Iberiar apo pintatu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Wikipedia:Taxotaula bat irakurtzeko eraTaxotaula bat irakurtzeko era
Iberiar apo pintatua
Status iucn3.1 LC eu.svg

Iraute egoera: Arrisku Txikia
Iberiar apo pintatua
Iberiar apo pintatua


Sailkapen zientifikoa
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Anfibia
Ordena: Anura
Familia: Discoglossidae
Generoa: Discoglossus
Espeziea: D. galganoi
Izen binomiala
Discoglossus galganoi
(Capula, Nascetti, Lanza, Bullini eta Crespo, 1985)
Discoglossus galganoi range Map.png

Iberiar apo pintatua (Discoglossus galganoi) Discoglossidae familiako urlehortarra da, Iberiar Penintsulan bizi dena[1].

Apo pintatua Iberiar Penintsulako endemismoa dugu. Apo txikia da, 75 mm-koa gehienez eta azken urteetan, medio urtarraren degradazioa dela eta bere populazioek behera egin dute. Euskal Herrian, 1996. urtetik dago EAEko espezie Mehatxatuen Katalogoan zerrendatuta, 'Bakana' kategorian.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zapaburuak txikiak dira, 25-40 mm-koak. Uzkia, gorputz erdialdeko lerroan dute eta atzealderantz zabaltzen da. Aho-hortzak bi ilaratan kokaturik daude (serieka) eta bi goi-serie eta hiru behe-serie dituzte. Goi-seriea erdialdean etena egoten da. Sabelaldean espirakulu bat dute, gorputzaren erdialdean. Isatsa, zabala baino 3-4 aldiz luzeagoa da, itxura poligonalekoa eta mutur borobilduarekin. Gandor kaudal nahiko txikia dute. Kolorazio arre-iluna dute hasieran eta gerora argitu egiten dira. Zenbait zapaburuek erdialdeko banda dortsala argiagoa dute, bereziki metamorfosia burutzear daudenak.

Apo pintatu helduek buru zapala dute, zabal bezain luzea. Muturra nahiko zorrotza da eta behe-barailarekiko nabarmentzen da. Tinpano txikia dute (begiaren diametroarekiko 2/3 txikiagoa), begi-bistaz ia ikusezina. Ez dute aho-zakurik. Begi-ninia borobildua edo bihotz formakoa da. Ez dute guruin parotoideorik. Irisaren goialdea urre kolorekoa da eta azpialdea ilunagoa. Hortz maxilar eta bomeriarrak dituzte, azken hauek koanen atzean kokatuta. Mingaina, borobildua da.

Hiru esku-tuberkulu dituzte, erdikoa besteak baino luzeagoa izanik, eta barne-tuberkulu metatartsiarra dute. Atzeko hanketako hatzen arteko mintzak oso murriztuta egoten dira (arretan, hatzen luzeraren erdia baino gutxiago eta eme eta gazteetan ez daude). Atzeko hankak nahiko motzak dira eta aurrerantz okertuz gero, inoiz ez dute muturraren luzera gainditzen.

Azal leuna dute, pikor txikiekin. Bi tolesdura kutaneo dituzte, guruin izaerakoak, begietatik izterrondoko guneraino zabaltzen direnak ia modu jarraian. Araldian, arrek barailen azpiko azala papila beltzez estalita izaten dute, sabelalderaino eta aurreko hanketaraino zabal daitezkeenak. Hala ere, oso kolorazio aldakorra dute. Tonalitate arre-horixkak, gorrixkak, berdexkak edo ia beltzak har ditzakete. Ale gehienek orban ilun triangeluarra izaten dute H edo X formakoa, begien atzean kokatuta. Gainontzeko orbanak, orokorrean krema, arre eta beltz kolorekoak izaten dira, inguru argiagoarekin. Apoen bizkarraldetik zehar agertzen dira orban hauek, modu irregularrean kokatuta. Ale askok, gainera, lau banda longitudinal izaten dituzte bizkarraldean, hiru aldeetan eta bat erdialdean, orokorrean zabalagoa eta kolorez argiagoa izaten dena. Azkenik, zenbait aleek kolorazio uniformea azaltzen dute. Sabelaldeko azalak kolore zurixka du eta pikorrak izaten ditu. Hanken azpialdea, arrosa izaten da.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apo pintatua Iberiar Penintsulako endemismoa da eta penintsulako mendebalde guztian zehar banatzen da. Euskal Herrian, isurialde mediterranearreko hegoaldeko zatian kokatzen da, eta iparraldean bi populazio ezagun daude, Bastidan (ibar-basoan eta Rincón de Gimileoko legar-hobian) eta Urdaibain. Nafarroako hegoaldean arruntagoa da.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apo pintatua nahiko espezie nonahikoa da eta habitat askotan aurki daiteke. Lurzoruari dagokionean, nahiago ditu substratu silizeo edo metamorfikoak. Eskualde irekietan bizi da, esate baterako larreetan edo baso-ertzetan (artadiak, ameztiak, pinudiak...), baina ibai eta errekatxoen ertzetan ere aurki daiteke, makal eta lizarren inguruan. Kobazulo eta meategietan bizitzen ere ikusi izan da inoiz.

Hezetasun handiko zonaldeak behar ditu, eta gehienetan ur emarien ondoan bizi da, bereziki belarkarak dauden lekuetan, hauetan babesten baita. Araldian zehar larre istilduetan, putzuetan edo sakonera gutxiko errekatxoetan aurki daiteke. Nahiko ondo jasaten dituzte kutsadura organikoz hornitutako urak. Euskal Herrian, Pinus sylvestris baso batean, ibaiertzeko landaredia ugariko garrantzi txikiko erreketan eta zanga batetik hurbil dauden eremu mediterranearreko labore eta lugorritan ikusi izan da. Oro har, mediterranear eta azpimediterranear motako habitatetan, zuhaitz eta belarki-multzoetan aurki daiteke, eta lotura estua du ur-masa geldoekin edo ugaltzeko erabiltzen dituen zanga eta ur-ibilgu txikiekin. Ur-masa handiak eta ur-landaredia dutenak ditu nahiago. Urdaibaiko populazioa kostaldeko paduretan bizi da, nahiko ondo toleratzen baitu apo pintatuak ur gazia. Altitude ertaineko edo txikiko zonaldeak nahiago ditu, orokorrean 300-900 metrora bizi delarik, baina itsas mailan ere bizi daiteke.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zapaburuak fitoplaktonez, edota deskonposaketa prozesuan dagoen materiaz elikatzen dira, eta neurri txikiagoan ornogabe urtar txikietaz.

Aldiz, heldu eta gazteak batik bat medio lehortarrean elikatzen dira. Ornogabe desberdin asko jaten dituzte, esaterako, araknidoak, moluskuak (barraskilo eta bare txikiak), oligoketoak eta intsektuak (diptero, koleoptero, efemeroptero, dermaptero, hemiptero, ortoptero, lepidoptero eta himenoptero txikiak). Ez dituzte euren harrapakinak aukeratzen eta euren inguruan mugitzen den tamaina egokiko ia edozein animalia jaten dute (ez dute tenebrionidorik, diplopodorik, ezta krisomelidorik jaten). Gazteen harrapakinak, helduenak baino txikiagoak izaten dira eta kolenbolo eta akaroak ere jaten dituzte. Azkenik, zenbait helduren artean jarrera kanibalak ikusi dira, apo pintatu gazteak janez.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur-masa txiki eta geldoetan ugaldu ohi dira, bai korrontedun ur oxigenatuetan zein kutsatutako urmaeletan. Apo lasterkariarekin eta apo arruntarekin konpartitzen ditu askotan errutzeko lekuak eta nolabaiteko lehiakortasuna ikusi izan da hauen artean (baita Pelobates cultripes eta Rana perezi espezieekin ere).

Anplexua iztaikoa da eta iraupen motzekoa (2 minutu baino gutxiagokoa). Eme bakar bat zenbait arrekin ugaldu ohi da eta 300-700 arrautz jartzen ditu bakoitzarekin nahiz eta denetara 1.500 arrautz inguru errutera iritsi daitekeen. Arrautza kopurua eta emearen tamaina erabat loturik daude. Arrautzak arrek ernaltzen dituzte ateratzen doazen heinean, anplexuan zehar. Espermatozoideen tamaina handia eta mugikortasun txikia dela eta, arrautzen ia %60 ernaldu gabe gelditzen da. Larbak 2-9 egunera jaiotzen dira eta hauen garapenak 20-60 egun irauten ditu, dietaren eta tenperaturaren arabera (azkarrago tenperatura epeletan).

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apo pintatu helduak ilunabarrekoak eta gautarrak dira batik bat, eta soilik araldian zehar aurkitzen dira egunez. Hala ere, ale gazteak aktiboagoak dira egunez. Urte osoan zehar azaltzen dute aktibitatea baina muturreko tenperaturak dituzten hilabeteetan zehar babestu egiten dira, hibernatzera iritsi gabe. Altitude handietan askotan ez dira horren aktiboak izaten eta harri edo enborren azpian babesten dira, edo haiek induskatutako galerietan.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apo pintatuak harrapari dexente ditu, esate baterako sugeak (Natrix natrix, Natrix maura eta Hermorrhois hippocrepis), hegaztiak (Buteo buteo, Lanius collurio, Tyto alba, Ciconia ciconia, Ciconia nigra, Athene noctua, Strix aluco, Ardea eta Ardeola generoak), eta ugaztunak (Genetta genetta, Lutra lutra, Mustela vison eta Meles meles). Larbak, aldiz, ur-intsektuek, arrainek, ur-sugeek eta beste anfibioek jaten dituzte (Triturus marmoratus). Azkenik Triturus pygmaeusek apo pintatuaren arrautzak jaten ditu. Bestalde, apo pintatuak Batrachobdella generoko izainak izaten dituzte maiz.

Azken urteetan, gainera, Procambarus clarkii ur-karramarro amerikarra ikusi izan da apo pintatuaren arrautz, larba eta gaztetaz elikatzen, eta beherakada handia sortzen ari da hauen populazioengan.

Antzeko espezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Discoglossus jeanneae antzekoa da baina burua zabal baino luzeagoa du eta atzeko hanka luzeagoak, aurrerantz okertuz gero, muturraren luzera gainditzen dutenak.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apo pintatua 1996. urtetik dago zerrendatuta EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan, 'Bakana' kategoriaren barruan. Horrez gain estatuko eta Europako zerrenda gorrietan ere sailkatuta dago 'Ia mehatxatua' kategorian. Mehatxu berezirik gabeko beste hainbat anfibio espezierekin gertatzen den bezala, ustiatzen dituen ur-masen, bereziki urmael eta ur-ibilgu txikien, desagertze edo aldaketek ugaltze-habitata murriztu eta populazioen hedatzea mugatzen dute. Inguruaren kalitatearen aldaketak espeziearen erregresioa eragin ohi du eta hezeguneak desagerrarazi eta baliabide eutrofikoak murriztarazten dituzte Penintsulako beste hainbat eremutan. Ur-masak azidotzeak larben bideragarritasuna murrizten du. Pestizidek metamorfosia aldatu eta larben bideragarritasunari eragiten diote. Azkenik, ur-masetako arrain-sartzeek, eta bereziki Procambarus clarkii ur-karramarroak eragin kaltegarriak dituzte, arrautzak eta larbak jaten baitituzte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Jaime Bosch, Pedro Beja, Miguel Tejedo, Miguel Lizana, Iñigo Martínez-Solano, Alfredo Salvador, Mario García-París, Ernesto Recuero Gil, Carmen Diaz Paniagua, Valentin Pérez-Mellado, Rafael Marquez. 2009. Discoglossus galganoi. 2009 IUCN Red List of Threatened Species
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Iberiar apo pintatu Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Discoglossus_galganoi