Leonor Akitaniakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Leonor Akitaniakoa[1] (Poitiers, Akitania, gaur egungo Frantzia, 1122 inguruan - Fontevraudeko abatetxea, Anjou, 1204ko apirilaren 1ean) Frantzia eta Ingalaterrako erregina eta Erdi Aro osoko emakumerik boteretsuenetakoa izan zen.

Leonor Akitaniakoa eta Joan (Lurgabea deitua) bere seme gazteena

Gilen X.a Akitaniakoa dukearen eta Châtellerauteko Aenor dukesaren alaba zaharrena izan zen. Leonor izena bere amaren omenez jarri zioten (Alia Aenor, hau da, Beste Aenorren nolabaiteko laburdura gisa), nahiz eta modu askotara idatzi izan den (Leonor, Aliénor, Éléonore, etab.). Hala ere, ez da historian ezagutzen den lehendabiziko Leonor, Normandiako Leonor bera baino mende bat lehenago bizi izan baitzen.

Erdi Aroko ohitura nagusien aurka, bere aitak ahalegin berezia egin zuen alabak hezkuntza garatua jaso zezan. Latinez irakurtzen eta idazten ikasi zuen, baita musika eta literatura bezalako arteak ere. Harrigarriago dena, emakume izan arren, zaldi gainean ibiltzen, salerosketan eta ehizan ere ikasi zuen. 1130ean, zortzi urte zituela, ama eta anaia txikia hil zitzaizkion eta, ondorioz, bere aitaren oinordeko bihurtu zen. Akitaniako dukerriaren lurrak garai hartako Frantziako aberatsenak ziren.

1137ko uztailaren 25an Frantziako oinordeko Luisekin (geroago Luis VII.a Frantziakoa izango zenarekin) ezkondu zen. Luisek Frantziako tronua eskuratu zuenean ez zuen Akitaniako dukerria hartu, bi tronuak bereizita jarraitu baitzuten. Leonorrek, beraz, Akitaniako agintea beretzat gorde zuen. Frantziako gortean ez zuten Leonorren izaera liberal eta aurrerakoia ontzat hartzen, bereziki kleroko zenbait kargudunek. Senar-emazteen artean maitasun harremana zegoen arren, berehala hasi ziren tirabira politikoak, Vermandoiseko konderriari buruzko gatazkan, besteak beste.

Luis VII.ak Bigarren Gurutzadan parte hartu zuenean, Leonorrek gogor egin zuen senarraren iritziaren aurka eta parte hartzeko gogoa erakutsi zuen. Beraz, Akitaniako ordezkari gisa joan zen bertara. Antiokian zeudela, bere osaba Poitiersko Raimundorekin harremanetan egon zela zabaldu zen eta bikotearen arteko harremana krisi sakonean murgildu zen. Hala ere, Luisek berarekin berriz bueltatzera behartu zuen eta, itzuleran, Erroman zeudela, Aita Santuak bultzatuta harremana konpontze bidean jartzeko ahalegina egin zuten. Hala ere, 1152an ezkontza baliogabetzat jo zuen Aita Santuak, beraien arteko familia harremana (hirugarren lehengusuak ziren) aintzat hartuz. Familiako alaba biak, Maria eta Alix, Luisen zaintzapean gelditu ziren eta Leonorri bere familiako lur guztiak itzuli zitzaizkion.

1152ko maiatzaren 18an Ingalaterrako Henrike II.arekin ezkondu zen. Ezkontza horren ondorioz, Akitaniako eta Ingalaterrako lurraldeak batu egin ziren eta Luis VII.aren lurraldeak halako zortzi zituen inperioa osatu zen, Plantagenet dinastiari hasiera emanez. Senar-emazte biek bost seme eta hiru alaba izan zituzten. Bere senarraren desleialtasunak bultzatuta, hiru semeren errebolta bultzatu zuen beraien aitaren kontra. Altxamendu hori garaitu ostean, Henrike II.ak Leonor atxilotu egin zuen eta giltzapean egon zen 1189ra arte.

Henrike II.a hil ondoren, bere seme Rikardo Lehoi Bihotz jarri zen agintean. Hau gurutzadetan zela, Leonorrek izan ohi zuen Akitaniako eta Ingalaterrako agintaritza. Gurutzadak amaitu ondoren, Fountevraudeko abade-etxera erretiratu zen, baina 1199an berriz atera zen Rikardo hil ondoren erregetza azken honen anaiak (Joan Lurgabea) har zezan. Hurrengo urtean, 80 urte zituela, Gaztelara jo zuen Alfontso VIII.aren eta Leonorren alaben artean Frantziako erregina izango zena aukeratzera (Luis VIII.aren emazte izango zena, alegia).

1204ko apirilaren 1ean hil zen eta bere senar Henrike II.aren eta seme Rikardo I.aren ondoan hilobiratu zuten Fontevraudeko abatetxean (Anjou).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Leonor Akitaniakoa Aldatu lotura Wikidatan