Mikel Laboa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Mikel Laboa
Mikel Laboa
Mikel Laboa, 2007ko irailaren 22an
Datu pertsonalak
Izen osoa Mikel Laboa Mantzizidor
Jaio 1934ko ekainaren 15a
Euskal Herria Donostia, Gipuzkoa (Euskal Herria)
Hil 2008ko abenduaren 1a
Euskal Herria Donostia, Gipuzkoa (Euskal Herria)

Mikel Laboa Mantzizidor[1] (Donostia, Gipuzkoa, 1934ko ekainaren 15a - Donostia, 2008ko abenduaren 1a) euskal kantaria eta musikagilea izan zen. Hainbat adituren ustez XX. mendeko euskal abeslari esperimentatzaile, ezagun eta eraginkorrenetarikoa izan da, bere oihartzuna gure mugetatik kanpora ere zabaldu zuena. Bernardo Atxaga idazleak dio tradizioa eta abangoardia uztartu zituela, Gabriel Aresti, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida edo Koldo Mitxelena egileen pare.

Hiru zutabek osatzen dute Mikel Laboaren kantagintza: kantu tradizionalen berreskuratzeak, poeta garaikideen hitzen musikatzeak eta lekeitioak deituriko kantuen esperimentazioak. Osagai horiekin, Laboa euskal musikagintzaren erreferentzia handienetakoa izan da 1960ko hamarkadatik hona: Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetakoa eta euskal kantagintzaren berritzaile nagusietakoa izan da, eta euskal herritarren artean errespetu eta miresmen itzela du haren lanak.

Bere diskoen artean, 1974ko Bat-hiru da arrakastatsuena, jada eusko ereserki bihurtu diren hainbat kantekin (bereziki, Txoria txori). Disko hura «Euskal Herriko historian izan den diskorik hoberena» izendatu zuten Diario Vasco egunkariak eginiko bozketa batean.[2]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaroa eta nerabezaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako Parte Zaharrean —San Joan kaleko 15ean— jaio zen, 1934ko ekainaren 15ean, musika maite zuen familia batean. Feliciano Laboa zuen aita, sortzez Pasai Donibanekoa, eta EAJko zinegotzi izana Donostiako Udalean. Gainera, fiskornioa jotzen zuen Donibaneko La Constancia bandan. Amak, berriz, Donibaneko abesbatzan kantatzen zuen. Ohikoa zen Mikel gaztearen etxean kantuz ibiltzea; euskal kanta zahar asko ikasi zituen etxe giroan.

Baina Gerra Zibila hasi orduko familiak alde egin behar izan zuen: aitak, Udaleko zinegotzia zenak, Frantzia aldera jo zuen; amak eta zazpi seme-alabek, berriz, Lekeitio aldera, amak Gardata auzoan zuen baserrira, eta han bizi izan ziren aldi batean. Han bizi izan zuten Gernikako bonbardaketa, Laboak hiru urte zituela.

Gerra amaitu zenean, Donostiara itzuli zen familia osoa, eta Mikelek marianisten ikastetxe batean ikasi zuen. Han Jangoluke izeneko musika hirukotea osatu zuen. Gaztetan harmonikarekin saiatu zen Laboa, baina 16 urte zituenean gitarrarekin hasi zen. Urte haietan neska gazte bat ezagutu zuen Donostian; Marisol Bastida zen inpresio handia utzi zion gazte hura. 1964an ezkonduko ziren.

Unibertsitateko ikasle denbora eta lehenengo kontzertuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batxilergoa amaituta, medikuntza ikastea erabaki zuen, eta horrek Donostiatik kanpo joatera behartu zuen. 1953/1954 ikasturtea Madrilen egin zuen. Handik Iruñera jo zuen, eta han berreskuratu zuen euskara. Iruñean egin zuen bere lehen kontzertua ere, erdaraz: Gaiarre antzokian izan zen, elbarrien aldeko jaialdi batean. Laboak miresten zituen musikarien kantuak jo zituen: Georges Brassens, Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra, The Beatles...

Gaixotasun larria izan ostean, Zaragozara joan zen ikasketekin segitzera. Han eman zuen lehendabiziko kantaldia euskaraz, 1962an, hango ikasle euskaldunentzat, eta bertan izan zuen Ipar Euskal Herriko kantagintzaren berri. Handik aurrera, herri-kantagintza ezinbesteko bihurtuko zen musikari gaztearen errepertorioan.

Zaragozatik Bartzelonara, Neuropsikiatria espezialitatea egitera. Katalunian Nova Cançó eta Els Setze Jutges mugimenduekin egin zuen topo. Horietako askorekin harremana egin zuen, musikarako gero eta joera handia zuen ikasleak. Bartzelonan sortu zuen lehen kanta, Gabriel Arestiren Apur dezagun katea poema musikatuz.

Euskal Kantagintza Berria eta Ez Dok Amairu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez Dok Amairu taldeko zenbait kide, Atahualpa Yupanqui kantariarekin (zutik, ezkerretik hirugarrena). Zutik, eskuinetik hirugarrena, Mikel Laboa.
Sakontzeko, irakurri: Euskal Kantagintza Berria eta Ez Dok Amairu

1963an amaitu zituen medikuntzako ikasketak; hurrengo urteak Donostia eta Bartzelona artean eman zituen. Euskal Herriko egonaldietan, Katalunian ezagututako mugimenduen antzeko zerbait sortzeko ideia zerabilen. Ordurako kantuan hasiak ziren Benito Lertxundi eta Lourdes Iriondo, eta haiekin harremanetan jarri zen. Horiez gain, JosAnton Artze, Jose Angel Irigarai, Julen Lekuona, Xabier Lete, Jose Antonio Villar eta beste artista batzuekin hasi zen elkartzen Kursaaleko etxabean. Ez Dok Amairu izango zena mamitzen hasi ziren.

Baina talde lanaz gainera, bakarkako ibilbideari ekin zion Mikel Laboak. Baionan grabaturiko bere lehen disko txikia eman zuen argitara: Azken (Goiztiri, 1964). Lau kantu ziren lan horretan: Amonatxo, Bereterretxen kanthoria, "O Pello Pello eta Aurtxo txikia. Bi urte geroago, bigarren diskoa argitaratu zuen —ordurako Ez Dok Amairu martxan zegoen—, hura ere Baionan grabatua eta izenbururik gabea. Horretan ere lau kantu ziren, horietatik bi tradizionalak: Ursuako kanta eta Goizuetan. Beste biak Gabriel Arestiren poema musikatuak ziren: Apur dezagun katea eta Egun da Santi Mamiña.

1967an haur psikiatrian espezializatu zen. Handik aurrera Donostiako San Miguel patronatuko Haurrentzako Neuropsikiatria Unitatean mediku lanean ibili zen ia 20 urtez, eta kantagintzan aldi berean.

1969an beste bi disko txiki iritsiko ziren, Urnietan Herri Gogoa diskoetxeak apailaturiko estudioan grabatuak. Batean, izenbururik gabekoan, (Herri Gogoa, 1969), bi herri kanta (Haika mutil eta Iturengo arotza) eta bi olerki musikatu (Daniel Landarten Zure begiek eta JosAnton Artzeren Zilbor hesteak). Bigarren diskoarekin —Bertolt Brecht-en lau poema (Goiztiri, 1969)—, arazo handiak izan zituen, Irigaraik euskaratutako Bertolt Brechten lau olerkiz osatuta baitzen diskoa. Zentsurak ez zuen onartu, eta Ipar Euskal Herrian argitaratu behar izan zuen.

Urte hartan bertan, Ez Dok Amairu taldearekin Baga-Biga-Higa sentikaria prestatu zuen. Manuel Lekuonak Literatura oral vasca liburuan jasotako bi poema onomatopeiko oinarri hartuta, kantu esperimentala sortu zuen donostiar musikariak: lekeitio izena eman zion. Zehazki, Lekeitio 2 zen, horren aurretik sekula grabatu gabeko beste lekeitio bat izan zelako. Horrela, 1969 urrun hartan, finkatuta gelditu ziren Mikel Laboaren musikaren hiru zutabe nagusiak. Lehenik, herri kantuak: handik eta hemendik bildutako kantu tradizionalak moldatu izan ditu Laboak. Bigarrenik, poeta garaikideen olerkien musikatzea: hainbat euskal poetaren testuak erabili izan ditu, baina bereziki Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Xabier Lete eta JosAnton Artzerenak. Eta, azkenik, kantu esperimentalen bidea: lekeitioek osatzen duten bide propio eta imitaezina. Onomatopeiak, errepikapenak eta soinu sailkaezinak erabiliz, estilo berezia lortu du, abangoardia guztien aurretik, moda guztien gainetik.

« Lekeitiok gerra garaian ezagutu nuen Lekeitioko baserri batekin zerikusi handia du, hortik dator, hain zuzen ere, tituloa. Bertako berbaren musikalitatea inpakto handikoa izan zen neretzat. Geroztik maiz joan izan naiz baserri hartara. Fonema eta espresibitate diferenteak ikusirik, ohartu nintzen komunikatzeko bide desberdinak daudela konbentzionaletik aparte, irrintziak... gorputzarekin ere komunikatzeko biderik badugu. Neri ahotsa bidezko komunikazioa ateratzen zait gehienetan.  »
Mikel Laboa[3]

1970eko hamarkada: kantaldien loraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970eko hamarkadan kantaldien loraldia gertatu zen, eta kontzertu asko eman zituen Laboak. Ez Dok Amairu 1972an desegin zen. Orduan, Laboak eta Artze anaiek Ikimilikiliklik ikuskaria prestatu zuten, non poemak, kantuak, diapositibak eta marrazkiak tartekatzen ziren. Marrazkiak Jose Luis Zumetarenak ziren. Izan ere, Laboarekin harreman estua izan du gipuzkoar margolariak: harenak dira musikariaren diskoetako azalak, bai eta afixa asko ere. 1974an disko txikietan emandako kantuak bildu nahi izan zituen Laboak; emaitza Bat-Hiru disko bikoitza (Herri Gogoa, 1974) izan zen. Lan horretatik kanpo gelditu ziren Brechten poema euskaratuak, zentsuratuta segitzen baitzuten. Diskoan Laboaren hiru zutabe nagusiak agertzen ziren: herri kantuak, olerkarien gaineko abestiak eta lekeitioak. Azken horietan, sinbolismo handiko doinua zegoen diskoan, Gernika (Lekeitio 4), bonbardaketaren musikatze hunkigarria. Horrez gain, Txoriak txori bere abestirik ezagunenetakoa grabatu zuen, JosAnton Artzeren poema baten gainean.

Esan bezala, 1970eko hamarkadan kontzertu ugari eman zituen Laboak, 1978 arte Ikimilikiliklik ikuskariarekin tartekatuta. 1977an, Lluis Llachekin emandako kontzertu batean, Komunikazio-inkomunikazioa lekeitioa estreinatu zuen taula gainean, 25 minutuko antzezpen guztiz apurtzailea.

Euskal Herrian ez ezik, atzerrian ere egin zituen emanaldiak Laboak: Madril, Londres, Bartzelona, Paris... 1970eko hamarkadaren amaieran, Espainiako Ariola diskoetxeak kontratua eskaini zion.

1978-1984: etenaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1978. urtean Laboa nekatuta sentitu zen, eta, garai hartako beste abeslari askoren moduan, jendaurreko kantaldietan etenaldia egitea erabaki zuen. 1984 arte iraun zuen atsedenaldiak, eta tarte horretan Lau-Bost disko bikoitza (Xoxoa, 1980) argitaratu zuen. Ohi zuenez, herri kantak daude (Xoxo beltza, Kantuz), poeta garaikideen hitzak (Xabier Leteren Izarren hautsa ezaguna edo zentsura atzean utzitako Bertolt Brechten Liluraren kontra) eta, jakina, lekeitioak (Komunikazio-inkomunikazioa, Dialektikaren laudorioa, Orreaga).

Agertokietara eta diskogintzara itzultzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1984an itzuli zen agertokietara, Donibane Garazin eman zuen kontzertu batean. Dena den, osasun arazoak zituen berriro, eta medikuek atseden hartzeko gomendatu zioten behin eta berriz. Handik aurrera, bakanagoak izango ziren haren emanaldiak. Urte hartan bertan, elkarlan emankorra hasi zuen bere ibilbidean garrantzi handia izango zuen musikari batekin: Iñaki Salvadorrekin, alegia. Jazz munduan trebatuta zegoen Salvador, eta aurrerantzean estilo horretara hurbilduko zen Laboaren musika, kantuak pianoarekin eta bestelako musika tresnekin jantzita.

Horren lekuko da hurrengo diskoa, 6 (Elkar, 1985). Estilo irekiera nabarmena (Lizardi') eta instrumentazio aberatsagoa (Negu hurbilak) ditu diskoak. Sorterriko koblak kantuarekin Joseba Sarrionandiarekin harreman berezia hasiko zuen. Horrez gain, zazpigarren lekeitioa grabatu zuen: Itsasoa eta lehorra.

Haiz zuzen ere, hurrengo diskoa lekeitioen bilduma izan zen, Lekeitioak (Elkar, 1988). Baga Biga Higa eta Itsasoa eta lehorra izan ezik, berriro grabatu zituen ordu arteko lekeitio guztiak. Halaber, bi kantu berri zeuden: Iñaki Salvadorrek pianoan moldatutako Haika mutil, eta Joseba Tapiak grabatutako Iñaki Malbadiren Albiztur izeneko fandangoa, Trikitixa izenpean. Hurrengo bi diskoetan —12 (Elkar, 1989) eta 14 (Elkar, 1994)—, 6 lanean irekitako ildotik segituko zuen. Testuetan Sarrionandia (Hegazti errariak; Oroitzen zaitudanean, ama; Gure oroitzapenak...) eta Atxaga (Antzinako bihotz...) ziren nagusi. Eta lekeitioen sorkuntzak ez zuen etenik: Cherokee, eta Camarónen eta John Cageren omenezko Mugak.

Azken diskoa eta azken kontzertua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mikel Laboaren azken kontzertua, Donostian, 2006ko uztailean.

Osasun arazoen ondorioz, hurrengo diskoaren grabazioa eta argitalpena asko atzeratu zen. Xoriek 17 (Elkar, 2005) Laboaren estudioko azken diskoa izan zen. Hor, James Joyce, Billie Holiday, Jacques Brel, Atahualpa Yupanqui eta Jesus Artze omendu zituen abesti banarekin; herri kantu batzuk berriro grabatu zituen (Xoxo beltza); eta Lisabö rock taldearekin Orduan kantu apurtzailea egin zuen. Gainera, Ruper Ordorika eta Xabier Montoia izan zituen ahotsetan laguntzaile Langile baten galderak liburu baten aurrean kantuan, beste hainbat kolaboratzaileren artean.

2006ko uztailaren 11n aritu zen azken aldiz jendaurrean kantari, Zurriola hondartzan. Donostiako Udalak bakearen alde antolatutako kontzertu hartan, Bob Dylanek ere parte hartu zuen.

Azkenik, gaixotasun luze baten ostean, 2008ko abenduaren 1ean zendu zen, 74 urte zituela, Gipuzkoako Poliklinikan. Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina eman behar zion urte berean,[4] 2008ko abenduaren 23an jaso behar baitzuen. Donostiako udalak, berriz, hiriko urrezko domina eman zion.

Abestigintzan eta beste arteetan utzitako arrastoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fitxategi:Mikel Laboaren omenezko plaka, Antigua (Donostia).jpg
Mikel Laboaren omenezko plaka, Antiguako (Donostia) pilotalekuaren ondoan.

Laboa 1960ko hamarkadan sortu zen kantagintza berriaren eta pop-rocketik edan duen belaunaldiaren arteko zubia izan da. Gazte talde askok miretsi dute Laboaren musika, eta erreferente handia da belaunaldi berrientzat. Horren lekuko da rock taldeekin izan duen harreman berezia. Kortatu taldearen Kolpez kolpe diskoan Ehun ginen abestian kantatu zuen 1988an; eta 1990. urtean, Laboaren kantuen bertsioez osaturik, Txerokee (IZ-Seaska-Elkar, 1990) diskoa grabatu zuten hainbat rock taldek (Su ta Gar, Negu Gorriak, Delirium Tremens, M-ak, BAP!!...).

Omenaldi kutsuko beste lan batzuk ere izan dira. Iñaki Salvadorrek Zilbor hestea disko instrumentala (Elkar, 1992) osatu zuen Laboaren kantuekin, eta Tanttaka antzerki taldeak izen bereko antzezlana osatu zuen dantza eta musika uztarturik. Beste maila batean, 1995. urtean Euskal Herri osoa zeharkatu zuen bederatzigarren Korrikak Laboa omendu zuen, eta horren harira Mikel Laboa liburua argitaratu zuen AEK-k. Bestetik, Julio Medem zinemagileak Laboaren doinuak baliatu zituen Euskal Pilota. Larrua harriaren kontra filmerako.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laboaren lanetan, bada bitxikeria bat: disko guztiak zenbakituta daude, batetik hamazazpiraino, baina hamahirurik gabe, Ez Dok Amairu taldearen omenez.

Laboaren abestien artean, Txoria txori da munduan ezagunena: Joan Baez abeslariak euskaraz kantatu zuen, eta Donostiako Orfeoiak Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin ere abestu du.

Julio Medem donostiarraren Euskal Pilota. Larrua harriaren kontra dokumentaleko soinu banda ere Mikel Laboarena da.

Diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mikel Laboa, 2008ko apirilean. Donostiako Antigua auzoan izan zuen bizilekua bere bizitzako azken 40 urtean.[5]
  1. Lau herri kanta, 1964: EP.
  2. Ursuako kantak, 1966: EP.
  3. Bertolt Brecht, 1969: EP. Bertolt Brechten letrekin.
  4. Haika mutil, 1969: EP.
  5. Euskal kanta berria, 1972 - LP. Aurrekoen bilduma.
  6. Bat-hiru, 1974: LP bikoitza. Bi izeneko diskoa ez zen argitaratu, Bertolt Brechten letrak zentsuratu zituztelako.
  7. Lau-bost, 1980: LP bikoitza.
  8. Sei, 1985.
  9. Lekeitioak, 1988: 7.etik 11.era bitarteko Lekeitioak disko argitaragabeak.
  10. Hamabi, 1989.
  11. Hamalau, 1994.
  12. Mikel Laboa zuzenean, 1997.
  13. Zuzenean II - Gernika, 2000: Laboak 1999ko abuztuan Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin eta Donostiako Orfeoiarekin Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan egin zuen kontzertu berezi-berezia jasotzen du.
  14. 60ak+2, 2003: Lehen obren bilduma.
  15. Xoriek - 17, 2005.
  16. Lekeitioak, 2007: Berrargitalpena, CD bikoitzean.
  17. Mikel Laboa (1934-2008), 2009: Laboaren ibilbide osoa jasotzen duen DVDa. Laboaren emazte Mari Sol Bastidak zuzendutako lan horretan, kantariaren bizitzaren errepasoa egiten da, Laboaren beraren ahotsaren bidez zein haren gertukoenei egindako elkarrizketen bidez.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • ASKOREN ARTEAN. Mikel Laboa. Donostia: Elkar, 1995. ISBN 978-84-7917-477-4
  • Mikel Laboa (1934-2008). Haren bizitzari eta obra artistikoari buruzko dokumentala, DVDan (Elkar), 2009.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mikel Laboa Aldatu lotura Wikidatan