Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Itsas Krokodiloa

Itsas krokodiloa (Crocodylus porosus) Crocodylidae familiako krokodilo mota bat da, ur gezatan ez ezik ur gazietan ere bizi dena. Munduko krokodilorik handiena da, baita munduko narrastirik handiena ere. Itsas krokodiloen talderik kopurutsuenak Asiako hego-ekialdeko eta Australiako iparraldeko eskualde zingiratsuetan bizi dira.

Arrek 500 kg eta 1.000 kg artean pisatzen dute, eta 5-6,5 m luze dira. Emeak arrak baino askoz txikiagoak dira: 2,5-3,5 m luze dira.

Ustez inoiz aurkitutako krokodilorik handiena 1957an harrapatua izan zen Queenslanden, Australian; 8,5 m luze zen, eta 1.700 kg pisatzen zuen, baina ez dago egiaztatuta. Egiaztatutako handiena 2011n harrapatu zen Filipinetan: 6,43 m eta 1.075 kg.

Itsas krokodiloa oso azkar mugitzen da uretan; 43 km/h-ko abiadura lor dezake igerian, eta isatsarekin emandako bultzakada bakar batek lau metro aurrerantz bultza dezake. Lehorrean ere aski azkarrak dira, distantzia laburretan.

Itsasoan maiz barneratzen da, eta lehorretik urruti ere ibiltzen da. Urpean oso ondo ikusten du, begiak babesten dizkion mintz bati esker.

Itsas krokodiloa da, munduko animalia guztien artean, hozkadarik indartsuena duena. Bigarren postuan nilotar krokodiloa dago.

India, Sri Lanka, Bangladesh, Indotxina, Malaysia, Filipinak, Indonesia, Ginea Berria eta Australiako ibai, aintzira, zingira eta estuarioetan bizi da, kostatik hurbil. Igerian oso ondo egiten duenez, migratu ere egin dezake; hala, Salomon uharteetan eta Polinesia Frantsesean ere aurkitu izan dira.

Zingirak ditu gustukoenak; han, ezkutatu eta bera baino handiagoak izan daitezkeen harrapakinei ere erasotzen die.

Lehorrean dagoenean, karniboro oportunista da, eta uretara edatera hurbiltzen diren animaliei erasotzen die. Bere baraila indartsuak erabiliz, uretara eraman eta ito egiten ditu. Sarraskia ere jaten du. Gizakiei ere erasotzen die: Bigarren Mundu Gerran, Birmanian, krokodiloek japoniar soldadu ugari ehizatu zituzten zingiretan, Ramree uhartean.

Itsas krokodiloa ehizatzen

Harrapakinen artean, mota guztietako zerbidoak, ungulatuak, bobidoak (asiar bufalo eta Gaur handiak barne), arrainak, hegaztiak, narrastiak (dortoken oskolak erraz apurtu ditzakete hozkada batekin) eta despistatuak harrapatuz gero, lehoinabar, asiar txakur basatiak eta tigreak (nahiz eta tigreek krokodiloak gehiago ehizatzen dituzten alderantzizkoa baino, eta orokorrean biek elkarri errespetua izanik distantzia gordetzen duten) dira.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Itsas krokodilo. 2020-01-06 (kontsulta data: 2023-02-01).