Apolo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Apollo ny carlsberg glyptotek.jpg

Greziar eta erromatar mitologian, Apolo[1] (grezieraz ἈπόλλωνApóllōn edo ἈπέλλωνApellōn) olinpiar jainko nagusia da.

Kouros (bizarrik gabeko gaztea) ideala, Apolo da argiaren eta eguzkiaren jainkoa; egia eta profeziena; arkularitzarena; medikuntzarena; musikarena, poesiarena eta arteena, eta beste hainbat jarduerarena ere. Apoloren guraso dira Zeus eta Leto, eta arreba biki Artemisa. Delfosko zaindaria, han orakulu famatua zuen.

Herak, Letoz jelosturik, jainkosa hau erditzeko unean onar zezaten debekua emana zien lurreko leku orori. Leto toki batetik bestera atseden hartu gabe zebilela, uharte batek eman zion babesa, zeren hain zoritxarreko zen non ez baitzuen ezeren beldurrik. Artemisa eta Apolo bertan jaio ziren eta jainko honek, esker onez, mundu grekoaren erdian finkatu zuen uharte hura, eta Delos («Distiratsua») izena eman zion. Jaio eta zazpi egunetara heldutasunera iritsirik, Delfosa abiatu zen, bertan, Zeusen ordenari men eginez, santutegi bat eraikitzearren; zisneek eramandako orgak, alabaina, hiperboreoen lurraldera eraman zuen. Haien artean urtebete iraganik, Delfosa iritsi zeneko Temisen orakuluaz jabetua zen Piton suge odolzaleak bere mende hartua zuen lurraldea. Munstruoa hil ondoren eta haren izpiritua baketzearren Joko Pitikoak ezarri zituen. Orakulua beretu zuen eta tripode sakratua ezarri zuen santutegian; haren gainean emakume apaiz Pitia deituak, jainkoak inspiraturiko orakuluak ematen zituen. Geroago, bere anaia Heraklesen aurka borrokatu zen, beronek orakuluaz jabetu nahi izan baitzuen.

Oro har, Apolo ez zen oso zoriontsua izan maitasun kontuetan: ninfek eta emakumeek ihes egiten zioten, baina zenbaitetan bortxatu egiten zituen. Talia musarekin elkartzearen ondorioz Koribanteak sortu ziren, Uraniarekin Orfeo musikaria izan zuen eta Koronirekin Asklepios, medikuntzaren jainkoa. Haren mendekuak izugarriak izan ziren: Ziklopeak hil zituen, baita Nioberen haurrak ere; Marsias satiroa bizirik larrutu zuen, musikari gisa desafio egiteagatik, Troiako gerran, izurria zabaldu zuen greziarren artean Krise bere apaiza mendekatzeko, Agamemnon haren alaba bahitua zuelako; Laokoon eta haren semeak Apolok bidalitako sugeek ito zituzten bere kontrako laidoa zigortzearren.

Egeoko herrien ezaugarria den sinkretismoa mamitzen da Apolorengan, heleniar munduaren mugez kanpotik iritsitako hainbat jainko biltzen baititu. Mendeetan zehar atributu anitzez hornituko dute (lira, arkua, tripodea, erramua, oreina, etab.), harenganako gurtzak hartu zuen hedaduraren adierazgarri. Igarmen, musika eta poesiaren jainkoa, musen babeslea (Musageta), aldi berean gerrari eta artzaina da. Eguzki jainko gisa garbitzaile eta sendatzaile izanik ere, mendekatzaile eta bortitz ageri da batera, maiz aski sumindurak bereturik. Argitasunaren sinboloa, erlijio orfikoaren jainkoa izan zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Apolo
Mitologia Artikulu hau mitologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.