Hil
Hil | |
---|---|
Azpiklasea | urte |
Neurtzen du | iraupena |
Unitate estandarretan | 29,5 d |
Ikurra | мес. |
Hila (edo hilabetea[1]) egutegietan erabiltzen den denbora unitatea da, urtea banatzen den hainbat eguneko zatietako bakoitza[2]. Egutegi gregorianoan, egun erabiltzen den egutegi hedatuenean, urteak 12 hil ditu, bakoitza 28-31 egunez osatua:
- urtarrila (31 egun),
- otsaila (28 egun eta bisurteetan, 29),
- martxoa (31 egun),
- apirila (30 egun),
- maiatza (31 egun),
- ekaina (30 egun),
- uztaila (31 egun),
- abuztua (31 egun),
- iraila (30 egun),
- urria (31 egun),
- azaroa (30 egun) eta
- abendua (31 egun).
Mesopotamian erabili zen lehen aldiz Ilargiaren periodo naturalen neurketan oinarrituta. Kontzeptu tradizionalak ilargia kontuan hartzen duenez, hil sinodikoak dira eta gutxi gorabehera 29,53 egun diraute. Zuretan egindako marrak aztertuta, Paleolitoan ere kontatzen zirela uste dute ikertzaileek. Hilabete sinodikoa, gaur egun, egutegi askoren oinarria da.
Hitza
Hil hitzak zerikusi hertsia du ilargi hitzarekin. Badirudi jatorrian ‘ilargi’ esanahia zuela; horren lekuko izan litezke ilbehera, ilgora, ilberri, etab. Ilargiaren zikloa denbora-tartearekin parekatu bide zen, denbora ilargiaren arabera zenbatzen zen antzinako garai batean[3].
Hilen izenak letra xehez idazten dira perpausaren barruan (abuztuaren 6a)[4].
Hil / Hilabete
Euskalkien arabera, hil eta hilabete hitzen erabilera desberdina da. Sinonimo osoak dira batzuetan eta, gainera, hiztun batzuek ez dute hilabete baizik erabiltzen (Iparraldean, adibidez)[4]. Beste batzuek bereizi egiten dituzte: hil (urtea banatzen den hamabi zatietako bakoitza[2]) eta hilabete (denbora hedaduratzat harturik, 30 eguneko-edo denbora bitartea)[1]. Adibidez: Apirilaren 14tik maiatzaren 14ra hilabeteko tartea dago.
Eukara batuan, bi erabilerak dira zuzenak, nahiz eta badirudi bi adierak desberdintzeko joera dagoela.
Motak
Honako hil motak garrantzitsuak dira astronomian eta Babiloniako ilargi-astronomian ezarri ziren lehen aldiz.
Hil siderala
Hil siderala Ilargiaren orbita eta atzean dauden zeru-esferaren (gaur egun Nazioarteko Zeru Erreferentzia Markoa) arteko erlazioarekin ezartzen da. Ilargiak berriro zeruko puntu berberera iristeko behar duen denboraren neurketa da, 27,321661 egun (hau da, 27 egun, 7 ordu, 43 min eta 11,5 segundu). Hil mota hau Ekialde Hurbila, India eta Txinan erabili izan da. Bertan zerua 27 edo 28 ilargi etxetan banatu zuten, bat hileko egun bakoitzerako eta bertan zegoen izar nagusia edo nagusienekin izendatzen zuten.
Hil tropikala
Ohitura da zeruko gorputzen poisizioa ekinozio bernalarekiko zehaztea. Prezesioa dela eta puntu hau gutxianaka mugitzen da atzerantz ekliptikan zehar. Horregatik denbora gutxiago behar du Ilargiak ekliptikako zero luzera puntura itzultzeko izar finkoen puntu batera baino: 27,321582, hau da, 27 egun, 7 ordu, 43 minutu eta 4,7 segundu. Pixka bat laburragoa den tarte honi hil tropikal deritzo.
Hil anomalistikoa
Ilargiaren orbita elipse bat da, zirkulu bat baino gehiago. Hala ere orbita honen orientazioa eta forma ez dira finkoak. Bereziki puntu estremoen kokapenak (perigeo eta apogeoa) zirkulu bat deskribatzen du 9 urtean behin. Ilargiari gehiago kostatzen zaio puntu berdinera ituzltzea urrundu zelako biraketa batean. Periodo luzeago honi hil anomalistiko deritzo eta 27.554551 egun irauten dit (27 egun, 13 ordu, 18 minutu eta 33,2 segundu). Periodo horrekiko aldatzen da ilargiaren diametro aparentea eta, horregatik, garrantzi berezia du eklipseen predikzioa egiterakoan (ikus Saros).
Hilak hainbat egutegitan
Egutegi julioar eta gregorioarra
Jatorria
Egutegi gregorioar eta julioarreko hilabeteak erromatar egutegitik datoz. Lehenengo seien izenak euren mitologiarekin lotuta daude, eta azkenak jatorrizko ordena-zenbakiarekin (martxoan hasten zena). Hasierako egutegi erromatarra (Tito Livio Liviok eta Plutarkok bildutako tradizioaren arabera) 10 hilabetekoa zen; baina Numa Pompilio erregeak (K.a. 716 - K.a. 674?) beste bi gehitu zizkion. Julio Zesarren garaian, beste aldaketa batzuk egin ziren: urte hasieraren hila aldatu zen; aurrerantzean, urtarrila izan zen, baina ez kasu guztietan, baizik eta erromatarren garai kontsularraren hasierarako bakarrik, eta hil batek haren izen iulius hartu zuen (hainbat hizkuntzatara igaro da: July, Juli, juillet, luglio, julho, julio... euskara batuaz, uztail), aldaketaren sustatzailearen omenaldi gisa; haren oinordeko eta ondorengo Zesar Augustok hurrengo hilabeteari Augustus bere izena eman zion (euskara batuaz, abuztu).
Kanariar uharteetako aborigenen artean, batez ere Tenerifeko guantxeen artean, abuztuak Beñesmer edo Beñesmenen izenean jaso zuen, hilabete horretan ospatzen baitzen uzta jaialdia[5][6].
Hona hemen egutegi gregoriotarreko hilak ordenean:
izena | laburdura | 3 letrako laburdura[7] |
iraupena | izenaren esanahia |
---|---|---|---|---|
urtarril | U | URT | 31 | Urte berriaren hila |
otsail | O | OTS | 28 (29 bisurteetan) | Otsoen hila |
martxo | M | MAR | 31 | Martius, latinetik |
apiril | A | API | 30 | Aprilis, latinetik |
maiatz | M | MAI | 31 | Maius, latinetik |
ekain | E | EKA | 30 | Eki gain (Eguzkia gorenean) |
uztail | U | UZT | 31 | Uzta hila |
abuztu | A | ABU | 31 | Augustus, latinetik |
irail | I | IRA | 30 | Ira(tzea) jasotzeko hila |
urri | U | URR | 31 | Hur hila |
azaro | A | AZA | 30 | Hazi edo aza aroa |
abendu | A | ABE | 31 | Adventum, latinetik |
Euskalkietako izenak
euskara batua | Arratia (mendebaldekoa) | Goierri (erdialdekoa) | Sakana (nafarrera) | zuberera | Leizarraga (arkaikoa: mugatuan dago) |
---|---|---|---|---|---|
urtarril | urteile | ilbeltz | ilbeltz | urtaril | urtharrilla |
otsail | zezeile | otsail | otsail | barantail | otsailla |
martxo | martie | marso | marsu | ostaro | martchoa |
apiril | aprile | april | apiribil | jorrail | aprilla |
maiatz | maiatza | maiatz | maiatz | epail | maiatza |
ekain | bagile | garagarril | garagarril | arramaiatz / bagil | ereyaroa |
uztail | garagarrile | uztail | garil | üztail | uztailla |
abuztu | agustue | aguztu | abuztu | agorril | agorrilla |
irail | urrie | agor | urri | setemere / bürüil | buruilla |
urri | urri bigarrena | urri | lastai | ürrieta | urria |
azaro | semendie | azaro | azaro | gorotzil | hacilla |
abendu | abendue / gabonile | abendua | abendu | negil | advendua |
Erreferentziak
- ↑ a b «Hilabete». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-11-05.)
- ↑ a b «Hil». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-11-05.)
- ↑ Hil Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa, Euskaltzaindia (noiz kontsultatua: 2021-11-5)
- ↑ a b Hil/Hilabete Euskara Batuaren Eskuliburua, Euskaltzaindia (noiz kontsultatua: 2021-11-05)
- ↑ Abreu Galindo, Juan de (1848) [1632]. Historia de la conquista de las siete islas de Gran Canaria. Santa Cruz de Tenerife: Imprenta, Litografía y Librería Isleña.
- ↑ Torriani, Leonardo (1959) [1590]. Descripción e historia del reino de las Islas Canarias: antes Afortunadas, con el parecer de sus fortificaciones. Santa Cruz de Tenerife: Goya Ediciones.
- ↑ Laburtzapenen hiztegia. Eusko Jaurlaritzs - IVAP 2010.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Urteko hilak | ||
---|---|---|
Urtarrila • Otsaila • Martxoa • Apirila • Maiatza • Ekaina • Uztaila • Abuztua • Iraila • Urria • Azaroa • Abendua |
Denbora unitateak | ||
---|---|---|
attosegundo • femtosegundo • pikosegundo • nanosegundo • mikrosegundo • milisegundo • segundo
|