Portugalgo erramu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Prunus lusitanica» orritik birbideratua)
Portugalgo erramu
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaRosales
FamiliaRosaceae
LeinuaAmygdaleae
GeneroaPrunus
Espeziea Prunus lusitanica

Portugalgo erramua (Prunus lusitanica) Prunus generoko zuhaitza da, erramuaren antza duena.

Zuhaixka hau desagertutzat ematen zen Euskal Herrian baina duela urte batzuk hiru populazio aurkitu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztiak altitude txikietan eta sakan babestu eta mehartsuetan. Hori dela eta, 2011an argitaratutako EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan zerrendaturik dago, 'Galzorian' kategorian.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuhaitz txikia da Portugalgo erramua, 4-8 metrokokoa izan ohi dena baina inoiz ez 15 metro baino garaiagoa. Enbor-azal leuna du, kolore ilunekoa eta adar gazteak gorrixkak ditu.

Hostoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hostoak bakunak eta txandakatuak dira. Erramuaren hostoekin antza izan dezakete: forma obala dute eta 7-12 x 3-5 cm-ko neurria. Punta akuminatua dute, ertz krenatuak edo zerradunak, eta itxuraz larrukarak, distiratsuak eta glabroak dira baina azpialde berde argia dute, distirarik gabea. Pezioloak gorriak dituzte.

Loreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Loreak

Loreak galtzarbetik ateratzen dira, luku itxurako infloreszentzia ia tenteetan. Lukuak nahiko luzeak dira, 15-30 cm-koak, hostoak baino luzeagoak eta 10-30 cm-ko pedunkulua dute. Loreak, aldiz, nahiko txikiak dira (10-15 mm-koak) eta 5 pieza dituzte. Sepaloak triangeluarrak eta petaloak ia biribilduak dira, zuriak. Lorezil ugari ditu, eta obarioa glabroa da, heltzean drupa purpura ia beltzezka bilakatzen dena.

Fruituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fruituak

Prunus generoko zuhaitz guztietan bezala, Portugalgo erramuaren fruitua drupa motakoa da. Drupa hau txikia da, 8-13 mm-ko diametrokoa eta berdea hasieran, gerora gorrituz doan arren. Heltzean, beltz kolorekoa izaten da. Fruitu honen haziak txorien bidez barreiatzen dira (txinboak, zozoak eta birigarroak).

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europan banaketa mediterraneo-atlantikoa duen zuhaixka da, baina banaketa orokorra makaronesikoa dela esan daiteke, Ozeano Atlantikoko uharteetan populazio onenak baititu. Iberiar penintsulan mendebaldeko herenean ugariagoa da, eta euskal kokaguneek (Ipar Euskal Herriraino) espeziearen banaketa-arearen ekialdeko muga osatzen dute. Duela gutxi lau gunetan aurkitu da populazio bana, Bizkaian (Armañon, Gorbeia eta Urkiolako Parke Naturaletan; eta Amorebieta eta Karrantzan), Gipuzkoan (Murumendi mendikatean eta Bidania-Goiatzen), Araban (Gorbeian eta Zuian) eta Nafarroan (Baztan-Bidasoa inguruan, bereziki Sunbillako Beobia errekastoan eta Baztango Aritzakun errekaxtoan; Ezkurra ibaian, Zubietan, Bertizaranan, Iturenen eta Urritzaten), eta guztiak altitude txikietan eta sakan babestu eta mehartuetan daude.

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezetasun handia behar duen zuhaitza da, eta batez ere ibai-ertzetan eta mendi-guneetan aurkitzen da, 180-1.150 metroko altitudeetan. Lur harritsuetan hazten da eta itzala ondo jasaten duen arren, nahiago ditu eskualde eguzkitsuak. Tenperatura epelak behar ditu eta euri edo laino ugariko eskualdeak, ez baititu lehorteak oso ondo toleratzen. Orokorrean pH azidodun substratuetan aurkitu izan da (granitoa, kuartzitak, arbela, hareharria...) baina kalkareoen gainean ere bizi daiteke.

Fenologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugalgo erramua martxoa eta ekaina bitartean loratzen dira. Fruituak abuztuan garatzen hasten dira baina ez dira hurrengo urteko urtarrilerarte heltzen.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bereziki landare apaingarri modura erabili izan da. Fruitua nahiko mikatza da eta soilik hegaztiek jaten dute.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]