David (Donatello)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
David

David 158 zentimetroko altuera duen brontzezko eskultura bat da, Donatello eskultore italiarrak egina.

Lan hau 1440 inguruan egin zen (edo 1430ean aditu batzuren arabera) Cosme Mediciren enkarguz, Florentziako bere jauregiko lorategietan jarri nahi zuena. Gaur egun Palazzo Bargelloko museoan dago. Italiako quattrocentoko lan nabarmengarri bat da, eta argi eta garbi kutsu klasiko bat du bere biluztasuna eta bere konposaketa praxiteliar argiagatik. Horregatik, gai bibliko bat den arren, nerabe hauskor eta ausart honetan berehala nabaritzen da Antzinaro klasikoko heroi bat.

Testuinguru historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XV. mendearen hasieran Europan gizarte merkatari bat agertu zen, banketxeen sorrerarekin hiririk oparoenetan, Paris edo Florentzian kasu. Azken honetan, oparotasunak Medici familia boterera iristea ahalbidetu zuen bere ondorengo eragin politikoarekin, eta artearen arlo guztietako mezenas handiak bihurtuko ziren. Artistak oraindik ere artisautzat hartzen baziren ere, euren egoera soziala hobetu zuten euren artista babestuen egoera lanbide liberaletara igotzeaz arduratzen ziren mezenastzei esker. Leon Battista Albertiren oharrak jarraituz: "...artistak, testuinguru sozial honetan ez du artisau soil bat izan behar, baizik eta arlo eta gai guztietan prestatutako intelektual bat".

XV. mendean zehar Italian quattrocento edo rinascimento dell'antichità izeneko periodoa agertu zen, margolaritzaren teknikak eboluzionatu zituen mugimendu artistikoa, batez ere marrazkia. Quattrocentoan perspektiba erabili zen ikuspuntu zehatz batetik errealitatearen espresioan zehaztasun handiago bat lortzeko baliabide bezala, eta olio teknika hobetu zen. Arkitektura arte greziarrean oinarritu zen, lerro garbiago batzuekin eta harmonia handiko kanonekin; era berean, eskulturan irudi klasikoaren imitaziorako itzulera nabaritu zen, anatomia arretagune bezala zuena eta giza gorputzaren perfekzioa bilatuz. Artista handiek, Filippo Brunelleschi eta Leon Battista Alberti arkitektoak, Masaccio, Sandro Botticelli, Filippo Lippi eta Piero della Francesca margolariak eta Lorenzo Ghiberti eta Donatello eskultoreak kasu, garai honetako artearen dizdiran lagundu zuten.

1436an Filippo Brunelleschik Florentziako Santa Maria dei Fiori katedralaren kupula amaitu zuen, hiriko egitasmo arkitektonikorik garrantzitsuenetako bat zena. 1426an, Masaccioren Magoen Adorazioak garaiko margolaritzaren berrikuntza ordezkatu zuen; bere irudiek arte gotikoaren keinu leuna galtzen dute eta benetako espazio bat betetzen dute perspektiba linealaren eta kolore kontrastearen legeen barnean. Florentzian, artearen kontzepzio hau jada praktikatzen zuen Brunelleschik, Masaccio baino hogeitalau urte gazteagoa zena, baita Donatellok ere, hamabost urte gazteagoa zena.

1425ean, Lorenzo Ghiberti eskultoreak Florentziako San Joanen Baptisteriorako ekialdeko atea edo Paradisuko Atea egiteko enkargua jaso zuen, lan honetan baxuerliebean perfekzio handia lortuz. Ghibertiren laguntzailea Donatello izan zen.

Egilearen datu biografikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donato di Niccolò di Betto Bardi, Florentzian jaioa (1386-1466) Italiako quattrocentoko eskulturaren eskultorerik adierazgarriena da. Lorenzo Ghibertiren ikaslea independizatza lortu zuen arte, eta Brunelleschiren babestua (norekin Erromako hondakin klasikoak aztertu zituen), europar eskulturaren berritzaile bat da, eta, batez ere, brontzezko fundizioaren. Bestaldetik, sakonki aztertu zuen gizakia Unibertsoaren erdigune eta izate arrazoi bezala, izaera eta balore mota ugaritan tratatzen duena, bere psikologian barneratzen saiatuz. Bere lanik bikainenak Florentziako katedraleko Kantoria, Orsanmicheleko San Jurgi, hau ere Florentzian, Gattamelata kondotieroaren zaldizko estatua Paduan eta David dira, azken hau Cosme Medicik enkargatua eta Medici jauregiko patioan jarri zena 1495 arte, Piero Medici hiritik kanporatua izan zen arte, estatua Palazzo Vecchioaren patiora eramana izan zelarik.

2007tik lanaren zaharberritze bat egiten ari da garbitu ahal izateko. Bargello museoaren bisitariek lan horiek hobetze lanak egiten ari diren gela erakusten duen leihodi baten bidez jarrai ditzakete.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: David (Donatello) Aldatu lotura Wikidatan