Antzinako Greziako artea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Diadumeno, Polikletorena (K. a. V. mendearen hirugarren laurdena).

Antzinako Greziako artea antzinako greziar artistek elaboratutako estiloa da, "edertasun ideala"ren bilaketagatik bereizten dena, platondar ereduko "mundu ideala" irudikatuz, edo "naturaren imitazioa"ren bidez aristotelestar mimesiaren zentzuan.

Antzinako greziarrek garatutako kulturak egungo mendebaldeko kulturaren funtsak ezartzen ditu. Handik sortu ziren ondorengo jakintza, filosofia eta artearen kontzeptu eta printzipioak.

Aroak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Greziako artea, estilo aldetik lau arotan banatzen da:

Aro geometrikoa K. a. 1000 inguruan datatzen da, aurreko 200 urteetan zehar greziar arteari buruz gutxi ezagutzen den arren (tradizionalki Greziako Aro Iluna bezala ezagutzen dena); K. a. VII. mendea estilo arkaikoaren garapen motelaren lekuko izan zen "irudi beltz"eko margolaritza estiloan ikusitakoaren arabera. Mediar Gerren hasierak aro arkaikoaren amaiera eta aro klasikoaren hasiera adieraziko du; Alexandro Handiaren erregealdia (K. a. 336-K. a. 323) arte klasikoa eta helenistikoaren arteko banaketa bezala hartzen da.

Benetan, baina, ez zen bat bateko trantsiziorik egon aro bat eta hurrengoaren artean. Arte forma ezberdinek erritmo ezberdinean eboluzionatu zuten greziar munduko toki ezberdinetan, eta edozein garaitan bezala, artistaren batzuk estilo berritzaileagoak elaboratu zituzten. Tokiko tradizio indartsuek, izaera kontserbadoreak eta gurtza erlijiosoen eskakizunak, historialariei arte lanen jatorria topatzea ahalbidetzen diete, baita desplazatutakoena ere.

Hondakinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Efesoko Artemisaren Tenpluaren hondakinak.
Olinpiako Zeusen Estatuaren grabatua.

Antzinako greziar artea eskultura eta arkitektura eran mantendu da, baita arte txikiagoetan ere, txanpon diseinua, buztingintzako grabatua eta harribitxiak kasu.

Margolaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: Antzinako Greziako margolaritza

Greziarrek, europar kultura gehienek bezala, margolaritza arte mota gailenetakotzat hartu zuten. Polignoto Tasosekoa margolaria, K. a. V. mendean jaio zena, zenbait greziarrek gaur egun Leonardo da Vinci edo Michelangelo gogoratzen diren bezala gogoratzen zuten. Bere lanak bera hil eta 600 urtera ere miretsiak izan ziren, alabaina, lan edo kopia bakar bat bera ere ez da mantendu.

Greziar margolariek nagusiki zurezko panelekin lan egin zuten, berehalako batean hondatzen zirenak (K. a. IV. mendearen ondoren) ondo babesten ez baziren. Gaur egun ia ez da antzinako greziar margolaritzako lanik geratzen, terrakotan eginiko margo hondar batzuk eta hilobietako hormetako margo batzuenak izan ezik, batez ere Mazedonia eta Italian. Greziar margolaritzako maisu lanetatik erromatar garaian egindako kopia batzuk baino ez ditugu, horietatik gehienak askoz kalitate gutxiagokoak direlarik. Zeramikan eginiko margoak, hauetatik lan asko mantendu direlarik, batez ere aro arkaikokoak, nolabaiteko estetika zentzua ematen diote greziar margolaritzari.

Eskultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: Antzinako Greziako eskultura

Mantendu diren eskultura eta arkitektura lan guztiak, greziar lanen bilduma itzelaren adibide txiki bat baino ez dira. Jainko jentilen eskultura ugari kristau aroan suntsituak izan ziren. Zoritxarrez, haitzurdina errausten denean karea sortzen da, eta hori zen haitzurdinezko greziar lan askoren patua Erdi Aroan. Aro horretan bertan, metal eskasiaren ondorioz, brontzezko estatua gehienak urtuak izan ziren. Gaur egun ditugun lanetako asko erromatarrek eginiko kopiak dira.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: Greziar arkitektura

Greziar eraikin gehienak ez dira egundaino mantendu, zenbait arrazoiren ondorioz: gerretan suntsituak izan ziren, eraikuntza materialak lortzeko arpilatuak edo lurrikaretan suntsituak. Tenplu gutxi batzuk baino ez dira mantendu, Atenasen dauden Partenoia eta Hefestiona kasu. Greziarrek sortutako antzinako lau mirarietako bakar bat bera ere ez da mantendu egundaino.

Beste arte batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziar artearen aro arkaikotik hasita, margotutako zeramikak eta eskultura izan dira mantendu diren arte mota ia bakarrak. Garai hartan margolaritza bere hastapenean zegoen, eta lan bakar bat ere ez da mantendu. Txanponak K. a. VII. mendean asmatu ziren arren, ez ziren arruntak izan Grezia gehienean K. a. V. mendea arte.

Zeramika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: Greziar zeramika

Aro honetatik eguneroko erabilerarako zeramiken elaborazioa edo hileta erabilerarakoak nabarmentzen dira, non ondo hornitutako pitxer handiak erabili ziren. Pitxer hauek irudikapen linealekin eta heriotzarekin lotutako irudiekin apainduak zeuden, lur edo itsas guduak kasu. Buztingintza gehiena etxeko lanez osatua dago, hauetatik anfora, kratera edo hidria bezalako edukiontziak mantendu direlarik. Bestaldetik, hileta zeramikari buruz, zenbait hil kutxa aurkitu dira. Buztin egosizko iruditxoak ere egin ziren, nagusiki tenpluetan ofrenda bezala uzteko. Aro helenistikoan, buztingintza objektu barietate handi bat egin zen, balio artistikoa gutxi batzuk baino ez duten arren.

Arorik antzinakoenetan, greziar hiririk txikienek ere ekoizten zituzten buztingintzako objektuak tokiko merkaturako, euren estilo eta ereduak oso bariatuak zirelarik. K. a. 550 eta K. a. 480 bitartean, zeramikazko arteak eraberritze handia jasan zuen; gainera, egileek euren izenak gehitu zituzten, lan haiek apaintzen zituen margolari edo buztingilearena (bi lan hauek egiten zituzten artistak ere bazeuden). Zeramika atikarra eta korintoarra beste guztien gainetik nabarmendu ziren. Atenasek estilo ederraren lehen irudikapenak egin zituen: hondo beltzean margotutako irudi gorriak zituzten edukiontziak.

Antzinako greziar zeramikaren historia honako aro hauetan banatua dago:

Aroa Ze urtetik aurrera
Protogeometrikoa K. a. 1050
Geometrikoa K. a. 900
Estilo orientalizantea K. a. VIII. mendearen amaiera
Irudi beltzak K. a. VII. mendea
Irudi gorriak K. a. 530 inguru

Buztingintzan erabil zitekeen kolore gama egoste teknikek mugatu zuten: beltza, zuria, gorria eta horia ziren kolorerik arruntenak. Lehen hiru aroetan, zeramikek euren kolore naturala mantentzen zuten beltz koloreko irudiren batzuekin.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziarren lorpen artistikoen artean errazen ezagutzen den ezaugarrietako bat bere arkitektura bikaina da, K. a. 600 eta K. a. 300 bitartean garatu ziren hiru arkitektura estiloetan zizelkaturiko hiruki formako frontoiengatik eta harrizko zutabe dotoreengatik bereizten dena.

Estilo hauek, eurentzat hain garrantzitsuak ziren jainkoentzat tenplu gehiago eraikitzeko sortu ziren. Haitzurdinez eginak, eurek hasieran zurez eginiko eraikinen zur mozketa teknikak imitatu zituzten.

Doriar ordena antzinakoena eta sinpleena da, zutabe irmoak eta, aldi berean, zirrara eragiteko gorriz edo urdinez margo zitezkeen eskulturaz estalitako fronteekin. Beste estilo batzuekin alderatuta, ez du oinarririk. Egundaino mantendu den tenplu doriar baten eredua Partenona da, K. a. 438an egina eta Atenasko Akropolian dagoena.

Joniar ordena garai bertsuan agertu zen Asia Txikiko hiririk aberatsenetan. Arinagoa izatearen irudia ematen du, eta apaingarriagoa da, zutabe lirainekin, kapitelaren izkina bakoitzean boluta kiribilduak nabarmentzen direlarik. Estiloa bere garai gailenera Efesoko Artemisaren Tenpluarekin iritsi zen, Munduko Zazpi Mirarietako bat zena eta gaur egun desagertua dagoena. Joniar arkitektura Atenasko Akropoliko Atenea Nikeren tenpluan nabari daiteke.

K. a. 400 inguruan joniar arkitekturaren bertsio berri eta elaboratuago bat agertu zen: korintiarra. Zutabeen kapiteletan zizelkaturiko akantozko hosto nahaspilatsuengatik bereizten zen, Ekialde Ertainaren eragina isla dezakeena. Korintoar ordenaren prestutasunak Erromatar Inperioko arkitekturaren arkitektura estilo kuttun bihurtu zuen. Tenpluak, dituzten zutabe kopuruarengatik sailka daitezke:

  • In antis, euren fatxadan bi baldin badituzte eta harresiak cellan.
  • Tetrastiloa: lau
  • Hexastiloa: sei
  • Oktastiloa: zortzi
  • Dekastiloa: hamar
  • Prostiloa: aurrealdean soilik arkupe bat baldin badu
  • Anfiprostiloa: atzealdean ere baldin badu.
  • Peripteroa: zutabe askeek cella inguratzen dutenean
  • Dipteroa: zutabe hilarak bi direnean
  • Pseudoperipteroa: alboetan atxikitako zutabez jarria dagoenean
  • Apteroa: zutaberik ez badu
  • Hipetroa: sabairik ez badu.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Antzinako Greziako artea