Itsasarte Turkiarrak
Itsasarte Turkiarrak (turkieraz: Türk Boğazları) edo Turkiako Itsasarteak Turkiako ipar-mendebaldeko nazioartean esanguratsuak diren bi urbide dira; izan ere, itsasarteek Egeo eta Mediterraneo Itsasoak Itsaso Beltzarekin lotzen dituen nazioarteko pasabide batzuk sortzen dituzte. Itsasarte Turkiarra Dardaneloek eta Bosforoek osatzen dute, Marmarako Itsasoaren aurkako muturretan daudenak. Itsasarteak eta Marmarako Itsasoa Turkiako itsas lurralde subiranoaren parte dira eta, beraz, Turkiaren barne-uren erregimenaren menpe.
Eurasiako lur-masaren mendebaldean kokaturik, itsasartea, normalean, Europako eta Asiako kontinenteen arteko mugatzat hartzen da, baita Europako Turkiaren eta Asiako Turkiaren arteko mugatzat ere. Nazioarteko merkataritzan, politikan eta gerra testuinguruetan duten garrantzia estrategikoa dela eta, itsasarteak garrantzi handia izan du Europako eta munduko historian; hala, 1936az geroztik, Montreuxko Hitzarmenaren arabera gobernatzen dira itsasarte hauek.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsas-ibilbide gisa, Turkiako Itsasarteak hainbat itsaso lotzen ditu Ekialdeko Mediterraneoan, Balkanetan, Ekialde Hurbilean eta Mendebaldeko Eurasian. Zehazki, Itsasarteek itsas-konexioak ahalbidetzen ditu Itsaso Beltzetik Egeo eta Mediterraneo Itsasoraino, Ozeano Atlantikoa Gibraltarretik igarota, bai eta Indiako Ozeanoa Suezeko kanaletik zehar; honek nazioarteko ur-ibilbide erabakigarri bihurtzen ditu, batez ere Errusiatik datozen salgaiak Europara ailegatzeko.
Turkiako Itsasarteak honako ur-bide hauek osatzen dute:
- Bosforoa (turkieraz: Boğaziçi edo İstanbul Boğazı; euskaraz, lit.: "Istanbulgo itsasartea"), 30 kilometro luze eta 700 metro zabal den itsasartea da, Marmarako Itsasoa iparraldeko Itsaso Beltzarekin lotzen du. Istanbul hiria zeharkatzen du; hala, bi kontinenteetan kokatutako hiria da Istanbul. Hiru zubi esekik zeharkatzen dute itsasartea (Bosforoko Zubia, Fatih Sultan Mehmet Zubia eta Yavuz Sultan Selim Zubia), bai eta urpeko bi tunelek ( Marmarayko trenbide-tunela eta Eurasiako errepide-tunela). Zeharkaldi gehiago egiteko planak daude, hainbat etapatan eztabaidagai direnak egun.
- Dardaneloak (turkieraz: Çanakkale Boğazı; euskaraz, lit.: "Çanakkale itsasartea"), 68 kilometro luze eta 1.2 km zabal den itsasartea da, Marmara Itsasoa eta Mediterraneoa lotzen dituena hego-mendebaldean, Çanakkale hiritik gertu. Antzinate klasikoan Dardaneloen itsasartea Helesponto bezala ezagutzen zen. Itsasartea eta bere mendebaldeko kostaldeko Gallipoli edo Gelibolu penintsula Gallipoliko guduaren eszenatoki izan ziren, Lehen Mundu Gerraren testuinguruan. Çanakkale 1915 Zubiak, 2022ko martxoaren 18an trafikoari irekitakoa, Çanakkaleko Gelibolu Barrutiaren ipar-mendebaldeko probintzia lotzen ditu Europa aldean eta Lapseki Barrutia Anatoliako aldean; era berean, itsasartea zeharkatzen duen lehen zubia da ere.[1]
Itsasrte Turkiarren inguruko jarduera ekonomikoen bilakaerek inguruko itsas ekosistema mehatxatzen dute, bertakoak diren izurde endemikoen eta portu-porpoien biziraupena barne.[2]
Itsasarteen Auzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historia (1936ra arte)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsasarteek itsas garrantzi estrategiko handia izan dute, gutxienez, Brontze Aroko armadek Troiako Gerran Egeo Itasoaren sarreratik gertu borrokatu zutenetik, eta Asia eta Europaren arteko igarobide estuek migrazio- eta inbasio-bideak eskaini dituztenetik –persiar, galatiar eta turkiarrentzat, adibidez–. Otomandar Inperioaren gainbehera-garaian, "Itsasarteen Auzia" delakoan Europako eta otomandar diplomatikoek hartu zuten parte.
XIX. mendeko Europako potentzia handiek –hau da, Errusia, Erresuma Batua, Frantzia, Austria eta Prusia– 1841eko uztailaren 13an Itsasartei buruzko Londresko Konbentzioa sinatu zuten, zeinaren arabera, Otomandar Inperioaren "antzinako nagusitasuna" berrezarri zen itsasarte bietan, gerra-garaian Itsasarte Turkiarrak gerraontzi guztiei itxiz, sultan otomandarraren aliatuenak izan ezik.[4] Gainera, tratatu hori Bosfororako sarbideari, Marmarako Itsasoari eta Dardaneloei buruzko zenbait itunen parte izan zen. 1833ko Hünkâr İskelesiko Itun sekretutik –Unkiar Skelessi– abiatuta eboluzionatu zuen, non Otomandar Inperioak itsasartearen erabilera esklusiboa bermatzen zien "Itsaso Beltzeko potentzien" gerraontziei –hau da, Otomandar Inperioari eta Errusiar Inperioari– gerra testuinguruan.
Itsasarteek garrantzi berezia hartu zuten Lehen Mundu Gerran (1914–1918) Ententeko potentzien Ekialdeko eta Mendebaldeko Fronteen arteko balizko lotura gisa. Indar anglo-frantsesak ez zuen Dardaneloen kontrola hartu –1915eko otsail–martxo artean–, baina 1915eko martxo–apiril arteko itsasarteko itun sekretuan, Entente Hirukoitzako kideek adostu zuten —I. Mundu Gerran garaipenaren testuinguruan— Itsasarteak kontrolatzen eta begiratzen zuen otomandar lurraldea Errusiar Inperioari ematea. Honi erantzunez, tropa anglo-frantsesek Gallipoliko Kanpaina abiatu zuten –1915eko apirila–1916ko urtarrila artean–, Gallipoli penintsulan lehorreratze anfibioen bidez itsasartea kontrolatzeko arrakastarik gabeko azken operazio moduan. 1917an Petrograden hasitako iraultzek, azkenean, itsasartea bereganatzeko asmoak behin-betiko geldiarazi zituzten.[5][6]
Egungo egoera (1936–)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sarbidea kontrolatzen duen itun modernoena 1936ko Montreuxeko Itsasartearen Erregimenari buruzko Hitzarmena da, Montreuxeko Hitzarmen modura ere ezaguna, egun, 2022an, oraindik diharduena. Hitzarmen honek Turkiako Errepublikari itsasartean sartzen diren gerraontzi guztien kontrola ematen dio, baina bake-garaian ontzi zibilen pasabide librea bermatzen duen arren.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Butler, Daren. (18 March 2022). Erdogan opens huge suspension bridge linking Europe and Asia. Reuters.
- ↑ Khan, S.. (17 June 2013). «An Economic Boom in Turkey Takes a Toll on Marine Life» Yale Environment 360.
- ↑ «Groundbreaking ceremony for bridge over Dardanelles to take place on March 18» Hürriyet Daily News 2017-03-17.
- ↑ Rozakis, Christos L.. (1987). The Turkish Straits. ISBN 90-247-3464-9. PMC 14819295. (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
- ↑ Windchy, Eugene G.. (2016). Twelve American wars : nine of them avoidable. (Third edition, revised. argitaraldia) ISBN 978-1-4917-3054-6. PMC 953577180. (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
- ↑ McMeekin, Sean. (2013). July 1914 : countdown to war. ISBN 978-0-465-03145-0. PMC 808413579. (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Danimarkako itsasarteak
- Eurasia
- Turkiako Itsasarteetako itsas gertakarien zerrenda
- Marmara Eskualdea