Valerie Solanas

Wikipedia, Entziklopedia askea
Valerie Solanas
Valerie Solenas.jpg
Bizitza
Izen osoaValerie Jean Solanas
JaiotzaVentnor City (New Jersey)1936ko apirilaren 9a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaSan Frantzisko1988ko apirilaren 25a (52 urte)
Hobiratze lekuaFairfax konderria (Virginia)
Heriotza moduaberezko heriotza: pneumonia
Hezkuntza
HeziketaMinnesotako Unibertsitatea
Marylandeko Unibertsitatea
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, antzerkigilea, zinema aktorea, errealizadorea eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea
Lan nabarmenakSCUM manifestua
Performing Scum (en) Itzuli
[[SCUM manifesto [Images animées]|SCUM manifesto [Images animées]]] (en) Itzuli

IMDB: nm0812640 Discogs: 4161734 Find a Grave: 14927731 Edit the value on Wikidata
Solanas-signature.png

Valerie Jean Solanas (Ventnor City, New Jersey, 1936ko apirilaren 9a - San Frantzisko (Kalifornia), Kalifornia, 1988ko apirilaren 25a) idazle eta feminista erradikala izan zen. SCUM manifestua idatzi zuen, ingelesez Society for Cutting Up Men manifesto, zeina 1967an autoekoitzi zuen. 1968an, Andy Warhol artista hiltzen saiatu zen.[1][2]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaroa eta gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Solanas 1936an jaio zen Ventnor Cityn (New Jersey); Louis Solanas eta Dorothy Marie Biondo ziren haren gurasoak. Aita taberna bateko zerbitzaria zen, eta ama dentista-laguntzailea zen. Ahizpa gazteago bat zuen, Judith Arlene Solanas Martinez. Solanasen aita Montrealen jaio zen, Espainiatik migratutako familia batekoa, eta ama, berriz, Philadelphian jaio zen, eta Genova eta Siziliako familia zuen italiar-amerikarra zen. Aitak txikitatik bortxatu zuen eta 15 urte betetzerako kalean bizitzen ari zen. Izan ere, gurasoak dibortziatu ziren bera gaztea zela eta ama laster ezkondu zen berriz. Solanasek ez zuen atsegin haren aitaordea eta amarekin harremana zaila bihurtu zen. Institutuan zegoela, mutil bat jo zuen neska gazteago bati traba egiten ari zelako, eta moja bat ere jo zuen. Jarrera hori dela-eta, 1949an amak aitona-amonen etxera bidali zuen baina ihes egin zuen aitona alkoholikoak abusu fisikoak eragin ondoren Horrela, 15 urte zituela, aitona-amonen etxea utzi eta etxerik gabe gelditu zen. 1953an, seme bat izan zuen; marinel ezkondu bat zen haurraren aita. David izeneko umea , -adoptatua izan ondoren David Blackwell izena hartu zuena-, Solanasi kendu egin zioten, eta ez zuen sekula gehiago ikusi. Amaitu zuen institutua eta Marylandeko Unibertsitatera (College Park) Psikologia ikastera joan zen.[3]

Unibertsitate garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amaitu zuen institutua eta Marylandeko Unibertsitatean (College Park) Psikologiako gradua eskuratu zuen.[3] Bertan hasi zen idazten bere lanik ospetsuena, SCUM manifestua.[1] Marylandeko Unibertsitatean zegoela, irrati-programa bat izan zuen, zeinean gizonei aurre egiteko aholkuak ematen zizkien entzuleei. Lesbiana zen, 1950eko hamarkadako kultura eremua kontserbadorea bazen ere. Minnesotako Unibertsitateko Psikologiako Graduatuen Eskolan aritu zen, animalien ikerketa-laboratorioan lanean, harik eta Berkeleyra joan zen arte, ikastaro batzuk egitera.

New York eta The Factory[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Warholen The Factory zena tiroketa unean. (Decker Building, 33 Union Square West, NYC, 2008)

1960ko hamarkadaren erdialdean, Solanas New York hirira aldatu zen, eta, han, eskale eta prostituta aritu zen.[4] 1965. urtean bi lan idatzi zituen: ipuin labur autobiografiko bat, A Young Girl's Primer on How to Attain the Leisure Class, eta antzezlan bat, Up Your Ass, prostituta gazte bati buruzkoa. Ipuina Cavalier aldizkarian argitaratu zen 1966ko uztailean. Up Your Ass, aldiz, ez zen argitaratu 2014ra arte. 1967an, Solanas Andy Warholengana joan zen haren estudiora, The Factoryra, eta bere antzezlana produzitu zezala eskatu zion. Gidoia eman zion Warholi, eta hark adierazi zion "ondo mekanografiatuta" zegoela eta aztertuko zuela. Factoryko jakituriaren arabera, Warholi hain iruditu zitzaion pornografikoa gidoia, ezen poliziaren tranpa bat izan behar zuela pentsatu baitzuen; izan ere, Warholen filmak sarri geldiarazten zituen poliziak, likiskeriagatik. Solanas Warholekin harremanetan jarri zen gidoiari buruz galdetzeko, eta hark esan zion galdu egin zuela. Halaber, adarra jotzen, Factoryn lan bat eskaini zion, mekanografiatzaile gisa. Solanas irainduta sentitu zen, eta dirua eskatu zion galdutako eskuizkribua zela-eta. Eta Warholek I, a Man filmean antzeztu zezan kontratatu zuen Solanas, 25 dolarren truke.[1][5]

Solanas pozik gelditu zen I, a Man filmean egin zuen lanarekin eta Warholekin lan egitearekin, eta Maurice Girodias filma ikustera eraman zuen. Girodiasek adierazi zuenez, Solanas "Warholekin oso erlaxatuta eta lagunkoi" egoten zen. Halaber, Solanasek Warholen Bikeboy (1967) filmean ere izan zuen paper bat (mutua). 1967an, Solanasek SCUM manifestua autoeditatzeari ekin zion. [6] [7] Olympia Pressen buru Maurice Girodiasek Solanasi etorkizuneko idazkiak argitaratzea eskaini zion, eta Solanasek ulertu zuen kontratuak esan nahi zuela Girodias izango zela beraren lanen jabe. Lanak lapurtzeko Girodias eta Warhol bere aurka konspiratzen ari zirela ustez, pistola bat erosi zuen 1968, urtearen hasieran.

Tiroketa eta azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

(Andy Warhol,"Pistolak", 1981) Valerie Solanasek erabili zuen pistola
Valerie Jean Solanasen hilobia - Stierch

1968ko maiatzaren 31n, Solanas Paul Krassner idazlearengana joan, eta 50 dolar eskatu zizkion; hark maileguan eman zizkion. Krassnerrek gerora adierazi zuenez, baliteke utzi zion dirua Warholi tiro egiteko erabili zen pistola erosteko erabili izana; izan ere, soilik hiru egun geroago gertatu zen hori.[1] The Outlaw Bible of American Literature liburuko izenik gabeko iturri baten arabera, 1968ko ekainaren 3an, 09:00etan, Solanas Chelsea Hotelera joan zen; han bizi zen Girodias. Harreran hari buruz galdetu zuen, baina asteburu pasa joana zela esan zioten. Hiru orduz itxaron zuen han, eta, gero, Groove Pressera joan zen; han Barney Rossetengatik galdetu zuen, baina hura ere ez zegoen elkartzeko moduan.

Egun horretan, geroago, Solanas The Factoryra joan zen, eta kanpoan itxaron zuen. Morrisey hara iritsi zenean galdetu zion ea zer egiten zuen han, eta zera erantzun zion: "Andyren zain nago dirua jasotzeko". Morriseyk ahalegina egin zuen hura bidaltzeko, Warhol egun horretan ez zela etorriko esanez, baina itxaron egingo zuela esan zion. 14:00etan, estudiora igo zen. Morriseyk ostera ere esan zion Warhol ez zela etorriko eta handik alde egiteko. Joan egin zen, baina igogailuan gora eta behera ibili zen, harik eta, azkenean, Warhol igogailura sartu zen arte. Warholekin batera sartu zen The Factoryn, eta itxurari buruzko konplimenduren bat ere egin zion; izan ere, makillatuta zegoen, ohi ez bezala. Morriseyk joateko eskatu zion, edo berak kanporatuko zuen bestela. Baina telefonoak jo zuen, eta Warholek erantzun zuen; Morrisey, bitartean, komunera joan zen. Orduan, Warhol telefonoan zegoela, Solanasek tiro egin zion, hiru bider. Lehen bietan huts egin zuen, baina hirugarrenean asmatu zuen.[8] Gero, Mario Amaya kritikariari egin zion tiro, eta aldakan eman zion. Fred Hughes Warholen managerrari ere burura tiro egin zion, baina pistolak huts egin zion. Hughesek joateko eskatu zion, eta Solanasek alde egin zuen, mahai baten gainean paperezko poltsa bat utzita (bere agenda eta guzti). Warhol ospitalera eraman zuten, eta bost ordu iraun zuen ebakuntza bat egin zioten. Egun berean, geroago, Solanas poliziarenera joan zen. Pistola utzi, eta tirokatu izana aitortu zuen. Hilketa-saiakera, erasoa eta arma bat legez kanpo edukitzea leporatu zizkioten. Eskizofrenia paranoikoa diagnostikatu zioten, eta errudun jo zuten; ondorioz, hiru urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, eta ospitale psikiatriko batean tratamendua. Aske gelditu ondoren, SCUM manifestua sustatzen jarraitu zuen. 1976ko film laburrean Delphine Seyrig-ek,liburua eskuan duela, Solanas-ek SCUM Manifesto agirian idatzitako hitzak irakurtzen dizkio Carole Roussopoulosi, zinemagileak makinara pasatzen dituen bitartean. Bitartean, atzean, telebistan, eguneko albistegiko gerra-irudiak ikusten dira..[9] [10] [11] [12]1988. urtean hil zen San Frantziskon, pneumoniak jota.[13]

SCUM manifestua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «SCUM manifestua»
SCUM.png
SCUM ad

SCUM (Society for Cutting Up Men) Gizonak Sarraskitzeko Elkartea testu polemikoa da, funtsezkoa feminismo erradikalarentzat eta asmo literario eta satirikoarekin idatzia; hots, eztabaida pizteko helburua duena.[14]

Gizarte honetako bizitza, kasurik onenean, asperdura absolutua denez, eta emakumeentzat haren alderdi bat ere ez denez esanguratsua, gobernua boteretik kentzea, diru-sistema ezabatzea, erabateko automatizazioa ezartzea eta sexu maskulinoa suntsitzea baino ez zaie geratzen pentsaera zibikodunak, arduratsuak eta gogotsuak diren emakumeei,. (SCUM manifestuaren hasiera)

XX. mende amaierako AEB-ko oinarrien kontra jotzen du eta gizonek emakumeen aurka egiten dituzten abusuen salaketa da. Izan ere, tresna patriarkalak hartzen ditu patriarkatua bera eraisteko. Solanasek gizona gene osatugabea dela baieztatzen duenean, boteretik emakume gisa irakurritako gorputzak erbesteratzeko erabilitako oinarri biologizista eta esentzialista erabiltzen du, baina oraingoan gizonak deslegitimatzeko. Hitzez hitz, oinarri patriarkalei ematen die buelta. SCUM-ek errotik hausten du emakume biktimen estereotipoarekin eta emakumeak subjektu bortitz eta autonomo gisa aurkezten ditu. Horrela, SCUM boterea zein mehatxua da. Feminismoaren eta biktimismoaren arteko harreman tradizionala hautsita, garaiko feminismoaren laguntza- eta adiskidetze-joerarekin hautsi zuen. Manifestuaren aurkako kritikarik gehien biltzen dituen gaia gizonen sarraskia da. Solanasek proposatzen du SCUM komandoa sortzea, emakumez bakarrik osatua. Ondoren, beste komando bat egongo dela dio, Gizonezkoen Kidego Laguntzailea, bertan desmaskulinizatu diren gizon guztiak egongo direlarik. Gainera kritika egiten die buruan ar bat duten emakume guztiei ere bai. SCUM-ek gizonek sortu eta menderatutako sistema erabat suntsitu nahi du. Eta patriarkatuaren heriotza ez ezik, kapitalismoarena ere nahi du.[15][16][17][18]

Adierazpenaren lehen zatia psikologia maskulinoaren azterketa da, eta bigarrena, berriz, horri buruz zer egin behar den. Lelo literario soil bat da... Ez dago SCUM izeneko erakunderik. Ni neu ere ez naiz. Nolabait esateko, egoera mentala da. Bestela esanda, modu jakin batean pentsatzen duten emakumeak SCUM-en daude. Modu jakin batean pentsatzen duten gizonak SCUM-en gizonen talde laguntzailean daude. (Valerie Solanas) [19]

Solanas herri kulturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1990ean, Lou Reedek (Warholen laguna) berari buruzko abesti bat grabatu zuen: I believe, Songs for Drella diskorako.[20]
  • 1996an, I Shot Andy Warhol filma grabatu zen. Solanasen bizitzan oinarrituta dago, eta Lili Taylorrek haragiztatu zuen Solanas, eta Jared Harrisek, berriz, Andy Warhol.[21][22]
  • 2006. urtean, Matmos taldeak Tract for Valerie Solanas izeneko abestia sartu zuen The Rose Has Teeth in the Mouth of a Beast albumean. SCUM Manifestuko zatiak daude abestiaren letretan.
  • 2007an, Sara Stridsberg idazleak Eskandinaviar Kontseiluaren Literatura Saria jaso zuen Valerie Solanasi buruzko biografia erdi-fikziozkoarengatik (The Dream Faculty).
  • 2017an, Solanas American Horror Story: Cult seriearen zazpigarren kapituluan agertu zen. Lena Dunhamek jokatzen du Solanasen papera.[23]
  • 2017an, Txilen Mi corazón es un tiburón blanco antzezlana idatzi zuen Valentina Vallejosek. Lanean amesgaizto bat kontatzen da, zeinean Valerie Solanasek Andy Warholekin topo egiten duen tiro egin eta 15 urteren ondoren. Gero, lana Buenos Aireseko Ascasubi argitaletxe independenteak argitaratu zuen 2018ko martxoan.
  • 2019an, Los Chikos del Maíz taldeak «Valerie Solanas [Stop Making Stupid People Famous]» izeneko bideoklipa aurkeztu zuen.[24]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d (Ingelesez) Staff, Guardian. (2005-03-08). «Valerie Jean Solanas (1936-88)» the Guardian (Noiz kontsultatua: 2020-11-24).
  2. (Ingelesez) Tate. «‘Gun’, Andy Warhol, 1981» Tate (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  3. a b (Gaztelaniaz) «Valerie Solanas, la asesina de Andy Warhol que quería ‘exterminar’ a los hombres» La Vanguardia 2019-10-11 (Noiz kontsultatua: 2020-11-29).
  4. SCUM manifestua idatzi zuen emakumea. (Noiz kontsultatua: 2020-11-19).
  5. (Ingelesez) Solomon, Tessa; Solomon, Tessa. (2020-06-18). «Who Was Valerie Solanas, the Feminist Revolutionary Who Shot Andy Warhol?» ARTnews.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  6. (Frantsesez) «Il y a cinquante ans, le choc « SCUM Manifesto », un texte féminin radical» Le Monde.fr 2020-11-20 (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  7. (Ingelesez) Wertheim, Bonnie. (2020-06-26). «Overlooked No More: Valerie Solanas, Radical Feminist Who Shot Andy Warhol» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  8. (Ingelesez) «Warhol's Knives and Guns, 1981-1982» Phillips (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).[Betiko hautsitako esteka]
  9. (Gaztelaniaz) SCUM Manifesto 1967 (1976) Film Affinity. (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  10. Roussopoulos, Carole; Seyrig, Delphine. (2007-06-22). Scum Manifesto. (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  11. Roussopoulos, Carole; Seyrig, Delphine. (2007-06-22). Scum Manifesto. (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  12. «Manifestu filmiko feministak» www.tabakalera.eus 2018-01-05 (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  13. (Gaztelaniaz) Marrón, Núria. (2018-05-26). «Valerie Solanas: la mujer que disparó a Warhol (y escribió el manifiesto 'Scum')» elperiodico (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  14. Fernández, June. «Haserretzeko eskubidea» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  15. (Gaztelaniaz) «SCUM la palabra maldita. Revista AK-69 Nº 1 | CNT-AIT Granada» granada.cntait.org (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  16. Manifiesto Scum edición comentada. (1a. ed. argitaraldia) Herstory 2008 ISBN 978-84-612-3988-7. PMC 434011717. (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  17. (Ingelesez) Archibald, Sasha. «Inventory / How to Join the Men’s Auxillary | Sasha Archibald» cabinetmagazine.org (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  18. Fahs, Breanne. (2008). «The Radical Possibilities of Valerie Solanas» Feminist Studies 34 (3): 591–617. ISSN 0046-3663. (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  19. Smith, Howard. Interview with Valerie Solanas. 1977ko uztailaren 25a. Village Voice. 2020ko abenduaren 11an ikusia.
  20. (Gaztelaniaz) «Cuando Lou Reed le cantó a Valerie Solanas» Agente Provocador (Noiz kontsultatua: 2020-11-19).
  21. Harron, Mary. (1996-05-01). I Shot Andy Warhol. Playhouse International Pictures, The Samuel Goldwyn Company, BBC Arena (Noiz kontsultatua: 2020-11-19).
  22. (Gaztelaniaz) Sebastiane, Premios. (2013-01-20). «Artículos 2011» Premios Sebastiane (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  23. (Gaztelaniaz) «Valerie Solanas, la mujer que disparó a Andy Warhol» Vanity Fair 2017-08-30 (Noiz kontsultatua: 2020-11-24).
  24. (Gaztelaniaz) «Hablamos con Los Chikos del Maíz para saber por qué nos mencionan en su nuevo tema» www.vice.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-19).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]