Errege nahi zuen gizona

Wikipedia, Entziklopedia askea


Errege nahi zuen gizona (jatorrizko izenburua, ingelesez: The Man Who Would Be King) John Hustonek zuzenduriko abentura filma bat da, 1975an estreinatua. Rudyard Kiplingen eleberri labur batean oinarrituta dago, eta EITBk euskarara bikoiztu zuen.

Filmak Maurice Jarre frantziar musikagile ospetsuaren soinu banda bikaina du. Filma aldiz Marokon filmatu zen.

Argumentua

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

XIX. mendea Indiako Britainiar Raj lurraldea. Gau batez Rudyard Kipling idazlea (Christopher Plummer) bere egunkariko bulegoan idazten ari dela gizon zarpail eta desitxuratu bat hurbildu eta hitz egiten hasi zaio. Hasieran Kiplingek diru eskean sartu den behartsu bat dela usteko du, baina bapatean, harriduraz, haren aurpegia ezaguna egin eta orain duela bi urte ezagutu zituen alproja parea osatzen zutenetako bat dela ohartuko da, hots, Peachy Carnehan zena (Michael Caine). Orduan, duela bi urte bere bulegoan hiruen artean izandako hizketaldiaz oroitzen hasiko da...

Daniel Dravot (Sean Connery) eta Peachy Carnehan britainiar armadako bi gudari ohi abenturazale, harroputz eta lotsagabe batzuk dira, edozertarako beti prest, biak masoiak izateaz gain bizia nolabait aurrera ateratzeko asmoz negozio usteletan sartuak daude.

Behin batez Danielek urruti eta erabat isolaturik dagoen Kafiristan (gaur egungo Afganistan herrialdeko Nuristan eskualdea) erresumaren berri du, hau Himalaia mendietatik haratago dagoen kondairazko erresuma bat da, hortaz bi adiskideak elkarren artean ados jarri eta bertaratzeko bidai arriskutsuari ekingo diote. Ia hiltzear egon diren bidaia burutu ondoren, Kafiristana ailegatu eta bertan Billy Fish (Saeed Jaffrey) izeneko gurkha ohi bat ezagutuko dute, honek bertakoen eta haien arteko itzultzaile lanak egingo dizkielarik. Han gudaz-guda bertako herrixketako jendea gudaroste txiki batean bildu eta azkenik haren buruzagiak bilakatuko dira. Horretaz gainera, eta guda batean zehar Daniel Dravoti gezi batek jo eta bere soinean eta arroparen azpiean zeraman bandolera batean jo izanaren ondorioz bizirik ateratzean, bertako jendeak antzina bertan egon eta itzultzeko zina egin zuen jainko bat dela usteko du (gerora jainko hori Alexandro Handia zela ohartuko dira).

Britainiar alproja bi horiek, orduan, euren aldeko egoera horretaz baliatuko dira euren hasierako asmoa betetzeko: aberastea, alegia.

Aktoreak

Kanpo loturak