Masusta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Masusta
compound drupe (en) Itzuli eta fruitu gorri
Historia
Honen produktuaMasusta

Masusta, martxuka eta maruga[1] basa fruitu baten izena da, bi genero desberdinetako landareek ematen dutena:

Bi generootako fruituek itxura eta zapore oso antzekoa dute.

Lehen hiru izen horien aldaera fonetikoak hamaika dira euskaraz, euskalki batetik bestera: maraxuxa, masusa, mazuza, martutza, martzuza, marzoza, marzusta, marzuza, marzuzi, masosta, masuste, maxusta, matsutsa, matxutx, matxutxe, masurta, masustra, matusta, matzusta, maxoxa, maxurta, maxuxa, mazurtza, eta mazuzta, gutxienez. Horrek esan nahi du Euskal Herriaren parte zabal batean ezaguna eta, jakina, baliagarria izan dela.

Ikusi batera, badirudi “masusta” terminoak “mahats” eta “(h)uts” osagai dituela (?mahats hustua). Euskaldun ez diren hizkuntzalari batzuek, hala ere, oso urrutiko eta oso aspaldiko hizkuntzetako hitzekin antzekotasuna dutela diote.[2]

Arbolakoa zeharo herritartu ez bada ere, bestea da lahar eta sasi guztietako alaba beltz pikortsu ezaguna. Klima aldaketa erabat sartu gabe, abuztuan oraino gorri-gorri ikusten diren garau-konstelazio horiek, ongi belztutakoan sasoiko gutizia dira, guretzat ez ezik, txori, orkatz, basurde eta intsektuentzat ere. Eragozpenak: laharreko arantzak eta, okerrago, masustak hortz tarteetan uzten dizkigun hazi edo pipitak, ez abusatzeko abisu.

Maruga norberak biltzen du, gehienbat, baina dendara joanik, gure artean merkaturatzen diren barietateek, masustondoak emanikoak, basokoek baino fruitu gozoago, handiago eta itxura politagoa badute ere, ez ohi dira mendikoak bezain goxo, batez ere hauek sasitik batu berriak direnean.

Sukaldaritzan era askotan prestatzen dira: gozogintzan bizkotxo-oreak osatu eta kremak apaintzeko, ehizakien saltsak pizteko, likore eta izozkiak lurrintzeko, entsaladei gazi-gozoa emateko, jogurta edo tarta janzteko, marmelada, konfitura, jele eta beste hamaikatxo kontserba etxean prestatzeko, etab.[3]

Hazkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Masusta, funtsean basafruitu diren arren, landatu egin daiteke eta, izan ere, mundu zabalean gizakiak hazten ditu fruitua aprobetxatzeko eta, beste batzuetan, Morus generoko espezieak adibidez, beste helburu batzuekin lantzen dira.

Hamaika masusta-espezie daude, baina baliteke haietako hamar batek bakarrik balio komertzialik izatea, Rubus generokoak batik bat; eskuarki, hibridoak lantzen dira.

Landareak, fruitua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Masustondo edo masusta arbolek ere (Morus generokoek) masusta jangarriak ematen dituzte: ohikoenak dira masustondo beltza (Morus nigra) eta masustondo zuria (Morus alba). Azken honen hostoak zeta-harrak elikatzeko erabili izan dira.

Masusta, izatez, sasifruitua da, ez baitator lorearen pistilotik; aitzitik, lore-hartzaileari atxikita geratzen zaizkion drupa txiki (drupela) bilakatu diren karpeloak bata bestearekin elkartze bidez osatzen da. Basa masustaren loreak zuri edo zuri-arrosa kolorekoak dira, 2 – 3 cm diametrokoak, korinbotan bilduak; bost sepalo, bost petalo eta lorezil edo estamine asko dituzte. Loreak fruitu bihurturik, hasieran berdeak dira, heldu aurretik gorriak eta heldutakoan, beltz urdinkara distiratsuak.

Masusta hainbat motatako landareek ematen dute:

Masustondoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Morus generoko masustondoek (arbolek) masustak ematen dituzte, jateko modukoak. Ohikoenak masustondo beltza (Morus nigra) eta masustondo zuria (Morus alba) dira.

Masustondo marugak zuntz, erriboflabina, magnesio eta potasio ugari izateaz gainera, C bitamina, K bitamina eta burdin iturri dira.

Masustondoko fruitua

Sasiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sasietako masustak

Rubus generoko espezie gehienek[erreferentzia behar] masustak ematen dituzte.

Ohikoena, sasi edo laharretan hazten den masusta da. Fruitua umotu aurretik, lore zuri edo arrosakarak ditu, 2-3 cm zabal. Heldu baino lehen, masustak berdeak dira, ondoren gorriak eta, erabat heltzean, beltz urdinkarak distiratsuak.

Rubus generoko espezie batek (Rubus idaeus) masusta-gorriak edo mugurdiak ematen ditu, sasietako masustaren antza handia du baina heltzean gorria da.

Zaporea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun, gustu atsegineneko masustak dira, batetik, Morus nigra eta Morus rubra, zapore gazi-gozo fresko bizikoak eta, bestetik, Rubus ulmifolius eta Rubus fruticosus masustak; hauek, zapore atsegin baina gozo eta suabekoak, garraztasun-ñabardura txikiekin. Morus alba, berriz, geza, zapore motelekoa ohi da.

Nutrizioan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fruta gehienak bezala, masustak gatz mineral eta bitaminen iturri izaki, elikadura egokiaren osagarri dira, ia edozein dietatan sartzeko modukoak. Bestetik, asimilazio mantsoko karbohidrato gutxi dutenez, metabolismoaren lagungarri dira.

C bitamina asko-asko dute, zitriko batzuek baino are gehiago ere; horregatik darabiltzate bai itsasgizon nordikoek bai inuit etniakoek, eskorbutoaren aurkako babes gisa. A bitamina, potasio, batez ere zuntz dietetiko ugarikoak dira Morus generoko masustak. Elementu horien kontzentrazioak desberdinak dira, genero eta espezie batetik bestera.

Ahaide hurbila duten mahats beltzak bezala, masustek antoziano eta karotenoide ugari dituzte; horiek propietate onuragarriak dituzte organismoarentzat, ikerketa anitzetan proposatu den bezala. Nolanahi ere, horien eragin terapeutikoak ez dira zientifikoki egiaztatu.

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Laharretako masusta edo Rubus-en kultibarrak, modu naturalean (uda partea amaitzen hastean, sasi edo arbolatik bildu eta jatea) kontsumitzeaz gainera, era askotan prestatu daitezke  erabiltzen dira almibarrak, marmeladak, gelatinak, sorbeteak, crumbleak eta postre asko apaintzeko.
  • Industriak hamaika eratan komertzializatzen ditu: jogurt, tarta, likore, irabiaki, izozki, gele, konfitura, erreximenta, zuku eta beste hamaikatxo bihurtuta.
  • Marmelada hazirik gabe egiteko, fruta irakin eta puregailuko disko mehetik iragaztea komeni da.
  • Hamaikatxo erabilera dituen “basoko fruituak” izeneko nahasketa ezagunak, normalean, ahabiak, mugurdiak, basamarrubiak eta masustak ditu.
  • Fitoterapia edo belar-medikuntza tradizionalean, laharraren hosto lehorrak tisana moduan hartzen dira eztarriko hantura eta beherako arinak tratatzeko, eta giltzurrunetako toxinak kanporatzeko. Dena den, efektu terapeutiko hauek ez daude zientifikoki frogatuak.
  • “Masustardo” hitzak pentsarazten digu fruta horrekin ere edari berogarririk egingo zutela: “Masustardotarako erabiltzen dira bakarrik han, Britainia alde haietan” (Pello Zabala, “Anne Franken egunkaria», 2004,  259. or.).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskalterm: [Hipermerkatuetako Produktuak Hiztegia] [2009]
  2. https://binper.wordpress.com/moras-para-los-vascones-fresas-para-los-layetanos/
  3. Agirre, Edorta. (2014). [calameo.com Elikaduraren Hiztegi Entziklopedikoa. ].

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]