Edukira joan

Tartaro (mitologia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Greziako munduen irudikapena

Tartaroa (antzinako grezieraz Τάρταρος Tártaros; latinez Tartarus), betiereko sufrimendu eta zigorraren toki bat da, kristautasuneko Infernuaren eta erlijio jentiletako behe munduaren antzerakoa.

Greziar mitologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziar mitologian, Tartaroa, jainko bat zein Behe munduko toki bat da, Hadesa baino are sakonagoa. Antzinako iturri orfikoetan eta eskola misterikoetan, lehenik existitu zen "gauza" mugagabea ere bada, nondik Argia eta Kosmosa jaio ziren.

Bere Teogonian, Hesiodok, Unibertsoan jaio ziren jatorrizko kontzeptu edo dibinitateetako bat dela dio, Kaosa, Gea (lurra) eta Erosekin batera. Honakoa ere badio; Brontzezko ingude batek, Lurra jo arte zerutik bederatzi egunez eroriko litzatekeenak, lurretik Tartarora erortzen beste hainbeste egun emango lituzkeela. Iliadan, Zeusek, Tartaroa "Hadesetik hain behera dago, zerua lurretik bezain altu dagoen bezala" dagoela dio. Eguzkitik hain urrun eta lurrean hain sakon dagoen tokia izanik, hiru gau geruzaz inguratua dago, brontzezko harresi bat inguratzen dutenak, azken honek, aldi berean, Tartaroa hartzen duelarik. Putzu heze, hotz eta zoritxarreko bat da, iluntasurik ilunenean hondoratua.

Gaius Julius Hyginus idazle latindarraren arabera, Tartaro Eter eta Gearen semea zen. Tifon eta Ekidnaren aitatzat ere jotzen da.

Greziar mitologiaren arabera, Hadesa hildakoen tokia den bitartean, Tartaroak, gainera, biztanleren batzuk ere baditu. Kronosek, errege zen Titanak, boterea hartu zuenean, Ziklopeak Tartaroan giltzaperatu zituen. Zeusek, Titanen aurkako bere borrokan lagun ziezaioten. Olinpoko jainkoek, azkenean, garaitu egin zituzten, eta titan asko Tartarora jaurti zituzten (Prometeo, Atlas, Epimeteo, Menezio, Kronos eta Metis izan ziren bertan giltzaperatuak izan ez zirenetako batzuk). Tartaroan, presoak erraldoiek zaintzen zituzten, horietako bakoitzak, 50 buru eta 100 beso indartsu zituelarik, Hekatonkiroak, alegia. Beranduago, Zeusek Tifon munstroa garaitu zuenean, Tartaro eta Gearen semea zena, hau ere Tartarora jaurti zuen.

Beranduagoko mitologietan, Tartaroa, zigorra, krimenari egokitzen zaion tokia bihurtu zen. Adibidez, Sisifo, lapurra eta hiltzailea zena, betirako, harkaitz bat maldan gora bultzatzera zigortua izan zen, soilik, berriz, harkaitza bere pisuaren ondorioz erortzen ikusteko. Han zegoen, baita ere, Ixion, senide bat hil zuen lehen gizakia. Bere aitaginarreba, garretan zegoen ikatzez beteriko putzu batetara erorrarazi zuen, soilik ezkon opariak ordaintzea eragozteko. Bere bidezko zigorra, betierekotasun osoa, garretan zegoen gurpil batean biraka ematea izan zen. Tantalok, jainkoen konfidantzaz gozatzen zuena, hauekin jan eta hitz eginez, jainkoen janaria eta sekretuak bere lagunekin banatu zituen. Bere bidezko zigorra, ur hotzetan leporaino hondoratua izatea izan zen, bere egarria asetzen saiatzen zen bakoitzean desagertzen zena, bere gainean, mahats gozoak zituelarik, eta bera iristen ez zen tokiraino igotzen zirenak hartu nahi zituen bakoitzean.

Radamantis, Eako eta Minos ziren hildakoen epaileak eta Tartarora nortzuk joan behar zuten erabakitzen zuten. Radamantisek asiar arimak epaitzen zituen, Eakok europarrak, eta Minosek zuen boto erabakigarria, eta greziarrak epaitzen baitzituen.

Erromatar mitologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kristautasunaren ikuspuntutik

Erromatar mitologian, Tartaroa, bekatariak bidaltzen ziren tokia zen. Virgiliok, bere lan ospetsua den Eneidaren VI. liburuan, toki erraldoi bat bezala deskribatzen du, Flegetonte ibai gartsuaz eta bekatariek bertatik ihes egitea eragozteko harresi hirukoitzez inguratua. 50 ahotzar beltz dituen hidra batek zaintzen du, ate kirrinkari batean esertzen zena, diamantezko zutabeek babesturik. Barnean, harresi zabalak eta burnizko dorre garai bat dituen gaztelu bat dago. Tisifone, mendekua irudikatzen zuen Furiak, lorik egin gabe zaintzen du dorre horren tontorrean, zigor bat joz. Barnean, berari buruz, bizien lurra eta Olinpoaren arteko distantzia bikoitzera, sakonean jaisten den putzu bat dago. Putzu honen hondoan, Titanak, Aloadak eta beste bekatari asko daude. Tartaroaren barnean, bekatari gehiago daude, greziar mitoetan gertatzen den antzera zigortuak.

Kristautasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Petriren bigarren epistolan, erromatar tradizioari erreferentzia egiten zaio, Tartaro (ταρταρώσας) aingeru erorien epaiketari deituz: "Benetan, Jainkoak ez zuen bi aldiz pentsatu aingeru bekatariak zigortzerakoan, baizik eta, Tartarora jaurtiz, iluntasun trinkozko zuloetara bidali zituela, epaiketarako mantentzeko". Tartaroan dauden izakiak ez dira gizakiak, baizik eta izaera izpiritualekoak.


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]