Stendhal
Wikipedia(e)tik
Stendhal, benetako izenez Henry Beyle, (Grenoble, 1783eko urtarrilaren 23a – Paris, 1842ko martxoaren 23a) XIX. mendeko idazle frantziarra izan zen.
Errealismo deituriko estiloaren aitzindari eta ikurretako bat izan zen. Haren lan garrantzitsuenak Gorria eta beltza (1830) eta Parmako Kartusia (1839) dira.
Eduki-taula |
[aldatu] Goitizena
Stendhal goitizena erabiltzearen gainean arrazoibide bat baino gehiago proposatu da: litekeena, George Perec-en aburuz, Le Rouge et le Noir (Gorria eta Beltza) eleberrian agerturiko erreferentzia batzuei loturik egotea eta "Shetland" berbaren anagrama izatea; baliteke, beste batzuen iritzian, izengoitiak Alemaniako Stendal hiriarekin zerikusia izatea; bertakoa zen Johann Joachim Winckelmann (1717-1768), artearen historia eta arkeologia disziplina jaioberrien pentsalari eta ikertzailea.
[aldatu] Bizitza
Zazpi urte zituela ama galdu zuen eta aitak eta izekok hazi zuten. 1794an aita kartzelaratu zuen agintean ziharduen gobernuak (Terrore Garaia da, Frantziako Iraultzaren osteko sasoia). Ikasle fina, matematika izan zuen gustuko, eta 1799an Parisen da Eskola Politeknikoan ikasteko gogoz. Ezin, ordea, ikastetxe horretan sartu eta Defentsa Ministerioan hasi zen lanean.
Gutxira Italiara joan zen Dragoien lotinantorde. Harakoan Domenico Cimarosa eta Giocchino Rossiniren musika ezagutu zuen. Azken honen gaineko biografia idatziko zuen gerora: Rossiniren bizitza. Aldi berekoa da Il Conciliatore aldizkariaren inguruan zebiltzan intelektualen ezaupidea. 1802an armada laga eta funtzionario ibili zen Inperioaren zerbitzura Alemanian, Austrian eta Errusian. Fontainebleauko Itunaren ostean (1814) Italiarako bidea hartu ostera eta Milan izan zuen bizitoki. Bi urtean halako lana taxutu zuen, Italiak ernaldutako xarmaren adierazle: Erroma, Napoli eta Florentzia. Hortxe deskribatzen da Stendhalen sindromea edo denbora laburrean arte eta edertasunari begira egoteak eragindako zorabioa azaltzen duen inpresioa. Antza Stendhalek halako erabateko zirrara bizi izan zuen Florentziako Santa Croce basilika ikustean.
1821ean Ingalaterrara abiatu zen, maitasun kontu katramilatsuak ahaztu nahian nonbait. Han izan zen berriro ere 1826an. Eta hurrengo urteetan Europan zehar ibili zen erromes. Italiara bueltan handik hanka egin behar izan zuen, espioitzat hartu baitzuten. Frantzian izan zen hurren, kazetaritzan hainbat saio eginez. 1831koan politikari jardun zuen, kontsulorde, Trieste eta Civitavechian.
1837tik 1840ra Italian bidaiatzeari ekin zion; ostera horietako batean Prosper Merimee adiskidea izango zuen bidaide. 1841ean aplopexiak jo zuen aurrenekoz eta Parisa bueltatu zen.
1842an Henry Beyle Stendhal hil egin zen eta Montmartren lurperatu. Hilarriak halako testua dakar: «Arrigo Beyle, milanese. Scrisse, amò, visse Ann. LIX M. II. Morì il XXIII marzo MDCCCXLII» («Arrigo Beyle, milandarra. Idatzi egin zuen, maitatu egin zuen, 59 urte eta bi hilabetez bizi izan zen. 1842ko martxoaren 23an hil zen»).
[aldatu] Lanak
Entsegu eta memoria asko idatzi zuen. Hona zenbait: Haydn, Mozart eta Metastasioren bizitzak (1815), Italiako pinturaren historia (1817), Maitasunaz (1822), Racine eta Shakespeare (1823), Rossiniren bizitza (1823), Ibilaldiak erroman (1829), Henry Brularden bizitza (1835-36, bukatugabea eta 1890ean argitaratutakoa), Turista baten oroitzapenak (1838)…
Hauexek dira Stendhalen eleberri inportanteenak:
- Armance (1826). Bere aurreneko eleberri honetan maitasun kontuak dira hizpide eta ardatz, eta garaiko gizartearen pentsamoldearen ispilu bidenabar.
- Gorria eta beltza (1830). Frantziako Berrezarkuntza garaiko gizartea irudikatua da lan honetan. Protagonistaren anbizio eta frustrazioek sasoi hartako gorabeheren berri ematen digute.
- Parmako kartusia (1839). Lan onena. 52 egunen buruan osatua, diktatua ia bere osotasunean, berezkoa da estiloa, nahiz eta bere luzean pertsonaia eta istorio andana bildu testuan. Italian bizi izandako epe batean gauzatu zuen. Balzacen gustuko lana izan zen. 2007an euskaraz argitaratua izan zen Literatura Unibertsala Bilduman. Itzulpena Jon Muñozek osatu zuen (Parmako kartusia, Alberdania-Elkar, Literatura Unibertsala Bilduma, 131. zb., 711 orr., 2007).
- Lucien Leuwen (bukatzeke, 1894an argitaratua). Frantziako monarkiaren gainbehera azaltzen du, Orleans familiaren porrota.
Idazlearen beste lan batzuk hauek dira, horietako asko hildakoan argitara emanak:
- Chroniques italiennes: Vittoria Accoramboni, Les Cenci, La Duchesse de Palliano, L'Abesse de Castro, Trop de faveur tue, Suora Scolastica, San Francesco a Ripa, Vanina Vanini, Paris, 1837 - 1839
- Idées italiennes sur quelques tableaux célèbres, Paris, 1840
- Correspondance
- Journal (1801-1817)
- Filosofia nova (1931)
- Théâtre (1931)
- Molière, Shakespeare, la Comédie et le Rire (1930)
- Écoles italiennes de peinture (1932)
- Pages d'Italie (1932)
- Mélanges de politique et d'histoire (1933)
- Courrier anglais (1935-1936)
- Mélanges d'art (1867 et 1932)
- Romans et nouvelles (1854 et 1928)
- Souvenirs d'égotisme 1892 et 1950)
- Voyage dans le Midi de la France (1930)
- Lamiel, inachevé (1889 et 1928)
- Mélanges intimes et Marginalia (1936)
- Le Rose et le Vert (1937)
[aldatu] Kanpo loturak
- (Frantsesez) Stendhalen gaineko ataria
- (Ingelesez) Stendhalen gaineko ataria
- (Frantsesez) Idazlearen biografia eta aipuak