Kanbodiako historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Kanputxeako historia Kanputxean izan diren herrien historia da. Baina, batez ere, bertako etnia nagusiarena, khmer herriarena eta hauen erresumena, historian zehar gaurko estatuaren mugak gainditu zutenak.

Antzin aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Khmer herria Asia hego-ekialdeko lehenetakoa izan zen Indiatik ideia eta egitura politikoak ezartzen, batez ere lurralde zabalak erresuma zentralizatuen aginpean. Eskualdean ezarritako lehen erresuma ezaguna Funan izan zen, V eta VI. mendeetan garatu zena. Honen ondoren Chenla erresumak jarraitu zuen, oraingo Kanputxea, Laos, Thailandia eta Vietnamgo lurraldeak kontrolatu zituena.

Khmer Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angkor Wat, Angkor hiriko tenplu nagusia

Hala ere, khmer kulturaren urrezko aroa IX-XIII. mendeen artean izan zen, Kanbuja erresumaren garaian. Erresuma honek oraingo estatuari izenetako bat ematen dio: Kanbodia. Khmer Inperio honen hiriburua Angkor hirian zegoen, Mekong ibaiaren ertzean.

Inperioa gainbeheran hasi zen, erresumak indarra galtzen zuen heinean eta inguruko herrien oldarkortasuna gora egiten zuen heinean (batez ere siamdarrena eta txanpatarrena). Beste arrazoi batzuk dinastia barneko liskarrak eta ureztatze sistema konplexuen hondatzea izan zen. Angkorreko erregetzak 1431 arte iraun zuen, tailandiarek hiria hartu eta khmer erregeak hegoaldera ihes egin zuenean.

XV-XIX. mendeen artean gainbehera jarraitua izan zen, lurraldeen galera etengabean, batez ere Siam eta Vietnamen aurrean. XVIII. mendean Vietnamek Mekong ibaiaren delta bereganatu zuen eta XIX. mendean beste lurralde batzuk, khmer lurrak guztiz bereganatu eta kultura vietnamdu nahian.

Frantziaren babesletza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziaren garaiko Phnom Penh

Gainbeheraren beherenean Frantziaren protektoratu bihurtu zen 1863an, Indotxinaren zati moduan. Japoniaren okupazioaren ostean Bigarren Mundu Gerran, 1953an kanputxearrek independentzia aldarrikatu zuten.

Independentzia eta gerra zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerraren biktimak

Monarkia urte batzuen buruan, 1975-1979 artean Khmer Gorrien erregimen komunista ezarri zen, Pol Pot agintari zela. Garai honetan 2.000.000 inguru kanputxear hil zituen Gobernuak, etsai ezkutua delakoaren aurkako politikan, hau da, Kanputxean komunismoa ezartzearen aurka zeudenak aitzakia hartuta. Garai hau Vietnamek Kanputxea inbaditu zuenean amaitu zen, 1978ko abendutik 1979ko urtarrilera iraun zuen 17 eguneko gerran. Horrela, Pol Pot klandestinitatera igaro zen.

1991an, borrokan zeuden aldeek bake hitzarmena izenpetu zuten, Nazio Batuen babespean, eta hauteskunde demokratikoak egin ziren. Horrela, monarkia berrezarri zen eta Norodom Sihanouk errege koroatu. 1998an Pol Pot hil zen eta, ondoren, erregeak amnistia eskaini zien Khmer Gorriei. Hala ere, 2006an Khmer Gorrien Kanputxe Demokratikoak egindako genozidioaren aurkako epaimahaia eratu zen, Nazio Batuen babespean. Epaiketak 2007an hasi ziren, Kanputxeako biztanleen laurdena hiltzeko agindua eman zutenen aurka.

2014ko urriaren 7an, Nazioarteko Zigor Auzitegiak jaso zuen Kanbodiako Gobernuaren kontrako salaketa, gizateriaren kontrako krimenengatik, ustez 770.000 herritar etxea eta lurrak uztera behartu zituztelako 2002tik. Salaketaren arabera, lau milioi hektarea konfiskatu (herrialdearen eremuaren %22) eta agintearen hurbileko enpresei utzi zizkieten, ustia zitzaten[1].


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kanbodiako historia Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «770.000», Berria, 2014-10-08