Emilio García Gómez

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Emilio García Gómez (Madril, Espainia, 1905eko ekainaren 4a - 1995eko maiatzaren 31) espainiar idazle, filologo, historialari eta arabista izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Madrilgo Unibertsitatean egin zituen filosofia eta letretako ikasketak, arabierako espezializazioarekin. Honoris causa doktore egin zuten zenbait unibertsitate europar eta arabiarretan (Sevilla, Granada, Kairo, Aljer eta abar), eta 1932an Granadako Ikasketa Arabiarren Eskolako zuzendari izendatu zuten. Harrezkero, hainbat erakunderen zuzendari izan zen Europan eta arabiar herrialdeetan, eta hainbat sari jaso zituen (Asturiasko Printzea, Espainiako Historiako Sari Nazionala, Frantziako Ohorezko Legioa eta Libanoko, Siriako eta abarreko sari gorenak).

Diplomatiko gisa ere lan egin zuen; 1958tik 1960ra bitartean, Bagdadeko enbaxadore izan zen, eta ondoren, Beirutera (1960-2962) eta Ankarara (1962-1969) joan zen.

Emilio Garcíak literatura arabiarrari buruzko argitalpen, itzulpen eta ikerketa ugari egin zituen, eta azken urteetako arabista handienetakotzat hartu da. Olerkigintza hispaniar-arabiarreko lanen itzulpen bikainak egin zituen, adibidez, Poemas arabigoandaluces (1930, "Olerki arabiar-andaluzak"), Cinco poemas musulmanes (1944, "Bost olerki musulman") eta Ibn Hazmen El collar de la paloma (1953, "Usoaren lepokoa"). Karxei buruzko lan gogoangarriak ditu, Ángel Rodríguez Calvente ezizenez sinatuak horietako batzuk. Aipagarriak dira Las jarchas mozárabes y los judíos de al-Andalus (1957, "Karxa mozarabiarrak eta Al Andalusko juduak") eta Las jarchas romances de la serie árabe (1966, "Arabiar saileko karxa erromantzeak"), batez ere, eta azpimarratzekoak dira, orobat, Ibn Zamrak, el poeta de la Alhambra (1975, "Ibn Zamrak, Alhambrako olerkaria"), Sevilla en el siglo XII (1981, "Sevilla XII. mendean"), Poemas árabes en los muros y fuentes de la Alhambra (1986, "Alhambrako hormetako eta iturrietako olerki arabiarrak"), berrogeita hamar urteko ikerketa-lanen emaitza, eta Foco de antigua luz sobre la Alhambra (1988, "Antzinako argia Alhambran").

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]