Ruhr

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ruhr-en kokapena Alemanian.
Ruhr eskualdearen mapa.

Ruhr eskualdea edo besterik gabe Ruhr Alemaniako Ipar Renania-Westfaliako estatuko metropoli eremua da. Guztira 4.435 km² ditu eta 7.3 milioi inguruko biztanleria, Alemaniako metropoli eremu handiena izanik. Ruhr ibaiaren arroaren inguruan egituratuta dago eskualdea. Ruhr ibaiaren arroa 100 km inguru luze da, Wesel eta Hamm hirien artean dago, eta 40 kilometroko zabalera du batez beste.

Hiri nagusiak Dortmund, Essen, Duisburg eta Bochum dira.

Honela banatzen zen langileria (1984ko datuak), alor nagusien arabera: 340.000 meatzari, 250.000 langile metalgintzan, 700.000 mekanika industrian, 300.000 ehungintzan eta 213.000 kimika industrian. Ikatz ekoizpenari esker (100 milioi tona urtean, Rhin, Ruhr eta Lippe ibaien arteko lurretan. 50.000 milioi tona erreserban) finkatu ziren altzairuaren industria eta zentral termikoak.

Hiru eskualde nagusi daude Ruhr aldean: hegoaldean dago lehen ustiatu zen meatzaldea (ahitua ia gaur egun); mekanika industria, ehungintza (Wupper ibaiaren haranean) eta kimika industria (Bayer lantegiak Leverkusenen, Wuppertal) dira nagusi. Erdialdean, Rhin eta Rhur ibaien artean, industria astuna dago: Duisburg (munduko ibai portu handiena), Oberhausen, Essen, Bochum, Gelsenkirchen, Dortmund. Iparraldean dago erreserba-aldea (Dorsten, Marl, Datteln).

Duisburgeko barne-portua.

Komunikabide sarea guztiz trinkoa da: burdinbideak igarotzen du, eta ubideen (Rhin-Herne) eta aireportuen (Düsseldorf) bitartez bideratzen da itsaso eta aire bidezko garraioa. Düsseldorf da lurralde horretako finantza eta administrazio hiriburua.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meatzaria ikatza erauzten.

Ruhr aldeko ikatz-hobiak Erdi Aroan hasi ziren ustiatzen; XIX. mendearen hasieran ekin zioten Krupp eta Thyssen trust handiek ikatz ustiatze zabalari eta altzairugintzari. 1918 arte, Alemaniaren mende zegoen Lorrenatik eramaten zen burdina gehiena, baina Lehen Mundu Gerraren ondoren beste leku batzuetatik inportatu behar izan zuten. 1923an gudaroste frantsesa sartu zen Ruhreko arroan, Alemaniak gerra ondoko kalte-ordainak ordaintzen ez zituela eta. 1925ean amaitu zen okupazioa.

1933tik aurrera, Ruhr aldean jarri zuen Hitlerrek gerrarako industria eta Bigarren Mundu Gerraren amaieran gupida gabe bonbardatu zuten aliatuek industrialde hura. Gerraren ondoren ataka larriak geratu zen Ruhr aldea; Konzern edo enpresa-elkarte handiak (Krupp, Thyssen, Stines, Mannesmann) deuseztatu zituzten 1945ean, baina ondorengo urteetan eraberritu ziren. 1946an sortu zuten Ipar Renania-Westfalia lurraldearen barnean geratu zen Ruhr aldea. 1958-1968 bitartean aldakuntza handiak egin ziren energia iturri gisa ikatzaren ordez petrolioa erabiltzeko, eta berritze plangintza handi bati ekin zitzaion 1966an.

Osaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualdea mendebaldeko ekialdera ondorengo hiriek osatzen dute: Duisburg, Oberhausen, Bottrop, Mülheim an der Ruhr, Essen, Gelsenkirchen, Herne, Hamm, Hagen eta Dortmund. Era berean ondorengo landa-guneak ere eskualdearen barnean daude: Wesel, Recklinghausen, Unna eta Ennepe-Ruhr.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ruhr Aldatu lotura Wikidatan
  • Ruhr, Webgune ofiziala (Alemanez)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]