Namibia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Namibiako Errepublika
Republic of Namibia
Namibiako bandera
Bandera

Namibiako armarria
Armarria

Goiburua: Unity, Liberty, Justice
( Batasuna, Askatasuna, Justizia )
Nazio ereserkia:
Namibia, Land of the Brave
( Namibia, Adoretsuen Lurraldea )
Namibia: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Windhoek
22°33′H 17°15′E
Hizkuntza ofiziala(k) Ingelesa
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika
Hifikepunye Pohamba
Nahas Angula
Independentzia
Hegoafrikatik

1990 martxoaren 21
Eremua
• Guztira
• Ura

824.292 km² (34.)
% arbuiagarria
Biztanleria
• Zenbatespena (2005)
• Errolda (2002)
• Dentsitatea

Herritarra

2.031.000 (144.)
1.820.916
2,5 biztanle/km² (225.)

namibiar
Dirua Namibiar dolarra1 (NAD)
Ordu eremua
 • Udan (DST)

Bai (UTC +2)
Interneteko domeinua .na
Telefono aurrezenbakia +264
1 Namibiar dolarra eta hegoafrikar randa kotizaziokideak dira eta biak erabil daitezke Namibian.

Namibia, ofizialki Namibiako Errepublika (Republic of Namibia ingelesez), hegoaldeko Afrikako estatua. Iparraldean Angola eta Zambia, ekialdean Botswana eta hegoaldean Hegoafrika mugakide ditu. Mendebaldean Ozeano Atlantikoa du.

Hiriburua Windhoek da.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Namibia satelite irudian
Namibiako desertua

Namibiako paisaia nagusiki erdialdeko lur garaiez osaturik dago, Brandeberg mendigunea punturik garaiena (2.606 metro) dela. Erdiko goi ordokia iparraldetik hegoaldera zabaltzen da, Namib basamortua eta haren itsasertzeko lautadak mendebaldean, [[Orange ibaia]) hegoaldean eta Kalahari basamortua ekialdean dituela.

Ipar-ekialdeko lursail nabarmen bat, Capriviko Zerrenda, Zambezi ibaira iristeko Alemaniar Inperioaren korridore estuaren aztarna da. Estatuko erdialdean dagoen Windhoek hiriburuaz gain, Walvis Bay eta Swakopmund portu-hiriak, Oshakati, Grootfontein, Tsumeb eta Keetmanshoop hiri garrantzitsuenak dira.

Namibiako klima basamortukotik tropikalera aldatzen da. Uda (urritik apirilera) euri-sasoia da: bero handia (gau freskoak) barnealdean eta tenperatura askoz atseginagoak itsasertzean. Hegoalderantz abiatzen den neurrian euri-sasoia gero eta urriagoa da. Negua (maiatzetik irailera) lehor-sasoia da: egunez tenperatura atseginak dira eta gau freskoak dira beti.

Orografia eta hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Namibia ia osoa goi-ordoki zabal bat da, 975-2.000 m bitarteko garaiera duena, eta sartaldetik sortaldera apalduz doana; goi-ordokiaren erdialdea menditsua da eta 2.500 m inguruko mendiak daude hiriburutik hurbil. Goi-ordokiaren alboetan bi basamortu daude: mendebalean Namib basamortua, itsasaldea bere luzera osoan hartzen duena (1.600 km), eta Kalahariko basamortua ekialdean. Namibian ez da ibairik, iparraldean Angolarekin (Kunene eta Okavango ibaiak) eta hegoaldean Hegoafrikarekin (Orange ibaia) mugatzen dutenak eta euria egiten duenean eratzen direnak besterik.

Klima eta landaretza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Namibiako klima beroa eta guztiz idorra da. Oso euri gutxi egiten du, azarotik martxora bitartean bakarrik, iparraldean batez ere, eta beroak lurruntzen du gehiena. Lehorteek luzaro irauten dute askotan. Horrenbestez, oso landare gutxi izaten da, eta izaten dena lurraldearen idortasunari egokitua da. Hala ere, ipar-ekialdean sabana eta hegoaldeko muturrean baso tropikalak dira.

Biztanleak eta gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herero emakumeak

Namibiako biztanleria, batik bat, iparraldean kontzentratzen da, euri gehien egiten duen aldean. Bantu familiako etniak dira jendetsuenak: ovanboak, kavangoak eta hereroak. Namak hotentoteak dira jatorriz, eta beste herri bat dute mendean, erdi esklabotasunean: damara herria. Damarak beren nagusien hizkuntzan mintzatzen dira, namaz, alegia. Boskimanoak dira Namibiako etnia antzinakoena, nahiz eta, gaur egun, oso gutxi diren. Botswanako boskimanoekin batera, boerrek sarraskitu zituzten Afrika hegoaldeko lehen biztanle haien azken ondorengoak dira. Khoisan familiako klik hizkuntzez mintzatzen dira (baita hotentoteak ere), eta egungo boskimanoen arbasoak ziren Namibiako labarretako pintura ospetsuen egileak. Arraza zurikoak 100.000 inguru ziren independentziaren aurretik, eta gehienak Namibian geratu ziren. Kolono alemaniarren, afrikanerren eta britainiar jatorriko hegoafrikarren ondorengoak dira. Adin egiturari dagokionez, 0-14 urte bitartekoak biztanleen % 44 dira, 15-64 urte bitartekoak % 52, eta 65 urtez gorakoak % 4 besterik ez. Bizi itxaropena oso laburra dute, batez beste, namibiarrek: gizonezkoek 41 urtekoa eta emakumezkoek 40koa. Emankortasun indizea 4,9 haurrekoa da emakumeko. Biztanle dentsitatea oso eskasa da: 2 biztanle km2-ko.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Namibiako historia»
Antzinako San edo Boskimanoen labar artea

K. a. 26.000an boskimanoen (Namibiako lehen biztanleak) aitzinekoek labar-pinturak egiten zituzten, Afrikako antzinakoenak. Mendeetan zehar migrazio ugari egon ziren, hasieran khoisan etniakoak eta gero bantu etniakoak (gaur egungo biztanleriaren gehiengoa). Namibian oinak jarri zituzten lehen europarrak portugaldarrak izan ziren XVI. mendean, baina Namib eta Kalahari basamortuak hesi handiak bihurtu ziren europarren esplorazio eta kolonizaziorako. XIX. mendean ingeles eta alemaniarrak lekutzen hasi ziren Namibian, eta azkenik 1884an alemaniar kolonia bilakatu zen. 1904an hereroak, bantu herri bat, alemaniarren aurka altxatu ziren. Hereroak sarraskituak izan ziren, lehen Waterberg-eko batailan eta gero kontzentrazio-zelaietan. Hereroak, gerraren aurretik 80.000 inguru zirenak, 1911n 15.000 baino ez ziren. Hauxe izan zen XX. mendeko lehen genozidioa.

1915. urtean, Lehen Mundu Gerran, hegoafrikarrek Namibia hartu zuten, eta 1920an Nazioen Elkarteak Hegoafrikari agindu bat eman zion Namibia administratzeko. Hurrengo urteetan Hegoafrikatik etorkin zuri ugari etorri ziren, beltzak baztertzeko legeak indartu ziren eta haien matxinadak oso gogor zapaldu ziren.

1946. urtean Hegoafrikak Namibiaren anexioa aldarrikatu zuen. NBEk gaitzetsi zuen, baina Hegoafrikak ez zuen NBEren agintea onartu. 1959an Windhoek-en apartheid-aren aurkako manifestazio bat zapaldua izan zen eta 57 beltz hil zituzten bertan. 1960an SWAPO (South-West African People's Organisation edo Hego-Mendebaldeko Afrikar Herriaren Erakundea) sortu zen eta 1967an hegoafrikarren aurkako gerrilla- borroka hasi zuten. 1968an NBEk Namibia izena eman zion herrialdeari (ordura arte Hego-Mendebaldeko Afrika deitzen zen). 1979an apartheid-a indargabetu zen. 1989 SWAPOk lehen hauteskunde benetan demokratikoak irabazi zituen eta 1990ean Namibiak independentzia lortu zuen. 1994an Namibiak Walvis Bay (Hegoafrikako barrendegia) berreskuratu zuen.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria aktiboaren ia erdia (% 49) lehen sektoreko jardueretan enplegatzen da: abere hazkuntzan (ahuntzak, abelgorriak eta karakul ardiak) eta iraupeneko nekazaritzan (artoa, artatxikia), lurraldearen idortasunak ez baitu ematen beste ezer askotarako aukerarik. Kolonoen garaian, karakul ardien hazkuntza zen inguru hartako nekazaritza jarduera nagusia, baina gaur egun ez du garrantzirik ia Namibiako ekonomian. Zurien etxaldeetan esportaziorako hazten den abelgorria, aldiz, negozio oparoa da. Lehen sektoreari, hala ere, BPGren % 11 besterik ez dagokio. Baina, baliabide naturalei dagokienez, herrialde aberatsa da Namibia, lurpeko baliabideetan batez ere: badira diamanteak, kobrea, uranioa, urrea, beruna, eztainua, litioa, kadmioa, zinka, gatza, banadioa, gas naturala, zilarra, tungstenoa& Horregatik, ez da harritzekoa Namibiako ekonomia esportazioko meatzaritzaren hain mendean egotea. BPGren % 34 dagokio meatzaritzari eta berorren inguruko industriari. Bitxigintzarako diamante produkzioak mea produkzio osoaren balioaren bi heren hartzen ditu: milioi eta erdi kilate inguru urtean, kostako hondartzetatik eta itsaspeko hondoetatik atereak. Garrantzi handikoak dira, orobat, uranio eta kobre ekoizpenak, munduko meategi handienetakoak baitaude Namibian, baina, azken urteotan, uranioaren eta kobrearen prezioek behera egin dute merkatuan, eta horrek ekoizpena ere jaistea ekarri du.

Namibiako itsasertzeko urak, Bengelako ur-lasterrari hotzari esker, oso aberatsak dira mota askotako arrainetan, baina sardina, antxoa eta berdela dira hango arrain mota nagusiak. Independentziaren aurretik, mundu guztiko ontziek egiten zuten arrantzan Namibiako uretan eta arrantza kopuruak asko jaitsi ziren. Burujabetasuna lortu ondoren, Namibiako gobernuak debekatu egin zien kanpoko ontziei bere uretan arrantza egitea eta, horri esker, berriro ere dezente ugaldu dira asko urriturik zeuden hainbat arrain mota.

Aberastasun natural handiak gorabehera, Namibiaren merkataritza balantza defizitarioa da, eta Hegoafrikarekin ditu merkataritza harreman gehienak. Industria gutxi du eta biztanleria aktiboaren ia % 40 lanik gabe dago. Namibiako gobernuak, ekonomia suspertzeko beste hainbat neurriren artean, Walvis Bay-ko portuan eremu franko bat ezartzea erabaki du. Diruari dagokionez, 1993 arte, Hegoafrikako rand-a izan zen Namibiako diru ofiziala; baina data hartatik aurrera, Namibiako dolarra da diru ofiziala. Bi garraiobide nagusi dira Namibian: errepidea eta burdinbidea. 55.000 km-ko errepide sarea du, eta 2.380 km-ko burdinbidea. Itsas portu bakarrak, berriz, esandako Walvis Bay eta Lüderitz dira. Nazioarteko aireportua dago Windhoeken. Namibiako ekologia arazo nagusiak ia etengabeko idortearen ingurukoak dira: ur iturri natural oso mugatuak (ez du ibairik lurraldearen barruan) eta basamortuaren zabaltze atergabea.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Namibia errepublika parlamentarioa da. Errepublikako presidentea bost urteko eperako hautatua da, bi aldiz berriztagarri. Benetako exekutiboaren burua da. Presidenteak lehen ministroa izendatzen du. Independentziatik SWAPO izan da lehen indar politikoa.

Parlamentua ganbarabikoa da. Konstituzioa aipagarria da, bere testuan ingurumenaren babesa aurki daiteken lehenetarikoa da eta.

1990eko martxoaren 21ean independentzia erdietsi ondoren, konstituzio berria onartu zuten eta, haren indarrez, bi ganberako parlamentua, sistema alderdi-anitza eta lehendekaria buru duen errepublika demokratikoa jarri zen indarrean. Hauteskundeak bost urtetik behin egiten dira, eta 18 urtez gorako pertsona guztiek dute botoa emateko eskubidea. Errepublikako lehendakaria estatuburua eta gobernuko burua da, aldi berean. Legegintza eskumena 72 diputatuz osatutako Batzar Nazionalean datza, goiko ganberak edo Kontseilu Nazionalak (26 kontseilariz osatua) ez baitu erabakitzeko eskumenik. Gobernuko ministroak lehendakariak aukeratzen ditu Batzar Nazionaleko diputatuen artetik. Administrazio aldetik, hamahiru eskualdetan banatuta dago Namibia: Caprivi, Erongo, Hardap, Karas, Khomas, Kunene, Ohangwena, Okavango, Omaheke, Omusati, Oshana, Oshikoto eta Otjozondjupa. Ondorengo hauek dira Namibiako alderdi politiko nagusiak: Afrikako Hego Mendebaldeko Herri Erakundea (SWAPO); Justiziarako Alderdi Demokratiko Nazionala (NDPFJ); Turnhalle Itun Demokratikoa (DTA); Fronte Batu Demokratikoa (UDF); Monitoreen Ekintza Taldea (MAG); Namibiako Koalizio Demokratikoa (DCN).

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Namibiako eskualdeak

Namibia 13 eskualdetan banatua dago.

Eskualdeak (haien hiriburuekin) hauexek dira:

  1. Caprivi (Katima Mulilo)
  2. Erongo (Swakopmund)
  3. Hardap (Mariental)
  4. Karas (Keetmanshoop)
  5. Kavango (Rundu)
  6. Khomas (Windhoek)
  7. Kunene (Opuwo)
  8. Ohangwena (Oshikango)
  9. Omaheke (Gobabis)
  10. Omusati (Outapi)
  11. Oshana (Oshakati)
  12. Oshikoto (Tsumeb)
  13. Otjozondjupa (Otjiwarongo)


Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etosha-ko Parke Nazionala

Namibiako ekonomia oso loturik dago Hegoafrikakoarekin. Meatzaritza oso garrantzitsua da ekonomian. Uranioaren eta diamanteen erauzpena aipagarriena da, baina berun, zink, eztainu, zilar eta wolframiorenak ere oso garrantzitsuak dira, besteak beste.

Nahiz eta nekazaritza Namibiako BPGren %12 baino ez den, biztanleriaren gehiengoak jarduera honetan lan egiten du, batez ere iraute-sektorean, lurren gehiengoak zuri gutxiren esku daude eta. Artatxikia, basartoa eta kakahueteak dira hazte nagusiak. Abereen artean behiak eta ahuntzak. Ostruka ere garrantzitsua da. Namibiako kostaldeko ur garbi eta hotzak arraintsuak dira: sardinak, antxoak, legatzak, besteak beste.

Turismoa gero eta garrantzitsuagoa da ekonomian, naturaren edertasuna eta fauna autoktonoari esker.

Afrikako estatu gehienekin alderatuta, Namibia aberatsa da, baina alde ekonomiko handiko estatua da: zuriak beltzak baino askoz aberatsagoak dira oraindik, eta langabeziaren tasa %30 eta %40 bitartekoa da.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Himba etniako gizakiak

Afrikako beste estatu batzuen aldean, Namibiak biztanle dentsitate baxuenetarikoa du. Biztanleriaren gehiengoa (%84) beltzak dira. Etnia nagusia ovambo da, biztanleriaren erdia. Zuriak %8 dira (Afrika Beltzean bigarren proportzioa, hegoafrikarren atzetik), holandar, alemaniar, britainiar, frantses eta portugaldarren ondorengoak. Mestizoak %8 dira.

Hizkuntza ofizial bakarra ingelesa da. Namibiarren erdiaren lehen hizkuntza oshiwambo (ovamboen hizkuntza) da, eta gehien ulertzen den hizkuntza afrikaansa da (gazteen artean ingelesa da, hezkuntzaren ondorioz). Zurien artean afrikaansa eta alemana (independentzia arte hizkuntza ofizialak) dira hizkuntza nagusiak. Kristautasuna da erlijio nagusia.

Namibian HIESaren tasa munduan altuenetakoa da, eta horren ondorioz, bizitza itxaropena 20 urte inguru jaitsi da azken urteotan.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Boskimanoen labar-pintura Spitzkoppe-n

Namibiako literatura bi adar ditu: etnia beltzen ahozko tradizioa (ipuin eta kondairak) eta zurien literatura (alemanez nagusiki), orokorrean lurralde bitxi eta ezatsegin honetan bizi izandakoari buruzkoa.

Labar-pintura oso interesgarria da eta lurraldeko zenbait lekutan margolan ederrak ikusgai daude. Orokorrean zuriek beraien lanetan paisaiak, flora edota fauna islatzen dituzte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Namibia Aldatu lotura Wikidatan