Gerry Adams

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gerry Adams
Gerry Adams
Gerry Adams 2012an.
Datu pertsonalak
Izen osoa Gerry Adams
Jaio 1948ko urriaren 6a
Belfast, Ulster (Irlanda)
Etnia Irlandarra
Bikotekidea(k) Collette McArdle
Webgunea http://leargas.blogspot.com.es/

Gerard Adams, irlanderaz Gearóid Mac Ádhaimh, (Belfast, 1948ko urriaren 6a) Ipar Irlandako Sinn Féin alderdi errepublikanoko burua da, zein 2005eko Britania Handiko hauteskunde orokorretan Belfast Hitzarmenaren aldeko alderdi errepublikano nagusia bihurtu zen. Gerry Adams, gainera, Britania Handiko Parlamentuko kidea da, Mendebaldeko Belfast eskualdearengatik, nahiz eta Sinn Féineko kideak, parlamentu hori atzerritartzat jota, ez diren aurkezten.

Gerry Adamsek beti IRAko kidea izanari uko egin dio, Hego-Belfastko komandatea zela egotzi bazitzaion ere. Sinn Féineko buruan, Ipar Irlandako gatazka era baketsu eta demokratikoen bidez konpontzearen alde egin du.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerry Adams 2001an.

Errepublikaren alde borrokatzeagatik poliziaren zapalkuntza jasan behar izan zuen aitaren pausoak jarraituz, Gerry Adams bera ere ekintzaile politiko sutsua izan zen gaztetatik, 1969an Ulsterren katolikoen eta unionista protestanteen arteko gerra piztu zenetik. 1973. urtean, bigarren aldiz atxilotu zutenean, kartzelatik ihes egin eta Irlandara itzultzea lortu zuen. Ordutik aurrera gero eta kargu garrantzitsuagoak izan zituen Sinn Feinen, Irlandaren askatasun politikoa eskatzen duen mugimendu abertzalean, zeinaren adar militarra Irlandaren Askatasunerako Armada (IRA) baita. 1972an hasi zen IRAren lehen su-etena, eta Gerry Adams eta Martin McGuinness, Sinn Feinen ordezkariak, William Whitelaw, Ulsterrerako ministroarekin elkarrizketatu ziren, baina bilerak porrot egin zuen.

1973-1974 bitarteko epean boterea unionisten eta katolikoen artean banatzeko saioa egin zen eta IRAk su-etena iragarri zuen bigarren aldiz; hiru hilabete iraun zuen oraingoan. Hurrengo su-etena 1975ean izan zen, gobernu britainiarra ezkutuan Gerry Adamsekin bildu ondoren. Downing Streeteko gobernuak ehunka atxilotu errepublikar askatu zituen, baina porrot egin zuen berriz ere, adostasun politikorik iritsi ez zelako. 1982an Adamsek aulkia lortu zuen Britainia Handiko parlamentuan, baina inoiz ez zuen bete. Bi urte geroago erakundearen buru aukeratu zuten. IRAren atentatuak zirela eta, negoziazioak geldirik zeuden eta gobernu britainiarrak debekatu egin zien Sinn Feinen buruei telebistan hitz egitea.

1992ko apirilean hauteskunde orokorrak egin ziren Erresuma Batuan eta Sinn Feinen buruak galdu egin zuen 10 urte lehenago ateratako aulkia. Handik bi egunera, Londresen 3 hildako eta 90 zauritu utzi zituen IRAren atentatuen erantzukizuna leporatu zioten Adamsi. 1993an negoziazio amaigabeak hasi zituen Irlandako gobernuarekin. John Hume, Alderdi Laborista Sozialdemokrataren burua izan zen bitarteko. Biek batera inoiz argirik ikusi ez duen dokumentu bat idatzi zuten eta Albert Reynoldsi, Irlandako Lehen ministroari bidali zioten. Urte bereko ekainaren 9an, atentatu bat jasan zuen Adamsen etxeak eta bere emazteak eta semeak kalteak izan zituzten. 1994ko abuztuan IRAk su-eten iraunkor eta baldintzarik gabea iragarri zuen. 1996ko otsailean bertan behera gelditu zen su-etena. Adamsek ahaleginak egin zituen bere burua eta Sinn Fein IRArengandik aldentzen, baina gobernu britainiarrari ere agindutako elkarrizketak egin ez izana leporatu zion. Nolanahi delarik ere, Adams izan da IRAk 1994. eta 1997. urteetan agindutako su-etenen eragile nagusietako bat. Sinn Fein alderdiko buruzagia da.

Euskal Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko urriaren 17an Donostiako Aieteko jauregian Kofi Annan, Bertie Ahern, Jonathan Powell, Gro Harlem Brundtland eta Pierre Joxerekin batera Aieteko Adierazpena irakurri zuen.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Falls Memories, 1982
  • The Politics of Irish Freedom, 1986
  • A Pathway to Peace, 1988
  • An Irish Voice
  • Cage Eleven, 1990
  • The Street and Other Stories, 1992
  • Free Ireland: Towards a Lasting Peace, 1995.
  • Before the Dawn, 1996, Brandon Books, ISBN 0-434-00341-7
  • Selected Writings
  • Who Fears to Speak...?, 2001 (Original Edition 1991), Beyond the Pale Publications, ISBN 1-900960-13-3
  • An Irish Journal, 2001, Brandon Books, ISBN 0-86322-282-X
  • Hope and History, 2003, Brandon Books, ISBN 0-86322-330-3
  • A Farther Shore, 2005, Random House
  • "The New Ireland: A Vision For The Future", 2005, Brandon Books, ISBN 0-86322-344-3
  • An Irish Eye, 2007, Brandon Books

Itzulpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Kalea. Gerry Adams. Itzultzailea: Mikel Mendizabal, 1995. Txalaparta argitaletxea, ISBN: 9788481360011[1]

Gaztelaniaz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Hacia la libertad de Irlanda. Gerry Adams. Itzultzailea: Mitxel Sarasketa, 1991, Txalaparta argitaletxea, ISBN: 9788486597344[2]
  • La busqueda de la paz. Gerry Adams. Itzultzailea: G. Di Masso, 2001, Txalaparta argitaletxea, ISBN: 9788481361742[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Kalea. Gerry Adams. Itzultzailea: Mikel Mendizabal, 1995. Txalaparta argitaletxea, ISBN: 9788481360011 (Euskaraz)
  2. Hacia la libertad de Irlanda. Gerry Adams. Itzultzailea: Mitxel Sarasketa, 1991, Txalaparta argitaletxea, ISBN: 9788486597344 (Gaztelaniaz)
  3. La busqueda de la paz. Gerry Adams. Itzultzailea: G. Di Masso, 2001, Txalaparta argitaletxea, ISBN: 9788481361742 (Gaztelaniaz)

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gerry Adams Aldatu lotura Wikidatan