Zamakolada
Zamakolada 1804ko uztailean Bizkaian, Bilbon eta Ibaizabal ibaiaren bokale aldeko herrietan bereziki, gertatu zen herri-altxamendua izan zen, foruen aldekoa eta soldadutzaren aurkakoa.
Bilboko hiriaren eta Bizkaiko gainerako hiri eta herrien arteko tirabira eta konponezinek sortarazi zuten matxinada hura; zehazki, Simon Bernardo Zamakola Dimako eskribauak 1801ean Bizkaiko Batzar Nagusietan Abandoko portuaren alde aurkeztu zuen proiektuak piztu zuen auzia, eta hartatik datorkio Zamakolada izena.
Espainiako Karlos IV.ak portu horren eraikuntza onar zezan, Simon Bernardo Zamakolak errege haren ministro guztiahaldun Godoyri losintxa egin nahirik, portu horrek "Bakearen portua" izena jaso behar zuen zuen, Basileako Bakeaz geroztik (1795), Godoy "príncipe de la Paz" baitzen.
Testuingurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konbentzio gerra bukatu zenean (1793-1795), argi geratu zen sistema militar zaharra ez zela Frantziako ejerzito modernoa garaitzeko gai. Frantziako armadek Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba okupatu zituzten, baita Kataluniako lurralde batzuk ere. Ziurrenik, bertako biztanleek Espainiako koroaren interesak defendatzeko gogo faltak ahalbidetu zuen okupazio egoera hori. Edozein kasutan, Basileako Bakea onartu behar izan zuen Espainiako koroak, tropa frantziarrak penintsulatik ateratzearen truke Hispaniola uharteko zati bat Frantziari emanik.
Gerraren ondorietako bat Bizkaiko instituzioek pilatu zuten zor handia izan zen, eta ez zen argi zor hori nork eta nola behar zuen ordaindu. Desadostasunak areagotu egin ziren, Bizkaiko hainbat gunetako ekonomia- eta lege-oinarri ezberdinak zirela eta. Izan ere, Bilbo inguruetan merkataritza jarduera ekonomiko garrantzitsua zen, beste tokietan ez bezala. Bestalde, Bilbok, hiribildua izanik, legearen ikuspuntutik ezberdintasunak zituen Bizkaiako foruak kudeatzen zituen beste herriekin parekatuta.
Zor horren banaketa Batzar Nagusietan erabaki behar zen, eta bozkaketan Bilbotarren proposamena alde batera utzi zen. Testuinguru horretan, eta bilbotarrek Batzar Nagusietan zuten indar urriaz baliatuz, Zamakolak Bilboko portuari lehia egin behar zion portu bat eraiki zedin proposatu zuen: Bilboko itsasadarrean egitekoa zen, Abandoko lurretan. Bilbo hiritik kanpo egonik, kudeaketa Bizkaiari zegokiokeen, Bilbori baino.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Portuaren proiektuak ezadostasuna ekarri zuen: Bilboko hiriak ez zuen begi onez ikusten lehia egin ziezaiokeen portu bat aldamenean izatea eta Bizkaiko Aldundiak aukera egokia zuen Bilboko hiriaz beste portu bat edukitzeko. Espainiako koroak –krisi sakonean zen– Bizkaia ahuldu eta bere interesak indartzeko aukera ikusi zuen[1].
Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean aurkeztu zuen proiektua Zamakolak: Batzarren kontrolpean egotekoa zen. Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu eta gero, Bizkaiko Jaurreriarri (Zamakolari) portua egiteko baimena eman zion Madrilek Errege Dekretu baten bidez, 1801eko abenduaren 31n. Bilboko hiriak ez zuen hala ere etsi eta gisa guztietako losintxak eta mesedeak egin zizkion Godoyri: ezagunena Goyari Godoyren koadro bat egitea izan zen.[2] 1803an Bilboko ohorezko alkate ere izendatu zuten.[3] Baina saiakera horiek porrot egin zuten eta Godoyk Zamakolaren proiektua berretsi zuen, baina baldintza batekin: bizkaitarrek soldadutza egin behar izatea.
1801-1804 bitartean bilbotarrek afera ilunetan nahasi nahi izan zuten Zamakola; 1804an Bilboko Kontsuletxeak portu berriaren gaineko jurisdikzioa eskatu zuen baina, urte bereko ekainean, Madrilgo Errege Agindu batek berretsi zuen, Zamakolak eginiko kudeaketen ondoren, portu berriaren izaera autonomoa. Madrildik itzuli ondoren, Zamakolak derrigorrezko soldadutzari oztoporik ez jartzeko eskatu zien, ordainez, batzarkideei. Soldadutza egitea foruen kontrakoa zen, baina, hasiera batean batzarkideak guztiz ados egon ez arren, azkenik onartu egin zen: Zamakola bere kudeaketagatik txalotu eta Bizkaiko Jaurerriko erregidore izendatu zuten[1].
Batzarraren ondorengo egunetan, derrigorrezko soldadutzaren berria zabalduz joan zen. Herri xeheak ez zuen bidegabekeria hura onartu, eta Zamakolaren aldeko junteroak laster konturatu ziren Madrilek portuaren alde emanikoak ezer ez zirela foru-hauste handi haren ondoan. Herritarrak, beraz, ez zeuden ados, batez ere bizkaitar gazteak. Eskakizunak sortutako haserrea jaurerri osora zabaltzen joan zen. Proiektuaren kontrako batzarkideek Zamakolaren kontra egiteko aukera ikusi zuten eta gainerako bizkaitarrak erregidore berriaren kontra bultzatu zituzten. Bizkaiko burgesia zen, batez ere, Zamakolaren aurkako taldea, eta proiektua burutzeagatik foruak sakrifikatzea eta herria saltzea egotzi zioten.
Matxinadaren hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1804ko abuztuaren 16an hasi zen matxinada Begoñako herrian; Jose Nicolas Batiz bertako fiela eta Zamakolaren lagun handiaren etxera sartu eta hurrengo egunerako udal-asanblada deitzeko eskatu zioten Batzar Nagusietan plan militarraren berri eman zedin. Batizek amore eman behar izan zuen, eta hurrengo egunean asanblada antolatu zen. Hurrengo goizean, ostiralez, plan militarraren kopia bat eskatu zioten Begoñako udal-asanbladan zehar, baina Batizek eskariari uko egin zion. Gauzak horrela, preso hartu zuten, udaletxeko beste ordezkariekin batera[1].
Arratsaldean, asanbladako ordezkariak Bilbora jaitsi eta Bilboko korrejidoreari planaren kopiak eskatu zizkioten. Hark haren kopia bat eman eta ordezkariak bakean joan ziren, baina plana irakurri eta eztabaidatu ondoren, talde jendetsuago bat itzuli eta agintariei plan militarra baliogabetzeko eskatu zieten. Horrez gain, Bizkaiko armategitik Begoñako udalari zegozkion fusilak hartzeko baimena eskatu zuten. Diputazioak eskaerei men egin zien: hurrengo Batzarrak egin arte plan militarra ez zela onartuko hitz eman zuten publikoki, eta fusilak Begoñatarren esku utzi zituzten. Zamakolak Dimara egin zuen ihes.
Istiluen hedapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hala, Bizkaiko Gobernuak biderik gabe utzi zuen Batzar Nagusiek soldadutzari buruz hartutako erabakia hurrengo Batzar Nagusiak bildu arte, baina Begoñakoek, pozik egon arren, ez zuten Batiz askatu. Biharamunean, abuztuaren 18an, Abandoko jendea begoñatarrei batu zitzaien eta haiek ere armak eskuratu. 200 bat lagun baino gehiago Bilbora joan, bulegoak miatu eta Diputazioko zenbait kide atxilotu zituzten, bertako askoren laguntzaz. Korrejidorea, Jose Agustin Ibañez de la Renteria eta Pedro Jimenez Breton diputatu nagusiak eta Benito de Arechabala eta Diego Antonio de Basaguren jaurerriko idazkariak Abandoko udaletxean giltzaperatu zituzten, aurreko biurteko diputatu nagusi ohi Pedro Francisco de Abendañorekin batera[1]. Begoñatarrek Batzar Nagusi berriak bil zitezela eskatu zuten. Jendeak korrejidorearen eta ahaldun nagusien buruak eskatu zituen,eta "lapur" eta "aberriaren traidore" deitu.
Gero eta herri gehiagotara zabaldu zen matxinada: Sestao, Portugalete, Barakaldo, Deustura... Kontuan izan behar da XVIII. mendearen bukaerara Bilboko jaun eta aberatsek ia monopolio erregimena zutela bizkaitar hiriburuko portuan. Abandon portu berri bat irekitzeak gainbehera ekarriko zion. Hori zela eta, matxinatuak Bilbon sartzean askok lagundu zieten.
Egoera baretu zen arren, kalean tentsioa zen nagusi. Begoña, Deustu, Abando, Bilbo eta Barakaldon patruila armatuak zebiltzan, agiri ofizialen bila. Inguruko herrietan ere iskanbilak zeuden. Giro hartan abuztuaren 22rako Ezohiko Batzar Nagusiak deitu zituen Luis Marcelino Pereira korrejidoreak.
Diman ezkutatua zela, Zamakolak Arratiako merindadeko batzarrak deitu zituen, eta batzarrean ibarra babesteko bizilagunek armak hartzea erabaki zuten. Diputazioak, ordea, zibilen arteko borroka armatuaren beldur, armak ez hartzeko eskatu zien Arratiako bizilagunei.
Ezohiko Batzar Nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hilaren 22ko goizean egin ziren Ezohiko Batzar Nagusiak, eta aspaldiko jendetsuenak izan ziren. Batzarrean, aurreko bilkuran onarturiko plan militarraren kopia irakurri zenean, entzuleen marmarrak haizatu ziren. Batzarrean soldaduska sistema bertan behera utzi eta erregeari beste bat proposatzea adostu zen. Azkenik, milioi bat errealeko dohaintzaren eskaria egiten zitzaion koroari.
Hilabete lehenago txaloka hartu zuen batzarra kontra zuen orain Zamakolak. Abuztuaren 30ean amaitu zen batzarra, eta Diputazioko kideek dimisioa aurkeztu zuten. Kide berriak hautatu eta plan militarra baliogabeturik, batzarkideak beren herrietara itzuli ziren. Egoera barea zen, plan militarra alde batera utzia eta haren bultzatzaile gehienak dimisioa eman edo ihes eginik baitzeuden. Zamakolak eta beste zenbaitek Nafarroara egin zuten ihes, erregeordearen babesera.
Koroaren erantzuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiako Gorteetan larri zebiltzan Bizkaiko berriak entzunda. Frantziako altxamentuaren ondorioak ez ziren denboran urrun, eta Bizkaiako altxamendua hego Euskal Herriko beste lurraldeetara hedatuko zenlako beldur ziren. Estatuak gatazka berehala geldiaraztea erabaki zuen, eta gerra egoera deklaratu zuen Bizkaian (egoera horrek 1807 arte iraun zuen, Napoleonen inbasioa arte).
Bizkaitarrek 1804ko irailaren 1ean jakin zuten Espainiako gudarostea abiatu zela Bilbo aldera Donostiatik eta Iruñetik, eta Bilboko Udalak Godoyri tropa haiek erretira zitzan eskatu zion arren, espaniar ministroak aurretik epailea eta ondotik gudarostea bidali zituen. Bizkaiko erakundeek batzarrean hartutako erabakien ondoren egoera lasaia zela eta matxinadak bukatuak zirela berriz adierazi zuen, baina Godoyk muzin egin zion elkarrizketari. Irailaren 21ean sartu zen espainiar gudarostea Bilbon eta ondoko egunean ekin zion zapalkuntzari: Mazarredo jenerala eta Mariano Luis Urkixo ministro ohia erbesteratu zituzten eta isunak, atxilotzeak eta kargu-uzteak izan ziren kargudunen artean. Herritar xeheei kartzela zigor handiak ezarri zitzaizkien.
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Epaia 1805eko maiatzaren 23an izan zen, Bizkaiko 384 lagun kondenatu zituzten (367 gizon eta 17 emakume)[1]. Isun ekonomikoak, herbesteak, kartzela zigorrak eta, ironikoki, Espainiar armadan sartzea izan ziren emandako kondenak. Matxinadan zehar hildakorik gertatu ez zenez, ez zen heriotza zigorrik ezarri, baina istilu gehien izan ziren herrietan destakamentuak utzi ziren eta udaletxeak gastu militar horiek ordaintzera behartu. Isun horiek guztiak bilduz, Espainiako koroak 12 milioi erreal bildu zituela kalkulatu da[1].
Bitxikeria gisan, Bilbok artean zuen "Txit Noble eta Txit Leial" titulua galdu zuen, Zamakoladaren ondorioz.
1807an indultua eman zien Madrilgo gobernuak Zamakoladaren ondoren kondenatutakoei.
Zamakolaren proposamena ez zen egin eta ez zen derrigorrezko soldadutzarik ezarri, baina Espainiako koroak epaiak eta okupazio militarra baliatu zituen Bizkaiako administrazioan esku sartzeko. Korrejidore postua desagertarazi zuen (foru-antolaketan ezinbesteko kargua zena), eta horren ordez Madrilen menpeko kargu politiko-militarrak ezarri zituen. Egoera horrek Frantziak Espainia inbaditu arte iraun zuen.
Fizkioan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2008an Arantzazu Amezaga Iribarrenek zati batean Zamakoladan girotutako Niebla de batallas eleberri historikoa argitaratu zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c d e f de Guezala, Luis. «Zamakolada» Auñamendi Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-11-16).
- ↑ El Bilbao de Bolívar, Vicente de Amezaga Aresti. Obras completas
- ↑ https://web.archive.org/web/20140203220623/http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/arte/18/18005020.pdf
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Guezala, Luis de (2014): "Parlamentos y rebeliones. Las Juntas Generales de Bizkaia durante la Matxinada de 1718 y la Zamakolada de 1804" in Agirreazkuenaga Zigorraga, Joseba (ed. lit.), Alonso Olea, Eduardo José (ed. lit.): Estatu-Nazioen Baitako Nazioak: Naziogintza Kulturala Eta Politikoa, Gaur Egungo Europan, 91-99. ISBN 978-84-15706-20-5.
- Reguera, Iñaki (2009): "Nuevos datos sobre la Zamacolada: un análisis de los perseguidos por los insurgentes de la asonada de 1804", Bidebarrieta, 20, 57-69.
- Villabaso, Camilo de (1887): La cuestión del Puerto de la Paz y la Zamacolada: exposición histórica acompañada de la memoria justificativa de uno de los actores de aquellos sucesos, de documentos inéditos y del plano de este importante proyecto, Bilbo, Imp. de Juan E. Delmas.
- Ybarra y Bergé, Javier (1941): Datos relativos a Simón Bernardo de Zamácola y la zamacolada, Bilbo, Junta de Cultura, Diputación Provincial de Vizcaya.