Edukira joan

Uhandre marmolaire

Wikipedia, Entziklopedia askea
Uhandre marmolaire
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAmphibia
OrdenaCaudata
FamiliaSalamandridae
GeneroaTriturus
Espeziea Triturus marmoratus
(Latreille, 1800)
Banaketa mapa
Eguneko zikloacathemeral (en) Itzuli

Uhandre marmolairea (Triturus marmoratus) salamandridae familiako uhandrea da, hego-mendebaldeko Europan bizi dena.[1]

Euskal Herriko uhandreen artean handiena dugu,[2] 16 cm-rainoko luzera lortzen duelarik. Oso animalia deigarria dugu, bere azal berde bizi eta orban beltzak direla eta. Gainera, araldian zehar arrek gandor handi bat garatu ohi dute, emeek bizkarraldean lerro laranja polit bat mantentzen dutelarik. Euskal Herrian asko hedatutako espeziea da eta itsas-mailatik 1000 metroko altitudera ikus daiteke.

Heldua denean 110-160 mm bitarteko luzera har dezake. Gorputz sendo eta apur bat zapala du eta isatsak bere luzeraren ia erdia hartzen du. Isatsa alboetatik oso konprimituta dago eta estutzen joaten da puntara heldu arte, ez du filamenturik puntan.[3]

Burua ia luze bezain zabala da eta muturra zabala eta biribildua dauka. Araldian ezpain-lobuluak nahiko garatuak izan ohi ditu, batez ere emeak. Begiak nahiko handiak ditu eta irisak beltzez pigmentatutako urre edo kobre kolorekoak dauzka.[3] Buruaren atzealdeko parotidak ez dira oso nabarmenak, bai ordea zintzur-plegua edo tolesdura. Arrak araldian bizkar eta isats-gandor nabarmenak garatzen ditu, gandor-ertzak apur bat izurtuak dituelarik. Araldiaren ondoren gandorra oso azkar birxurgatu eta desagertu egiten da.[3] Emeak ez du bizkar-gandorrik eta horren ordez marra edo lerro laranja-horixka bat du. Buztanean gandor txiki baten modukoa du, isatsari bertikalki zapal itxura ematen diona, baina ez da arren tamainakoa.

Zangoak indartsuak eta ongi garatuak ditu, hatzak luzeak dira eta ez du hatzen arteko mintzik. Bizkarraldeko azala zimurtsua, pikortsua eta porotsua dauka, fase lehortarrean oso agerikoa dena, sabelaldea ordea leuna da. Sabelaldeko azala leuna izateaz gain oso mehea da, maiz nahiko gardentsua ere. Kloaka globo itxurakoa da, arren kasuan sasi-esferikoa eta araldian handitu eta beltza ipintzen da. Emeak kloaka txikiagoa eta obalatuagoa du, papilez beterikoa.[3]

Sexualki guztiz garatuak ez dauden arrek emeen antza handia dute bai forman eta baita koloreetan ere, batik bat fase lehortarrean. Sexualki garatutako arrek bizkarraldean gandorra dute, baina aralditik kanpo txikia dena, zimur baten antzekoa dena, araldian asko handitzen zaie eta kolorazio aldetik ere bizitu egiten da.

Arra eta emea

Uhandre hauek nagusiki berde-beltzak dira, azala orban, mosaiko eta marra beltzez beteriko berde kolorekoa da. Oso kolore deigarriak dituzte eta berde-beltz nahastura horrek kontraste handia egiten du. Arrabio arruntarekin antzekotasun handia dute bai tamaina-gorpuzkera aldetik eta baita kolore kontrasteagatik ere. Arrabio arruntak hori-beltzak badira uhandre marmolaireak berde-beltzak. Kontrastea apaltzen joaten da zahartzen diren heinean eta kolorazioaren kontrasteak ezberdintasunak izan ditzake populazioen arabera. Emeek eta oraindik sexualki garatuak ez dauden fase lehortarreko arrek lerro laranja deigarri bat dute bizkarraldean, buztaneko puntaraino iristen dena. Sabelaldea puntu zuriz beteriko beltz kolorekoa da eta araldian arren gandorrak kolore argi eta ilunen arteko kontraste marra modukoak garatzen dituzte, marren kolore kontraste hori zuri-horixkatik beltzaraino doana.[3]

Sexu dimorfismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie honen sexu dimorfismoa nabaria da. Bizkarraldea da dimorfismo honen atalik nabariena; helduen deskribapenean aipatu bezala, arrak gandorra du buruaren atzealdetik buztanaren puntaraino, emeak aldiz, lerro laranja mehe bat du gandorraren ordez. Emeak lerro laranja edo horixka hori urte sasoi osoan mantentzen du, izan araldian edo ugalketa garaitik kanpo. Arrak, ordea, gandorra handitu eta kolorez zein itxuraz aldatu egiten du araldian, aralditik kanpo gandortxo apalago bat duen bitartean (normalean marra laranja eta beltzak tartekatzen dituen zimur edo gandortxo txikiagoa).

Emeak arrak baino handiagoak dira eta, gorputz osoaren proportzioari dagokionez, buru zabal eta handiagoak garatzen dituzte. Arrek buru txikiagoak baina aldi berean emeek baino hanka luzeagoak izan ohi dituzte.[3]

Arrautzatik irten berritan larbak 7-10 mm luze ingurukoak dira eta larba etaparen azken fasean 40-70 mm bitartera heltzen dira. Eklosionatzean larbak zuri-horixka kolorekoak dira eta bizkarraldean arre koloreko bi lerro paralelo dituzte. Larbak lau hankak ongi garatuak dituenean bizkar eta buztan-gandor nabari bat aurkezte du, hau zakatz arteko bizkar eremutik hasi eta buztanaren ia puntaraino iristen delarik. Gandorrak eta buztan-gandor zein hegalak puntu eta orban beltzak garatzen dituzte eta buztan-hegala apaltzen joaten da buztanaren puntaraino iristen den heinean, punta zorrotza irudikatuz.

Sabelaldea zuria da, ukitu metaliko batekin eta metamorfosia gerturatzen doan heinean larbaren kolorazio orokorra iluntzen joaten da. Zakatzak gorrixkak dira eta oso garatuak daude eta hankak zein hatzak luzeak eta meheak dira. Begiaren irisa urre kolorekoa da, honen kanpoaldeko inguruak kobre kolorea hartzen duelarik.[3]

Uhandre marmolaireak jatorriz mendebaldeko Europan du jatorria baina egun Iberiar penintsulako mendebaldean eta Frantziar Estatu ia guztian zehar dago banatuta.[4] Espezie hau ez dugu Pirinioetan aurkituko bertan dauden baldintza lehor eta ezegonkorrak direla eta. Frantziako iparraldean, gainera, uhandre marmolairearen populazioak ahulagoak dira Triturus cristatus-en agerpena dela eta. Bereziki gustuko ditu eskualde mediteranearreko gune menditsuak.

Euskal Herrian dauden 18 anfibio espezietako bat dugu marmolairea,[5] bertan asko hedatutako espeziea da, itsas mailatik hasi eta 1000 m inguruko altitudeetaraino ikus daitekeelarik. Muga horien baitan ez du eskakizun zorrotzegirik ezartzen habitatari dagokionez, eta Kantauri aldeko muinoetako larretatik hasi, eta Bardeetako eremu idorretaraino aurki genezake. Nolanahi ere, uhandre marmolaireak urmael iraunkor eta osasuntsuak behar ditu ugaltzeko eta larbak garatzeko, eta horrelako hezeguneak etengabe desagertzen ari direnez, gero eta urriagoa da gure Herriko eskualde gehienetan.

Larbak, ur geldoz osatutako putzu eta urmaeletan bizi dira.[6] Bereziki, sakon samarrak eta, oro har, landaredidunak diren ur-masa, urmael, putzu, aska,[7] zanga eta abarretan.

Helduak, aldiz, habitat mota guztietan aurki daitezke baina ugaltze-sasoian ur-masen inguruan biltzen dira. Hala, leku irekiak, mendi-larreak, zereal-laboredun soroak, barazki eta fruta zelaiak, lugorriak edota basoetako soilguneak dituzte nahiago. Ugaltze-sasoitik kanpo, landaredia belarkara duen substratu gainean mugitzen dira batik bat.

Uhandre marmolaireen larbek krustazeo txikiak (Cladocera subordenekoak eta kopepodoak) eta intsektuen larbak (Efemeropteroak eta dipteroak) jaten dituzte batik bat.[8]

Orokorrean, uhandre marmolaire helduak gauez elikatzen dira. Sasoi-lehortarrean zehar gastropodo txikiak, lepidoptero larbak (beldarrak), intsektu txikiak eta zizareak jaten ditu. Uretako sasoian batez ere krustazeo txikiak eta diptero, trikoptero eta efemeroptero larbak jaten ditu, baina aukera izatekotan beste anfibio batzuen larbak (bere espeziekoak barne) eta arrautzak ere jango ditu.[8] Noizean behin uhandre palmatu[9] eta Lissotriton boscai uhandre helduak ehizatzeko gai da, eta baita bere espezieko alde helduak ere.[8]

Uretan daudenean harrapakinak ura xurgatuz irensten dituzte, alegia ura xurgatzean presio txiki bat sortzen dute aho barrurako bidean eta bertan dagoen harrapakina irensten dute (arrainen antzera); lehorretan aldiz, harrapakina oso txikia bada mihi itsaskorrarekin harrapatzen dute eta handiagoa bada ahoa bera erabiltzen dute.[8]

Ugalketa eta ontogenia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uhandre marmolairearen ugalketa uretan ematen da eta emeak gorteiatze berezien bitartez erakartzen dituzte.[7] Ar batek beste uhandre batekin topo egiten duenean, ukimenaz ezagutzen du, eta emea dela jabetu ondoren, gorteiatzeari ekiten dio: kidearen aurrean jarrita, isatsa horren aldera okertu eta astintzen hasten da bortizki, emearenganazko ur-korrontea sortuz. Lan horretan ari delarik, isats-muturrean kokaturik dituen guruin hedonikoen bitartez feromonak —mezulari biokimikoak— bidaltzen dizkio emeari, bere asmoen berri emanez.[7] Emea ernalketarako prest baldin badago, baiezko erantzun gisara arrarengana hurbildu eta muturra haren barrabilen parean jartzen du.

Une horretan arra ur-hondoan oinez hasten da astiro, emea atzetik duelarik, eta bat-batean geldituz, espermatoforo bat uzten du ur-hondoan. Berehala oinez hasten da berriro ere, emea atzetik duela, eta honen kloaka espermatoforoaren gainean dagoenean geratu egiten dira biak, emeak makurtu, ezpain kloakalez espermio-zorroa jaso, eta bere baitan gordetzen duelarik.

Ernalketa burutu ondoren, emeak gainerako arrei buruz ez du ezer jakin nahi izaten. Une horretatik aurrera bere betebeharrak bestelakoak dira, hurrengo asteetan 300 arrautzatik gora (200 eta 400 bitartean)[6] errun beharko ditu eta (banaka-banaka eta ardura handiz). Arrautza hauek zuri-horixkak izan ohi dira, eta 3 mm inguruko diametroa izaten dute, kanpo-aldetik hainbat geruza gelatinakara gardenez babestuta daudelarik. Baina estalki hauek ez dira arrautzaren babes bakarrak. Aitzik, emeak errutean arrautza bakoitza landare urtarren hostoren batean itsasten du ardura handiz, hostoak arrautza erabat biltzen eta babesten duela. Horrela, arrautza makina bat etsairen ahaleginetatik libre izango da enbrioia garatu eta eklosioa gertatu artean.

Arrautza horietatik jaioko diren larbek 7 mm-ko tamaina baino ez dute izaten, baina jaio eta denbora gutxira gai izango dira aktiboki ehizatzeko. Izan ere, eta igel eta apoen apaburuak ez bezala, uhandreen larbak ehizarako moldatutako forma aktibo eta lurraldekoiak izaten baitira. Uda iristen denerako, larba hauek metamorfosia burutu eta uhandretxo bilakatuko dira, urmaelak utzita.

Uhandre marmolairea lehortarra den arren, ugalketa uretan burutzen du eta beraz, bi fase bereiz daitezke bere bizitzan, sasoi-lehortarra eta ugal-sasoi urtarra. Sasoi lehortarrean zehar, egunez harripe, goroldio-azpi eta gainerako babeslekuetan ezkutatzen dira gaua iritsi zain,[6] eta iluntasunarekin batera freskura eta hezetasuna nagusitzen direnean baino ez dira abiatzen ornogabeak ehizatuz beren premiak asetzera. Udazkena iristen denean ordea, urritik aurrera, eta gainerako anfibio gehientsuenek bezala, uhandre marmolaireek ere babes egokia bilatzen dute neguko letargia bertan egiteko, eta bertan mantenduko dira, hibernazioan, otsailaren azkenera arte.

Espezieen arteko elkarrekintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako iparraldean Triturus cristatusekin batera bizi da eta bien arteko hibridazioak ikusi izan dira, baina hauen ugalkortasuna murritza da. Hibridazio hauek ematen ez direnean, gainera, espezieen arteko lehiakortasuna handia da eta Frantziako iparraldeko zenbait eskualdeetan Triturus cristatusek Triturus marmoratus erabat baztertu egin du.

Uhandre marmolairea bera baino txikiagoak diren beste uhandre espezie batzuekin partekatu ditzake putzuak edo urmaelak, eta noizean behin hauek ehizatzeko gai da (arrautzak, larbak eta helduak zenbait kasutan). Triturus pygmaeus-ekin ere parteka ditzake bere banaketa eremuko hegoaldeko zenbait urmael, konpetentzia honetan handiagoa den uhandre marmolairea nagusi suertatzen da.[10]

Larbek harrapari ugari dituzte, hala nola intsektu urpekari harrapari handiak, arrainak eta suge urzaleak (Natrix sp.) Helduek ere harrapari nahikoak dituzte, ur fasean suge urzaleek (Natrix sp.), koartzek eta zikoinek harrapatu ohi dituzte. Lehorretan aldiz mustelidoen eta Vipera sp. sugeen menuan daude.[10]

Harraparien aurkako estrategiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uretan dagoenean uhandre honen defentsa mekanismo nagusia ihesaldia da. Bere buztan bertikalki zapal eta indartsuarekin azkar mugi daiteke uretan. Ihesaldia ezinezkoa denean gorputza arkeatu dezake buztanarekin mugimendu oldarkorrak eginez (uhandreetan ohikoa den estrategia) eta anfibio gehienek bezala, marmolaireak ere azaletik mukosa toxiko eta narritagarria jariatu dezake.

Parasitoen artean honako hauek aurki daitezke: Nematodoei dagokienez Megalobatrachonema campanae, Oxysomatium brevicaudatum eta Megalobatrachonema terdentatum. Azkenik akantozefaloei dagokienez Acanthocephalus anthuris espeziea.[10][11]

Espezie antzekoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere antzekotasuna dela eta, uhandre marmolairea Triturus pygmaeus-ekin nahastu daiteke. Lehen Triturus pygmaeus uhandre marmolairearen subespezietzat hartzen zen (T. marmoratus pygmaeus) baina gerora eginiko ikerketa berriek espezie propioaren estatusa aitortu zioten Triturus pygmaeus-i.[12]

Orokorrean Triturus pygmaeus uhandre marmolairea baino txikiagoa da (hortik bere izena) eta berde-beltza izan arren, beltzak marmolairean baino presentzia handiagoa du normalean.[6] Marmolairearen banaketa eremuak iparralderago dauden lurrak hartzen ditu (Frantzia eta iberiar penintsulako erdialdetik iparraldera) eta T. pygmaeus uhandrea iberiar penintsulako erdialdetik hego-mendebaldera banatzen da.

Kontserbazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohikoa izaten da banaketa-arearen hegoaldeko leku aproposetan; bakanagoa da, ordea, isurialde atlantiarrean. Populazioak ez dira ugariak izaten, aintzira eta urmael lagungarrietan salbu. Itxura guztien arabera uhandre marmolaire populazioen joeran egonkorra da, populazio askok ugaltzeko erabiltzen duten ur-masen jarraikortasunaren arazoa badute ere. Errute-eremuak eta hesiak galdu izanaren ondorioz populazioak gainbehera nabarmen izan du Frantzian. Gainera, Frantziako iparraldean Triturus cristatusek uhandre marmolaire populazioak desplazatu ditu eta bien arteko hibridazio kasu dezente ikusi dira, ondorengoek ugalkortasun arazoak dituztela.

Uhandre marmolairearen mehatxu handienak habitataren suntsipena zein degradazioa eta klima aldaketa dira. Anfibioek ura behar dute bere bizi-zikloa aurrera eramateko eta urmaelak mundu mailan habitat mehatxatuenak dira. Anfibioen kasuan gainera, mikro-urmaelak oso garrantzitsuak izan ei dira eta urmael txiki hauek urmael guztietan mehatxatuenak dira, batez ere klima aldaketak hauei gehiago eta azkarrago eragiten dielako.

Bestalde, urmael asko zatituak eta bata bestearengandik urrun daude, inolako lotura edo pasabide ekologikorik gabe, honek modu oso negatiboan eragiten die mugimendu motelak eta mugikortasun erlatiboki txikia duten anfibioei.

Mota guztietako urmaelen (handiak zein txikiak, baita uraskak ere) kontserbazioak, leheneratzeak eta elkarrekiko lotura bermatzeak asko lagunduko liokete animalia honi. Krisi klimatikoari aurre egitea ere lagungarria izango litzateke, aurretik aipatu bezala, ur putzuak, mikro-urmaelak eta urmael handiagoak ere oso kalteberak direlako klima aldaketaren aurrean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Jan Willem Arntzen, Robert Jehle, Jaime Bosch, Claude Miaud, Miguel Tejedo, Miguel Lizana, Iñigo Martínez-Solano, Alfredo Salvador, Mario García-París, Ernesto Recuero Gil, Paulo Sá-Sousa, Rafael Marquez (2008). Triturus marmoratus. IUCN Zerrenda Gorria
  2. Joxerra, Aihartza. (1993-06-01). «Uhandre marmolairea dragoi-itxurako anfibio ikusgarria» Zientzia.eus (kontsulta data: 2025-02-16).
  3. a b c d e f g «Tritón jaspeado - Triturus marmoratus - Descripción» www.vertebradosibericos.org (kontsulta data: 2024-09-20).
  4. «AmphibiaWeb - Triturus marmoratus» amphibiaweb.org (kontsulta data: 2025-02-16).
  5. ARANZADI. «EUSKAL HERRIKO ANFIBIOAK» ARANZADI (kontsulta data: 2025-02-16).
  6. a b c d (Gaztelaniaz) «Tritón jaspeado (Triturus marmoratus)» Fauna Ibérica (kontsulta data: 2025-02-16).
  7. a b c Fray Sulfato. (2018-06-19). La vida secreta de los Tritones. El tritón JASPEADO (Triturus marmoratus). (kontsulta data: 2025-02-16).
  8. a b c d «Tritón jaspeado - Triturus marmoratus» www.vertebradosibericos.org (kontsulta data: 2025-02-16).
  9. Crespo Díaz, Ariñe; Sanz Azkue, Iñaki. (2009). «Depredación de un adulto de tritón palmeado (Lissotriton helveticus) por tritón jaspeado (Triturus marmoratus)» Boletín de la Asociación Herpetológica Española 20 (1): 45–47. ISSN 1130-6939. (kontsulta data: 2025-02-16).
  10. a b c «Tritón jaspeado - Triturus marmoratus - Interacciones» www.vertebradosibericos.org (kontsulta data: 2025-02-17).
  11. Cordero del Campillo, Miguel; Castañón Ordóñez, Luciano; Reguera Feo, Antonio. (1994). Índice-catálogo de zooparásitos ibéricos. Universidad de León ISBN 978-84-7719-403-3. (kontsulta data: 2025-02-17).
  12. «Molecular Characterization of the Contact Zone between Triturus pygmaeus and T. marmoratus (Caudata: Salamandridae) in Central Spain and their Taxonomic Assessment | DIGITAL.CSIC» digital.csic.es (kontsulta data: 2025-02-16).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]