2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Grebara egiteko edo ez egiteko arrazoiak biltzen dituen kale inkesta.
2011ko urtarrilaren 27ko greba egunean Donostian egindako manifestazio bat.

2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorra ELA, LAB, EHNE eta HIRU sindikatuek Hego Euskal Herrian deitu zuten greba orokorra izan zen, Espainiako Gobernuak proposaturiko pentsio-sistemaren erreformaren aurka, zeinaren bidez pentsioa jasotzeko gutxieneko urte kopurua eta pentsio osoa jasotzeko kotizatu beharreko urte kopurua gehitu zen, erretiro-adin orokorra 67 urtetan finkatzeko. Beste hainbat sindikatuk ere grebara deitu zuten: ESK-k,[1], CGTk[2] CNTk[3] eta Solidarik.[4] CCOO eta UGT, aldiz, ez ziren bildu deialdira, eta, aurreko egunetan Espainiako Gobernuarekin bilerak eginda erreforman aldaketa zenbait egitea adostu ondoren, egun horretan bertan pentsioen erreforma onartu zuten.

Eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zara denda itxita, Donostian.

Greba deitu zuten sindikatuek deialdiaren balorazio positiboa egin eta grebaren "arrakasta" azpimarratu zuten[5]. Euren hitzetan, deialdiak industria sektorean izan zuen oihartzun handiena, sektore horretako EAEko enpresen %61 itxiz; eta Nafarroako iparraldean greba "erabatekoa" izan zen, eta "garrantzitsua" Iruñerrian[6]. Gasteizko zein Iruñeko Gobernuek eta patronalek, aldiz, grebaren eragina baxuagoa izan zela adierazi zuten: esaterako, %30ekoa Gipuzkoan eta %12 Araban, Eusko Jaurlaritzaren arabera.

Istiluei dagokienez, 5 lagun atxilotu zituzten Bizkai, Araba eta Nafarroan. Istilu gogorrenak Gasteizen jazo ziren, Ertzaintzak eguerdiko manifestazio nagusiaren aurka egin zuenean. Hainbat alderdik Poliziaren jarrera salatu zuten[7][8].

Araba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sindikatuek jakinarazi zutenez, Gipuzkoako enpresa handienek eta erreferentzialenek greba egin zuten, hala nola Goierrin eta Debako zonaldean. Oiartzualdean grebak jarraipen nabarmena izan zuen, ez hainbeste Bidasoaldean.

Kooperatibetan ere grebak jarraipen garrantzitsua izan duela nabarmendu zuten sindikatuek. Hezkuntza publikoan %80an kokatu zuten grebaren jarraipena eta ikastoletan, %90etik gora. Zerbitzuei dagokienez, Pasaiako portua erabat itxita egon zen.

Donostiako Ospitaleko langileek, aldiz, zerbitzu minimoen "inposaketa" salatu zuten. Kritikatu zutenez, zerbitzu minimo horiek "gehiegizkoak dira" eta horrek euren greba eskubidea urratu zuen.

Donostiako manifestazioari dagokionez, milaka pertsona bildu ziren bertan. Azken urteetan egindako grebatako manifestaziorik jendetsuena izan dela adierazi zuten.

Hainbat istilu izan ziren egunean zehar. Piketeetan hainbat pertsona identifikatu zituzten hainbat herritan. Oiartzunen eta Pasaian, piketeek eragindako kalteak salatu zituen Ertzaintzak. Donostian, piketeetan zebilen pertsona bat inputatu zuten "desobedientzia" egotzita, merkatari bati mehatxu egin ziolakoan eta ertzainen lana oztopatu zuelakoan.[9]

Nafarroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñean milaka lagun atera ziren kalera eguerdian, grebarekin bat eginda. Sindikatuen arabera, aurreko greba orokorrean baino jende gehiago bildu zen herrialdeetako manifestazio guztietan.

Grebara batu ziren enpresa asko. Sindikatuen arabera, Nafarroako langileek gehiengoak egin zuen greba. Eman zituzten datuen baitan, greba ia erabatekoa izan zen Sakanan, Bortzirietan eta Leitzan; oso nabarmena Iruñerriko industrialdeetan, eta eragina izan zuen Irunberri, Tafalla eta Lizarra bezalako herrietan.

Hezkuntza publikoan %50-60 artean kokatu zuten grebaren jarraipena eta ikastoletan, %90ean.

Gara egunkariak jakinarazi zuenez, bestalde, hiru langile kateatu ziren Volkswagen auto markak Landabenen duen lantegian. Lantegia ixtea zen euren helburua eta auto ilara luzeak sortu zituzten. 05:30ean Guardia Zibilak atxilotu zituen protestan ari ziren langileak, "ordena publikoa asaldatzeagatik, agente bati aurre egiteagatik eta kasu ez egiteagatik, eta trafikoaren aurkako delituagatik". Lantegian 06:00etan lanean hasi ziren. LAB sindikatuaren arabera, langileen %15ak egin zuen hor greba goizeko txandan.[10]

Euskal Herritik at[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiar Estatuko beste zenbait herrialdetan ere greba deialdiak izan ziren egun berean, "pensionazo" edo pentsio-sistemaren erreformaren aurka ere bai. Galizian, bertako bigarren sindikatu nagusi CIGk deitu zuen lanuztea, milaka langile mobilizatuz eta erantzunarekin "gustura" agertuz[11]. Katalunian, bere aldetik, CGT, CNT, Coordinadora Obrera Sindical eta Solidaritat Obrera sindikatuek deitu zuten greba orokorra. Bertan eragina txikia izan zen, eta Bartzelonako garraiora mugatu zen[12]. Madrilen gazte eta polizien arteko istiluak izan ziren Espainiako Kongresuaren parean izandako elkarreratatze baten ondoren. Banketxe batzuetako kristalak hautsi ziren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: 2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorra