Edukira joan

Erle-txori

Wikipedia, Entziklopedia askea
Erlatxori» orritik birbideratua)
Erle-txori
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaCoraciiformes
FamiliaMeropidae
GeneroaMerops
Espeziea Merops apiaster
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Elikadura iturri nagusiaErlea, Liztorra, Termita, Odonata, tximeleta eta kakalardoa
Masa6,5 g
Zabalera0,47 m
Kumaldiaren tamaina6,3
Errute denbora20 egun
Merops apiaster
Erle-txoria

Erle-txoria (Merops apiaster) Meropidae familiako hegaztia da[1].

Hegoaldeko Europan, iparraldeko Afrikan eta mendebaldeko Asian bizi den hegazti hau neguan Afrika tropikalera, Indiara eta Sri Lankara migratzen da. Euskal Herrian ere egon ohi dira udan, Mediterraneoko isurialdean, Gasteiz-Iruñearen latitudetik hegoalderago edo.

25-29 cm luzera eta 36-40 cm hego-zabalera duen hegazti honek kolore biziz betetako lumadia dauka: eztarria horia, paparra eta sabelaldea urdina, buru-gaina eta bizkarraldea gorria, hegoen goialdea gorria eta urdina eta besaburuetan bi orbain hori[2][3]. Gazteek kolore apalagoak dauzkate eta bizkarraldeko koloreak berdeagoak dira. Moko luzea dute, beherantz okertuta, hegoak oso zorrotzak dira eta buztanaren erdiko lema-lumak gainontzekoak baino luzeagoak direnez nabarmenki gailentzen dira. Dimorfismo sexuala ez da batere nabarmena, baina emeen ipurtxuntxurra (Atzealdeko muturreko atal dortsal edo sakroa) eta hegoak berdeagoak dira[4]

Hegaldian uhin luzeak egiten ditu, eta ehizan dagoenean altuago egiten du hegan, planeatzen eta noiztenka hegazkada biziak tartekatzen dituelarik[3]

Pi-pi-pi-prruuut moduko soinu berezia egiten du. Etengabe egiten du, hegan dabilenean batez ere, eta oso urrutitik ere entzun daiteke.

Erlatxoria palearktikoko zona epelean ugaltzen da: Europako hegoaldetik Asiako hego-mendebalde eta Asia erdiraino (Afganistanetik India iparraldera), eta hegoaldean Namibian eta Omanen. Bestela, ugal garaitik kanpo Sahara hegoaldeko Afrikan bizi da[2]. Iberiar penintsulan Ozeano Atlantikoaren inguruan eta mendialdean izan ezik gainontzeko zonetan agertzen da, eta banaketa-eremu horren iparraldeko populazioak dira Euskal Herrian ikus daitezkeenak[5].

Esan bezala, erlatxoria Saharaz gaindiko migratzailea da, negua Afrika tropikalean igarotzen baitu.

Bere banaketa-eremuaren barnean era askotariko habitatetan bizi da. Baso dentsoak eta goi-mendiak baino ez ditu saihesten, baina habiak 1800 m arte aurkitu dira [4]. Edonola, zuhaitz gutxiko areak hobesten ditu, hala nola soroak, sastrakadiak, dehesak, ibai bazterrak eta abar[5]

Habia batez ere ibai-bazterretako ezpondetan zulatzen du, horregatik ibaien inguruan ikustea ohikoa da, baina beste batzuetan lurrean bertan egiten du, landaretzak hala bermatzen badio behintzat[2]. Horrelakoetan sarreran 10-12 cm duen eta apurka-apurka 7 cm arte estututzen den 50-200 cm galeria bat zizelkatzen du [4].

Intsektuak bakarrik jaten ditu, eta hauek hegan eginez ehizatzen ditu. Espainian egindako ikerketa baten arabera[6] dietaren %80a himenopteroek osatzen dute, erleak eta liztorrak batez ere (hortik datorkio izena).

Ugalketa eta ontogenia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apirilean habia zulatzen hasten dira, eta maiatzerako emeak 6-7 arrautz erruten ditu. Arrautza horiek bi gurasoek inkubatzen dituzte, eta txitak ekainean jaiotzen dira. Ondoren, bi gurasoek arduratzen dira habira elikagaiak eramateaz. Txitak arrautzen erruketaren arabera jaiotzen dira, ez dira guztiak aldi berean jaiotzen alegia, eta janari nahikorik ez badago txita zaharrenek ez diete gazteei elikatzen uzten[4].

Hegazti monogamoa da, eta batzuetan bikoteaz gaindiko ale batzuek txiten hazkuntzan laguntzen dute. Koloniak osatzen ditu.[5]

Espezieen arteko elkarrekintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlatxoriek zulatutako habia zaharrak beste espezie askok erabiltzen dituzte: argi-oilarrek (Upupa epops), etxe-txolarreek (Passer domesticus), harkaitz-txolarreek (Petronia petronia), txolarre ilunek (Passer hispaniolensis), karrakek (Coracias garrulus), edota mozoloek (Athene noctua)[5]. Halaber, intsektu ugarik ere erabiltzen dituzte utzitako habi horiak.

Bestalde, habiak azeriek (Vulpes vulpes), sugeek (ala nola Montpellierko sugeak, Malpolon monspessulanus), gardatxoek (Timon lepidus) edota txakurrek erasotzen dituztela ikusi da[5]. Erlatxoria gabiraien (Accipiter nisus), sai zurien (Neophron percnopterus), miru beltzen (Milvus migrans), arrano txikien (Aquila pennata) edota belatz handien (Falco peregrinus) harrapakina da[7]. Bestenaz, habiak espezie batek erabiltzetik beste batek erabiltzera igarotzen direnez haien artean parasitoen arteko trasferentzia ere ba omen dago.[8]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Cocker, Mark; Mabey, Richard. (2005). Birds Britannica. Chatto & Windus ISBN 0701169079..
  2. a b c Cramp, 1985
  3. a b Svensson et al, 2010
  4. a b c d SEO / BirdLife
  5. a b c d e Valera, 2003
  6. Martinez, 1984
  7. Mañosa eta Oro, 1991; Donaza-Sancho eta Ceballos-Ruiz, 1988; Valverde, 1967; Garcia-Dios, 2006; Hereia et al, 1988
  8. Valverde, 2003)