Shen Yun
Shen Yun | |
---|---|
Datuak | |
Mota | negozioa |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Agintea | |
Egoitza nagusi | |
Historia | |
Sorrera | 2006 |
webgune ofiziala |
Shen Yun Performing Arts, Shen Yun bezala ere ezaguna (txinera sinplifikatua: 神 韵 ; txinera tradizionala: 神 韻 ; pinyin: Shényùn; euskaraz: 'izaki jainkotiarren edertasuna dantzan'), dantza ikuskizunak eta kontzertu sinfonikoak irudikatzen dituen arte eszenikoen konpainia bat da. 2006an sortua, New Yorken du egoitza eta Txinako kultura tradizionalean eta Falun Gong praktika espiritualean inspiratutako hainbat lan ematen ditu mundu osoan. Eszenako saioetan badira hainbat dantza mota, hala nola txinatar klasikoa, etnikoa edo folklorikoa, orkestrak eta abeslari bakarlariek lagunduta. 2022an, zortzi talde osaturik zituen, eta haietako bakoitzak bere nazioarteko birak egiten zituen. Guztira, bostehun artista inguru ziren.[1][2][3]
Konpainiaren bira jendetsuak 200 hiri baino gehiagoko antzokietan izan dira lau kontinentetan, eta kritika onak jaso dituzte; dena den, Shen Yun-en emanaldiek polemika piztu dute eta, horrela, hedabide eta gizarte zibileko pertsona batzuen kritikak jaso dituzte doktrina sektarioak sustatzeagatik. Bestalde, Txinako Gobernuak, konpainiak Falun Gong-eko praktikanteekin (bere jatorrizko herrialdean jazarpena egiten die) duen lotura dela eta, zenbait antzerki-enpresari eta beste herrialde batzuetako ordezkari politiko presionatu ditu, diplomatiko txinatarren bidez, taldearen jarduerak bertan behera utz zitzaten.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konpainiaren lehen izena Divine Performing Arts izan zen,[4] eta 2006an sortu zen New Yorken, Falun Gong praktikatzen zuten txinatar jatorriko elite-artista batzuen eskutik; haietako asko Txinako erregimenaren disidenteak.[5][3][2] Erregimen komunistaren aurreko Txinako kultura eta tradizioak biziberritu nahi zituzten.[6]
Lehen bira 2007. urtean egin zuten, eta 90 dantzari, musikari, bakarlari eta ekoizle zituen.[7] Ikuskizunak «Holiday Wonders» edo «Chinese New Year Spectacular» izenburuen bidez aurkezten ziren.[4] Dagoeneko, 2009an hiru konpainia eta orkestra oso zeuden eratuta, eta haietako bakoitzak bere birak programatzen zituen mundu osoan zehar.[7]
2021ean, konpainia honela hasi zen bere ikuskizunak sustatzen: «Txina komunismoa baino lehen».[8]
Proposamen artistikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konpainiaren funtzionamendu-organigramarekin bat, artistak bost taldetan daude elkarturik: lehen dantzariak; abeslariak eta erhu bakarlariak; orkestrako zuzendariak; eta orkestrako musikariak.[9]
Errepertorioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtero, Shen Yun-ek jatorrizko lanak sortzen ditu, bi ordu eta erdikoak. Lan bakoitzak hogei ekitaldi inguru ditu, hots, txinatar dantza klasikoa, dantza etnikoa, musikari bakarlariak, opera-kantua, eta wushu defentsa-artearen erakustaldiak. Ospakizun-maisuek mandarinez eta tokiko hizkuntzan aurkezten dute emanaldi bakoitza.[10][11]
Dantza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konpainia bakoitzeko dantza-kidegoa 30 dantzari inguruk osatu ohi dute.[10]
Errepertorioan, nagusiki, badira ekialdeko herrialdeko istorioak, eleberriak edo kondairak, hala nola Mulan-en elezaharra,[12] Mendebaldera Bidaia, Zingirako gaizkileak edo Hiru Erresumen erromantzea.[13] Halaber, koreografia batzuetan erretratatuak izan dira Tang dinastiako enperadore batzuk, Shaolingo monjeak, Yue Fei jenerala, Li Bai olerkaria edo Wu Song legendazko heroia, bai eta budismoari buruzko erreferentziak ere.[10][14][15][3] Bestalde, Txinako dantza klasikoaz gain, Shen Yun-ek halaber yi eta miao dantzen osagaiak ematen ditu, bai Tibeteko edo Mongoliako dantzarenak ere.[13][16]
8 konpainietako zuzendari atxikietako batek, Vina Leek, Txinako dantza klasikoaren hiru elementu nagusiak ekartzen ditu gogora: yun (jokabide pertsonala edo barne-karisma),[17] forma fisikoak (mugimendu eta jarrera adierazkorrak) eta trebetasun teknikoa (itzulipurdiak eta jauziak), eta deitoratu du yun-eko adierazpen batzuk galdu izana (gizabanakoaren jarrerari dagozkionak), iraultza komunistarekin batera etorritako kultur aldaketen ondorioz.[11]
Musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Banakako emanaldien artean, badira erhu[11] interpretazioak, eta bel cantoko abestiak gai espiritual edo erlijiosoen gainean, Falun Gong sinesmenari erreferentziak eginez.[10][18][19]
Shen Yun-en lehen antzezpenetako batek (2007), kantuaren atalean, Jing Xian eta Junyi Tan-en konposizio bat sartu zuen Chakravartin-ari buruz, dharmaren gurpila birarazten duen budismoaren irudia.[20] Guan Guimin-en ahotsa, konposizio hori interpretatu zuen tenorea, Beniamino Gigli tenore italiarraren ahots- eta ahoskera-erregistroarekin alderatu da.[21]
Shen Yun-eko talde bakoitzak bere orkestra dauka, 40 musikari inguruz osatua.[22][10] Bere publizitatea egitean, konpainiak esaten du munduko lehenbizikoa izan dela Mendebaldeko eta Ekialdeko musika klasikoaren elementuak iraunkorki txertatzen.[23] Horrela, Europako orkestretako hari, perkusio eta haize instrumentuekin batera, badira Txinako instrumentu tradizionalak, hala nola gonga, pipa edo suona. Emaitza soinu bikaina, paregabea eta indar dramatiko handikoa da.[10][24]
Orkestra sinfonikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Shen Yun Symphony Orchestra izenarekin, Shen Yun-eko orkestra sinfonikoak bere birak ere egiten ditu.[25] Lehen kontzertua 2012ko urrian eman zuen, New Yorkeko Carnegie Hall aretoan, hain zuzen. Zehazki, hiru zuzendari aritu ziren, Milen Nachev, Keng-Wei Kuo eta Antonia Joy Wilson, eta programan lan klasikoak eman ziren, hala nola Beethovenen Egmont-en Obertura edo Antonio Vivaldiren Bi tronpetarako kontzertua, bai eta mendebaldeko eta Txinako instrumentuak konbinatzen dituzten konposizio berriak ere.[26] 2013an, bira bat eskaini zuen Estatu Batuetako zazpi hiritan zehar. Carnegie Hall aretoan aritzeaz gain, Washingtongo Kennedy Center-en ere jardun zuen DC,[27] bai eta San Frantziskoko Louise M. Davies Symphony Hall aretoan ere. 2016ean, orkestrak Saint-Saëns eta Dvořák konpositoreen lanak jokatu zituen, Shen Yun-en konposizioekin batera.[28] Errepertorioari dagokionez, 2019an, baziren orkestraren beraren konposizioak, hala nola estilo inperialeko martxak eta folk melodiak, eta, era berean, Europako maisu klasikoen interpretazioak, hala nola Txaikovski, Smetana edo Gounod.[25]
Jantziak eta hondo animatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dantzariek jantzi nabarrak daramatzate dantza egitean, maiz era askotako osagarriekin batera: koloretako zapiak, plataforma-zapatak, danborrak, abanikoak edo txotxak.[11][19][29] Jantziak eskuz josten dira, dantzari bakoitzaren neurrira,[30][18] eta hainbat etniatako arropatan inspiratu ohi dira; beste jantzi batzuek, berriz, antzinako dantzariak, soldaduak edo istorio klasikoetako gorte txinatarreko pertsonaiak irudikatzen dituzte.[7]
Ikuskizuneko pasarte bakoitzak proiekzio eszenikoak ditu, teknologia digitalarekin sortuak 9 metroko altuerako pantaila baten gainean,[22]; horri esker, dekoratuak era askotako agertokiak simulatzen ditu: loretan diren gereziondoz osaturiko zelaiak, mendiko aintzirak, Mongoliako belardiak, jainkoen erresuma etereoak, tigreak bizi diren oihanak, gorte inperialak edo tenpluak.[31] Proiekzioetako batzuek jarduketarekin bat egiten duten elementu mugikorrak dituzte.[29]
Birak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtean zazpi hilabetez, Shen Yun-eko zortzi konpainiek hainbat herrialdetako 200 hiri baino gehiagotan egiten dituzte birak.[2][10] Konpainiak emanaldiak egin ditu Ipar Amerikan, Latinoamerikan, Europan, Ozeanian eta Asian.[32][33][1] 2007an, Shen Yun-ek bere lehen bira egin zuen 31 hiritan barna eta, kalkuluen arabera, 200.000 lagunek ikusi zuten ikuskizuna. Gero, 2014an, kopurua igo zen, milioi eta erdi lagunek ikusi baitzuten.[6][3]
Shen Yun aritu den antzokien artean daude Berlingo Opera Alemana,[34][35] Torontoko Four Seasons Centre zentroa,[36] Bartzelonako Gran Teatre del Liceu,[18][37] Erromako Opera Antzokia,[38][37] Mexiko Hiriko Auditorio Nazionala,[39] Napoliko San Carlos Antzokia,[40] London Coliseum[41] edota New Yorkeko Lincoln Center.[42]
Harrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Shen Yunek, oro har, kritika onak jaso ditu,[30][32][43][14] baina kritikarik ere jaso du eboluzioaren, ateismoaren eta homosexualitatearen aurkako ideia jakin batzuk sustatzeagatik; izan ere, beren ikuskizunetan ematen dituzten iritzien artean esaten da ateismoa eta eboluzioa «ideia hilgarriak» direla.[44][45]
2007an, BroadwayWorld-ek hauxe idatzi zuen Shen Yun-i buruz: «familientzako ekoizpena hirurogeitik gora pertsonaz osaturiko nazioarteko konpainia baten eskutik iritsiko da; haren ekoizpen saio zoragarriek, dekoratu koloretsuek, jantzi liluragarriek, koreografia distiratsuek, eta Tang dinastiaren danbor burrunbatsuek, iraganeko Txina tradizionalaren bizimodu liluragarria eta dotorezia mitikoa erakutsiko dituzte, egungo mendebaldeko munduaren eragin garaikidearekin batera».[4]
Sarah Crompton The Daily Telegraph-eko kazetariak, hauxe idatzi zuen Shen Yun-en emanaldi bati buruz 2008an: «show txinatar bat bezala iragartzen da» baina «Falun Gong-en propaganda-ariketa da»; halaber, emanaldia familientzako ikuskizun bat bezala aurkezten zela, eta nabarmendu zuen oso zaila dela «ongietorria ematea estralurtarrak gure artean bizi direla eta homosexualitatea eta arraza arteko ezkontzak endekatuak direla uste duen gizon baten irakaskuntzei».[46]
Chicago Tribune egunkariko Sid Smith-ek hauxe idatzi zuen Shen Yun-i buruz: «emakumeek, berriz, multzo eder eta kezkagarria osatzen dute. Azkarrak bezain delikatuak dira, eta haien trebetasunen artean, talentu tradizionalak arin menderatzen dituzte, hala nola abanikoaren dantza klasikoa».[29]
Cupertino hirian (Kalifornia) 2009an emandako saioa honela laburbildu zuen tokiko hedabide batek: «antzinakoaren eta modernoaren arteko nahasketa liluragarria da, Txinako instrumentu tradizionalen eta haien Mendebaldeko baliokideen artekoa, eta esperientzia garaikideen artekoa, Txinako dantza klasikoaren formalitatearekin adieraziak».[11]
Garai hartan Birminghameko Errege Balleteko dantzari zen Chi Cao-k esan zuenez, «arteetan erreinu gorena erakutsiz, Shen Yun-ek arte eszenikoen mundua inspiratzen du».[47] Shen Yun-en ikuskizuna ikusi ondoren, Cate Blanchett aktoreak hauxe adierazi zuen: «Trebetasun maila, baina halaber arketipoen boterea eta kontakizunak harrigarriak izan ziren. Eta, jakina, eder-ederra zen».[33] Donna Karan moda-diseinatzaileak esan zuen Shen Yun «ikuskizun liluragarria» dela eta «arimara iristen denean» izugarri maite zuela.[27][41] Robert Stromberg zinemagileak hauxe adierazi zuen ikuskizuna ikusi ondoren «hura hain da inspiratzailea... Avatar hurrengo filmerako ideia batzuk aurkitu ditudala uste dut».[48]
Laura Falcoff kazetariak, Clarín egunkarian, hauxe esan zuen Shen Yun-i buruz: « ikuskizun arranditsua, non Txinako milaka urteko tradizioak bat egiten duen egungo baliabide teknologikoekin », eta «Shen Yun oso ikuskizun egokia da haurrentzat».[32]
2012an eta 2013an, Shen Yun ikuskizunerako hainbat emanalditako sarrerak agortu ziren Lincoln Center-en.[27]
Carmen del Val El País egunkariko kazetariak hauxe esan zuen 2014an: «Shen Yun kolore eta energia leherketa da. (...) Oihala altxatzearekin batera, ikuskizunaren hasieran, publikoak txalo zaparrada handia jo zuen, lehen irudien indarra ikusirik. Jantziak eder-ederrak dira, dena eskuz egina dago, eta koloreak dotoreziaz daude konbinaturik. Zetek eta brodatuek agertokia argitzen dute».[30]
Txekiar errepublikako kultura ministro ohiak, Daniel Herman-ek, adierazi zuen Shen Yun-ek «itxaropen handia dakarrela» eta «egiazki Zeruaren ukitu bat» dela.[49]
Petrina D'Souza Darpan Magazine-ko erredaktoreak hauxe idatzi zuen Shen Yun-i buruz 2017an: «Dantza saio guzti-guztiek hunkitu ninduten. Ikuskizuna ederra da begietarako, eta ederki dago osatua dantza-mugimendu finekin, hainbat dantza motarekin, istorio intrigagarriekin eta orkestra bikainarekin».[50] Stage Whispers-eko Koral Drouyn-ek hauxe esan zuen: «bi orduko ikuskizunean, bizitza sendotu eta aldatzen duen ikuskizuna bizi izan dugu. Esperientziak zure ondoan iraungo du luzaro azken oihala jaitsi ondotik».[51]
Edukiaz esan da «eboluzioaren kontrakoa» dela, bai eta «prediku erlijiosoa» eta «sinesmen baten propaganda» dela ere.[52] Ikusle eta kritikari batzuk kexatu dira eta esan dute elementu horiek ikuskizunaren publizitatearen bidez desitxuratzen direla, eta azkenean ikuskizun hori «gehiago sentitzen dela propaganda gisa, itzulingururik gabe aurkezten den kultur ondare gisa baino».[53] Alix Martichoux Houston Chronicle-ko kazetariak hauxe idatzi zuen: «Shen Yun-ekin pozik ez dauden ikusle askorentzat, kontua ez da ikuskizuna bera txarra izatea, nahiz eta, zuzenak izateko, batzuk hala dela kexatzen diren. Kritika negatibo gehienak atsekabetutako pertsonak ziren, eduki politikoak harritu zituelako».[52] The Ledger-eko Walter Whittemore kazetariaren iritziz, nahi gabe, ikuskizunagatik ordaintzea «bilakaera eta zientzia ukatzen dituen, Lurrean estralurtarrak bizi direla dioen, ateoak eta homosexualak deabrutzen dituen eta arraza arteko ezkontzak gaitzesten dituen mugimendu erlijiosoa» laguntzea izan zen.[54]
David Robertsonek, Dundeeko San Pedro Eliza Libreko ministroa zenean, 2019an idatzi zuen ikuskizuna gozatu zuela, nahiz eta «gurtza-mezuz beterik dagoen». Honako une hau nabarmendu zuen, hots, Li Hongzhi-ren itxura zuen argi batek Karl Marxen irudia lausotu zuen unea. Li Hongzhi jauna Falun Gong-aren sortzailea da.[55]
2019ko apirilean, programan hortxe zirauen ateismoaren eta eboluzioaren mespretxuak.[44][52][55] Ikusle batzuk ere kexatzen ziren publizitatean edukia desitxuratzen zelako,[52] eta Falun Gong-i loturiko propaganda politikoa ere nabarmendu da. Jia Tolentino New Yorker-eko kazetariak kasu paradigmatikoa deskribatu zuen: «Mao presidentea agertu zenean, zerua beltzez tindatu zen; hondo digitaleko oihalean zegoen hirian lurrikara batek txikitu zuen, eta gero, tsunami komunista batek errematatu zuen. Igitai eta mailu gorriek dirdira egiten zuten olatuaren erdian. Zur eta lur nengoen, begiak igurtzi nituen eta uretan desagertzen zen aurpegi bizardun izugarri bat ikusi nuen». Antza denez, aurpegia Karl Marxi zegokion.[44]
Shen Yun Mexiko Auditorioko Lunas sarietarako izendatu zuten 2019an, dantza tradizionalaren kategorian.[56]
Pablo M. Díez ABCko kazetariak hauxe idatzi du 2023an: «Shen Yun konpainiaren ikuskizunak dantzaz eta musikaz osaturiko uztarketa liluragarriak dira, agertoki handientsuetan sinkronizatutako koreografien bidez. Gozamen ederra begietarako, hiru Covid-urte gogorren ondotik are gehiago estimatzen dena ».[43]
Loturak Falun Gong-ekin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Shen Yun-ek kidetasunak ditu Falun Gong mugimendu espiritualarekin eta,[43] urtero, konpainiak saio bat edo bi txertatzen ditu Falun Gong mugimenduari Txinan egun egiten zaion jazarpenaz.[43] Egoera horrek beharturik, Shen Yun-eko artista batzuek herrialdetik ihes egin zuten.[57]
Konpainiaren egoitza Deerpark herrian dago (New York); handik hurbil ere Li Hongzhi bizi da, hau da, talde erlijiosoaren lider eta sortzailea, bai eta haren jarraitzaile asko ere;[6][45] Yale-China elkarteko zuzendari Andrew Junker-en arabera, Li Hongzhi-k dio Shen Yun konpainiaren ikuskizuna bitarteko bat dela publikoa «salbatzeko».[45][58] Falun Gong praktikatzen duen japoniar baten arabera, emanaldiek gertakari historikoak irudikatzen dituzte Txinako dantza klasikoaren bidez eta, horren baitan, baita Falun Gong-i Txinan egiten zaion jazarpena ere; halaber, erlijioan sinestearen eta norberaren uste sendoen garrantzia nabarmendu du.[59]
Teknikoki bereiziak dauden korporazioen bidez kudeatuak daude Shen Yun konpainiaren eta Falun Gong mugimenduaren diruak, eta badirudi funtsak, exekutiboak eta idealak partekatzen dituztela.[60] Falun Gong praktikatzen duten pertsona batzuek egoitzaren alokairua ordaindu, ikuskizuna sustatu eta sarrerak saltzen dituzte. Aipatutako gastuak sarreren salmentaren bidez ordaindu ondoren, irabaziak Shen Yun konpainiarentzat dira.[45]
The Epoch Times eskuin muturreko hedabideak egiten du taldearen sustapena, eta Falun Gong mugimenduan dago kidetua.[60] 2019an, NBC News-en ikerketa batek ondorio hau atera zuen: «The Epoch Media Group eta Shen Yun, bi-biak, Falun Gong hedatzeko ahaleginaren osagaiak dira».[45] NBC News hedabide-taldearen arabera, The Epoch Times-ek, NTD ekoiztetxe digitalak eta Shen Yun dantza taldeak irabazi-asmorik gabeko sare bat osatzen dute, eta Li Hongzhi-k «gure hedabideak» esaten die.[60]
Txinako gobernuaren iritziz, Falun Gong-ek «gurtza antisoziala» sustatzen du, eta Shen Yun konpainiaren emanaldiek «gustu itsusia eta maila artistiko eskasa izateaz gain, gurtza-mezuz eta Txinako gobernuaren aurkako eraso inplizituz beterik daude».[61][55] Aldi berean, dokumentatu diren hainbat kasuren arabera, Txinako erregimenak, bere enbaxaden eta kontsulatuen bidez, hainbat herrialdetako agintariak presionatu ditu dantza-ikuskizuna bertan behera utz zezaten.[3][43][62] Txinako diplomazialari batzuek gutunak ere bidali dizkiete Mendebaldeko politikari eta antzerki arloko enpresaburu batzuei eta ohartarazi diete emanaldira ez joateko eta hura ez babesteko, hura «Txinako irudia zikintzeko propaganda» baita.[63][64][65]
Shen Yun-ek Hong Kongen aritzeko asmoa zeukan 2010eko urtarrilean, baina hura bertan behera utzi zen, Hong Kongeko gobernuak herrialdean sartzeko bisak ukatu ziolako Shen Yun-eko ekoizpen taldeari.[59][66] 2011n, Hong Kongeko Auzitegi Gorenak Gobernuaren 2010eko erabakia indargabetu zuen «kontuan hartu beharrekoak aintzat ez hartzeagatik».[67]
Bitartean, Txinan bizi diren artista txinatar batzuek sekulako zailtasunak dituzte beren lana hedatzeko. 2013an, Xu Peidong letragile eta Txinatar Herriaren Konferentzia Aholku-emaile Politikoko delegatuak bere kezka agertu zuen, herrialdeko bertako arte-konpainiek atzerrian duten proiekzio apala dela eta. Konpainia horiek, Estatuak diruz lagunduak Shen Yun-ek mendebaldeko jendearengan duen eragin kulturalari aurre egiten saiatzeko, beren artean lehiatu behar dute, nazioarteko aretoetan, Vienako Musikverein-en, esaterako, jarduteko estatu-baliabide mugatuengatik. Xu-ren azterketaren arabera, beste artista batzuek adierazitakoarekin bat (Yu Junjian tenorrak esandakoarekin bat, adibidez), dirutan diren mugek biren kalitatea jartzen dute kolokan; izan ere, horren ondorioz, konpainiek artista kopuru txikiak eramaten dituzte eta, horren ondorioz, Asiako herrialdeko artista onenetako batzuek ez dute atzerrian aritzeko aukerarik.[68]
Shen Yun konpainiaren ordezkariek, bestalde, esaten dute Txinako gobernua ikuskizunaren aurka dagoela, emanaldietan Txinako egungo zapalkuntza politikoa agertzen delako eta, era berean, gobernu komunista ezabatzen saiatu den Txinako kultura tradizionalaren historiaren adierazpenak agertzen direlako.[14]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Shen Yun 2020, FOX40, 2019
- ↑ a b c Shen Yun Performing Arts: An American Success Story Inspires Growing Companies, Entrepreneur, 2022
- ↑ a b c d e China quiso prohibir el estreno de una obra de teatro en Barcelona, El Mundo, 2014
- ↑ a b c 'Holiday Wonders' Chinese Meets West Extravaganza, Broadway World, 2007
- ↑ Nuestros desafíos, Shen Yun Performing Arts
- ↑ a b c Chinese New Year embracing tradition, Denver Post, 2008
- ↑ a b c Dancing around the world, Adriana Rambay Fernandez, Hudson Reporter, 2012.
- ↑ Shen Yun Performing Arts is bring its newest show to Utah, KUTV, 2021
- ↑ Conozca a los artistas, Shen Yun Performing Arts
- ↑ a b c d e f g 5,000 Years of Chinese Music and Dance, in One Night, The New York Times, 2010
- ↑ a b c d e Chinese New Year Spectacular in S.F., Cupertino, San Francisco Chronicle, 2009
- ↑ International Incident, The Pacific Northwest Inlander, 2009
- ↑ a b Shen Yun’s Traditional Chinese Artistry Marked by Vivid Color and Breathtaking Choreography, Metropole, 2017
- ↑ a b c Beauty and the Beast: Shen Yun at Lincoln Center, Huffpost, 2011
- ↑ T.I.C. Trenchcoat in Common, Chinese New Year Spectacular and Varla Jean Merman: Victory Lap Dance, Talkin' Broadway, 2009
- ↑ Spectacular dance show takes you on a tour of China, mississauga.com, 2012
- ↑ Shen Yun Bilbao 2023, Shen Yun, 2023
- ↑ a b c Compañía de danza clásica china Shen Yun cierra su gira europea en el Liceo, La Vanguardia/Agencia EFE, 2015
- ↑ a b A dazzling show with a clear message, The Globe and Mail, 2008
- ↑ NTDTV's Chinese New Year Spectacular, exploredance.com, 2007
- ↑ January pleasures, DC Theatre Scene, 2007
- ↑ a b BWW Reviews: Shen Yun 2015- A Visual Feast for Your Eyes!, BroadwayWorld.com, 2015
- ↑ Una orquesta donde se unen Oriente y Occidente, es.shenyun.org
- ↑ Vina leads Divine Performing Arts' Chinese New Year Spectacular. Los Angeles Times. 2009.
- ↑ a b Shen Yun Symphony Orchestra: Music from 5,000 Years of Civilization, www.shenyun.com
- ↑ Shen Yun Symphony Orchestra, Carnegie Hall, 2012
- ↑ a b c Shen Yun Performing Arts to Return to Lincoln Center, 1/10-19, broadwayworld, 2019
- ↑ Shen Yun Symphony Orchestra, Carnegie Hall, 2016
- ↑ a b c Women flow like water in spectacle, Chicago Tribune, 2008
- ↑ a b c Bailando por Falun Gong en el TNC, El País, 2014
- ↑ Deities, Dragons, Dancers, and Divas, 2010, concertonet.com
- ↑ a b c El baile de las tradiciones milenarias, Clarín, 2012
- ↑ a b Shen Yun Revives 5,000 Years of Civilisation, Dance Informa (Australia edition), 2012
- ↑ Shen Yun 2022, Berlingo Opera Alemana
- ↑ Shen Yun – Großes Gastspiel In Der Deutschen Oper, thecitizen.berlin, 2022}}
- ↑ Shen Yun - Experience a Divine Culture, National Arts Centre, 2018
- ↑ a b Teatre - Estrenes - Shen Yun, La Vanguardia, 2018
- ↑ Shen Yun, a Milano il fascino millenario della danza cinese, Il Giornale, 2017
- ↑ Shen Yun, Secretaría de Cultura (Mexiko), 2022
- ↑ Shen Yun - 5000 anni di civiltà rinascono, Teatro di San Carlo, 2020
- ↑ a b Shen Yun, W magazine, 2011}}
- ↑ Shen Yun Performance Brings Out Stars And Awareness, observer.com, 2011
- ↑ a b c d e Shen Yun, la danza que los chinos no pueden ver, llega a España, ABC, 2023
- ↑ a b c Stepping into the Uncanny, Unsettling World of Shen Yun, The New Yorker, 2019
- ↑ a b c d e Junker, Andrew. 2019. Becoming Activists in Global China: Social Movements in the Chinese Diaspora, p. 99. Cambridge University Press. ISBN 9781108655897
- ↑ Shen Yun: Propaganda as entertainment, The Daily Telegraph, 2008
- ↑ Win a Double Pass to Chinese spectacular ‘Shen Yun’, Dance Informa (Australia edition), 2022
- ↑ "Shen Yun Performing Arts", David H. Koch Theater, 2013
- ↑ Shen Yun at The Hanover Theatre and Conservatory for the Performing Arts, BroadwayWorld, 2023
- ↑ Shen Yun Review: A Visually Beautiful Performance, Darpan Magazine, 2017}}
- ↑ Shen Yun, Stage Whispers
- ↑ a b c d You've seen the ads. But what's the deal with Shen Yun?, Houston Chronicle, 2019
- ↑ Shen Yun: Politics behind the performance, StarTribune.com, 2019
- ↑ Letter: Propaganda posing as entertainment, 2016
- ↑ a b c Chinese Culture, Cult and Communism – Shen Yun – A Review, 2019
- ↑ Música, baile y danza llenaron el Auditorio Nacional en la 18 entrega de las Lunas del Auditorio, El Universal, 2019
- ↑ Practicante de Falun Gong desaparecido en China, Amnistia Internazionala, 2010, ASA 17/021/2010
- ↑ Lasa, Elixabete Garmendia. «Ultraeskuindarrei gauzak errazten?» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-02-02).
- ↑ a b Falungong decries HK as democracy row deepens, Sin Chew, Agence France-Presse, 2010
- ↑ a b c Trump, QAnon and an impending judgment day: Behind the Facebook-fueled rise of The Epoch Times, NBC News, 2019
- ↑ New York dance troupe says China banned shows over Falun Gong links, The Guardian, 2016
- ↑ Moldova country report, 2010. US Department of State, Bureau of Democracy, Human Rights, and Labor
- ↑ Chinese Government Kindly Reminds Seattle Officials About the 'Evil Cult' Coming to Town, Seattle Weekly, 2012.
- ↑ "Chinese New Year Spectacular 'just propaganda': Chinese Embassy", Canadian Broadcasting Corporation. 2007.
- ↑ The traditional Chinese dance troupe China doesn’t want you to see, The Guardian, 2017
- ↑ International Religious Freedom Report 2010 Report, 2010. US Department of State, Bureau of Democracy, Human Rights, and Labor
- ↑ Epoch Group Ltd v Director Of Immigration, vLex Hong Kong, 2011, HCAL43/2010
- ↑ State-funded arts troupes fail to shine against Falun Gong rivals abroad, South China Morning Post, 2013
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz):Webgune ofiziala.
- (Gaztelaniaz):2023ko biraren publizitate-traillerra.