Reinhard Heydrich

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Reinhard Heydrich
Reinhard Heydrich

1941eko irailak 29 – 1942ko ekainak 4
Aurrekoa Konstantin von Neurath
Ondorengoa Kurt Daluege

1939ko irailak 22 – 1942ko ekainak 4
Ondorengoa Ernst Kaltenbrunner

Jaiotza 1904ko martxoaren 7a
Halle (Alemaniar Inperioa)
Heriotza 1942ko ekainaren 4a
Praga (Bohemia eta Moraviako protektoratua)
Alderdi Politikoa Alderdi Nazionalsozialista
Ezkontidea Lina von Osten
Sinadura Reinhard Heydrich-ren sinadura

Reinhard Tristan Eugen Heydrich (ˈʁaɪnhaʁt ˈtʁɪstan ˈɔʏɡn̩ ˈhaɪdʁɪç ahoskatua; Halle, Alemaniar Inperioa, 1904ko martxoaren 7a - Praga Bohemia eta Moraviako protektoratua, 1942ko ekainaren 4a) Alemania Naziko militarra, gerra kriminala, Reicharen Segurtasuneko Bulego Nagusiko zuzendaria (1939-1942) eta Holokaustoaren arkitekto nagusietako bat izan zen. 1941eko irailaren 29tik, 1942ko maiatzaren 27an txekiar partisanoek hil zuten arte, Bohemia eta Moraviako protektoratuko babeslea (alemanez: Stellvertretender Reichsprotektor) izan zen[1].

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Reinhard Heydrich 1904 jaio zen, erdiko klaseko familia batean. Aita musikagilea, opera-abeslaria eta Halleko kontserbatorioko zuzendaria eta ama aktorea zituen, eta heziketa fina eman zioten: Reinhar biolin-jotzaile ona eta esgrimalari bikaina zen. Lehen Mundu Gerraren ostean familiak arazo ekonomikoak izan zituen. Oso gaztea zenetik alemaniar nazionalismo arrazistak (völkisch) liluratu zuen, eta 16 urte zituela Freikorpsen sartu zen[1]. Aitak musika ikasketak egitea nahi bazuen ere, 1922an itsas armadan sartu eta komunikazioetan espezializatu zen[2]. 1931n, ordea, IG Farben talde industrialeko zuzendariaren alaba haurdun utzi eta umea berea ez zela erran zuenez, armada uztera behartu zuten[1].

1931ko abenduan Lina von Osten, nazi suharrarekin, ezkondu zen. Honen familiaren bitartez Heinrich Himmler ezagutu zuen. Antza denez, Himmlerrek oso itxura ona hartu zion Heydrichi eta honen gain utzi zuen Alderdi Naziaren segurtasun zerbitzu berri baten sorrera. 1933ko urtarrilerako, Heydrich buru zuen Reichsführer SSen Segurtasun Zerbitzua (alemanez: Sicherheitsdienst edo SD) alderdi naziaren inteligentzia agentzia garrantzitsuena zen. Himmlerrek, 1933ko apirilaren 1ean Bavierako poliziaburu bilakatu zenean, Heydrich izendatu zuen polizia politikoaren buruzagi[2]. 1934ko apiriletik aurrera, biak Ernst Röhm, Sturmabteilung (SA) erakundeko buruzagiaren aurkako dosierra prestatzen hasi ziren. Ekainaren 30ean, Labana luzeen gauean, SS eta Gestapoko kideek Röhm eta SAko buru gehienak hil zituzten.

Denbora gutxian, Himmler eta Heydrichek Gestapo, Polizia kriminala (alemanez: Kriminalpolizei edo Kripo) eta SSen Segurtasun Zerbitzuaren (SD) kontrola lortu zuten[1]. SDk Reicharen etsaiak (mundu osoko juduak, marxistak, eliza kristauak, masoiak eta eskuineko aurkari nazionalistak) ikertzeko inteligentzia sailak eratu zituen. Gestapok aurkari politiko hauek atxilotu eta, zegokionean, kontzentrazio eremuetara eramaten zituen. Kriporen egitekoa zen "gaizkile ez politikoak", tartean ijitoak, homosexualak eta jokabide "asoziala" zuen jendea, atxilotzea. Erakunde hauek prestatu zuten 1938ko azaroaren 9ko Kristal hautsien gaua (Kristallnacht), juduen aurkako lehen pogrom nazia. Bestalde, 1938an Heydrichek Ekintza-taldeak (Einsatzgruppen) sortu zituen, handik aurrera Alemaniak inbaditu zituen Ekialdeko Europako herrialdeetan ehunka mila zibil (juduak gehienak) erahil zituztenak[2]. 1939an, Bigarren Mundu Gerra hasi berria zela, Himmlerrek Reicharen Segurtasuneko Bulego Nagusian bateratu zituen erakunde polizial eta parapolizial guztiak, eta Heydrich jarri zuen buruzagitzan[1].

1941eko uztailaren 31n, Hermann Göringek Reicharen baliabide guztiak koordinatzeko baimena eman zion, "arazo juduari behin betiko konponbidea emateko". Urte bereko irailean Hitlerrek Bohemia eta Moraviako Babesle (Reichsprotektor) izendatu zuen. 1942ko urtarrilaren 20an, Heydrichek Wannseeko Konferentzia antolatu zuen; bertan Europako juduak deuseztatzeko plana, Azken Konponbidea deitutakoa, aurkeztu zuen[2].

1942ko maiatzaren 27an, Pragako Hradcanyn zeukan kuartier nagusira zihoala, bi txekiar abertzalek haren kontrako atentatua egin zuten. Zenbait egun geroago, ekainaren 4an, hil zen. Heydrich hiltzeko Antropoide operazioa Londresen zegoen Atzerriko Txekiar Gobernuak prestatua zen, Erresuma Batuko gobernuaren laguntzarekin. Mendekuz, Himmlerrek Lidice, partisanoak babesturik egonak ziren herria, suntsitzeko agindu zuen. Erresistentziako kide batek salaturik, Gestapok jakin zuen atentatuaren egileak Pragako Zirilo eta Metodio eliza ortodoxoan ezkutaturik zeudela. Ekainaren 18an SSek eliza eraso zuen eta, tiroaldi luze baten ostean, partisanoek beren burua hil zuten[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Julián CASANOVA: El genocida nazi que tocaba el violín Internacional.elpais.com
  2. a b c d Reinhard Heydrich: Biografia United States Holocaust Memorial Museum. Ushmm.org
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Reinhard Heydrich Aldatu lotura Wikidatan