Edukira joan

Desazkunde

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Deshazkunde» orritik birbideratua)

Desazkundearen aldeko graffitia (frantsesez décroissance) Bastilla plazako Uztaileko Zutabean (Paris, 2006)

Desazkundea[1] politika eta ekonomia arloko gizarte mugimendu bat da,[2] produktibismoaren aurkakoa,[2] gizakiaren eta naturaren arteko oreka berrezartzearen aldekoa, eta gizakien artean harreman justuagoa ezartzearen aldekoa[3]. Nicholas Georgescu-Roegen ekonomialariak 1970eko hamarkadaren bukaeran osatutako teorietatik abiarazitako joera akademikoa izan zen hasiera batean, baina XXI. mendean mundu osoko gizarte mugimendu zabala osatu da teoria ekonomiko horien inguruan.

Vincent Liegey idazlea eta ekintzailea Budapest 2013ko, Projet Décroissance - Degrowth Project nazioarteko batzarrean.

Desazkunde terminoa André Gorzek erabili ei zuen lehen aldiz[4], 1972ko ekainaren 13an, Le Nouvel Observateur aldizkariak antolatutako debate batean. Debatean MITen ekoiztutako hazkundearen mugei buruzko txostenaz eztabaidatu zen.

« Oreka globalaren baldintza bat da, ekoizpen materialaren hazkunderik eza, edo are gehiago, desazkundea. Oreka global hori bateragarria al da sistemaren biziraupenarekin? »

—André Gorz, 1972/06/13

Desazkundea politika, ekonomia eta gizartearen inguruko pentsamendu-joera da. Ekoizpen ekonomikoaren kontrolpeko murrizketa arautua sustatzearen aldeko da, gizakia eta naturaren arteko harreman orekatua ezartzeko helburuz, hala nola gizakien beren artekoa[5]. Liberalismoaren hazkunde ekonomikoaren helburua errefusatzen du; Serge Latouche-ren hitzetan: desazkundearen kontsignak jomuga du, batik bat, hazkundeagatiko hazkundearen helburua irmoki baztertzea, […] Zehazkiago, "a-hazkundea"-z mintzatu beharko ginateke, "ateismoa"-z mintzatzen garen hein berean[6]. Hau dela eta "hazkunde-objektore" ere esaten zaie honen aldekoei. Ikerkuntza, hortaz, bioekonomia eta post-garapenaren hausnarketa mugimendu zabalagoaren barnean kokatuko litzateke, sistemaren sakoneko aldaketa ekarriko lukeena.

Ingurumenaren kontserbazioa ezinezkoa da, joera honen aldekoek baieztatzen dutenez, ekoizpen ekonomikoa murriztu gabe. Honek, baliabide naturalak agortzea hala nola berak sortzen duen ingurunearen suntsiketa dakar, Lur planetak duen birsorkuntza-ahalmenaren gainetik baitago gaur egun. Horrez gain, desazkundeak ezbaian jartzen du gaur egungo bizitza-ereduak zukeen ahalmena ongizatea sortzeko. Arrazoi hauengatik garapen iraunkorrari aurka egiten diote. Gutxiagorekin hobeto bizitzea litzateke erronka.

Desazkundearen aldekoek kontsumoaren eta produkzioaren kontrolpeko zentzuzko murrizketa proposatzen dute, klima, ekosistemak eta izaki bizidunak berak errespetatzea utziz. Trantsizio hau, baliabide mugatuzko gaur egungo egoerari, printzipio egokiagoak ezarriz gauzatuko litzateke: eskala murriztua, birlokalizazioa, eraginkortasuna, lankidetza eta auzolana, auto-ekoizpena (eta elkar-trukea), iraunkortasuna[7][8] eta neurritasuna. Hitz batean, eta borondatezko soiltasuna oinarritzat hartuz, bizi-maila eta erosteko ahalmenaren kontzeptuak birkontsideratzea bilatzen dute. Era zentzudunean jokatu ezean, halabeharrezko desazkunde egoera batera helduko litzatekeela baieztatzen dute, baliabideen agortze horrek bultzaturik.Eta ez bada desazkundea gauzatzen proiektu kontziente, zentzuzko eta neurtu bat aurrera eramanez, hauxe da nire iragarpena, finean desazkundea gauzatu egin beharko da kapitalismo globalaren gainbeheraren ondorioz.

Bere aldekoek argudiatzen dute ez dela ezkortzat hartu behar kontzeptu hau, guztiz kontrakoa baizik: ibai batek gainezka egiten duenean, guztiok nahi izaten dugu uraren maila jaitsi dadin, hau da, desaztea.

« Desazkundeak, funtsean, klimatikoa eta soziala den krisiari erantzun nahi dio. Klimaren ikuspegitik hiru lan ildo handi proposatzen ditu. Lehena, ingurumenak jasan ahalko duen energia eta material kontsumoen gutxitzea da. Bigarrena, tokiko ekonomien bultzatzea, ekonomia globalek energia kontsumo handia eskatzen dute eta; azken finean, horrek ekarriko luke egungo orden sozial globala tokikotzea. Eta hirugarrena, gure bizitzetan fluxu naturalen integrazioa da. Adibide batekin azalduko dut: asko hitz egiten da ekonomia zirkularraz, baina gizarteak oso urruti gaude horretatik, bakarrik da zirkularra ekoizten dugun %8. Hala ere, ekonomia zirkularra existitzen da planetan, ekosistemek horrela funtzionatzen dute, gai dira ia dena birziklatzeko. Beraz, ez diogu eman behar bizkarra bizitzaren funtzionamenduari, baizik eta haren arauei lotu.

"Ez dugu denbora koltxoirik, eta beraz, hartu beharreko neurriak larrialdi batean hartu beharrekoak neurriak dira, neurri erradikalak" Horrek esan nahi du gizartearen metabolismoa gehiago izan behar dela nekazaritzari lotuagoa industriari edo zerbitzuei baino. Eta nekazari metabolismo horren barruan, batez ere agroekologiari begiratu behar zaio, ekosistema aliatutzat hartzen duelako eta ez garaitu behar den etsai gisa.

»

Luis González Reyes[9]


Argudio eta gogoetak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hazkundearen mugak. Hazkunde esponentzialak ezin dira betiko mantendu; baliabide mugatuak dituen planeta batean, epe luzean, desazkundea ekarriko dute. Grafikoan 1972an kalkulatutako "Standard Run" edo "Bussiness-as-usual" eszena-toki batek ekarriko lukeen etorkizuna irudikatzen da.

"Desazkundea" 1970ko hamarkadan sortutako kontzeptua da - hein batean Nicholas Georgescu-Roegenen tesiaren bidez - gizarte industrialaren produktibismoari egozten zaizkion ondorioen kontzientziazioaz (sistema kapitalista zein sozialista izan). (Ikus, gainera: Erromako kluba).

Kontzeptu hau ekonomi hazkundearen kontzeptua eta horren neurtze-tresnari: BPGa erantzuna eman nahian sortu zen. Desazkundearen aldekoek argudiatzen dutenez,BPGa ez litzateke gizarte baten hazkundea neurtzeko tresna egokia, produkzioaren eta ondasun eta zerbitzuen salmenta tasa gehitzea baino ez baitu kontuan hartzen, ongizatea, ekosistemen osasuna eta klimaren desorekak kontuan izan barik. Horrela, ideologia honek nahiago du bestelako garapen adierazleak erabiltzea, hala nola Giza Garapenaren Adierazlea, Ingurumen-jardueraren Adierazlea edo eta lehenago aipaturiko Aztarna ekologikoa.

Desazkundearen aldekoek gaur egungo garapen ekonomikoa "giza balio"-en kontrakoa dela baieztatzen dute.[10]

Baliabideen urritasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Energia iturri ez berriztagarriak murriztuko balira ondorioak ekoizpen sektore guztietan nabarituko lirateke.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Ekologia digitala: zenbat kutsatzen dugu online?

Bi fase berezitu daitezke. Lehen fasean baliabide edo lehengai baten ekoizpenaren kopuruak gailurra jotzen du eta handik aurrera, munduan ekoizten zen kopuru absolutua, motelago edo azkarrago, murriztu egiten da. Horrek problemak sortzen ditu sistema kapitalista batean. Normalean produktu hauen eskaria eta eskaintza oso inelastikoak izaten dira. Prezioen gorabehera handiak sor daitezke. Zaila da inbertitzea aurrerantzean aterako den kopurua txikiagoa dela jakinda eta prezioen gorabehera handi horiekin. Bigarren fasean, baliabidea edo lehengaia ez da erabat agortu baina ekoizpenak ez ditu etekinak ematen eta enpresek uzten diote ekoizteari. Meatoki eskasenak besterik ez dira geratzen eta ez du merezi horietan inbertitzea.

  • Energia baliabideak
    • Petrolioa (mundu mailako petrolioaren gaina 2005 - 2024 urteen artean dago, enpresa eta gobernuen aurreikuspenen arabera). Enpresa handien inbertsioen kopurua murriztu dira XXI. mendeko bigarren hamarkadatik aurrera.[11][12][13]
    • Gasa, agortzea 70 bat urtean gertatuko da.
    • Uranioa (2051-2155 urteen arteko tartea hartzen da erabateko agortze aldia)
    • Ikatza, agortzea 150 urtean gertatuko dela uste da, oraingo moduan kontsumitzen jarraituz gero.
    • Deuterioa.
« Planeta mugatu batean hazkunde amaigabea posiblea dela uste badu norbaitek, pertsona hori edo ero bat da edo ekonomialaria. »

Kenneth Boulding (Esaldiaren ustezko sortzailea).


Errebote efektua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Grafiti bat ingelesez: Hazkunde (ekonomiko) posible bakarra: desazkundea.

Gertakari hau gertatzen da kontsumoaren gehikuntza bat gertatzen denean teknologia baten erabilpenaren mugak murrizten direnean, muga hauek diru, denbora zein gizartearenak izan... Hau da, zenbat eta errazagoa izan produktuaren unitate bat kontsumitzea (honi ezarririko edozein hobekuntza dela eta), are eta gehiago gehituko da horren kontsumoa.[14]

Horrela izanik, desazkundearen aldekoek "errebote efektu" sistematikoa gertatzen dela baieztatzen dute: hazkundearen aldekoa den sistema kapitalistaren barruan, aurrerabide tekniko orok, produktibitatearen hobekuntza orok, efizientziaren hobekuntza orok, baliabide eta energia kontsumoa gutxitu ordez, gehiago kontsumitzea dakar. Gertakari hori jadanik deskribatu zen XIX. mendean, Jevonsen paradoxaren bidez.

Esate baterako, iraultza informatikoa gertatzean, paperaren erabilera murriztuko zela uste izan zen. Alabaina, ordutik hona horren kontsumoaren gehiketa nabarmena suertatu da. Esselte, bulegoetarako material-hornitzaileak adierazi duenez, paper eskaria % 40 gehitu zen posta elektronikoa ezarri zuten enpresetan, langileek mezu elektronikoak irakurri aurretik inprimatzen baitzituzten.

Erresilientzia eko-soziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Barraskiloaren irudia erabili ohi da[15] desazkundearen ikur legez.

Erresilientzia eko-soziala gizakiek, komunitateek eta ekosistemek ustekabeko gertaerei – hala nola, ingurumen-hondamendiei – arrakastaz aurre egiteko duten gaitasuna da. Lurrikarak, tsunamiak, bero-boladak, sute lehorrak, pandemiak, krisi ekonomikoak, gerra-gatazkak bezalako gizarte-hondamendiak, etab. eragozpen handiak sortzen dizkiete gizakiei eta komunitateei. Erresilientzia eko-soziala problema handiei erantzuteko ahalmena da.

« Ni ez nago ados desazkundearen ideia proposamen politiko gisa aurkeztearekin. Desazkundea ez da proposamen politikoa, gure testuingurua da. Gure sistema sozioekonomikoak desazkundea jasango du maila materialean, ez dagoelako hazten jarraitzeko baliabiderik. Nahitaez gertatuko da. Eta hori bi modutan gerta daiteke: onez edo txarrez. Txarrez eginez gero, faxismoa eta ekofaxismoa ikusiko ditugu. Onez, berriz, gutxiagorekin bizitzen ikasi beharko dugu, globalki noski, zeren badira oraintxe bertan bizitzeko nahikoa ez daukatenak ere.

Gainera, desazkundea gertatzen ari da jada: faktura ordaindu ezin zuela-eta argia kendu diotenak desazkundea bizi du, kalitate eskasagoko janaria jaten duenak berdin, etxetik botatzen dutenak ere bai. Eta beste herrialde batzuetan aspalditik jo dute behea jendearen bizitzek.

»

Yayo Herrero. "Desazkundea ez da proposamen politikoa, gure testuingurua da". Argia.eus, 2022-07-24.


« Energia berriztagarri batzuen mugak mahaigaineratu behar dira. Parke horien inguruetan bizi diren herritarrei eragiten dizkieten kalteak neurtu behar dira, baita azpiegitura horien eraginkortasuna ere, ez baitute nahikoa energia sortuko gaur egungo metabolismo ekonomikoari eusteko. Gainera, aztertu behar da zer neurritan diren jasangarriak azpiegitura horiek; alegia, zer energiarekin ekoizten diren eta zer materialekin. Hori guztia mahaiaren gainean jarri ondoren, ondorioa argia da: energia kontsumoa murriztu behar dugu, eta benetan berriztagarriak diren teknologiak erabili behar ditugu. Zenbat eta nola, horretaz hitz egin behar da. »

Luis González Reyes. «Euskal industriak ezingo dio eutsi gaur egungo ereduari». Berria, 2023ko martxoak 18[16]


  • (Gaztelaniaz) Carlos Taibo. El decrecimiento explicado con sencillez. Los Libros de la Catarata, Madril, 2011. Pepe Medina-ren irudiekin.
  • (Gaztelaniaz) Manuel Casal Lodeiro La izquierda ante el colapso de la civilización industrial[17] eta Nosotros, los detritívoros.[18]
  • (Ingelesez) Kohei SAITO, Slow Down: The Degrowth Manifesto[19], Hardcover – January 9, 2024. ISBN: 978-1662602368

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Nahiz eta zenbaitetan h letrarekin ikusten den (deshazkunde), hori euskara batuaren legeen aurka doa. Izan ere, on + hartu = onartu den bezala (eta ez onhartu), euskara batuaren arauei jarraituz, des + hazkunde = desazkunde izango dugu.
  2. a b «desazkunde» Berria Estilo Liburua. (Noiz kontsultatua: 2017-10-30).
  3. Aitziber, Agirre Ruiz de Arkaute. (2022-03-01). «Desazkundea, mehatxu edo aukera» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  4. (Katalanez) ESCRIVÁ, Andreu. (2023). Contra la sostenibilitat. ISBN 978-84-16698-87-5..
  5. Mirene Begiristain: “Bizitza bizigarriak egiten dituzten proposamenak planteatu behar ditugu” – UEU365. (Noiz kontsultatua: 2021-12-01).
  6. (Gaztelaniaz) Casal Lodeiro, Manuel. (2022-01-28). La teocracia del crecimiento - Viento Sur. (Noiz kontsultatua: 2022-02-02).
  7. «Jasangarritasuna vs Desazkundea: Egin kasu Batmani, txo!» Beranduegi 2021-12-09 (Noiz kontsultatua: 2021-12-10).
  8. (Gaztelaniaz) Hickel, Jason. (2023). Menos es más. ISBN 9788412619959..
  9. «“Desazkunderako kapitalismoa gainditzea ezinbestekoa da”» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-12-01).
  10. (Gaztelaniaz) Kallis, Giorgos. Cinco argumentos a favor del decrecimiento – Rebelion. (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  11. (Katalanez) Francesc Sardà Amills, Jordi Solé Ollé. (2015). Per què la crisi no acabarà mai. Laertes ISBN 978-84-7584-982-9. PMC 986575647. (Noiz kontsultatua: 2021-12-01).
  12. (Gaztelaniaz) Francesc Sardà Amills, Jordi Solé Ollé. (2015). Por qué la crisis no acabará nunca. (1ª ed. argitaraldia) Laertes ISBN 978-84-7584-981-2. PMC 933578673. (Noiz kontsultatua: 2021-12-01).
  13. (Gaztelaniaz) Turiel, Antonio. (2020). Petrocalipsis : crisis energética global y cómo (no) la vamos a solucionar. (Primera edición en esta colección: septiembre de 2020. argitaraldia) Alfabeto ISBN 978-84-17951-10-8. PMC 1258409445. (Noiz kontsultatua: 2021-12-01).
  14. «Desazkundea? Bai zera! (5 iritzi artikulu) • ZUZEU» ZUZEU (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).
  15. Taibo, Carlos. (2010). En defensa del decrecimiento sobre capitalismo, crisis y barbarie. (3a. ed. argitaraldia) Los Libros de la Catarata ISBN 978-84-8319-521-5. PMC 776481214. (Noiz kontsultatua: 2022-02-08).
  16. Sagarzazu, Jokin. ««Euskal industriak ezingo dio eutsi gaur egungo ereduari»» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  17. Casal Lodeiro, Manuel. (2016). La izquierda ante el colapso de la civilización industrial : apuntes para un debate urgente. La Oveja Roja ISBN 978-84-16227-13-6. PMC 971693553. (Noiz kontsultatua: 2022-02-02).
  18. Casal Lodeiro, Manuel. (2017). Nosotros, los detritívoros. Queimada Ediciones ISBN 978-84-16674-01-5. PMC 1030345696. (Noiz kontsultatua: 2022-02-02).
  19. Saitō, Kōhei. (2024). Slow down: the degrowth manifesto. (First edition. argitaraldia) Astra House ISBN 978-1-6626-0236-8. (Noiz kontsultatua: 2024-03-21).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]