Maximilien Robespierre

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Maximilien de Robespierre

Maximilien François Marie Isidore de Robespierre (Arras, Pas-de-Calais, 1758ko maiatzaren 6 - Paris, 1794ko uztailaren 28) politikari frantziarra izan zen, Montagnard taldearen burua eta Frantziako Iraultzaren lider nagusietakoa. Erostezina ezizena ezarri zioten, iraultza "perfektua" lortzeko jarri zuen grinagatik eta bertuteari eman zion garrantziagatik. Izuaren garaian, kide nagusienetako bat izan zen eta 1794ko uztailaren 28an (Beroliseko 9a), inongo epaiketarik egin gabe, gilotinatu egin zuten, beste 21 lagunekin batera.

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maximilien Robespierre François de Robespierre abokatuaren eta Arraseko garagardogile baten alabaren, Jacqueline-Marguerite Carrauten, bost seme-alabetako bat zen. Senide gazteena jaiotzean hil zen eta ama ere horren ondorioz hil zen. Jacqueline-Marguerite Carraut hil zenean, François alargunak, sendia abandonatu zuen eta aitona eta izeben artean hezi zituzten Maximilien eta bere senideak.

Politikan emandako lehen urratsak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1789an Estatu Nagusietan Hirugarren Estatua ordezkatzeko hautatua izan zen. Rousseauren teorien aldekoa zen eta, Asanblada Konstituziogilean parte hartu zuenean, gizonezkoen sufragio unibertsalaren eta errepublikaren aldeko agertu zen.

Hasieratik erakutsi zuen politikarako dohain aparta eta bere Adresse à la nation artésienne delakoak ospe izugarria lortu zuen. Asko ziren urruti iritsiko zela pentsatu zutenak. Mirabeauren hitzetan: Gazte honek esaten duen guztia sinesten du; urrutira iritsiko da. Beste askorentzat, berriz, bere diskurtsoak oso muturrekoak ziren.

Hizlari aparta, Batzar Konstituziogilean 150 bat mintzaldi egin zituen 1791 arte eta, pixkanaka, ezkerralderantz eraldatzen ari zen taldetxo baten lider egiten joan zen. 1790. urtean jakobinoen klubeko buru bihurtu zen. Klub honen egoitza Saint Jacques komentu ohia zen eta horrek eman zion izena taldeari.

Erregearen ihesak monarkia konstituzionalaren aukera galarazi zuen. Rosbespierre kontu handiz aritu zen, baina 1791ko uztailaren 17an, milaka manifestarik erregearen abdikazioa eskatu zuten Pariseko kaleetan zehar eta La Fayette iraultzailearen esanetara zeuden erregearen batailoiek gogor zapaldu zituzten. Buruzagi erradikal nagusienek, beldurrak jota, Frantziatik alde egin zuten -Danton Ingalaterrara joan zen-; beste batzuk, ordea, klandestinitatera pasatu ziren, Marat kasu. Robespierre, berriz, etxez aldatu bazen ere, Parisen geratu zen eta horregatik indartu zuen bere jarraitzaileen mirespena. Irailaren 30ean, Batzar Konstituziogilea desegin zutenean, Parisko herria Robespierren jarraitzaile sutsua zen.

Izua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzia eta Austriaren arteko gerra (1792) salatu zuen, zuhurtziagabekeriazko egitea zelako eta, batez ere, Luis XVI.aren interesean egiten zelako.

Konbentzio Nazionaleko kide izan zen eta sufragio unibertsalez aukeratu zuten. Sans-culottes deiturikoek, Parisko iraultzaileek, lagundu zioten eta, horri esker, Robespierre agintera iritsi zen, hasieran Komuna Iraultzaileko kide izanez (udala, esan dezakegu); gero, hiriaren ordezkari izan zen Konbentzio Nazionalean eta Danton eta Maratekin batera aritu zen. Garai horretan egin zen Robespierre errepublikazale. Girondinoen aurka aritu zen gogor; hauek burgesia merkatariaren ordezkari ziren eta esklabotza ez zuten abolitu nahi. Robespierrerekin talka egin zuten puntu honetan eta beste askotan ere bai, baina eztabaida bortitzenak Luis XVI.ari heriotza-zigorra ezartzearen komenentziaren ingurukoak izan ziren. Robespierrek hitzaldi gogorrak eman zituen haien iritziaren aurka, baina girondinoek epaiketa egitearen aurka jarraitu zuten eta, era berean, erregeari heriotza-zigorra ematearen aurka. Horregatik, legez kanpo jarri zuten alderdi osoa eta Robespierrek erantzukizun handia izan zuen girondinoen aurka hartutako neurri horretan.

Maximilien de Robespierre

1793an Errepublika larri zebilen: atzerriko gerrak, barneko ezinegonak... Mesfidantza nabaria zegoen gobernuengan eta, jakobinoen iritziz, Batzar Nazionala izan behar zuen aginte politikoaren gune nagusia eta ministroek hark egindako politika jarri behar zuten martxan. Lehengo urteko Beroliseko 9an (1793ko frantsesez, Thermidorreko 27an, uztailaren 27an ) diktadura jakobinoa ezartzen hasi ziren. Robespierrerentzat Errepublika zen salbazioa, printzipio demokratikoak eta Askatasuna-Berdintasuna-Senitartasuna jarri behar zen praktikan eta bertuteak nagusitu behar zuen. Bertutearen garapena Robespierreren pentsamendu errepublikarraren ardatza zen, baina Errepublikak arerio ugari zituen: legitimistak, Ingalaterra edo Alemaniara erbesteratutakoak, gerra garaian ugaritzen ziren espekulatzaileak... Robespierreren ustez, Errepublikak bere burua defenditu egin behar zuen, berehalako erantzuna eman eta arerioari ekimenerako aukera kenduz. Horrela sartu ziren Izua deritzon garaian eta Errepublikaren arerioak neutralizatzeko neurriak hartu zituzten. Jakobinoen hitzetan, bertutea defendatzen ari ziren, baina, absolutismoa eta monarkia eraitsi zuten bitartean, horren aitzakian, milaka pertsona hil zuten gillotinaz. Robespierre heriotza-zigorra abolitzearen aldekoa izandakoa zen, baina Errepublika defendatze horretan, justifikatu egin zuen neurri hori, kondenatuek askatasun publikoak izurratu nahi baitzituzten.

Azkenean, etengabeko liskarrek tentsio izugarria ezarri zion Errepublikari. Danton, hasieran Robespierren lagun izan bazen ere, ez zen Komitearen alde agertu eta atxilotu egin zuten salaketa baten ondoren.

Robespierrek Giza eta Hiritarren Eskubideen Deklarazioan hartu zuen parte eta 1791n eginiko I. Konstituzioan ere bai. Presio ikaragarria zeukan gainean eta bilera formaletan nabaritzen hasi zitzaion. Konbentzioko kideek eta lehen Izuaren aldeko izan zirenak -Fouche, Barras, Maraiseko diputatuak- larritu egin ziren. Etengabe bertutearen bila zebilen Maximilian Robespierre arriskutsua zen edonorentzat eta besteekin hainbestetan erabilitako errezeta bera aplikatu zioten azkenean: atxilotu eta gillotinara bidali zuten, epaiketarik egin gabe.

II. urteko Beroliseko 9a zen (1794ko uztailaren 27a) eta kolpistak Pariseko udaletxean sartu ziren. Maximilianek tiroa jaso zuen buruan eta ezin izan zuen hitzik egin. Hurrengo egunean hil zuten beste 21 lagunekin batera. Hogeita bi buruak egurrezko kutxa batean sartu zituzten eta gorpuak, berriz, Erranciseko hilobira eraman zituzten karroz. Zulo batean sartu zuten dena eta kare bizia bota zuten gainera, buruzagi zapaltzailearen (Maximilian Robespierreren) arrastorik ez geratzeko.

Robespierre erortzean, Izua bukatu zen eta Errepublikaren demokratizazio saioa ere bai. Izuan parte hartu zuten askok, noble eta bankuetako ondasunak bereganatu zituztenak, alegia, erru guztia Robespierreri bota zioten, eta dokumentuak faltsutzera ere iritsi ziren.

Maximilano Robespierrek bi atentatu, behintzat, jasan zituen:

Kanpo lotura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Robespierreri buruzko artikulua ARGIAn

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Maximilien Robespierre Aldatu lotura Wikidatan