Jan Vermeer

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
"Kristo, Martaren eta Mariaren etxean" (1654-1655), Johannes Vermeer.

Johannes, Jan edo Johan Vermeer, jaiotzez Joannis Vermeer (Delft, Herbehereak, 1632ko urriaren 31 - Delft, 1675eko abenduaren 15a) margolari herbeheretarra izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ehule eta ostalari baten semea zen, XVII. mendean Herbehereetan nagusi zen burgesia txikikoa zen, beraz. 1653aren bukaeran, Delfteko margolarien gidan onartu zuten Vermeer, eta horrek esan nahi zuen hainbat urtez ari izan zela itzal handiko maisu batekin ikasten. Leonaert Bramer (1595-1674) izango zen, ziur asko, maisu hura, Delfteko garai hartako margolari ospetsuenetako bat. Vermeerren obra ez zen oso oparoa izan, hogeita hamar bat koadro hartzen dira gaur egun hark margotutakotzat; oparotasunik eza guztiz bat dator haren lan egiteko modu arduratsu, zehatz eta zorrotzarekin. Garai hartako lekukotasun idatzien arabera, Vermeerrek arrakasta izan zuen, eta prezio onean saldu zituen margolanak, baina, 1672ko krisi ekonomikoaren ondorioz, erreka jo zuen, eskasian egin zituen azken urteak, eta hil ondoren zorpeturik utzi zuen bere familia.

"Bitartekoa" (1656), Johannes Vermeer. Ezkerreko gizona omen da Johannes Vermeerren autoerretratu bakarra.

Vermeerren hiru koadroren data zehatza baizik ez dakigu: "Gorteko andrea" (1656), "Astronomoa" (1668) eta "Geografoa" (1669). Hala eta guztiz ere, haren obra ia osoa gaur egun arte gorde denez, badago jakitea zer urrats artistiko egin zuen eta zer nolako bilakaera izan zuen. "Kristo, Martaren eta Mariaren etxean" eta "Diana eta haren lagunak" 1654-1656koak behar dute izan. Bi koadro horiek gai historikoak dira. Vermeer barrualdeetako gaiak lantzen zituen margolari gisa baldin bada ere ezaguna, bide hori geroago baizik ez zuen hartu, eta hasieran men egin zion Italian sortu eta Herbehereetan indar handia hartua zuen gai historikorako zaletasunari.

1650etik aurrera, maila handiko artista batzuek Delften hartu zuten bizilekua. Rembrandten ikasle Carel Fabritius izan zen haietako bat. Haren trompe l'oeil teknikarekin eta perspektibazko kutxekin, hirugarren dimentsioaren irudipena sortzen zuen eraikinetako barrualdeak irudikatzen zituzten margolanetan. Urte hartan, halaber, Emanuel de Wittek goi-mailaraino eraman zuen elizetako barrualdeak irudikatzeko antzea. Berrikuntza haiek guztiek hasieran ez zuten eragin handirik izan Vermeerrengan, baina erabakigarriak izan ziren gerora haren lanetan. Garai hartan, Vermeer genero galaiari eta erotikoari atxiki zitzaion, Jacob van Looren, Gerbrand van den Eeckhouten eta Gerard ter Borchen eraginez.

"Esneketaria" (1658-1661).

1656an, "Bitartekoa" margotu zuen. Koadro hori sakonerarik gabeko plano baten gisa zegoen irudikatua, ez baitzituen artean bereganatu Fabritiusek eta de Wittek sakoneraren eremura ekarri zituzten berrikuntzak. Joera horren baitakoa du orobat "Neska gaztea lozorroan" (1657).

Delften bizileku hartu zuen Pieter Hooch margolariak bikain asmatu zuen gertakari galaiak barrualde guztiz errealistetan kokatzen, arestian aipatu diren pintore horien guztien eraginak bildurik. Hoochek eragin handia izan zuen Vermeerrengan: haren bideari jarraiki, gorputz-erdiz ikusitako giza irudi bat edo bi jartzen hasi zen gela bereko leiho ondoan; horren adibide dira, besteak beste, "Soldadua eta neska gaztea", "Neska irakurlea" eta "Esneketaria", "Neska gaztea eta baso bat ardo". Margolan horietan, eguzkiaren argiak gainalde batean jotzen duenean iristen duen distiraren bizitasun osoa nahi zuen irudikatu, eta hori, garai hartan, ezin irudikatuzkotzat jotzen zen. Litekeena da, zatika eta aldez aurretiko zirriborroak erabili ordez, Vermeerrek zuzenean kopiatzea koadro osoa, garai hartako ohituren oso bestela.

"Delfteko ikuspegia" (1660-1661).

1658tik 1661era, Vermeerrek orobat margotu zituen kanpoaldeko ikuspegiak. Haien artean, "Delfteko ikuspegia" da bikainena. Garai horretako koadroen ezaugarri nagusiak dira trinkotasun errealista, gogorra, pintzelkada gotorrez eta pintura sendo oraturik egina -zati argituetan batez ere- eta axaleko margo-geruza zimurtsua.

"Neska perlarekin" (1665-1667).

"Perla pisatzailea", "Perlazko lepokoa" eta "Neska gaztea urdinez jantzita gutuna irakurtzen" lanetan, ordea, Vermeerren pinturak izan zuen aldaketarik: margoaren ehundura leunagoa da, koadroa argiztatzeko modua ez hain bortitza eta bolumenak eta marrak finagoak. Margolariari, ordea, eragozpena zitzaion giza irudien mugimendua nahi bezain zehatz irudikatzea, eta hori zela-eta zurrunak ziruditen ordu arteko margolanetako giza irudiek. Alabaina, hiru lan horietatik aurrera, giza irudiak geldirik egon beharreko zereginetan irudikatuz -begiak erdi itxita askotan- konpondu zuen arazo hura, "Lantegia" lanean garbi ikusten denez. Garai hartan eta koadro horiekin erdietsi zuen Vermeerrek heldutasuna eta betetasuna. Bazekien ezin zuela hobeto margotu, ezin zela urrunago joan, eta, hortaz, estilizaziora jo zuen aurrerantzean.

"Fedearen alegoria" (1670-1674).

1667tik aurrera, Vermeeren azken urteetan alegia, argi ageri dira estilizazio horren ondorioak: alferrikako osagaiak kendu zituen, argia eta itzala zehatzago banatu eta mugatu zituen, oro har, ezin bikainago eta ezin indar handiagoz jakin izan zuen giza jarduera baten edo langintza baten ardura eta arreta irudikatzen. Joera horren erakusgarri dira: "Andrea zutik birjinalaren aurrean", "Maitasunezko gutuna", "Parpaila-egilea'", "Neska gitarra jotzen", "Fedearen alegoria".

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jan Vermeer Aldatu lotura Wikidatan