Plutarko

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Plutarkoren irudia.

Mestrio Plutarko, grezieraz Πλούταρχος, (Keronea, Beozia, egungo Grezia, K. o. 46 inguru - K. o. 120) antzinako historialari, biografoa eta saio-idazlea greziarra izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aristobulo jakintsuaren semea zen eta 20 urte bete zituenean Atenasa bidali zuen aitak matematika eta filosofia ikas zitzan. Atenasko aristotelikoen artean hezi zen, eta Asia Txikian barrena ibili zen; Alexandriara eta Erromara ere iritsi zen.

Bizitzako urterik gehienak, ordea, jaioterrian eman zituen. Kargu publikoak betetzeaz gainera, eskola ospetsu baten zuzendaria izan zen. Harreman estuak izan zituen, bestalde, Atenasko Platonen akademiarekin eta 95. urtetik aurrera Delfosen apaiz izan zen Apoloren tenpluan, eszeptizismoa eta ateismoa nagusi ziren garaian.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plutarkoren lanik garrantzitsuena eta ospetsuena "Bizitza paraleloak" izenekoa da. Biografia anitz parez pare kontatzen ditu, alde batean greziar batena, bestean erromatar batena jarririk. Bakoitzaren sarreran bizitza horien parekotasunak aztertzen ditu. Poeten eta filosofoen biografiak idatzi omen zituen, baina galdurik daude; 50 konparazio inguru gorde dira. Liburuan politikoak eta militarrak ageri dira, denak historikoak, lehenengo biak izan ezik (Teseo eta Romulo, mitoaren arlokoak). Biografia paralelo horietako batzuk hauexek dira: Perikles eta Fabio Maximo, Koriolano eta Alzibiades, Demostenes eta Zizeron, Dion eta Bruto, Alexandro eta Julio Zesar, Agesilao eta Ponpeio. Plutarkoren ikuspegian, historia gizon handien ekintzen bidez egiten da; ez dira gertakizunak gizon handien bultzatzaile, alderantziz baizik. Lan horretan, Polibio, Tito Livio, Tuzidides, Salustio edo Homero aipatzen ditu Plutarkok.

Saiakera eta hitzaldi moduko testu anitz idatzi zituen, "Moralak" izeneko liburuan bilduak. Arlo anitzez mintzo da bertan: filosofiaz, erlijioaz, izadi jakintzaz, kritikaz, moralaz, arkeologiaz. Platonen filosofiaren oinarria agertzen du liburu horretan. Pizkunde garaiko humanistek ezagutarazi zuten Plutarkok eragin handia izan zuen William Shakespeare eta Michel de Montaignerengan, besteak beste.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Plutarko Aldatu lotura Wikidatan