Ipar Renania-Westfalia
|
Ipar Renania-Westfalia |
|||
|---|---|---|---|
|
|||
| Herrialdea | |||
| Hiriburua | Düsseldorf | ||
| Koordenatuak | 51°29′N 7°33′E / 51.483°N 7.55°EKoordenatuak: 51°29′N 7°33′E / 51.483°N 7.55°E | ||
| Eremua | 34.084 km² | ||
| Biztanleria | 18.039.847 (2006) | ||
| Dentsitatea | 529 bizt / km² | ||
| Land burua | Hannelore Kraft (SPD) | ||
| Bozak Bundesraten | 6 (69tik) | ||
| ISO 3166-2 | DE-NW | ||
| www. | |||
Ipar Renania-Westfalia (alemanez, Nordrhein-Westfalen) Alemaniako mendebaldean dagoen land edo estatua da, 1946an eratua. Düsseldorf du hiriburua, baina hiri nagusia Kolonia da. Halaber, Dortmund eta Essenek sortzen dute elkarrekin Europar Batasunako hirugarren metropoli-gunerik handiena, Paris eta London ondoren. Beste hiri nagusiak hauek dira: Aachen, Bielefeld, Bonn (Mendebal Alemaniako hiriburu izan zena), Bochum, Duisburg, Gelsenkirchen, Herne, Kolonia, Leverkusen, Mönchengladbach, Münster, Neuss, Oberhaussen, Padernborn, Recklinghausen, Wuppertal.
Muga hauek ditu: iparraldean, Saxonia Beherea (Niedersachsen); ekialdean, Hessen; hegoaldean, Renania-Palatinatua, eta mendebalean, Herbehereak eta Belgika. Alemaniako biztanle gehieneko landa da.
Eduki-taula |
[aldatu] Orografia eta klima
Rhin ibaia estatuaren mendebaletik igarotzen da eta eskuinaldean uzten du estatuko alde handiena. Hegoaldean, Eife-go goi-ordokiak daude mendebalean eta Sauerlandeko mendi apalak ekialdean. Hauen iparraldean daude Weserko mendiak. Iparraldean eta mendebalean nagusi dira Westfaliako ordokiak. Rhin ibaiak haran sakonak eratzen ditu eta Lippe eta Ruhr ibaiak hartzen ditu eskuinaldetik. Ems ibaia sortzen da iparraldean eta Weser ibaiak eratzen du ipar-ekialdeko muga.
Ipar itsasoak eragin zuzena du kliman, hotz eta heze samarra baita: 1-15°, batez beste urtarrilean eta uztailean, eta 750-1400 mm euri urtean batez beste, ordokietan eta mendialdeetan.
[aldatu] Biztanleak eta hizkuntza
490 biztanle bizi dira km2-ko batez beste Renania-Westfalian. Westfaliako iparraldeko biztanleak saxoiak dira jatorriz, eta hegoaldekoak, aldiz, frankoak dira. Berezitasun horiek ere badituzte mintzo diren alemaniar dialektoetan. Azken mendean lurralde horrek etorkin asko hartu ditu. Katolikoen eta protestanteen artean banatu ziren Erreforma garaian lurralde horietako printzerriak eta banaketa horrek bizirik dirau egun ere. Gehixeago dira, hala ere, katolikoak.
[aldatu] Ekonomia
Renania-Westfalia Alemaniako nekazaritza lurralde aberatsenetakoa da. Westfalian eta Weser-ko mendialdean erremolatxa, laboreak eta patata egiten dira. Soest aldean garia egiten da, batez ere, eta Rhin eta Rhur ibai bazterretako hiri handien inguruko lurretan fruituak eta barazkiak. Behi eta zerri aziendak garrantzi handia du Münster aldean, ipar-mendebalean. Nolanahi ere, industria da jarduera nagusia, Alemaniako industrialde nagusia den Ruhr ibaiaren arroan bereziki. Ikatzarriari (5 milioi tona urtean Aachen aldean; 100 milioi tona urtean Rhur aldean) eta lignitoari (100 milioi tona urtean Kolonia aldean) esker, industria guztiz indartsua garatu zen lurralde hartan XIX. mendetik aurrera. Altzairugintza ere oso garrantzitsua izan da Ruhr aldean (Mendebal Alemaniako ekoizpenaren % 60), eta mekanika industria garrantzitsua izan da Ruhr, Kolonia eta Aachen aldeetan. Ehungintzako gune nagusiak Krefeld, Mönchengladbach eta Münster-en daude, eta kimika industria garrantzitsua dago Wuppertal eta Leverkusen-en. Rhin aldea Europako merkatari bide nagusietako bat izan da historian zehar eta komunikabide sare sendoa eratu da lurralde hartan. Europako ibai-portu handiena dago Duisburg-en, Rhin ibaiaren ertzean. Ubideek elkartzen dituzte Rhin eta Herne eta Ems ibaiak. Munduko oparoenetakoak dira burdinbide eta errepide sareak (Düsseldorf, Kolonia eta Ruhr-eko hiriak abiapuntu eta helmuga).
[aldatu] Pertsonaia ezagunak
- Ludwig van Beethoven (1770-1827), musikari klasikoa.
- Joseph Hubertus Pilates (1883-1967), Pilates metodoaren sortzailea.
- Joseph Goebbels (1897-1945), propaganda ministro nazia.
- Theo Vennemann (1937-), hizkuntzalaria.
- Jupp Heynckes (1945-), futbolari-ohia eta entrenatzailea.
- Bernd Krauss (1957-), futbolari-ohia eta entrenatzailea.
- Michael Schumacher (1969-), 1 Formulako gidaria.
| Ipar Renania-Westfalia estatuko hiriak | ||
|---|---|---|
|
|
||
| Alemaniako estatuak | ||
|---|---|---|
|
|
||
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.