Seneca Fallseko konbentzioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Seneca Falls-eko konbentzioa egin zen lekuan dagoen kartela

Seneca Fallseko konbentzioa Ameriketako Estatu Batuetan emakumeen eskubideei buruz egindako lehen konbentzioa izan zen. 1848ko uztailaren 19an egin zen Seneca Falls (New York) herrian (AEB). Antolatzaileak Lucretia Mott (sufragista, aktibista eta irakaslea) eta Elizabeth Cady Stanton (sufragista eta abolizionista) izan ziren[1].

Konbentzioaren emaitza gisa ikusten da bertan idatzitako Seneca Fallseko Adierazpena (1848). Adierazpen hori ere Sentimenduen Adierazpen izenagatik ere ezagutu ohi da. Dokumentua konbentzioaren bigarren egunean izan zen onartua eta adierazpena Amerikako Estatu Batuen Independentzia Aldarrikapenean oinarritua dago. Hots, Seneca Fallseko Adierazpenaren bitartez independentziaren aldarrikapenean emakumeentzako agerikoak ziren muga politiko eta sozialak salatu nahi izan ziren. Muga politiko horien artean zeuden: bozka eskubide eza, hauteskundeetan parte hartu ezin izatea, organizazio politikoetan militatu eta afiliatzeko debekua eta bilera politikoetan parte hartu ezin izatea[2]. Konbentzioaren lehen egunean emakumezkoek soilik hartu zuten parte, bigarren egunean aldiz gizonezkozkoei ere lekua utzi zitzaien bertan parte hartzeko. Orotara, emakumeen giza eskubideei buruzko hamaika punturen bueltan ibili ziren eztabaidan, arazo gutxirekin onartu ziren arren gehienak, gaztazka sortu zuen bederatzigarren puntuak: emakumezkoen bozka eskubideari buruzkoak. Hala ere, Cady Stanton eta Frederick Douglass-ek horren aldeko diskurtsoa bota eta gero, onartua izan zen lehen aldiz emakuzmezkoen bozka eskubidea[3].  

Bai konbentzioa eta baita bertatik ateratako adierazpena zein horiei esker lortutako askatasun eta eskubideak egungo mugimendu feministaren aitzindaritzat hartzen dira.[4]

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seneca Falls-eko konbentzioa emakumeek jasaten zituzten muga politikoak salatzeko burutu zen, emakumeek ezin baitzuten bozkatu, ezin zuten hauteskundeetara aurkeztu, ezin zituzten kargu publikoak eduki eta ezin zuten antolakuntza politikoen parte izan, ezta bilera politikoetan parte hartu ere. Europan 1830. eta 1848. urtetan iraultza sozial geldiezinak bizi izan zituzten; iraultza hauetan, jabetza, ekonomia eta lan askatasuna, prentsa askatasuna eta sufragioa herritarren eskubide gisa azaleratzea eskatzen zuten.[5]

1840. urtean AEBk aldaketa kultural eta ekonomiko ugari jasan zituen. Iraultzen eta Konbentzio Konstituzionalaren urteetan nazioko muga geografikoak eta biztanleriak nabarmen gora egin zuen, bata zein bestea bikoiztu ziren. Ipar Amerikar batzuk, ordea, ez zituzten aldaketa hauek onartu eta nazioaren iraganaren kontrola hartu nahian, Ipar Amerikar ugari elkartu ziren estatua eraberritzeko, bertan elkartutako gehienak emakumeak izan ziren. Seneca Falls testua denbora eta momentu hauetan kokatzen da, mugimendu sozial eta erreforma garaian zehazki.

1830 eta 1848. urteetako iraultzek gizarte mugimendu eta erreakzio irmoa ekarri zuten eta ondorengo gertakizun politikoak hauen eragina izan zuten, askatasuna, sufragioa eta jabetza eskubidea lortu ziren. Iraultza burgesak iraultza sozialak izan ziren, askatasunaren alde egin zuten, independentzia lortzeko jabetza eskubidea ezinbestekoa zela baieztatuz.

Ameriketan jabetza eskubidea esklabuen askatasun gisa ulertu zen eta 30eko hamarkadatik aurrera ideologia liberala zuten talde antiesklabisten mugimendua hasi zen. Emakumeak ere mugimendu horien parte ziren eta 1837an New Yorken emakumeen lehenengo kongresu antiesklabista burutu zen. Grimké ahizpak munduko hainbat lekutan hitzaldiak ematen hasi ziren elizaren jarrera arrazista salatzeko.

Lehen kongresu antiesklabista femeninoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kongresu horrek erreakzio azkar bat izan zuen: artzain kongregazionisten elkarteak gutun pastoral bat argitaratu zuen. Bertan, emakumeen eginkizuna ez zela gai publikoak lantzea esaten zen. Esklabuen aurkako talde horietan emakumeen parte-hartze antolatuak eta eraso bortitzek emakumeen eskubideei buruzko eztabaida piztu zen. Emakume kontzienteenek ulertu zuten beharrezkoa zela "gauzen ordena berri baten alde" globalki borrokatzea.[5]

XIX. mendean zehar, artzain protestanteen emazteek beren senarren ministerioarekin batera lanean jardun zuten, beren komunitatean irakaskuntza- eta osasun-lanak eginez. Orden erlijiosorik ez zegoenez, emakume hauek taldeetan banatzen hasi ziren.

Garai hartako erreforma erlijiosoek, batez ere, kuakeroen inguruan, lehen aldiz paper bat emango diote emakumeari erlijio lanetan eta karitatean. Predestinazioaren dogma aipatzen da, eta ohikotzat jotzen hasten da emakumeak bizitza publikoaren alderdi marjinaletan esku hartzea, hala nola idatzi sakratuen irakurketetan.

1834an New Yorkeko Emakumeen Elkarte Erreformista sortu zen, Lydia Finney buru zuela. Emakumeak prostituziotik kanpo mantentzen saiatu zen. Beste buruzagi batzuek, hala nola Dorothea Dix-ek, 1830eko hamarkadako kartzela-erreformara bideratu zituzten beren ahaleginak. Garai horretan sortu zen emakumeek hezitzaile gisa zuten rola. Catherine Beecher-ek emakumeentzako hainbat akademia sortu zituen. Azkenik, mugimendu abolizionistak beste aukera bat eman zien emakumeei etxeko eremutik kanpo aliatzeko.

Antolatzaileak/sinatzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antolatzaile nagusiak Lucretia Mott eta Elizabeth Cady Stanton izan arren, Mary Ann M’Clintockek, Jane Clothier Huntek eta Martha Coffin Wrightek ere egin zuten euren ekarpena.

Lucretia Mott[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lucretia Mott (1793-1880) mugimendu feministaren aitzindaritzat hartzen da Seneca Fallseko Konbentzioa antolatzeagatik. Familia Kuakero, erlijioso protestantean, jaio zen. Erlijio mota honetan, Jainkoak pertsona guztiak berdin ikusten ditu, bai genero aldetik, baita arraza aldetik… Ikasketak eskola kuakero batean egin zituen; ondoren, bertan, irakasle lanak egin zituen. Eskola berean irakasle zen James Mottekin ezkondu zen eta 6 seme-alaba izan zituzten. Bikotea Filadelfiara joan zen bizitzera eta bertako kuakero taldeko predikari izendatu zuten. Esklabutzaren aurka gogor borrokatu zuen bikoteak, bere kuakero pentsamenduak bultzatuta, eta euren etxea Filadelfiako estatuko “Lurpeko burdinbidearen” etapa garrantzitsuena bilakatu zen esklabuen ihesbidean. 1833an, bere senarrarekin “Pennsylvania Anti-Slavery Society" elkartea sortu zuen. Gizonen aldetik sekulako kritikak jaso zituzten eta genero diskriminazio horrek arduratuta “Philadelphia Female Anti-Slavery Society” sortu zuen beste emakume batzuekin batera. Dispepsia zuen arren, honek ez zion bere borrokan eragin eta 1880an pneumonia baten ondorioz hil zen.

Elizabeth Cady Stanton[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizabeth Cady Stanton (1815-1902) idazle abolizionista eta sufragista izan zen. Bere aita zuzenbide irakaslea zen eta berarekin eta bere ikasleekin izandako elkarrizketek bultzatuta hasi zuen bere sufragioaren aldeko ibilbidea. 1840an, Henry Brewster Stantonekin, Alderdi Errepublikazalearen sortzaileetako batekin ezkondu zen eta 1840ko hamarkadan bertan, emakumeen ondasunen alde, kustodiaren alde, soldata duinen alde, dibortzio eskubidearen alde, familiaren osasun ekonomikoaren alde eta jaiotze kontrolaren alde[6] borrokatzen hasi zen. AEBtako Gerra Zibilaren osteko Konstituzioaren 14. eta 15. puntuen aurka agertu zuen Elizabeth, ez baitzuen onartzen afroamerikarren boto eskubidea emakume zuri eta beltzek lortu ezean. Honek mugimendu feministaren zatiketa ekarri zuen baina 20 urte beranduago lortu zen batasuna, Elizabeth buru zela. Ondorioz, 1890 eta 1892 bitartean, National American Woman Suffrage Association (NAWSA)ko lehendakaria izan zen. Hil aurretik, "The Woman’s Bible" eta "Eighty years and more" bere autobiografia idatzi zituen hainbat artikulurekin batera.[7]

Mary Ann M’Clintock[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mary Ann M’Clintock (1800-1884) New Jerseyn jaio zen eta 20 urte zituela Thomas M’Clintockekin ezkondu, 5 haur izan eta Filadelfiara joan zen bizitzera. 1833an, Mottekin batera “Philadelphia Female Anti-Slavery Society” sortu zuen. 1835ean Waterloora, New Yorkera, joan zen bizitzera familia.

Seneca Fallseko Konbentzioaren antolatzaileetako bat izan zen eta horretaz gain, idazkari bezala aritu zen. Adieraziaren sinatzaileen artean Elizabeth eta Mary Ann bere 2 alaba zaharrenak agertzen dira.

Jane Clothier Hunt[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jane Clothier Hunt (1812-1889) 1812an Filadelfiako Kuakero familia batean jaio zen. 33 urte zituela Richard Huntekin ezkondu zen. Richard aberatsaren familia handiaren parte ziren M’Clintockdarrak. Azken hauen etxea, berez, Richard Hunten ondasuna zen. Aipatutako 2 familiek abolizioaren aldeko hainbat ekintza egin zituzten eta horien artean euren etxeak “Lurpeko burdinbidearen” sarean kokatzea izan zen. Kuakero erlijio motak emakumeek eta gizonek erabaki erlijiosoak bananduta hartu behar zituztela zioen eta horren aurka 200 kuakero liberal batu ziren (horien artean aipatutako 2 familiak) eta Lagun Aurrerakoiak (Progressive Friends) sortzea erabaki zuten. Ideia honen oinarria emakumeek erabaki sozial, erlijioso eta kulturaletan eskuartze gehiago izatea zen.

Hainbat emakumek garaian ministroa zen Lucretia Mott kuakeroa Waterloora eramatea proposatu zuten eta Janek bere etxea eskaini zuen elkarretaratzerako. Lucretia, bere ahizpa Martha eta Stantonekin azaldu zen bertara eta hantxe sortu zen Seneca Fallseko Konbentzioaren ideia.[8]

Martha Coffin Wright[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martha Coffin Wright (1806-1875) Lucretia Motten alaba gaztea zen, hau ere Kuakero erlijioan hezi zen. 1824an Peter Pelham izena zuen kapitainarekin ezkondu zen eta alaba bat izan zuten, baina handik urtebetera Peter hil egin zen. 1829an David Wright kuakeroa ezagutu zuen eta honekin 5 seme-alaba izan zituen. 1839an familia New Yorkera joan zen bizitzera eta euren etxebizitza esklabuen ihesbide zen “Lurpeko burdinbideko” parte bilakatu zen. Sare honen bitartez ezagutu zuen Harriet Tubman esklabu ohia eta esklabuen askatasunaren aldeko borrokalaria.

1848ko uztailean, Lucretiarekin eta Elizabeth Cady Statonekin Jane Hunten etxera joan zen Waterlooko biztanleek gonbidatutako elkarretaratze batera eta bertan erabaki zuten Seneca Fallseko Konbentzioa egitea.

Beste sinatzaile batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek izan ziren beste sinatzaile batzuk:[9][10]

Adierazpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adierazpenaren sinatzaileak.

1848an Elizabeth Cady Stanton eta Lucretia Motten gidaritzapean hirurogeita zortzi emakume eta hogeita hamabi gizonezko bildu ziren emakumeen baldintza eta eskubide sozial, zibil eta erlijiosoak aztertzeko. Eredutzat AEBtako Independentzia Aldarrikapena hartu zuten.

Seneca Fallseko Adierazpena bi atal handitan banatu zuten: batetik, hiritartasun zibila lortzeko exigentziak, eta bestetik, morala eta ohiturak aldatzeko oinarriak. Hiritartasun zibilaren aldarrikapena emakumeen benetako zoriontasuna eragozten zuten legeak aldatzean zetzan.[11]

Adieraziak hamabi erabaki biltzen ditu, guztiak izan ziren gehiengo handi batek onartuak, botoarena izan ezik, gehiengo txiki batek soilik onartu baitzuen[11]. Hauek dira hamabi erabakiak: [12]

  1. Emakumearen benetako eta funtsezko zoriontasunarekin nolabait gatazkatsuak diren lege guztiak naturaren agindu handiaren aurkakoak direla eta ez dutela baliorik, arau hau beste edozeinen gainetik baitago.
  2. Emakumeak gizartean bere kontzientziak ematen dion posizioa hartzea edo gizonarena baino maila apalagoan jartzea eragozten duten lege guztiak naturaren arau handiaren aurkakoak direla eta, beraz, ez dutela ez indarrik ez autoritaterik.
  3. Emakumea gizonaren berdina dela -hala nahi izan zuen Sortzaileak- eta giza arrazaren onerako halakotzat onartua izatea eskatzen duela.
  4. Herrialde honetako emakumeak bizi diren legeei buruz informatu behar direla, ez dutela beren degradazioa aldarrikatzen jarraitu behar, beren egungo egoerarekin eta ezjakintasunarekin asebetetzen direla, nahi dituzten eskubide guztiak dituztela baieztatuz.
  5. Gizonak intelektualki nagusi izan nahi duenez eta emakumea moralki hala dela onartzen duenez gero, bere betebehar nagusia erlijio-bilera guztietan hitz egitera eta gustatzera animatzea dela.
  6. Emakumeari gizartean eskatzen zaion jokabidean bertutearen, fintasunaren eta fintzearen proportzio bera eskatzea gizonari, eta arau-hauste berberak zorroztasun berarekin epaitzea, bai gizonarengan, bai emakumearengan.
  7. Jendaurrean hitz egiten duenean emakumeari hain maiz aurpegiratzen zaion fintasun eta zintzotasun faltaren salaketa, bere laguntzarekin eszenatokietan, kontzertuetan eta zirkuetan agertzea sustatzen dutenengandik datorrela, eta oso asmo txarrez.
  8. Emakumea luzaroegi asebete dela aztura ustelduek eta Eskritura Santuen interpretazio desitxuratuak berarentzat seinalatu dizkioten muga jakin batzuen barruan, eta garaia dela Kreatzaileak eman dion ingurunerik zabalenean mugitzeko.
  9. Herri honetako emakumeen betebeharra dela botoa emateko eskubide sakratua bermatzea.
  10. Giza eskubideen berdintasuna giza arraza osoa gaitasun eta erantzukizunari dagokionez berdina izatearen ondorioa dela.
  11. Sortzaileak dohain berberekin eta horiek betetzeko erantzukizun-kontzientzia berberarekin izendatua izan ondoren, frogatuta dago emakumeak, gizonak bezala, bidezko kausa oro bide zuzen guztien bidez sustatzeko betebeharra eta eskubidea duela; eta gai erlijioso eta moral handiei dagokienez, oso agerikoa da bere anaiarekin batera bere irakaspenak emateko eskubidea duela, bai jendaurrean, bai pribatuan, idatziz edo hitzez, edozein bide erabiliz, eta edozein bide erabiliz, edozein bide egoki erabiliz, edozein modutan.
  12. Gure kausaren azkartasuna eta arrakasta gizonen eta emakumeen arduraren eta ahaleginen araberakoa dela, pulpituen monopolioa eraisteko eta emakumeak lanbide eta negozio ezberdinetan zuzen parte har dezan.

Adierazian aipatutako erabaki horiekin emakume zein gizonezkoak berdinak zirela aldarrikatu zuten, baita euren esku zegoen guztia egingo zutela ere injustizia horiei aurre egiteko. Dokumentua bi egunez aztertu zen eta azkenean sinatu zuten, konbentziora joandako hirurehun pertsonetatik ehunek[13].

Batzarraren ondoren, Rochester (1848), Akron (1851) edo Worcester (1851) herrietan topaketak egin ziren. Bilera horiek sortutako eragina Mendebaldeko Europaraino iritsi zen, mundu mailako mugimendu feministen aurrekari eta oinarri gisa ikusia izan baita.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Arroyo Barrio, Laura. Percepción de los hombres ante la igualdad de género en el ámbito laboral: relación entre la igualdad legal y la igualdad efectiva. Ediciones Universidad de Salamanca (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  2. Valverde, Karla. (1991-04-15). «LA CREACIÓN DE LA COMISIÓN NACIONAL DE DERECHOS HUMANOS EN MÉXICO, ALCANCES Y LIMITACIONES PARA LA DEFENSA DE LOS DERECHOS HUMANOS» Estudios Políticos (6) doi:10.22201/fcpys.24484903e.1991.6.59816. ISSN 2448-4903. (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  3. (Ingelesez) Editors, History com. «Seneca Falls Convention» HISTORY (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  4. 1947-, Nash, Mary,. (2002). Seneca Falls : un siglo y medio del Movimiento Internacional de Mujeres y la lucha por el sufragio femenino en España. Consejería de Educación y Cultura PMC 1042281244. (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  5. a b «1848: El manifiesto de "Seneca Falls"» www.mujeresenred.net (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).
  6. Baker, p. 109
  7. «Elizabeth Cady Stanton Dies at Her Home.». New York Times. 1902ko urriaren 27a. Kontsulta: 2007ko urriaren 31n. «Mrs. Elizabeth Cady Stanton died at 3 o'clock yesterday afternoon at her home in the Stuart Apartment House, 250 West Ninety-fourth Street. Had she lived until the 12th of next month she would have been 87.»
  8. (Ingelesez) Vigne, Patricia La. (2014-12-28). «Jane Hunt» History of American Women (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).
  9. ""Obituary - Azaliah Schooley."". The Liberator. 1855eko azaroaren 23a.
  10. Schooley, Azaliah. ""Letter to Isaac Post"". 2018ko ekainaren 20an berreskuratua.
  11. a b «1848: El manifiesto de "Seneca Falls"» www.mujeresenred.net (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  12. «Declaración de Seneca Falls» www.amnistiacatalunya.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  13. Diaz, Nadir; Maiche, Ale; Cervieri, Ignacio. (2021-05-06). «Debates teóricos contemporáneos en Cognición Numérica» dx.doi.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]