Iparraldeko Gurutzadak
Iparraldeko Gurutzadak | |||
---|---|---|---|
Gurutzadak | |||
XIII. mendeko egoera geo-politikoa Baltikoan. | |||
Data | XII. mendea - XIII. mendea | ||
Lekua | Baltikoa | ||
Emaitza | Kristauen garaipena | ||
Gudulariak | |||
Indarra | |||
| |||
Gurutzada Baltikoak edo Iparraldeko Gurutzadak XII. mendetik XVI. mendera [1] (1100-1562) itsaso Baltiko inguruan eta Europa ipar-ekialdean Eliza Katolikoak eta hainbat jaun feudalek bertako herri paganoen aurka eginiko gerrak dira. Gerra hauen aitzakiatzat erlijioa jarri zuten arren, arrazoi espantsionista, ekonomiko, politiko eta sozialak izan ziren zabalkunde honen arrazoi nagusiak.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iparraldeko gurutzaden aurrekari nagusia Ekialde Hurbilean eginiko gurutzadak dira. Gurutzada hauek Baltikokoak baino mende bat lehenago hasi ziren gutxi gorabehera. Gurutzada hauen helburu nagusia Jerusalem eta honen inguruko lur santua berreskuratzea ziren, behin kristau izan zirenak eta garaian musulmanak zirenak. Gurutzada hauek ia 3 mendeetan luzatu ziren eta Eliza Katolikoak eta Europa mendebaldeko jaun feudalek burutu zituzten, frankoek, gehienbat. Lehenengo gurutzada 1095ean hasi eta 1099an bukatu zen, azkena, aldiz, 1271ean hasi eta 1272an amaitu zen. Gerra hauen atzean interes erlijioso sutsua egoteaz gain, bertako merkataritza oparo eta jaun feudalen lur nahia zeuden[2].
Ekialde Hurbileko gurutzadez gain, Iberiar penintsulan erreinu kristauek lur musulmanei eginiko konkistak ere badaude, errekonkista delakoa, alegia. Hala ere, zazpi mende baino gehiago iraun zituen prozesu honi gurutzada deitzea ez da gomendagarria[2].
Testuinguru historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europa ipar-ekialdean erreinu kristau eta inguruko paganoen arteko liskarrak eta istiluak ohikoak izan ziren paganoen aurkako gurutzadak hasi aurretik. Liskar hauen arrazoi nagusia merkataritza zen, Itsaso Baltikoa oso aktiboa izan baita merkataritzan beti. [2]
Erdi Aro Betea hazkunde garaia izan zen Europa mendebaldean. Hazkunde hau demografikoa izan zen batez ere, eta jende gehiago egotearekin batera hauek elikatzeko beharra ere areagotu egin zen. Behar hau zela-eta landatzeko erabili ohi ez zituzten lurrak luberritzen hasi ziren baina ez zuten elikagai beharra asetzea lortzen. Luberri zitzaketen lur guztiak luberrituta, jaun feudalaren menpe zeuden lurretatik at lur berria bilatzen hasi ziren, hau da, inguruko lurrak konkistatu eta bereganatzen. Europa erdialdean ekialderantz egin zuten zabalkunde hau, herri eslaviar eta baltikoen kontura eta hauen erlijioa kristautasuna ez zela aprobetxatuz, aitzaki paregabea topatu zuten erlijioan lur hauen konkista eta kolonizazioa legitimatzeko. Honez gain, Eliza guztiz sartu zen lur hauen konkistan, honek ere jaun feudal bezala jokatzen baitzuen. [2]
Drang Nach Osten
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Drang Nach Osten alemaniarrek XII. mendetik XV. mendera ekialderantz, Oder ibaiaren ekialderantz gehienbat, eginiko kolonizazioari deitzen zaio. Hala ere termino hau ez zuten garaiko kolonizatzaile germaniarrek erabili, XIX. mendean sorturiko terminoa baita, nazionalismoen sorreraren testuinguruan, alegia. Gaur egungo Polonia, Errusia, Letonia, Estonia, Lituania, Txekiar Errepublika eta Alemania ekialdea konkistatu zituzten jaun feudal germaniarrek.
Konkistatu ondoren, jaun feudalek lur horiek kolonizatu eta germanizatzeko nekazariak erakarri behar zituzten eta horretarako abantail edo pribilejio batzuk eman zizkien, zerga gutxiago ordaintzea, aibidez. Hainbat erreinu kristauez gain (Danimarka Koroa, Poloniako Monarkia etab.) monakotza ordenek protagonismo berezia eduki zuten, hauetatik garrantzitsuena Orden Teutonikoa izan zelarik. Kolonizazio eta lur berri hauen okupazioa lehenago aipaturiko arrazoiengatik egin zuten batez ere, hau da, arrazoi ekonomiko, sozial, politiko eta erlijiosoengatik.[2]
Gertakizunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herri jentil edo paganoek iada kristautako beste erresumekin izandako liskarrak ugariak izan ziren arren, XII. mendetik aurrera bataila hauek gurutzada zentzua hartuko dute, hau da, Elizak gidaturiko gerra santu modukoak izango dira. Lau mende baino gehiagotan hainbat izan ziren aitzaki erlijiosoa zela-eta Baltiko inguruko herri desberdinen aurka eman ziren batailak, eslaviar, lituaniar eta prusiarren aurkakoak hauetako batzuk direlarik. [1]
Wendotarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wendo edo bendotarren aurkako gurutzada (1147) garrantzitsua izan zen Iparraldeko Gurutzadetako lehen bataila esanguratsua izan zelako. Helburu ekonomikoak izan ziren herri eslaviar honen konkista bultzatu zuten arrazoi nagusiak, Europa erdialdeko beste hainbat herrirekin erlazio komertzial estuak baitzituzten. Havelbergko Anselmo izan zen honen bultzatzaile nagusia, behin lur kristauak zirenak errekuperatze aldera. [1]
Pomerania eta Pomeraliako herriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aita Santuaren bulda bat aprobetxatuz, Poloniar monarkiako Piast dinastiak Pomeralia eta Pomeraniako herri eslaviar paganoen aurka (lutiziarrak esaten zitzaienak) egin zuten 1116an eta 1119tik 1123ra, hurrenez hurren. Dinastia honen politika espantsionistaren parte izan zen mugimendu hau. [1]
Finlandiarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Finlandiarren aurka eliza kristauak onartutako gurutzadak suediarren eskutik eraman ziren aurrera. Eremuko merkataritza eta lehengaien kontrola izan ziren helburu nagusiak, nahiz eta paganoen konbertsioa aurrera eramateko nahia erabili justifikazio moduan. Testuinguru honetan, suediarrek Novgorod eta hauen aliatuen aurka gauzatu zuten gurutzada finlandiar lurraldeetatik. [1]
Hiru gurutzada suediar zenbatzen dira Finlandiako lurretan. Lehena ez dago historikoki oso frogatua, mitoa ere izan daitekeela uste da, ustez 1150. urtean Suediako errege Erik IX.ak eta Henrike Upsalako apezpikuak gidatua. Henrike gotzaina Finlandian bertan hil omen zen, eta harrezkero Finlandiako katolikoen santua da[3].
Bigarren gurutzada suediarra Erik Magnusson buruzagiaren Eriken Kronikan kontatzen da, 1247 eta 1250 urteen artean gertatu zen, baina hau ere eztabaidatua da[4].
Hirugarren gurutzada suediarra, azkenik kareliarren kontrakoa izan zen, Finlandia ekialdeko herri honetako gaizkileek kristau suediarrei eraso egiten zietelakoan antolatu zen, eta Birger Magnusson errege suediarraren 1295eko gutun batean aipatzen da[5].
Estoniarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Danimarkar koroaren eskutik estoniarren aurka egindako gurutzadaren ondorioz, Estonia iparraldeko eremuen konkista gauzatzea ekarri zuen. 1171, 1206 eta 1218 urteetan eginiko batailak izan ziren garrantzitsu eta erabakigarrienak. Honorio III.aren buldari, Ezpaten Anaien orden militarra eta Suediako Juan I.ari esker daniarren eskuetan geratu zen konkistatutako lurralde hau, 1346-an Teutonikoei saldu arte. [1]
Livoniarrak eta prusiarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Germaniarren eskutik Livonia (1118-1300) eta Prusiarren aurka eman ziren gurutzadak arrakasta gehien izan dute gaur egun interes, ikerketa eta arretari dagokonez. Modu bikainan azaltzen dira germaniaren espantsio helburuak, komertzio, gizarte eta politikaren gaineko kontrola azpimarratuz. Honek aldi berean, merkataritza eta kultura hedatzea eragin zuen, eremua kolonizatu eta germanizatuz.
Aurrekoen izaera eta helburuetatik aldenduz, Prusiako gurutzada dugu. Jendeztatutako eta administrazio sare antolatu zein armada profesional bat zeukan lurraldea zen hau, nahiz eta tribuen arteko desadostasunak barne tentsio eta gatazkak edukitzera eraman. 1217. urtean Inozentzio III.aren bula izan zen gurutzada hasteko arrazoia poloniar eta alemaniarren eskutik, nahiz eta 1225an gauzatu benetako konkista Teutonikoen eskutik. [1]
Lituaniarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lituaniaren aurkako gurutzadak 1203. urtean hasi ziren, nahiz eta XV. mendera arte luzatu azkenean. Hala ere, konkista eta gertakizun nagusiak Behe Erdi Aroan eman ziren Europan zeuden zaldun guztien ondorioz. Honela, Teutonikoek lurralde hauetako lurraldeen kontrola lortu zuten eta inguruko beste lurraldeetan bezala eremua kolonizatu eta germanizatu zuten. [1]
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Behin Drang Nach Ostenen baitan kokatzen diren zabalkuntza mugimenduak esklusiboki herri paganoak kristautzeko ekintza moduan ikusten zituen ikuspegi erabat erromantikoak atzean utzita, mugimenduok egun Mendebaldeko Europa kristauak bultzatutako eta antolakuntza konplexupean gauzatutako kanpaina militar jarraitu moduan hautematen dira, aldi berean Aita Santuen buldek, botoek edota induljentziek babestu zituzten aldetik funtsezko osagai, babes eta orokorrean kutsu erlijiosoa esleitzen zaielarik. Hortaz, hedapen prozesu hauek familia nobleen, aristokraten eta talde ezberdinen (ordena erlijiosoak edota militarrak kasu) multzo jakin batek elkar eraginez izandako jarrera ekonomiko, sozial, politiko eta erlijioso jakin baten zantzuak lirateke. [1]
Helburuei dagokienean, eragin esparruak zabaldu eta irabaziak eskuratzearekin lotutako teoriak dira adostasun zabalena lortu dutenak, helburu erlijiosoak bigarren maila batean kokatu direlarik. Jomuga populazio hazkorrari aterabidea aurkitzearekin eta biolentzia kanpora bideratzearekin lotutako helburuetan ezartzen duten teoriak ere azpimarratzekoak dira. [1]
Denbora luzez, Drang Nach Ostenek barne hartzen dituen hedapen mugimenduek ez dute antzeko beste hedapen mugimendu batzuek besteko arretarik jaso historialarien aldetik. Islamaren inguruko gatazka kutsuz jositako zenbait hedapen prozesuren inguruan irudimenezko kontakizun erakargarriak modu arrakastatsuan sortu izanak (sorkuntza eta hedapen horretan gesta kantek zein erromantzeek zerikusi handia eduki dute) eta saiakerak tarteko Ekialdeko Europaren kasuarekin emaitza berberak lortzera ez heltzeak ekialdeko fenomenoa itzalean utzi izan du denbora luzez. Zorionez egun egoera bestelakoa da, historiografiak abaniko zabala eskaintzen baitu aztergai edukitako mugimenduen harira. [1]
Ospe kontuak alde batera utzita eta egiari zor, esan beharrekoa da Ekialdeko Europako hedapen mugimenduak Lur Santuan gauzatutakoak baino askoz ere errentagarriagoak eta sakonagoak izan zirela, prozesuaren sakontasunaren isla delarik egun mugimenduon ondorioek bizirik jarraitzea. Izan ere Drang Nach Ostenen bitartez herri Baltikoetan eta horien inguruko eremu zabal ugaritan mendebaldeko kultura europarraren haziak landatu ziren, tokian tokiko erlijio eta sinismenak atzean utzi eta kristautasuna hartzera derrigortuak izan baitziren. Modu horretan, germanizazio eta kristautze sakona baliatuta aipatutako eremu geografikoko biztanleen pentsatzeko modua aldatzea lortu zen, mendebaldeko kultura europarraren hedapenaren mesedetan betiere. Hori gutxi ez eta besteak beste luberrien eraginez paisaia fisikoak ere aldaketa sakonak bizi izan zituen, baso eta zingiren kaltetan. Bizitako gizarte eraldaketa bortitzak direla eta egun eremu Baltikoan nagusitzen den pentsamendu latindarraren lehenengo sustraiak Drang Nach Ostenen garaikoak dira. [1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g h i j k l Contreras Martín, Antonio. (2017). Las cruzadas bálticas y del Norte de Europa (1100-1562): la expansión de la Latinitas. Revista Universitaria de Historia Militar, 272.281 or..
- ↑ a b c d e Tyerman, Christopher. (2006). Las guerras de Diós. Crítica.
- ↑ (Finlandieraz) Heikkilä, Tuomas. (2006). Pyhän Henrikin Legenda. .
- ↑ Harrison, Dick. (2005). Gud vill det! : nordiska korsfarare under medeltiden. Ordfront förlag ISBN 91-7037-119-9. PMC 62758748. (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- ↑ «LINNA, MARTTI (toim.): Suomen varhaiskeskiajan lähteitä | Kampintorin antikvaarinen kirjakauppa Oy - laaja valikoima kirjoja eri aloilta, myös sarjakuvat» www.kampinkirjakauppa.fi (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Contreras Martín, Antonio. (2017). Las cruzadas bálticas y del Norte de Europa (1100-1562): la expansión de la Latinitas. Revista Universitaria de Historia Militar, 272-281
- Tyerman, Christopher. (2006). Las guerras de Diós. Crítica.