Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Errege Bardea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bardeetako natura parkea» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search

Errege Bardea

Bardenas Reales7.JPG

Navarra municipalities Bardenas.png
Errege Bardea hemen kokatua: Euskal Herria
Errege Bardea
Errege Bardea
Kokalekua Tuterako merindadea
 Nafarroa
Azalera 418,45 km²
Izendapena Biosfera erreserba
Sorrera 1999ko apirilaren 6
Webgunea www.bardenasreales.es

Errege Bardea[1][2][3] (gaztelaniaz: Bardenas Reales) edo Bardea[4][5] Nafarroako hego-ekialdeko eskualde natural zabala da, basamortu itxurakoa, 41.845 hektareako eremua hartzen duena. Landaredia urria denez, urak azkar eta sakon higatu ditu bertako buztinezko geruzak. Era horretan, sakan, trokarte, sorgin-tximinia eta muino lekuko ikusgarriak eratu dira.[6]

Bardean ez da gune populaturik, eta ez dago inolako udalerrira adskribatua.[6] Nafarroako Erriberako 19 herrik erabiltzen dute lurralde hori, Bardeako mugetan daudenak batzuk (Buñuel, Fustiñana, Cabanillas, Tutera, Arguedas, Valtierra, Cadreita, Alesbes, Caparroso, Melida, Santacara eta Zarrakaztelu) eta mugetatik urrun besteak (Corella, Cortes, Milagro, Martzilla, Funes, Azkoien eta Faltzes). Hauez gainera, Erronkari eta Zaraitzu ibarrek eta Olibako monasterioak ere dute Bardearako eskubidea. Horiek denek Errege Bardeako Komunitatea osatzen dute.

1999an, Nafarroako Gobernuak parke natural izendatu zuen, eta 2017an Natura 2000ko Kontserbazio Bereziko Eremu.[7]2000an, biosfera erreserba izendapena eman zion UNESCOk.[8] Hiru natura erreserba daude parkearen barnean: Caídas de la Negra, Rincón del Bú eta Vedado de Eguaras. Azken hau, geografikoki Bardean egon arren, administratiboki Arguedas udalerriaren barnean dago. 1951tik, Espainiako Aire Armadak 2.222 hektareako tiro eremua dauka Bardean. 2016an, tiro eremua kentzeko eskatu zuen Nafarroako Parlamentuak.[9]

Toponimia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eremu honetako muinoen (cabezos) edo bestelako izenak dira Alfarillo, Angarillones, Balcón de Pilatos, Bandera, Blanca, Cabezo del Águila, Cabezo Lobo, Cabezo Mocho, Caldero, Cornialto, Cortinas, El Abejar, La Estroza, Plano, Ralla, Rallón, Rincón del Bu, Tres Hermanos, Tres Montes, Trilluelos, Negra y sus Caídas eta Omias edo Umbrías.

Euskarazko izenak ditugu bestela Belcho, Cruceta, Landazuria eta Pisquerra, Zaraitzu eta Erronkariko ibarretik mendeetan zehar joandako artzainek utzitako aztarnak direlarik.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bardea Nafarroako hego-ekialdean dago, Tuterako merindadean; ekialdean Zaragozako probintzia dauka. 45 kilometro ditu iparraldetik hegoaldera, eta 24 kilometro mendebaldetik hegoaldera. 280 eta 659 metro bitarteko garaiera dauka, eta 41.845 kektareako eremua hartzen du. Hamasei udalerri ditu mugakide, hamahiru Nafarroakoak (Valtierra, Arguedas, Zarrakaztelu, Santakara, Mélida, Arrada, Caparroso, Alesbes, Cadreita, Tutera, Cabanillas, Fustiñana eta Buñuel) eta hiru Zaragozakoak (Tauste, Ejea de los Caballeros eta Sádaba). Vedado de Eguaras Arguedasko udal mugartearen barnean dago.

Paisaia unitateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru alde nagusi bereizten dira Bardean:[6]

  • Iparraldean El Plano dago, Aragoi ibaiaren alubioi-terraza eskegi edo glazisa; gaur egun ibaia bera baino 130 metro gorago dagoena. Meseta horizontalaren forma dauka eta ez du higadura nabaririk jasan.
  • Haren hegoaldean eta hainbat ezponda eta labarrek bereizirik, Bardea Zuria dago. sakan, trokarte, sorgin-tximinia eta muino lekuko ugariz jositako higadura-sakonune handia da, eta bere erliebe eta egitura bitxiak direla-eta Bardea guztiko lekurik ezagunena da. Udako lurrunketaren ondorioz azaleratzen den gatzaren koloretik datorkio izena.
  • Hegoaldean Bardea Beltza dago, goi-ordokiz eta muino lekukoz osaturik dagoena. Bardeako alderik altuena da (Loma Negra, 646 metro).

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bardeak estepako klima hotza du, BSk, Köppen sailkapenaren arabera.[10] Prezipitzazioak urriak dira (batezbeste 400-450 mm ur biltzen dira urtean) eta oso aldakortasun handia dago urte batetik bestera. Gainera oso egun gutxitan egiten du euria (urteko batezbestekoa 60 egunekoa da), egiten duenean jasa bortitzak bota ohi dituelarik. Haizeak, batez ere ziertzoak (ipar-ekialdeko haizeak), oso maiz jotzen du eta, honen eta udako tenperatura altuen eraginez, ebapotranspirazioa oso handia izaten da. Ondorioz, uda beroa ezezik lehorra izaten da, ur-defizit nabaria egoten delarik. Negua aldiz, lehorra baina nahikoa hotza izaten da, eta aski ohikoak dira izozteak.[6]


Datu klimatikoak (Bardeak, El Yugo; prezipitazioa: 1991-2017, tenperatura: 1993-2017)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 17.5 20.2 26.6 31.2 35.6 39.7 39.8 41.2 36.8 32.1 22.2 18.2 41.2
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 9.0 10.5 14.8 17.5 21.9 27.3 29.9 29.8 24.9 19.7 12.6 8.9 18.9
Batez besteko tenperatura (ºC) 5.4 6.1 9.3 11.6 15.5 20.0 22.0 22.1 18.4 14.4 8.8 5.5 13.3
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 2.4 2.5 4.9 6.6 10.1 13.7 15.4 15.9 13.3 10.4 5.7 2.7 8.6
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) -6.2 -6.8 -7.3 -2.6 1.5 5.9 8.4 9.0 5.1 1.7 -3.7 -8.3 -8.3
Pilatutako prezipitazioa (mm) 27.1 26.9 37.1 43.1 45.3 33.8 18.8 19.4 43.8 52.7 40.7 27.5 416.4
Eguzki orduak 139.5 170.8 226.3 249.0 282.1 318.0 350.3 313.1 252.0 192.2 147.0 130.2 2770.5
Hezetasuna (%) 80.5 74.6 67.6 65.5 63.0 57.2 55.4 56.0 62.1 71.7 79.1 81.7 67.9
Iturria: Nafarroako Gobernua[11]

Geomorfologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errege Bardea Ebroko beheraguneak osatzen duen unitate geologikoaren iparreko ertzean dago.[12] Beheragune hau Tertziarioko alpetar orogenian sortu zen, Pirinioek eta Iberiar sistemak gora egitearen ondorioz, Ebroko blokea hondoratu zenean.[6]

Eozenoaren amaieraz geroztik (duela 38 milioi urte) eta Kuaternarioaren hasiera bitartean aipatu mendikate hauetatik higatu eta bertara garraiatu ziren materialez (buztin, igeltsu, hareharri, kareharri eta konglomeratuez) osaturik dago Bardea. Material hauek, Ebroko arroa osatzen zuten ibai eta lakuetan jalki ziren eta geruza sedimentario erdi-horizontalak eratu zituzten. Dena den, zenbait kasutan, geruza hauek Ebro ibaiak eta honen adarrek Kuaternarioan zehar eratutako ibai-terraza eta glazisen (ibai-terraza eskegien) azpian gelditu dira.[6]

Bardeako geomorfologiaz hitz egitean, ezinbestekoa da prezipitazio-erregimenak izan duen garrantzia aipatzea; izan ere, euri gutxi egiten du, baina egiten duenean, sekulako jasak izaten dira. Erauntsi horietako urak material bigunak (lupetzak eta buztinak) higatzean, sakanak eta trokarte estuak sortu dira. Ertz malkartsuak izaten dituzte, eta etengabe aldatzen eta hazten ari dira. Sakan handienak (Barranco Grande, Barranco de Cortinas) Bardea Zurian daude.

Bestalde, gogortasun handiko materialez (hareharri edo kareharriz) osatutako geruzen babesa dela-eta, higatu gabe gelditu dira buztinezko goi-ordoki eta muino lekuko batzuk. Hauek normalean taula-forma dute eta sarritan oso malkartsuak dira. Handiei “plana” deitzen zaie (Plana de la Negra, Plana de Alfarillo) eta txikiei “cabezo” (Sanchicorrota, Piskerra, Castildetierra, Rallón).[6][1]

Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El Planon eta Bardea Beltzean, artadia izanen zen jatorrizko landaredia, baina nekazaritzarako egokiak ziren lurretan hazten zenez, gaur egun ia guztiz desagertu da, El Plano eta Plana de la Negran antzinako basoaren lekuko den arte (Quercus rotundifolia) bakanen bat gelditzen bada ere. Bardea Beltzako laiotzetan erkametz batzuk ere daude.[13] Dena den, faktore klimatiko edo edafikoen gogortasuna dela-eta, zenbait tokitan ezin da arterik hazi. Leku horietan pinudiak, abariztiak edo askoz ere baldintza gogorragoak jasan ditzaketen beste hainbat komunitate daude.[6]

Pinudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jasaten duten higadura handiaren eragina dela eta, artadiak irauteko gai ez diren leku malkartsuetan pinudia da komunitate nagusia. Gaur egun pinudia Bardea Beltzean eta Vedado de Eguarasen hazten da batez ere eta, artadiak ia guztiz desagertu direnez, Bardeako baso mota bakarra da. Bertako espezie nagusia Alepo pinua (Pinus halepensis) da. Pinu hau oso arrunta da eskualde mediterraniarreko leku idorretan eta, lurzoru gazietan ezik, edozein lurzoru motatan hazteko gai da. Oso ongi jasaten ditu Bardeako lehorte eta beroak, baina oso sentibera da izozteekiko eta, ondorioz, leku epel samarretan soilik hazten da.[6]

Nahikoa baldintza edafiko gogorretako lekutan hazten denez, baso honek ez du oso zuhaitz-geruza jarraia osatzen, eta soilgune ugari izaten ditu. Soilgune hauetan sastrakadi mediterraneoan oso arruntak diren hainbat zuhaixka eta muluz osatutako zuhaiska-geruza hazten da; bertako espezie nagusiak, abaritza (Quercus coccifera), ena arrunta (Rhamnus lycioides), hego-ipurua (Juniperus oxycedrus), feniziar sabina (Juniperus phoenicea), legeltxorra (Pistacia lentiscus) eta erromeroa (Rosmarinus officinalis) dira.[6]

Aipatu landare hauek, eskualde mediterraneoan hazten diren beste askok bezala, leku idorretan bizi ahal izateko oso aproposak diren zenbait moldaera izaten dituzte, hala nola ura galtzea ekiditen duten kutikula lodiko hostoak izatea (esklerofilia), oso hosto txikiak edukitzea edo hauek guztiz desagertu izana, hostoetan eta beste zenbait ataletan argia isladatzen duten ile ugari izatea, eta abar. Belar-geruza aldiz, gramineoz eta beste hainbat landare belarkaraz osaturik egoten da; arruntenak Brachypodium retusum eta Koeleria vallesiana gramineo bizikorrak dira.[6]

Abariztiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait kasutan ez da pinurik hazten edo hauek oso gutxi dira. Leku horietan abariztia da komunitate nagusia. Komunitate hau sastrakadi trinko eta altu samarra da, hosto gogorreko zuhaixkez osatua. Abaritza (Quercus coccifera) da espezie nagusia eta, harekin batera, legeltxorra (Pistacia lentiscus), feniziar sabina (Juniperus phoenicea), hego-ipurua (Juniperus oxycedrus), gartxu hostoestua (Phillyrea angustifolia), karraskila (Rhamnus alaternus), elorri-triska (Genista scorpius) eta beste hainbat zuhaixka eta mulu aurki ditzakegu.[6] Belar-geruza ez da oso garatua izaten eta albitza (Brachypodium retusum) da espezierik aipagarriena.[14]

El Planoko eta Bardea Beltzeko mazelen behealdean daude abarizti zabalenak, batzuetan pinudiekin mosaikoa eratuz. Aipagarriak dira Plana de Alfarillo-koak, eite handiko hego-ipuru eta feniziar sabina ugari dagoelako. Malda handiko zenbait eguteratan sastrakadia bakandu eta sabinak nagusitzen dira.[15][16]

Erromerodi eta ezkaidiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abariztia degradatu denean (suteen edo artzantzaren eraginez, adibidez), edo lurzorua oso harritsua denean, erromeroz (Rosmarinus officinalis) eta lihoz (Linum suffruticosum) osatutako beste sastrakadi bat hazten da. Hau abariztia baino baxuagoa eta irekiagoa da eta Bardea Zuriko eta Beltzeko hainbat lekutan agertzen da. Gaur egungo landare-komunitate arruntena da, eta Bardeako eremu osoaren %26,5 hartzen du.[13] Erromeroa urte osoan zehar loratzen bada ere, udaberriaren amaieran du optimo fenologikoa, komunitate honetako gainerako landareek bezala.[14]

Flora-aberastasun handiko komunitatea da; ugaritasuna eta esanahi biogeografikoa kontuan harturik, hauek dira espezierik aipagarrienak: ezkaia (Thymus vulgaris), elorri-triska (Genista scorpius), estrepa zuria (Cistus albidus), Helianthemum origanifolium subsp. rotundifolium, Fumana ericoides, Fumana thymifolia, Atractylis humilis, Stipa parviflora, Centaurea linifolia eta Polygala rupestris. Soilguneetan Brachypodium retusum-en albitz-belardia agertzen da.[6][14][17] Azkeneko habitat horretan intereseko flora espezieak daude, konparazio batera, Narcissus dubius, Narcissus triandrus subsp. pallidulus eta Sideritis spinulosa.[7]

Ardiek larratzen dutenean, erromerodia ireki egiten da; ezkaia, elorri-triska eta astaizpilikua (Lavandula latifolia) gailentzen dira leku horietan. Zenbait laiotzetan (Plana de la Negra, Pisquerra, Cornialto), berriz, ezpela nagusitzen da erromerodian, eta astaizpilikua, Aphyllanthes monspeliensis, Aster willkommi, Bromus erectus, Carlina vulgaris eta Salvia lavandulifolia ere agertzen dira.[17][16]

Sastrakadi halonitrofiloak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sastrakadi baxu eta irekiak dira, Bardeako eremuaren %10,3 hartzen dutenak.[13] Gorotzen metaketa edo/eta ebaporazio handiaren eraginez, nitrato-kontzentrazio handia duten lekuetan hazten dira, ardiak bazkatzeko erabiltzen diren lursailetan adibidez. Abelbide bazterrak, ezpondak eta bertan behera utzitako alorrak ere kolonizatzen dituzte. Artemisia belarzuria (Artemisia herba-alba) eta salsola (Salsola vermiculata) muluak dira espezie bereizgarriak.[6], Atriplex halimus eta Camphorosma monspeliaca-rekin batera. Euriteen ondoren urteroko landareak hazten dira hutsuneetan, esaterako, Filago pyramidata, Desmazeria rigida, Brachypodium distachyon, Centaurea melitensis eta Xeranthemum inapertum.[14][18][13]

Bardea Zurian, tiro eremuaren barnean zehazki, daude sastrakadi halonitrofilo zabalenak, espartzudiekin eta sastrakadi halofiloekin mosaikoa eginez.[16]

Sastrakadi halofiloak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euria egiten duenean urez betetzen diren sakonune eta zabaldietan agertzen dira era honetako sastrakadiak. Udako beroak eragindako ebaporazioaren ondorioz, gatza azaleratzen da, eta gatzezko zarakar zuriak eratzen dira. Hori dela eta, gazitasuna jasateko gai diren landare gutxi batzuek osatzen dute komunitate hau; Suaeda vera var. braun-blanquetii eta Salicornia ramosissima landare zukutsuak, Atriplex halimus eta Limonium generoko zenbait espezie dira aipagarrienak.[6] Soilguneetan, urteko landareak hazten dira, hala nola, Sphenopus divaricatus eta Bupleurum semicompositum.[19]

Habitat halofilo hauetako landaredia oso interesgarria da ikuspuntu geobotanikotik eta kontserbazioaren ikuspuntutik. Izan ere, eskualde natural honen berezitasuna, hein handi batean, hortik dator.[7] Denera, Bardeako eremu osoaren %2 hartzen dute,[13] gehiena Bardea Zurian.[19]

Espartzudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekaitzetan eroritako urak garraiatzen dituen material finak (buztina eta lupetza) Bardea Zuriko zelaietan jalkitzen dira. Leku horietan gramineo bizikor handiak hazten dira, errizoma sendoei esker aldian behingo buztin metatzea jasan dezaketenak. Larrebelardi horietako espezie nagusia espartzu fina (Lygeum spartum) da. Horrekin batera, Stipa generoko espezie batzuk, Brachypodium retusum, Elymus pungens, Dactylis glomerata subsp. hispanica, Koeleria vallesiana eta Atractylis humilis, ere agertzen dira.[16][20]

Lurzorua buztintsu-limotsua eta gazia delarik, espartzudi halofiloak hazten dira, eta landare halofilo batzuek (Suaeda vera var. braun-blanquetii, Spergularia maritima, Frankenia thymifolia eta Limonium generoko espezie batzuek) egiten diote lagun espartzuari. Habitat hauek landare endemikoak hartzen dituzte beren baitan, horietako batzuk katalogatuak: Limonium ruizii eta Senecio auricula.[21][7]

Sakanak eta hezeguneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leku hezeei dagokienez, ekaitzetako urak biltzen dituzten karkaba eta trokarteetan, espezie nagusia tamariza (Tamarix canariensis) da, eta zenbait kasutan lurzorua higaduratik babesten laguntzen duten basotxoak eratzen ditu. Sastraka eta belar halofilo batzuek lagundu ohi diote tamarizari: Atriplex halimus, Suaeda vera var. braun-blanquetii, Inula crithmoides eta Limonium generoko espezie batzuek.[14]


Urtegien eta ardiek edateko behar duten ura gordetzeko egin diren putzuen inguruetan berriz, ihiak (Juncus sp.), lezka arrunta (Phragmites australis) eta lezka hostoestua (Typha angustifolia) dira espezie aipagarrienak.

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anfibioak Bardean zehar sakabanatuta dauden putzu eta urtegietan soilik aurki ditzakegu. Ugariena ur-igel arrunta (Pelophylax perezi) da, eta honekin batera apo ezproiduna (Pelobates cultripes), apo pikarta (Pelodytes punctatus), apo arrunta (Bufo bufo), apo lasterkaria (Epidalea calamita) eta iberiar apo pintatua (Discoglossus galganoi) ere daude.[13] Kaudatuen artean berriz, uhandre marmolairea (Triturus marmoratus) dugu.[22] Narrastiei dagokienez, dentsitate handitan agertzen ez diren arren, hauen espezie-kopurua handi samarra da. Sugandiletan txaradi-sugandila (Psammodromus algirus) eta iberiar sugandila (Podarcis hispanica) ditugu, eta sugetan berriz, hegoaldeko suge leuna (Coronella girondica), Montpellierko sugea (Malpolon monspessulanus), eskailera-sugea (Elaphe scalaris), Lataste sugegorriaren (Vípera latastei) eta suge biperakara (Natrix maura); azken hau urtarra denez, putzu eta karkabetan bizi ohi da. Hauez gain, aipagarriak dira gardatxoa (Timon lepidus), eskinko hiruhatza (Chalcides striatus) eta eskinko bostatza (Chalcides bedriagai).[6][13] Idoi eta urtegi txikiak dira apoarmatu istilzalearen (Emys orbicularis) bizilekuak.[7]

Hegazti aipagarrienetako batzuk ingurune esteparioetara moldatuta dauden hainbat espezie ditugu. Ingurune honen berezitasun nagusia tamaina handiko landareen babesik eza denez, bertako espezieek egoera horri aurre egiteko baliagarri zaizkien hainbat moldaera garatu dituzte. Horregatik, harrapariek ikus ez ditzaten, zoruan kamuflatzeko balio duten lumaje arre kriptikoak izaten dituzte eta, gainera, korrika ihes egiten dute, hegan egitea beste aukerarik ez dagoenerako utziz. Arrunta da zenbait espeziek arrautza asko errutea, harrapariek eragindako galerak konpentsatzeko, eta askoren txitak nidifugoak izatea, hau da, jaio eta denbora gutxira habiatik ihes egin eta ezkutatzeko gai izatea. Mota honetako espezieen artean, ganga azpizuria (Pterocles alchata), ganga azpibeltza (Pterocles orientalis), atalarra (Burhinus oecdiemus), Nafarroan gelditzen diren basoilo handi (Otis tarda) bakarrenetakoak, honen ahaide den basoilo txikia (Otis tetrax), Portugalgo pirripioa (Chersophilus duponti), txoriandre pispoleta (Callandrella rufescens), ezkai-txinboa (Sylvia conspicillata) eta banaketa zabalagoa duten beste hainbat espezie ditugu; ingurune honetan habia egiten duen harrapari bakarra mirotz urdina (Circus pygargus) da.[6]

Dena dela, ez dira hauek Bardeako hegazti interesgarri bakarrak; beste habitatetan ere balio handiko espezieak aurki baititzakegu. Aipagarriak dira, adibidez, pinudiko zata lepagorria (Caprimulgus ruficollis) eta kuku mottoduna (Clamator glandarius), labarretan habia egiten duten haitz-usoa (Columba livia) eta buztanzuri beltza (Oenanthe leucura) edo hainbat harrapari, hala nola arrano txikia (Hieraëthus pennatus), arrano sugezalea (Circaëtus gallicus), arrano beltza (Aquila chrysaëtos), aztore arrunta (Accipiter gentilis), belatz handia (Falco peregrinus) eta zuhaitz-belatza (Falco subbuteo). Kontutan hartzekoak dira, halaber, sai zuria (Neophron percnopterus), eta sai arrea (Gyps fulvus) haratusteljaleen artean, eta hontz handia (Bubo bubo), hontz zuria (Tyto alba) eta mozolo arrunta (Athene noctua) gautar harraparien artean.[6]

Ugaztunen kasuan ere, beste animali talde guztiekin gertatzen den gauza bera gertatzen da. Hau da, nahikoa espezie-kopuru handia dagoen arren, espezie hauek ez dituzte oso populazio handiak osatzen. Talde honetako espezieen artean, hainbat mikrougaztun dugu; arruntenak landa-sagua (Mus spretus), soro-muxarra (Elyomis quercinus) eta satitsu arrunta (Crocidura russula) dira. Hauekin batera triku arrunta (Erinaceus europaeus), aski ugaria den mendi-untxia (Oryctolagus cunniculus), basurdea (Sus scrofa) eta hainbat karniboro dago. Hauetarik ugariena azeri arrunta (Vulpes vulpes) da, eta honekin batera basakatua (Felis sylvestris), erbinude arrunta (Mustela nivalis), ipurtatsa (Mustela putorius), lepazuria (Martes foina) eta azkonar arrunta (Meles meles) bakanen bat ere aurki dezakegu.[6]

Bardeako komunitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1705ean ,Filipe V.a Espainiakoak ahalbidetu zuen Comunidad de Congozantes delakoa sortzea, eremuaz baliatzeko herrien komunitatea alegia. 1820an lehenengo araubideak egin zituzten, eta azkenak 1961ekoak dira, gero horien aldaketak egon diren arren. Komunitatea 22 udalerri edo kontzeju hauek osatzen dute gaur egun: Tutera, Arguedas, Valtierra, Cadreita, Erronkariko ibarra, Zaraitzuko ibarra, Caparroso, Zarrakaztelu, Buñuel, Cabanillas, Melida, Alesbes, Olibako monasterioa, Corella, Milagro, Fustiñana, Santakara, Cortes, Martzilla, Peralta, Funes eta Faltzes.

Bardeako mendiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Loma Negra, 646 m[23][24] 42° 04′ 20″ N, 1° 21′ 52″ W / 42.0720935°N,1.3643928°W / 42.0720935; -1.3643928
  2. Peña la Aguda, 629 m 42° 03′ 23″ N, 1° 20′ 51″ W / 42.0563697°N,1.3474909°W / 42.0563697; -1.3474909
  3. Nasa Alta, 629 m 42° 08′ 18″ N, 1° 24′ 01″ W / 42.1384268°N,1.4003795°W / 42.1384268; -1.4003795
  4. Punta del Aguilar, 613 m 42° 01′ 43″ N, 1° 20′ 23″ W / 42.0286985°N,1.339716°W / 42.0286985; -1.339716
  5. Cabezo Aguilar, 613 m 42° 01′ 23″ N, 1° 20′ 45″ W / 42.0231109°N,1.3456954°W / 42.0231109; -1.3456954
  6. Nasa Baja, 602 m 42° 07′ 46″ N, 1° 24′ 01″ W / 42.1294116°N,1.4003766°W / 42.1294116; -1.4003766
  7. Castillo de la Estaca, 593 m 42° 07′ 27″ N, 1° 23′ 44″ W / 42.1242122°N,1.3956562°W / 42.1242122; -1.3956562
  8. San Antón, 565 m 42° 06′ 35″ N, 1° 22′ 33″ W / 42.1098402°N,1.3759409°W / 42.1098402; -1.3759409
  9. Cabezo del Fraile, 557 m 42° 00′ 13″ N, 1° 22′ 32″ W / 42.003689°N,1.3756494°W / 42.003689; -1.3756494
  10. Bandera, 512 m 42° 04′ 59″ N, 1° 28′ 33″ W / 42.0829315°N,1.4758378°W / 42.0829315; -1.4758378
  11. Tres Mugas, 511 m 42° 17′ 32″ N, 1° 23′ 53″ W / 42.2921193°N,1.3981935°W / 42.2921193; -1.3981935
  12. Cabezo Gancho, 509 m 42° 07′ 52″ N, 1° 25′ 30″ W / 42.1310053°N,1.4250791°W / 42.1310053; -1.4250791
  13. Cornialto, 509 m 42° 17′ 14″ N, 1° 27′ 07″ W / 42.2871301°N,1.4519542°W / 42.2871301; -1.4519542
  14. Puy Águila, 500 m 42° 16′ 11″ N, 1° 23′ 46″ W / 42.2695838°N,1.3960603°W / 42.2695838; -1.3960603
  15. Ralla, 498 m 42° 12′ 54″ N, 1° 25′ 28″ W / 42.214942°N,1.4244487°W / 42.214942; -1.4244487
  16. Yugo, 498 m 42° 11′ 22″ N, 1° 34′ 01″ W / 42.1894948°N,1.5668684°W / 42.1894948; -1.5668684
  17. Olivete, 494 m 42° 04′ 51″ N, 1° 30′ 03″ W / 42.0808656°N,1.5008643°W / 42.0808656; -1.5008643
  18. Rallón, 493 m 42° 12′ 35″ N, 1° 25′ 40″ W / 42.2097931°N,1.427908°W / 42.2097931; -1.427908
  19. Txirimendia, 493 m 42° 18′ 40″ N, 1° 25′ 41″ W / 42.3111745°N,1.4280321°W / 42.3111745; -1.4280321
  20. Plana Alta, 489 m 42° 09′ 03″ N, 1° 26′ 48″ W / 42.1507991°N,1.4467609°W / 42.1507991; -1.4467609
  21. Angarillones, 488 m 42° 13′ 28″ N, 1° 25′ 16″ W / 42.2243528°N,1.4211369°W / 42.2243528; -1.4211369
  22. Tresmontes, 487 m 42° 06′ 54″ N, 1° 29′ 12″ W / 42.1148944°N,1.4867205°W / 42.1148944; -1.4867205
  23. Cabezo de Atalaya, 481 m 42° 06′ 29″ N, 1° 29′ 04″ W / 42.1080184°N,1.4843442°W / 42.1080184; -1.4843442
  24. Alto de las Cañas, 478 m 42° 17′ 30″ N, 1° 24′ 37″ W / 42.2915752°N,1.4102158°W / 42.2915752; -1.4102158
  25. Cabezo de Portillovihuela, 477 m 42° 04′ 16″ N, 1° 26′ 39″ W / 42.0712127°N,1.4441703°W / 42.0712127; -1.4441703
  26. Balcón de Pilatos, 466 m 42° 08′ 32″ N, 1° 28′ 51″ W / 42.1422486°N,1.4807809°W / 42.1422486; -1.4807809
  27. Piskerra, 466 m 42° 13′ 22″ N, 1° 26′ 22″ W / 42.2227857°N,1.4395569°W / 42.2227857; -1.4395569
  28. Portal, 462 m 42° 07′ 39″ N, 1° 31′ 19″ W / 42.1275482°N,1.5219647°W / 42.1275482; -1.5219647
  29. Cruz del Pelotero, 461 m 42° 08′ 23″ N, 1° 28′ 20″ W / 42.1398294°N,1.472223°W / 42.1398294; -1.472223
  30. Cabezo de Sardazuria, 461 m 42° 16′ 50″ N, 1° 23′ 33″ W / 42.2804759°N,1.3924853°W / 42.2804759; -1.3924853
  31. Punta de la Estroza, 460 m 42° 15′ 19″ N, 1° 29′ 19″ W / 42.2553066°N,1.4886652°W / 42.2553066; -1.4886652
  32. La Gorra, 460 m 42° 14′ 35″ N, 1° 25′ 13″ W / 42.2429184°N,1.4201407°W / 42.2429184; -1.4201407
  33. Cabezo Chimorra, 459 m 42° 08′ 29″ N, 1° 29′ 24″ W / 42.1414441°N,1.4901059°W / 42.1414441; -1.4901059
  34. Cabezo Hermoso, 459 m 42° 08′ 15″ N, 1° 30′ 03″ W / 42.1374943°N,1.5007029°W / 42.1374943; -1.5007029
  35. Cabezochico Hermoso, 452 m 42° 07′ 47″ N, 1° 30′ 12″ W / 42.1297486°N,1.5034264°W / 42.1297486; -1.5034264
  36. Cabezogancho, 452 m 42° 06′ 13″ N, 1° 27′ 18″ W / 42.1037194°N,1.4550825°W / 42.1037194; -1.4550825
  37. Cabezo de Malafé, 451 m 42° 06′ 35″ N, 1° 29′ 50″ W / 42.1096904°N,1.497113°W / 42.1096904; -1.497113
  38. Cabezo Balsaforada, 444 m 42° 07′ 18″ N, 1° 31′ 38″ W / 42.1217002°N,1.5273267°W / 42.1217002; -1.5273267
  39. Cabezo de la Estefanía, 443 m 42° 12′ 50″ N, 1° 37′ 57″ W / 42.2137917°N,1.6323943°W / 42.2137917; -1.6323943
  40. Peña Rostro, 443 m 42° 16′ 47″ N, 1° 24′ 38″ W / 42.2797289°N,1.4106107°W / 42.2797289; -1.4106107
  41. Loma de la Madera, 434 m 42° 08′ 41″ N, 1° 25′ 16″ W / 42.1447212°N,1.4211207°W / 42.1447212; -1.4211207
  42. La Sarda del Trillo, 432 m 42° 12′ 46″ N, 1° 33′ 34″ W / 42.2127109°N,1.5595593°W / 42.2127109; -1.5595593
  43. Rada, 428 m 42° 20′ 25″ N, 1° 36′ 57″ W / 42.3401633°N,1.6158563°W / 42.3401633; -1.6158563
  44. Cabezo de las Pilas, 426 m 42° 06′ 01″ N, 1° 29′ 19″ W / 42.1002128°N,1.4886539°W / 42.1002128; -1.4886539
  45. Sanchicorrota, 425 m 42° 11′ 55″ N, 1° 25′ 16″ W / 42.1985511°N,1.4211739°W / 42.1985511; -1.4211739
  46. Cabezas Altas, 413 m 42° 12′ 55″ N, 1° 39′ 03″ W / 42.2153257°N,1.6508977°W / 42.2153257; -1.6508977
  47. Plana de la Carbonera, 409 m 42° 14′ 10″ N, 1° 36′ 45″ W / 42.2361659°N,1.6124113°W / 42.2361659; -1.6124113
  48. Cabezo de la Junta, 409 m 42° 14′ 42″ N, 1° 35′ 48″ W / 42.2449189°N,1.5968016°W / 42.2449189; -1.5968016
  49. Candévalos, 408 m 42° 13′ 44″ N, 1° 32′ 34″ W / 42.228854°N,1.5427846°W / 42.228854; -1.5427846
  50. Cabezo Calamocho, 396 m 42° 14′ 16″ N, 1° 36′ 23″ W / 42.2377684°N,1.6064255°W / 42.2377684; -1.6064255
  51. Peñaflor Sur, 394 m 42° 15′ 07″ N, 1° 31′ 09″ W / 42.2520483°N,1.519182°W / 42.2520483; -1.519182
  52. Peñaflor, 393 m 42° 15′ 13″ N, 1° 31′ 11″ W / 42.2535325°N,1.5197413°W / 42.2535325; -1.5197413
  53. La Quemada, 388 m 42° 15′ 09″ N, 1° 31′ 37″ W / 42.2525892°N,1.5269156°W / 42.2525892; -1.5269156
  54. Cuesta de Lucas, 371 m 42° 13′ 29″ N, 1° 31′ 23″ W / 42.2246379°N,1.5229733°W / 42.2246379; -1.5229733
  55. Cabezo de las Cortinillas, 370 m 42° 12′ 26″ N, 1° 29′ 56″ W / 42.2071048°N,1.4988275°W / 42.2071048; -1.4988275
  56. Mesalobar, 367 m 42° 10′ 31″ N, 1° 29′ 25″ W / 42.1752449°N,1.4901737°W / 42.1752449; -1.4901737
  57. Cabezo de las Cortinas, 364 m 42° 12′ 41″ N, 1° 30′ 23″ W / 42.2113009°N,1.5063602°W / 42.2113009; -1.5063602
  58. Belcho, 361 m 42° 10′ 20″ N, 1° 29′ 33″ W / 42.1722297°N,1.4923642°W / 42.1722297; -1.4923642

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Errege Bardea: Basamortu itxurako paisaia harrigarria espaciosnaturales.navarra.es https://espaciosnaturales.navarra.es/eu/bardenas-reales. Noiz kontsultatua: 2018-9-9 .
  2. Errege Bardea, turismo.navarra.es
  3. Errege Bardea, hiztegiak.elhuyar.eus
  4. Belasko, Mikel, Mardea, mikelbelasko.blogspot.com
  5. Bardea, Berria Estilo Liburua, berria.eus
  6. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s   Larrañaga, Jon Bardeak, basamortua baino zerbait gehiago Elhuyar aldizkaria, 1992/12/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus https://aldizkaria.elhuyar.eus/erreportajeak/bardeak-basamortua-baino-zerbait-gehiago/. Noiz kontsultatua: 2018-9-8 .
  7. a b c d e   120/2017 FORU DEKRETUA, abenduaren 27koa, “Errege Bardea” izeneko Batasunaren Garrantzizko Lekua Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu, Kontserbazio Bereziko Eremu horren, “El Plano-Blanca Alta” ES0000171 HBBaren, “Rincón del Bu–La Nasa-Tripazul” ES0000172 HBBaren eta “Santa Agatako pinudia” lekune naturalaren kudeaketa plana onetsi, eta “Vedado de Eguaras” (RN-31), “Rincón del Bu” (RN-36) eta “Caídas de la Negra” (RN-37) natura-erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea eguneratzen duena. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2018ko urtarrilaren 29a, navarra.es http://www.navarra.es/home_eu/Actualidad/BON/Boletines/2018/20/Anuncio-0/. Noiz kontsultatua: 2018-9-9 .
  8.   Parque Natural de Bardenas Reales. Reserva Mundial de la Biosfera navarra.es https://www.navarra.es/home_es/Actualidad/Sala+de+prensa/Profesionales/Documentos/Dossieres+de+prensa/Desarrollo+Rural+y+Medio+Ambiente/Bardenas+Reales.htm. Noiz kontsultatua: 2018-9-8 .
  9.   Bardeako tiro eremua kentzeko eskatu du Nafarroako Parlamentuak Berria egunkaria, 2016ko irailak 30, berria.eus https://www.berria.eus/paperekoa/5104557/008/003/2016-09-30/bardeako_tiro_eremua_kentzeko_eskatu_du_nafarroako_parlamentuak.htm. Noiz kontsultatua: 2018-9-8 .
  10.   Nafarroako klimatologia: hegoaldea meteoeu.navarra.es http://meteoeu.navarra.es/climatologia_eu/zona_sur_eu.cfm. Noiz kontsultatua: 2018-9-9 .
  11.   Estazioko fitxa klimatikoa: Bardenas (El Yugo) meteoeu.navarra.es http://meteoeu.navarra.es/climatologia_eu/fichasclimaticasaut_estacion_eu.cfm?IDEstacion=31. Noiz kontsultatua: 2018-09-09 .
  12.   10/1999 Foru Legea, apirilaren 6koa, Nafarroako Errege Bardea Natur Parke deklaratzen duena Testu bateratua. Jatorrizkoa 1999ko 43. NAOn argitaratua, apirilaren 9an. Aldaketak: 16/2000 Foru Legea, abenduaren 29koa, navarra.es http://www.navarra.es/home_eu/Navarra/Derecho+navarro/lexnavarra/IndicesPorDepartamentos/Desarrollo+rural+Medio+Ambiente+y+Administracion+Local/Medio+Ambiente/Flora+y+fauna/Flora/FL_1999_010.htm. Noiz kontsultatua: 2018-9-9 .
  13. a b c d e f g   Bardenas Reales: Medio físico y características biológicas bardenasreales.es https://www.bardenasreales.es/bardenareales_d.htm. Noiz kontsultatua: 2018-9-10 .
  14. a b c d e   Meaza Rodriguez, Guillermo Nafarroako Bardea ingeba.org http://www.ingeba.org/euskara/itinbard/itin2.htm. Noiz kontsultatua: 2018-9-10 .
  15.   Coscojares, sabinares y lentiscares riojanos y bardeneros Mapa de Vegetación Potencial de Navarra 1:25.000, cfnavarra.es http://www.cfnavarra.es/agricultura/informacion_agraria/mapacultivos/htm/ass_RhQc.htm. Noiz kontsultatua: 2018-9-10 .
  16. a b c d Elósegui, Jesús, Ursúa, Carmen, Las Bardenas Reales, Gobierno de Navarra
  17. a b   Romerales y tomillares bardeneros Mapa de Vegetación Potencial de Navarra 1:25.000, cfnavarra.es http://www.cfnavarra.es/agricultura/informacion_agraria/mapacultivos/htm/ass_Rols.htm. Noiz kontsultatua: 2018-9-10 .
  18.   Ontinares y sisallares Mapa de Vegetación Potencial de Navarra 1:25.000, cfnavarra.es http://www.cfnavarra.es/agricultura/informacion_agraria/mapacultivos/htm/ass_SArt.htm. Noiz kontsultatua: 2018-9-10 .
  19. a b   Matorrales de sosa Mapa de Vegetación Potencial de Navarra 1:25.000, cfnavarra.es http://www.cfnavarra.es/agricultura/informacion_agraria/mapacultivos/htm/ass_Subr.htm. Noiz kontsultatua: 2018-9-21 .
  20.   Espartales Mapa de Vegetación Potencial de Navarra 1:25.000, cfnavarra.es http://www.cfnavarra.es/agricultura/informacion_agraria/mapacultivos/htm/ass_LySt.htm. Noiz kontsultatua: 2018-9-10 .
  21.   Espartales halófilos Mapa de Vegetación Potencial de Navarra 1:25.000, cfnavarra.es http://www.cfnavarra.es/agricultura/informacion_agraria/mapacultivos/htm/ass_LvLy.htm. Noiz kontsultatua: 2018-9-10 .
  22.   Bases técnicas para el plan de gestión del lugar Bardenas Reales Gobierno Abierto de Navarra, gobiernoabierto.navarra.es https://gobiernoabierto.navarra.es/sites/default/files/documento_sintetico_bardenas.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-9-22 .
  23. Euskal Herriko Mendien Katalogoa 2007ko otsaila, 2009ko apirila, Euskal Mendizale Federazioa, Berrikusketen arduraduna: Patxi Galé. Katalogo horretako toponimoek Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordearen oniritzia dute.
  24. Mendikat, Euskal Herriko Katalogo osoa.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Errege Bardea Aldatu lotura Wikidatan


Koordenatuak: 42° 11′ 27″ N, 1° 28′ 12″ W / 42.19083°N,1.47000°W / 42.19083; -1.47000