Arthur Rimbaud

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Arthur Rimbaud
Arthur Rimbaud
Datu pertsonalak
Izen osoa Jean Nicolas Arthur Rimbaud
Jaio 1854ko urriaren 20a
Charleville (Frantzia)
Hil 1891ko azaroaren 10a (37 urte)
Marseille (Frantzia)
Sinadura Arthur Rimbaud-signature.jpg

Jean Nicolas Arthur Rimbaud (Charleville, Ardenak, 1854ko urriaren 20a1891ko azaroaren 10a) frantziar poeta sinbolista izan zen. Bere lanik nabarmenenak hogei urte bete baino lehen idatzi ondoren —Victor Hugoren esanetan "Shakespeare umetxoa" izan zen— 21 bete baino lehen idazteari utzi zion. Dekadentismoaren jarraitzailea, Rimbaudek eragin handia izan du literatura, musika eta arte modernoan. Bizitza libertinoa egin zuen hiru kontinentetik bidaiatuz, 37 urte zituela minbiziak jota hil baino lehen[1].

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rimbaud, lehen jaunartze egunean

Familia burges batean jaio zen, politikoki konformista eta erlijioz kontserbadorea zen familia batean. Aita urrun zela hazi zen Rimbaud, militarra baitzuen. Sei urte zituela, haren gurasoak banandu egin ziren. Heziketa zorrotza eta larderiatsua izan zuen, eta berak onartu egin zuen zorroztasun hori, harik eta gustuko ez zuen egoera horri aurre egiteko aukera izan zuen arte. Eskolan bertan egin zituen lehen poesia-lanak, Victor Hugoren eta Parnasoko poeten eragina agertzen dutenak. Hamasei urte zituela, hiru aldiz ihes egin zuen etxetik.

1870. urtean, Napoleon III.ak abdikatu zuenean eta Bigarren Inperioa nagusitu zenean, etxetik ihes egin zuen, eta Parisko Komunaren abentura herritarra eta anarkista bizitzera joan zen. Une erabakigarria izan zen hura Rimbauden bizitzan. Hala ere, ez da gauza segurua Parisa iritsi zenik. Garai hartan hasi zuen Rimbaudek alderrai-bizimodua. Bizimodu haren bidez, Europako gaitzetik ihes egin nahi zuen nola edo hala Rimbaudek, eta beste alde batetik, bere burua bilatu nahi zuen.

Rimbaudek Le bateau ivre (Itsasontzi mozkorra) amaitu zuenean, Verlaineri bidali zion hark azter zezan. Verlainek lan hura irakurri zuenean, poesia berriaren oinarrizko testu bat zela iruditu zitzaion, eta Parisa joan zedin eskatu zion Rimbaudi. Maisuaren oniritziarekin, Parisko literatura giro bohemioa ezagutu zuen, jendea liluratzen zuela bere jenio poetikoagatik eta erlijioarekiko, gizartearekiko edota familiarekiko erakusten zuen erabateko ukoagatik. Rimbauden arabera, sentiberatasuna zorroztea da poetaren eginbidea, eta, horretarako, era guztietako bizikizunak erabili behar ditu, gero inolako kontrolik gabe biak adierazteko.

Verlaine, ezkerrean, eta Rimbaud, haren ondoan, 1872an. Henri Fantin-Latourren margolana

Rimbaud eta Verlainen artean harreman estua sortu zen, eta 1872-1873 bitartean elkarrekin egon ziren. Verlaine ezkondu berria zen, baina Rimbaudek bere bizitza eragabean berekin eramatea lortu zuen. Rimbaudek hamazazpi urte zituen Verlaine ezagutu zuenean, eta berehala kutsatu zizkion Verlaineri bere izaeran nabarmen ziren ezinegona eta ezegonkortasuna. Verlainek nahiago izan zuen adiskidea emaztea baino, eta Rimbaudekin ihes egin zuen Belgikara, Ingalaterrara eta, ondoren, Belgikara berriz. Verlainek, frenesi hartan, estetikaren alorrean bere burua justifikatzea beste asmorik ez zuen. Rimbaud, aldiz, bere buruari kalte egiten ari zitzaion oharkabean. Rimbaudentzat edozein lotura-mota traba bat zen; eta hori gertatu zitzaion Verlaine adiskidearekin. Verlainek, berriz, ikusirik lagunak ondotik baztertzen zuela, tiro egin zion. Rimbaudek zauriak izan zituen, eta Verlaine espetxeratu egin zuten.

Rimbaud Abisinian 1883an.

Rimbaud berehala osatu zen, eta Une saison en enfer (1873, Urtaro bat infernuan) idatzi zuen. Lan autobiografikoa da hori, aldez behintzat. Gizarte amoral berria eta poesia ez konbentzionala sortzeko ahalegin guztien porrota aitortzen zuen obra horretan. Urte horretan bertan hasi zen Illuminations idazten, eta 1876. urtea arte jardun zuen lan hori osatzen. Azkenik, 1886an Verlainek argitaratu zion bilduma.

Handik aurrera, literatura alde batera utzirik, Europan zehar bidaiari ibili zen, abenturazko eta miseriazko bizitza ezagutuz. Belgika utzirik, Ingalaterrara joan zen, eta gero Alemaniako, Italiako eta Herbehereetako kolonietan zehar ibili zen, boluntario gisa. 1880an konpainia handi batekin Abisiniara joatea erabaki zuen. Aberastasuna lortzea izan zen orduan bere helburu nagusia, eta legez kanpoko negozioetan eta kontrabandoan (bolia eta armak) aritu zen. Zirku bateko kide ere izan zen Europako hainbat herrialdetan.

Europatik kanpora zegoela hasi zen Rimbauden ospea hedatzen eta Verlaini esker hazi zen, batez ere, haren entzutea. Poeta-belaunaldi berrien artean aipagarrienetakotzat hartzen zuen Verlainek Rimbaud Poeta madarikatuak lanean. Hala ere, Rimbaud ez zen etxera itzuli ospe horrek bultzatuta, eritasun larri baten ondorioz baizik. Belauneko tumore batek jota, 1891ko ekainean Frantziara itzulirik, Marseillako erietxe batean hil zen.

Rimbauden lanen bilduma hil ondoren argitaratu zen: Oeuvres (1898, Obrak). Bilduma hura osatzen zuten lanak hauek ziren: Lehenengo poesiak, Eranskinak, Iluminazioak, Denboraldi bat infernuan. Geroago erantsi ziren Eskutitzak eta Zirriborroak.

Rimbauden idazgintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rimbaud, Verlainek egindako marrazkia

Rimbaudek poesia asko idatzi ez bazituen ere, idatzi zituenak nahikoa izan ziren Baudelairerekin hasi eta sinbolismoa arteko bidea egiteko. Hainbat tesi osatu zituen poeta igarlearen gaiari buruzkoak, eta beste edozein poeta dekadentek baino argiago adierazi zuen, gainera, bere ikuspegia: haren iritziz, poeta igarleak gauza dira "zentzu guztien nahasmenduaren bidez" ezezaguna denaren ikuspegia osatzeko. Rimbaudek Europaren gutxiespena erakusten zuen bai bere artean bai bere bizitzan. Rimbauden bizitza bere buruaren gutxiespenaren bilaketa zen. Ez zituen bere lanak argitaratu nahi izan, baina, azkenean, Denboraldi bat infernuan[2] kaleratu zuen. Lan hau hezikaitzaren liburua da zalantzarik gabe, baina, aldi berean, ordu arte inork aztertu ez bezala aztertzen du nerabezaroa. Verlaineren iritziz, "autobiografia psikologiko miresgarria" izan zen Denboraldi bat infernuan. Hala eta guztiz ere, argitaratu eta gero hura desagerrarazten saiatu zen. Rimbaud krisi nihilistaren interprete poetiko handienetako bat izan zen, eta krisi garaiko egile askorena bezala, anbiguotasuna da haren ezaugarri nagusietako bat.

Illuminations bildumaren izenburua ez zuen Rimbaudek berak aukeratu, ez baita inon aurkitu izenburu hori duen Rimbauden idatzirik. Verlainek behin baino gehiagotan erabili zuen izenburu hori Rimbauden lanak izendatzeko. Lan hori osatzen duten berrogeita lau poemak hitz lauz idatziak dira, eta harrigarriak dira edertasunagatik. Horietako poema batzuk sail modukoetan bildu zituen Rimbaudek, eta beste batzuek, berriz, idazlearengana bat-batean iritsi ziren meteoritoak dirudite. Poema horietan barruko unibertsoaren osagaiak ezagutarazten dizkio irakurleari.

Rimbaud, poeta bikaina izateaz gainera, mito bat izan zen literaturaren historian, Lord Byronen, Victor Hugoren edo Gustave Flauberten mailako mitoa. Ezaugarri hori ez da, hala ere, zoriaren ondorio, Rimbauden poesiaren ezaugarri nagusietako baten ondorio baizik. Egile sinbolista gehienentzat, bizitzak ez zuen garrantzi handirik, eta idazkera zen haientzat benetako existentzia bakarra. Rimbaudek, aldiz, oso bestelako iritziak zituen. Harentzat poesia bizitza aldatzeko ("changer la vie") bidea zen, eta poesia zen, hain zuzen, Rimbauden obsesioetako bat.

Hil ondoren zabaldu zen Rimbauden omena. Haren obra laburra barne mundu misteriotsua adierazteko saiakera ausartenetakoa eta berritzaileenetakoa izan zen literaturaren historian, nahiz eta obraren esanahiaren interpretazio guztiz desberdinak egin diren. Eragin handia izan du poesia modernoan.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Poésies (c. 1869–1873)
  • Le bateau ivre (1871)
  • Une Saison en Enfer (1873)[2]
  • Illuminations (1874)
  • Lettres (1870–1891)
  • Le Soleil Était Encore Chaud (1866)
  • Proses Évangeliques (1872)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Claude JEANCOLAS (1998): Passion Rimbaud: L'Album d'une vie. Paris: Textuel. ISBN 978-2-909317-66-3
  2. a b Arthur RIMBAUD: Denboraldi bat infernuan euskaratzailea: Mikel Lasa, Erein, 1991. Armiarma.com

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Arthur Rimbaud Aldatu lotura Wikidatan