen.

Abbas I.a Handiaren garaian (1587-1628) bizi izan zuen bere gorena Ismail I.ak sortu zuen dinastiak. Arkitekturak goraldia izan zuen, eta monumentu berri ugari eraiki ziren. Persiak ospe handia izan zuen Europan garai haietan eta XVII. mende osoan zehar, eta eragin berezia izan zuen India aldean, persiar moldeak arras nagusitu baitziren mongolen mende zeuden lurralde haietan[10]. XVIII. menden safavien gainbehera etorri zen, eta 1736an Nadirrek Abbas III.a, safavi dinastiako azken erregea, eraitsi zuen.

Aginpide politikoaren gaineko kontrola eskuratu ondoren, Nadir Xahek eraso militarrak egin zituen Afganistan, India eta Turkestan aldera. Nadirren ondorengoek, ordea, ezin izan zioten aurrekoak konkistaturiko lurraldeen gaineko aginpideari eutsi, eta Karim Khanen agintaldira arte (1751-1779) ez zen batasunik izan inperioan. Karim Khan hil zenean, Aga Muhammad Khan leinu buruak bateratu zituen Persiako inperioaren mendekoak, eta 1925 arte agintean iraun zuen Kajar dinastia sortu zuen. 1786an Teherango errege izendatu zuten, eta Teheran izan zen Persiako Inperioko hiriburua, lehenik, eta Irango Inperioarena ondoren. 1797an hil zutenean, Europako herrialde ahaltsu batzuk, Britainia Handia eta Errusia, inperio zahar hura menderatzeko ahaleginak egiten hasi ziren[11]. XIX. mende hasieran, Iranek Georgia, Armenia eta Azerbaijango iparraldea galdu zituen Errusiaren kontrako gerretan (1804-13, 1826-28).

Iraultza Konstituzionala eta Pahlavi dinastia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errusiarren eta britainiarren inperioen erdian zegoen Persia eta, haiekiko morrontza zela-eta, 1906an herriak Nazio Biltzar konstituziogilea (Majlis) deitzera behartu zuen enperadorea. 1908an aurkitu ziren lehen petrolio hobiak Iranen. 1907an, sinatutako Anglo-errusiar itunaren bidez, Britainia Handiak eta Errusiak zehaztu zuten inperio bakoizaren eragingunea: iparraldea, Isfahan barne, Errusiarentzat; hego-ekialdea, Kerman, Sistan eta Balutxistan bereziki, Britainia Handiarentzat[12].

1908ko ekainean, Mohammad Ali Shahen aginduz, errusiar kosakoek Majlisa bonbardatu zuten. Horren ondorioz, xahren aurkako eta konstituzioaren aldeko matxinada piztu zen Tabrizen eta, lau hilabeteren buruan, Raxt, Qazvin, Isfahan, Xiraz, Hamadan, Maxhad eta Buxehrera hedatu zen. 1909ko uztailean, Jeprem Khan buru zuten konstituzioaren aldeko indarrek Teheran hartu zuten; Majlisa berrezarri, Mohammad Ali Shah eraitsi, eta haren seme Ahmad Shah Qajar izendatu zuten oinordeko[13]. Majlis berriak mailegu bat eskatzea onartu zuen, eta gobernuan aholkulari atzerritarrak sartu ziren. Beti ere, Lehen Mundu Gerraren aurreko urteetan, Errusiak eta Britainia Handia edozein aitzakia aski izan zuten Persiako barne arazoetan sartzeko.

Bigarren Mundu Gerran, Britania Handiak eta Sobiet Batasunak Iran inbaditu zuten 1941eko abuztuaren 25etik irailaren 17ra arte. Xaari boterea bere semearen esku (Mohammad Reza Pahlavi) uztarazi zioten. 1951n, demokraziaren aldeko Dr. Mohammed Mossadegh Lehen Ministro hautatu zuten. Agintean, Anglo-Iranian Oil Company (geroago BP berrizendatuta) nazionalizatu zuen, Mendebaldeko botereen ikararako. Britania Handiak Iranen kontrako embargoa ezarri zuen. Britania Handiko Zerbitzu Sekretuak Eisenhower AEBetako presidentearekin harremanetan jarri ziren Ajax Operazioa burutzeko. Eisenhowerren baiezkoan, CIAk Mossadegh boteretik kendu zuen eta AEBetaren aldeko erregea ezarri zuen Iranen.

AEBetako enbaxadak, Kermit Roosvelt Jr. buruan, agenteen bortizkeria bultzatu zuen. Ondorioz, matxinadak herrialde osoan sortu eta hedatu ziren. Erregearen kontrako eta aldeko manifestaldietan istiluak sortzen ziren, ia 300 hildakorekin. Xaaren aldeko tankeek hiriburua bonbardatu zuten. Mossadeghek amore emanda, 1953ko abuztuaren 19an atzeman zuten. Hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten.

Mohammad Reza Pahlavi berriro xaa izendatuta eta AEBak lagun, gobernu autokratikoa garatu zuen. Irango industria modernizatu ahala, edozein oposizio mota birrindu zuen SAVAK inteligentzia agentziari esker. Ruhollah Khomeini aiatolak xaaren modernizazioa kritikatu eta salatu zuen. Khomeinik, erlijiozale inguruetan ospetsua, 18 hilabeteko zigorra pairatu behar izan zuen. Kartzelatik ateratakoan, publikoki AEBetako gobernuaren jarrera kritikatu zuen. Xaak herbesteratu egin zuen orduan. Lehendabiziz Turkiara eta ondoren Irakera bidalita, Xaa kritikatzen jarraitu zuen Khomeinik.

Iraultza eta egungo Iran[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Iran-Sudan harremanak», «Irango Iraultza», «Iran-Irak gerra» eta «Irango programa nuklearra»

1979an Mohammad Reza Pahlavi-ren aurkako hiritar altxamendua gertatu zen, Irango Iraultza deitutakoa. Erreferenduma egin zen monarkiarekin bukatu edo ez erabakitzeko eta %98ak bukatzearen alde bozkatu zuen. Xahren erbestea eta Ruhola Khomeini ezarri zen autoritate goren moduan eta, horrekin batera, handiagotu zen estatuaren barnean erlijioak zuen boterea.

1980ko irailean, Saddam Husseinek, Irakeko lehendakariak, Xatt al-Arabeko inguruei erasotzeko agindua eman zuenean hasi zen Iran eta Iraken arteko gerra; kalte ekonomikoak izugarriak izan ziren, eta ehunka mila pertsona hil ziren. Su-etena 1988an izenpetu zen. Salman Rushdie britainiar idazleak idatzi zuen Satanen bertsoak liburua zela eta, Khomeinik hura hiltzeko agindua eman zuenean Britainia Handiak Iranekiko harremanak hautsi zituen eta EEEko nazioen enbaxadoreak Teherandik atera ziren. Khomeini aiatola 1989an hil zen, eta Haxemi Rafsanjani politikari moderatuak hartu zuen lehendakari kargua.

1990ean Iranek gaitzetsi egin zuen Irakek Kuwait inbaditu izana, eta egoera hartaz baliatu zen Irakekin zituen muga arazoak bere alde negoziatzeko: Irakek 2.600 kilometro koadro lur itzuli zizkion Irani, gerra presoak trukatu zituzten eta Xatt al-Araben gaineko jabetasuna banatu zuten. Gerra hasi zenean, Iranek neutral jokatu zuen, inguruko eta munduko herrialdeekiko harremanak hobetzeko, besteak beste. Izan ere, lehendakari hautatu berria, Rafsanjani, Mendebaldearekin harremanak hobetzearen aldekoa zen.

Iranen, konstituzioaren arabera, erlijioburuen eta estatuburuen artean banatu behar zen agintea. Baina aurreko xiiten buruzagi nagusi Ruhola Khomeni ez bezala, Ali Khamenei, gidari nagusi soil izendatu zuten, Aiatolah Handi izendapenik gabe. Erantzukizun hori Araki aiatolah zaharraren bizkar gelditu zen. Mendebaldearen kontrako sektoreak nagusi ziren oraindik, baina ez zituzten lehendakariaren erabakia aldatzeko behar ziren bi herenak legebiltzarrean. Bestalde, Iraultzaren Guardia gudarostearen barruan geratu zenez geroztik, sektore haiek presioa egiteko tresna garrantzitsu bat gabe geratu ziren.

1990ean Irango gobernua Britainia Handiarekin harremanetan hasi zen berriro, eta 1991n, Golkoko Gerraren erdian, Saudi Arabiarekin. Mendebaldera hurbiltze horrek eta, Estatu Batuen erasoaren ondoren, Iraken alde ez egiteak inguruko herrietako talde musulmanen haserrea piztu zuten. Iraken gerra bukatzean xiitek egin zuten matxinadari ez lagundu izanak ere nahigabe handia sortu zuen Teheran xiismoaren zabalkundearen hiriburutzat zeukatenen artean. Ekonomiari dagokionez, Iranek ateak zabaldu nahi izan zizkion atzerriko kapitalari, baina ezin izan zuen bere asmoa gauzatu, inbertsoreak ez baitziren zuzendaritza iraultzaileaz guztiz fidatzen. Sobietar Batasuna desegitean, eragin eremu berri bat zabaldu zen Iranentzat. 1991n Teheran enbaxadak zabaltzen hasi zen Kaukasiako eta Erdialdeko Asiako errepublika islamiarretan, merkataritza eta kultura harremanak sendotzen eta garraiobide berriak zabaltzen.

Nolanahi ere, 1992. urtearen hasieran, Hezbola antolatzera Libanora bidali zuten Irango Iraultzaren Guardia-ren buruzagiek argi utzi zuten Iranek ez zuela beren etsai nagusiaren aurkako borroka utziko, Estatu Batuen aurkako borroka, alegia. Gobernuak enpresa handienetako batzuk pribatizatzeko asmoa azaldu zuen, atzerritarren inbertsioak erakartzeko asmoz. Apirilean, legebitzarrerako hauteskundeetan, Rafsanjaniren aldeko moderatuak nagusitu ziren. Uztailean, Khameneik, Irango gidari espiritualak, Mendebaldeko eragina ezabatzeko kanpaina bultzatu zuen. Kanpainak aurrez aurre egin zuen topo islamismo moderatuarekin, eta Rafsanjani dimisioa emateko prest agertu zen. Hala ere, 1993ko ekainean, hautesleen %63k Rafsanjani hautatu zuen berriro. Abstentzioa, baina, oso handia izan zen (%41), eta agintarien ustelkeriaren kontrako erreakziotzat hartu zen.

1994an, buruzagien joera desberdinen arteko tirabira gogorren erdian, Iraultzaren hamabosgarren urteurrena ospatzen zen egunean, Rafsanjaniren kontrako atentatu bat izan zen. Lehendakaria onik atera zen. Ekonomiari dagokionez, hurrengo urtean uste baino petrolio gutxiago saldu zen. Gobernuak, bestalde, bertan behera utzi zituen inportatutako produktuentzako (janariak eta sendagaiak) dirulaguntzak, eta produktu horien prezioak gora egin zuen. Hurrengo urtean ere uste baino petrolio gutxiago saldu zen. Inflazioak eta erosteko ahalmenaren gainbeherak jendearen haserrea piztu zuten. 1996an Estatu Batuek zigor gehiago ezarri zizkioten Irani, gobernuak ekintza terroristetan esku hartzen zuelakoan. Garai hartan, langabezia maila %10ekoa zen Iranen. 1997ko maiatzeko hauteskundeetan, Mohammad Khatami izan zen garaile, botoen %69 eskuratuta. Bera zen hautagaietan mendebaldetarrena. 1998ko martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, Irango Ingurumen Arazoetarako lehendakariorde Masoume Ebtekarek Afganistango emakumeen egoera salatu zuen. Iranen, herrialde musulman kontserbadoreetan ez bezala, emakumeek botoa emateko eskubidea zuten eta, gero eta gehiago, erantzukizun handiko karguak lortuak zituzten.

2002an, George W. Bush lehendakariak, Gaizkiaren Ardatzean sartu zuen Iran, terroristak babesten zituelakoan eta horrek enfrentamendu handia sortu zuen bi herrialdeen artean. 2005eko hauteskundeetan, Mahmud Ahmadinejad Teherango alkate ohia eta hautagai kontserbadore populista izendatu zuten lehendakari. Lehendakari berriaren hainbat deklaraziok polemika handia sortu zuten bazterretan: Nazien garaiko Holokaustoa benetan gertatu izana ukatu eta Israelgo estatua suntsitu beharra aldarrikatu zuen, besteak beste. Bestalde, 2006an, Ahmadinejadek adierazi zuen Iran teknologia nuklearra lantzen ari zela baina helburu baketsuetarako, ez bonba atomikoa lortzeko. Irango programa nuklearrak liskar eta ezinikusi handiak sortu zituen Iranen eta mendebaldeko potentzien artean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   New evidence: modern civilization began in Iran, news.xinhuanet.com, http://news.xinhuanet.com/english/2007-08/10/content_6508609.htm. Noiz kontsultatua: 2017-2-21 .
  2.   Sadough, Hoda, Le rôle des Perses dans la construction du canal de Suez, teheran.ir, http://www.teheran.ir/spip.php?article815#gsc.tab=0. Noiz kontsultatua: 2017-2-26 .
  3.   Gómez de Liaño, Ignacio, El círculo de la sabiduría, Vol. 2, 30. orrialdea, Editorial Siruela, books.google.es, https://books.google.es/books?id=GHCtboCpzTkC&printsec=frontcover#v=onepage&q&f=false. Noiz kontsultatua: 2017-3-7 .
  4.   Antioko, Lur Hiztegi Entziklopedikoa, euskara.euskadi.eus, http://www.euskara.euskadi.eus/r59-738/eu/contenidos/termino/_c00358/eu_a_3586/a3586.html. Noiz kontsultatua: 2017-3-7 .
  5. a b   Arsacids, Encyclopaedia Iranica, II/5, pp. 525-546, iranicaonline.org, http://www.iranicaonline.org/articles/arsacids-index. Noiz kontsultatua: 2017-3-7 .
  6. a b c   Fowlkes-Childs, Blair, The Sasanian Empire (224–651 A.D.), metmuseum.org, http://www.metmuseum.org/toah/hd/sass/hd_sass.htm. Noiz kontsultatua: 2017-3-14 .
  7.   Islamic Conquest, iranchamber.com, http://www.iranchamber.com/history/islamic_conquest/islamic_conquest.php. Noiz kontsultatua: 2017-3-22 .
  8.   Scott Meisami, Julie; Starkey, Paul, Encyclopedia of Arabic Literature, Volume 2, 717. orrialdea, Routledge, books.google.es, https://books.google.es/books?id=DbCFBX6b3eEC&printsec=frontcover#v=onepage&q&f=false. Noiz kontsultatua: 2017-3-22 .
  9.   Ebn Bazzaz, Encyclopaedia Iranica, VIII/1, p. 8, iranicaonline.org, http://www.iranicaonline.org/articles/ebn-bazzaz. Noiz kontsultatua: 2017-3-23 .
  10. a b   Safawi, Lur hiztegi entziklopedikoa, Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia, euskara.euskadi.eus, http://www.euskara.euskadi.eus/r59-lurcontd/eu/contenidos/termino/_c05191/eu_s_0108/s0108.html. Noiz kontsultatua: 2017-3-24 .
  11.   Historia Unibertsala, Aro berria. Periferiako beste inperio batzuk, Lur entziklopedia tematikoa, Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia, euskara.euskadi.eus, http://www.euskara.euskadi.eus/r59-luredir/eu/contenidos/articulo/c1504/eu_d1504025/1504025.html. Noiz kontsultatua: 2017-3-24 .
  12.   The Anglo-Russian Entente - 1907: Agreement Concerning Persia, avalon.law.yale.edu, http://avalon.law.yale.edu/20th_century/angrusen.asp. Noiz kontsultatua: 2017-3-26 .
  13.   History of Iran: Constitutional Revolution, iranchamber.com, http://www.iranchamber.com/history/constitutional_revolution/constitutional_revolution.php. Noiz kontsultatua: 2017-3-26 .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Irango historia Aldatu lotura Wikidatan