Alkandora Gorrien Espedizioa
Alkandora Gorrien Espedizioa | |||
---|---|---|---|
Mila Gizonen Espedizioa | |||
Giuseppe Garibaldiren itsasoratzea Quarto hondartzatik. | |||
Data | 1860 | ||
Lekua | Sizilia eta Italiako hegoaldea | ||
Emaitza | Piemonteko garaipena Bi Sizilietako Erresumaren gainean | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Alkandora Gorrien Espedizioa edo Mila Gizonen Espedizioa Italiaren bateratzeko edo Risorgimentoko jazoera bat izan zen, 1860an gertatua. Giuseppe Garibaldik zuzendutako armada boluntario bat Sizilian lehorreratu zen Borboi etxeak gobernaturiko Bi Sizilietako Erresuma konkistatzeko. Proiektua asmo handikoa eta arriskutsua zen. Horren helburua zen, mila gizonen laguntzarekin, erresuma bat konkistatzea, kontuan hartuz eskualdea armadak eta flota handi batek defendatzen zutela. Sardiniako Erresumak bidali zuen espedizioa, Quarto hondartzatik abiatuz (gaurko Quarto dei Mille, Genovan) mendebaldeko Sizilian lehorreratu zen. Espedizioa arrakastatsua izan zen, eta plebiszitu baten ondoren, Napoli eta Sizilia Sardiniako Erresuman sartu ziren. Konkista horrek Borboien agintaldiaren amaiera eragin zuen eta Italiako Erresuma sortu baino lehen aurreko prozesua izan zen, 1861eko martxoaren 17an. Itsas-eginkizuna nazioaren lau aitek adostu zuten, hau da, Giuseppe Mazzini, Giuseppe Garibaldi, Viktor Emanuel II.a Italiakoa, eta Camillo Cavour. Hala ere, Francesco Crispi izan zen espedizioaren bultzazailea Italiaren bateratzea lortzeko[1]. Espedizioan parte hartu zuten taldeek hainbat asmo zituzten: Garibaldik Italia bateratu nahi zuen; Siziliako burgesiak Sizilia independente bat, baina Italiaren erresumaren barne; nekazariek berriz, landa eremuen banaketa eta lur-jabeen zapalkuntzaren amaiera.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espedizioaren gertaerak Italiaren bateratzearen barruan ulertu behar dira. Hau Camillo Cavourrek, Sardinia-Piemonteko Lehen Ministroak, antzinatik antolatu zuen, haren bizitzako helburu nagusia moduan. Piemontek anexionatu ostean Toskanako Dukerri Handia , Modena eta Parmako Dukerriak eta Romagna eta Sardiniako Erresuma 1860ko martxoan, Italiako nazionalistek Bi Sizilietako Erresuman jarri zituzten begiak. Erresuma hori Italiar penintsularen hegoaldeak eta Siziliak osatzen zuten. Konkista hau ezinbesteko zen Italia bateratzeko. 1860an, Garibaldi, italiar buruzagi iraultzalea, Genevan zegoen Napoli eta Siziliaren kontrako espedizio bat antolatzen, Britainia Handiko babesarekin[2]. Francesco Crispik eta beste lider siziliarrak ez zeuden gustura Napoliko gobernuarekin, gainera Britainia Handiak kezkatuta zegoen borboien gobernuak eta Errusiar inperioak egindago hurbilketarekin. Azken honek Mediterraneoko bidea zabaldu nahi zuen. Bestalde, Siziliako portuek garrantzi estrategikoa izan zuten Suezko kanala ireki zenean. Lorenzo Boca eta beste batzuren ustez, Garibaldiren espedizioak britainiarren laguntza izan zuen Siziliako sulfuroa merkeagoa lortzeko. Hau kantitate handitan behar zuten bapore berrietarako[3].
Casus belli baten bila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sardinia-Piemonteko Erresumak casus belli bat behar zuen Bi Sizilietako Erresuma erasotzeko. Savoiako etxeak Borboi erresumari ez zion inoiz gerra deklaratu, Cavourrek eskatzen bazuen ere. Irtenbide bakarra zen tokiko matxinada bat antolatzea, siziliarrak borboien leinutik aldentzeko[4] [5].
Alkandora gorriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1860an, Roselino Pilo erbesteratuak Giuseppe Garibaldiri aholkatu zion espedizio baten arduratzeko eta Italiako hegoaldea borboien gobernutik askatzeko[6]. Hasieran, Garibaldi ez zegoen ados baina azkenean onartu zuen. Martxorako Garibaldik 1.089 boluntario lortu zituen Siziliara joateko. Boluntario gehienak (434) Lombardiatik zetozen,[7] beste batzuk okupatutako Veneziatik (194)[8], Genovatik (156 boluntario)[9] eta Toskanatik 78. Beste batzuk siziliarrak (46) eta napolitarrak ziren (46), baina bakarrik 11 Erromatik eta Aita Santuen Lurraldetik etorri ziren. Espedizioari 33 atzerritar gehitu ziren; haien artean István Türr[10], 3 hungariar eta 14 Trentinoko italiar, garai hartan Austriar inperioaren menpean zegoena[11]. Boluntario gehienak artisauak eta ikasleak ziren baina bazeuden behe mailako klaseetatik ere[6].[12]. Borondatezko soldaduak antzinako mosketekin[11] hornituta egoteaz gain uniforme minimalistaz jantzita zeuden, hau da, alkandora gorria eta praka grisak[13].
Espedizioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsasontzi gorriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maiatzaren 5eko gauean, Nino Bixiok gidatutako talde txiki bat Genovan bi baporetan itsasoratu zen. Itsasontzi-konpainia Rubattino shipping company zen eta honen jabearen helburua zen bolondresak Siziliara eramatea. Itsasontziak Il Piemonte eta Il Lombardo berrizendatuak izan ondoren, Quarto dei Milletik[14] boluntarioak, (Francesco Crispiren emaztea, Rosalia, barne) Siziliarantz abiatu ziren[7].
Siziliako lehorreratzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsasontziak Marsalan lehorreratu ziren, Siziliako mendebaldeko muturrean, maiatzaren 11an. Britainia Handiko itsasontzien laguntza izan zuten borboien itsasontziak geratzeko[15]. Lehorreratzea bukatu bezain pronto, Il Lombardo erasotu eta hondoratu zuten, Il Piemonte, berriz, harrapatua. Lehorreratu baino lehen, [16] Francesco Crispi heldu zen tokiko jendearen babesa eta boluntarioak lortzeko. Maiatzaren 14an, Salemin, Garibaldik bere burua Siziliako diktadore[17] izendatu zuen, Sardiniako Viktor Emanuel erregearen izenean.
Lehenengo erasoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maiatzaren 12an, goizeko lauretan, Garibaldiren tropak irlaren barrualdera abiatu ziren. Garibaldik boluntarioei lur eremuak agindu zizkienez, 1.200 siziliar gehitu ziren armadara[18]. Borboien armada, Francesco Landi jeneralaren esanetara[19], Palermotik Garibaldiren bila joan zen, 13an Calatafimi herrian eten zen. Han gertatu zen lehenengo gudua: Landik 3.000 soldadu zituen, hiru bataloietan banaturik. Jeneral honek, eskualdea behatzeko, 1.500 soldadutako talde bat zuzendu zuen. Taldea, aldi berean, hiru zutabetan banaturik zegoen. Hauetariko batek, Sforzak gidatutako 600 gizonezkoenak, etsaia ikusi bezain pronto, 15eko goizean, erabaki zuen bakarrik erasotzea. Landik, gainontzeko armadarekin, Sforza lagundu beharrean alde egin zuen. Azkenean, Sforzak gauza bera egin behar zuen. Garibaldiar soldadu batek honako hau idatzi zuen:
« | Ez genituen gure begiak eta belarriak sinetsi ohartzean borroka abandonatzeko aginduak ez zetozela gure buruzagiengandik borboiengandik baino. | » |
—Francesco Grandi[20] |
Gudu honen emaitza garibaldiarren aldetik 32 hildako eta 182 zauritu izan zen, borboien partetik, berriz, 36 hildako eta 150 zauritu. Borboien gainontzeko 2.800 soldadu hasi ziren zalantzan jartzen haien jeneralen trebezia eta zintzotasuna.
Landi jeneralak arratsaldeko 8etan Calatafemi laga zuen era Palermora itzuli zen. Hurrengo urteko martxoan, 1861ean, Napoliko Bankutik 14.000 dukat atera zituen (gaurko 224.000 €), berak esanda Garibaldik oparitu zizkion. Hark eta haren bost semeek maila handiko karguak izan zituzten italiar armadan bateratzearen ondoren[21]. Ustelkeria estrategia moduan erabili zuen Cavourrek dirua banatzean Bi Sizilietako buruzagi militarrak erosteko. Zeregin hori Carlo Pellion di Persano kontralmiranteak gauzatu zuen, milioi bat dukat zuena (gaurko 16 milioi euro) borboien militarrak usteltzeko[22].
Palermoren hartzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maiatzaren 15ean, Ferdinando Lanza[23], Siziliako jenerala izendaturik, Palermora abiatu zen Garibaldiren erasoaz defendatzeko. Lanzak 571 ofizial, 20.000 soldadu, 681 zaldi, 175 mando eta 36 kanoi zituen, baita matxinatzeko prest populazio bat ere. Garibaldik, etsaien tropen kopurua jakitean, esan zuen Palermo ez zegoela hartzerik. Hala ere, Francesco Crispik[24] erasotzeko konbentzitu zuen, eta agindu zion, porrot eginez gero, alkandara gorriek Piemonteko eta ingeles itsasontzietan babesa aurkituko zutela. Gauzak honela, erabaki zuen hiriaren kontra joatea. Lanzak 26an, jakitun zenean Garibaldiren erasoaz, hiritik tropak atera zituen gudua kanpoan antolatzeko. Alkandora gorrien bi zutabek hiria eraso zutenean, populazioaren parte bat eta gartzeletatik libre geratu ziren 2.000 presok lagunduta, goarnizioaren kontra matxinatu ziren. Lanzak hiriko San Antonio eta Termini ateak babesteko 260 gizon utzi bazituen ere, ate horietatik 4.000 garibalditar sartu ziren hurrengo eguneko goizeko lauretan, hirian 6.000 soldadu koarteletan lo egiten zuten bitartean. Hasieran, guardiako tropek aurre egin zieten erasotzaileei, baina laster Errege jauregira ihes egin zuten, hots, Lanza zegoen tokira[25]. Garibaldi Pretorio jauregian kuarteleratu zen eta herritarrak matxinatzera adoretu zituen. Hauek kaleetan barrikadak antolatu zituzten baita borboien soldaduei etxeetatik tiro egin zieten ere. Borboien tropak zeuden posizioetatik egotziak izan zirenean, Lanzak agindu eman zuen portuko itsasontzietatik hiria bonbardatzeko. Bonbardaketa hiru egunez luzatu zen, 600 biktima zibil eraginez. Hurrengo goizean, 28an, Napolitik tropa berriak heldu ziren baina ezin izan zuten hurrengo egunerarte lehorreratu. Maiatzaren 28an, Garibaldi hiriko zatirik handiena kontrolatzean, Borboien autoritatea desagertu zela aldarrikatu zuen. Lehenengo guduak, 28 eta 29koak, alkandora gorrien aldekoak izan ziren, baina Napoliko tropak heltzean egoera hasi zen aldatzen. Garibaldik agindu zuen, etsaiak erasotzekotan, Jauregi presidentzialera erretiratzea. Hurrengo egunean, 29an, napolitarren kontraeraso bat atzera bota ondoren, Lanzak 30ean armistizio bat eskatu zuen gorpuak eta zaurituak zaintzeko. Hurrengo egunerako prestatuta zegoen Garibaldiren kontrako azken erasoa, baina su-etenak hiru egun gehiago iraun zuen, horrek borboien armadan nahigabe eragin zuen. Egoera larria zen Garibaldirentzat muniziorik gabe geratzen ari zelako, baina ustekabean, ekainaren 8an, Frantzisko II.ak Palermoko kapitulazioa sinatu eta agindu zuen tropak Messinara erretiratzea, hiria eroriko ez zelakoan eta handik Palermoren berreskuratzea prestatzeko. Honela, 24.000 soldaduk Siziliako hiriburua laga zuten Messinarantz abiatuz. Garibaldik Palermoko bankutik 5 milioi dukat atera zituen (gaurko 80 milioi €), garibalditarren eta borboien ofizialen artean, Garibaldiren aldera igaro zirenak, banatzeko[26].
Frantzisko II.aren akatsak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europar diplomaziak Piemonteko politizaz kexu zegoen nazioarteko kode etikoa bortxatzen zuelako. Hala ere, ez zen inolako estaturik etorri Bi Sizilietako Erresuma laguntzera. Nazioarteko politika honetan, Bi Siziliek errege mugiezin bat zuten, politikoki eta diplomatikoki isolaturik. Piemonteko armadak Sizilian jarduten zuen bitartean, Frantzisko berak tropak zuzenean gidatzera joan beharrean, batzuek aholku ematen zioten moduan (beste batzuen artean Maria Sofia Bavierako emazteak), Frantziarekin aliantza bilatu zuen. Hau izan zen bere aurrekoak, Fernando II.ak, inoiz egingo ez zuena, zeinak erresumaren independentzia izateko armada bat osatu baitzuen edozein kanpoko erasoari aurre egiteko. Zaila zen pentsatzea Napoleon III.a Piemonteren aurka joango zela, berarekin zenbait urte lehenago Austriaren kontrako gerra odoltsu bat irabazi zutelako. Baina hegoaldeko erregeak ez zuen hori kontuan hartu eta ekainaren 12an Parisera gutun bat bidali zuen laguntza eske. Frantziaren enperadoreak erantzun zion: beharrezkoa zela momentuko eskakizunei, hau da, nazioren ideiari, amore ematea.[27] Modu honetan, Siziliako erregeak behartuta ikusi zuen bere burua nahi ez zituen gauzak egitera: 1860ko ekainaren 25ean, 1848ko konstituzioa berrezarri zuen eta parlamentua antolatzeko hauteskundeak martxan jarri zituen. Honetaz gain, bandera aldatu zuen: orain Italiaren hiru kolorekoa zen, baina borboien armarriarekin erdian zuela. Siziliarako autonomia proiektu bat gauzatu zen, nahiz eta irlaren gobernuaren aurrean borboien familiako erregeorde bat jarri eta amnistia orokorra eman preso politiko guztientzat. Konstituzioarekin erregeak botere eta malgutasun politiko gutxiago izan zuen: ezin izan zuen inbasioari erantzun azkar bat eman, Kongresua izatean erabakiak motelagoak zirelako. Gainera Parlamentuan liberal anitz zeuden, inbasioaren alde zeudenak.
Napolitarren erretreta Milazzoko guduan[28]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantzisko II.ak tropei ordenatu zien ekialdera mugitzea eta irla lagatzea. Bitartean, maiatzaren 31n, Nicola Fabrizik Cataniako goarnizioak zapaldu zuen[29] hirian antolatutako matxinada bat, baina laster agindu zuen tropak Messinara joateko; beraz, matxinadaren kontrolak ez zuen ondorio praktikorik. Ordurako, erregeak Sizilian bakarrik kontrolatzen zuen Sirakusa, Augusta eta Milazzo. Bitartean, Garibaldik errekrutatzeari ekin zion, baina bakarrik 20.000 soldadu lortu zituen. Hala ere, nekazariak, lur-jabeek ezarritako baldintza txarretatik ahalik eta lasterren aske egon nahi zutenak, toki askotan hasi ziren matxinatzen. Bronten[30], 1860ko abuztuaren 4an, Nino Bixiok[31], Garibaldiren lagunak, matxinada horiek krudelki zapaldu zituen alkandora gorrien bi batailoiekin. Cavour kezkatu zen Garibaldiren garaipen azkarrekin. Hori zela eta, uztailaren hasieran Siziliako berehalaho anexioa Piemonterekin proposatu zion. Garibaldik erantzun zion ez zuela onartzen proposamena gerra bukatu arte. Cavourren mezulariari dagokinez, atxilotu zen gero irlatik egozteko. Aurrekoa Agostino Depretisek[32] ordezkatu zuen zeinak, Garibaldiren konfiantza irabaztean, prodiktadore titulua lortu zuen. Garibaldik antolatutako Hegoaldeko armada indartu zen beste italiar boluntario batzuekin eta Piemonteko soldaduekin, azken hauek desertore mozorrotu ziren. Napolitarrek 24.000 soldadu zituzten Messina eta beste gotorleku batzuk defendatzeko. Uztailaren 20an, Garibaldik, 5.000 gizonekin, Milazzo erasotu zuen. Hiriko defentsa adoretsua izan zen, baina koordinazio faltak eta Clary mariskalaren ezetzak (armada napolitarraren buruzagi gorena) Messinatik tropak bidaltzeko, erraztu zuten alkandora gorrien garaipena. Sei egun beranduago, Claryk Messina errenditu zion Garibaldiri. Beste gotorlekuek irailaren bukaeran bide bera eraman zuten.
Kontinentean barrena aurreratzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Abuztuaren hasieran, Garibaldiren antolaketak hasi ziren Messinako itsasartea zeharkatzeko. Hau 18an gauzatu zen. Cavour lehorreratzearen kontrakoa zen, honela adierazi zion Garibaldiri premiazko gutun batean. Edozein modutan, Garibaldik ez zion jaramonik egin Viktor Emanuelaren isilpeko baimena zuelako. Borboiek bidalitako flotak ez zuen ezer egin Garibaldiren lehorreratzea ekiditzeko. Garibaldi berak eskertu zuen itsas armadaren kolaborazioa aitortuz: inoiz ezingo zuela itsasartea zeharkatu aurrean itsas-armada etsai bat zuelarik.[33]
Calabriaren konkista
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garibaldiren 20.000 soldaduak Calabrian sartu ziren eragozpenik gabe eta 17 egunen bukaeran, Napoliko ateen aurrean zeuden. Borboiek 20.000 soldadu inguru zituzten Calabrian, baina Reggio Calabriaren gertaerak izan ezik, abuztuaren 21ean ahalegin handiarekin Bixiok konkistatu zuena, ez zuten erresistentziarik aurkitu borboien tropak urtu edo Garibaldiren armadan sartu zirelako. Abuztuaren 30ean, Ghio jeneralak gidatutako siziliar armada batek porrot egin zuen Soveria Mannellin alkandora gorrien aurrean. Geroago, loturarik gabeko unitate txikiek baino ez zuten borroka jarraitu. Napolitar itsas-armadaren jarrera antzekoa izan zen.
Napoliren erorialdia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantzisko II.aren Estatu Nagusiko aholkulariek gomendatu zioten armada berrantolatzea. Horregatik, irailaren 4an defentsa lerroak Volturno ibaiaraino atzeratu ziren, Napoliren iparraldean. Erregeak uste zuen gai izango zela kontraerasoak antolatzeko Aita Santuen Lurraldetik, toki hori bortxaezina zelako. Honela, Frantzisko II.ak, irailaren 5ean, hiria utzi zuen hiritarrak bonbardaketak giza- eta beste galera motak ez jasateko. Batzuen ustez akats galanta izango zen etsaiari hiria uztea. Erregearen anaiak, Alfontsok, uste zuen errege adoretsu batek Garibaldi erraz garai zezakeela[34]. Beste batzuen arabera, hobe zitekeen Salernoraino aurreratzea eta porrotaren kasuan, iparraldera erretiratzea. Irailaren 7an, Garibaldi Napolin sartu zen soldadu gutxirekin baina inolako oposiziorik aurkitu gabe, eta bi egun geroago haren armadak guza bera egin zuen. Populazioak pozarren pozez jaso zuen Garibaldi, baina horrek ez du esan nahi guztiek babesa ematen ziotenik: manifestaldietan bazeuden infiltraturiko piemontarrak eta mafiosoak, zeinek dirua eta janaria banatzen zuten herriak Garibaldi atseginez hartzeko. Hala ere, uko egin ziotenak, garibalditarren beldur, etxeen barruan itxi ziren[35]. Garibaldik Bi Sizilietako diktadore aldarrikatu zuen bere burua. [36] Errege jauregia arpilatuta izan zen. Objektu preziatuenak Turinera bidali ziren eta beste batzuek enkantean saldu. Irailaren 11an, Estatuaren Diruzaintza, nazioaren ondarea, (1.670 milio € inguru) eta erregearen berezko ondasunak (beste 150 milio €) Napoliko Bankuan zeudela, nazio ondasunak aldarrikatu ziren[37]. Honetaz gain, kaleetako eta eraikinetako borboien izenak kendu ziren eta haien ordez Piemonteko erregeenak ezarri. Napoliko egoera nahasia zen, lehenengo ospakizunen ostean, anarkia gailendu zen. Gertatutako matxinadak polizia berriak zapaldu zituen, Camorraren kideez osatuta zegoena[38].
Volturnoko gudua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artikulu nagusia: Batalla de Volturno (1860)
Frantzisko II.ak Napoli utzi eta gero, Gaeta gotorlekuan bilatu zuen babesa. Bitartean, 40.000 soldadutako armada bat osatu zuen Volturno ibaiaren ostean, Capuan. Alkondara gorriek aurrera jarraitu zuten baina garaituak izan ziren Caiazzo guduan, irailaren 21ean. Napolitarrentzat efektu psikologikoa egundokoa izan zen baina Ritucci buruzagiak ez zuen jakin garaipenaz baliatu eta atzeratu egin zituen hurrengo gudurako antolaketetak. Erregeak, zaldiz, borroka egin zuen soldaduekin batera Voltorno guduan urriaren 1.ean. Hegoaldeko tropak hainbat zutabetan banatu ziren etsaiaren erretreta ekiditzeko, nahiz eta sektoreen arteko inkomunikazioa eragin. Armada bakoitzak 24.000 soldadu inguru zituen. Garibaldik kosta ahala kosta soldaduak errekrutatzen zituen bitartean, Frantzisko II.ak 17.000 utzi zituen borroka egin gabe. Goizeko ordu bietan hegoaldekoek Capua gotorlekua utzi zuten Garibaldiren kontra joateko viva o re oihukatuz. Armada 4 zutabetan banatu zen geroago Casertaren sarrera elkartzekotan. Garibaldik, borboien estrategiaren jakinaren gainean zegoenez, erabaki zuen posizioari eustea eta etsaiari aurre egitea. Garibaldiren abantaila zen mugimendu azkarrak egitea Casertatik gudu-zelaiera borboiek eraikitako trenbideak erabiliz. Hegoaldekoen porrota lepora dakioke zutabeen arteko koordinazio txarrari: Von Mechelelek agindutako tropek adorez borroka egin zuten Casertan, baina Ruiz jeneralenak berandu heldu ziren. Borrokan zeudenek baja handiak pairatzean erabaki zuten erretiratzea. Ruiz heltzean, lagunaren erretiradaz ohartu zen eta berak ere erabaki zuen alde egitea. Hala ere, 2.000 soldaduk ez zuten esana bete garibaditarren kontra abiatuz. Hauetariko gehienak preso hartuak izan ziren. Guduak 506 hildako, 1.528 zauritu eta 1.389 preso eragin zituen Garibaldiren armadan, hegoaldekoan, berriz, 308 hildako, 820 zauritu eta 2.507 preso. Hori ikusita, Garibaldik laguntza eskatu zion Piemonteri. Frantzisko II.ak egoera aprobetxatu nahi zuen beste eraso bat egiteko baina haren jeneralek aholkatu zioten hobe zela armada berrantolatzea, beraz, Capuatik Gaetara erretiratu zen. Bitartean, Sardiniako erregeak Aita Santuen Lurraldeak inbaditu zituen. Zenbait guduren ostean, hau da,[39] erdialdeko Italia konkistatuz, Lazio izan ezik, eta Bi Sizilietako Erresumean sartu zen Garibaldirekin elkartzeko.
Plebiszitua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urriaren 8an, Piemonteko gobernuak indarrean jarri zuen dekretu bat non adierazten baitzuen Italia osoan gizonezkoen plebiszitu bat gauzatuko zela Piemonteko anexioak onartzeko. Honako hau izan zen idatzitakoa:
« | Herriak Italia bateratua eta zatiezina nahi du, Viktor Emanuel II.a errege konstituzionala izanik eta honen ondorengoak. | » |
Kontinentearen hegoaldeak urriaren 21ean bozkatu zuen. Botoa ez zen batere isilpekoa izan, izatez plazetan, eraikin publikoetan eta elizetan ematen zen botoa. Hiru kutxa zeuden, hauetariko bietan "bai" eta "ez" txartelak zeuden eta hirugarrenean botoa uzten zen. Napolin eta hegoalde osoan aberriaren etsaitzat hartzen zen "ez" botatzen zuena. Geletan armatutako jendea zegoen "bai" botoa inposatzeko. Hegoaldean jende askori engainatu zitzaion esatean "bai" botoak Frantzisko II.aren etorrera ekarriko zuela, honetaz gain, alkondara gorriek behin baino gehiagotan bota zuten. Emaitzak Napolin eta Sizilian %99koak izan ziren[40]. Mundy almiranteak, Garibaldiren lagunak, adierazi zuen:
« | Nire ustez, honako sufragio unibertsalak ez ditu benetan adierazten herrialde baten benetazko sentimenduak. | » |
Plebiszitu hauek Piemonteko monarkiaren propaganda izan ziren frogatzeko herriak Italia bateratu bat nahi zuela Napoliko leinua baztertuz.
Gaetako setioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azaroaren 12an, beste gudu batzuk gertatu ziren Gaetaren inguruan. Hor Frantzisko II.ak eta haren 20.000 soldaduk jasan zuten otsairalen 13 arte Enrico Cialdiniren eta honen 18.000 soldaduen setioa. Azaroaren 26an, erregeak eskatu zien Aita Santuen Lurraldean zeuden soldaduei italiar bateratzearen kontrako taldeekin bat egitea, hegoaldean gertatzen zen moduan. Setioaren gertakizunek zirrara ikaragarria egin zion europar iritzi publikoari, gehienbat Maria Sofia erreginaren jarrerarengatik, nahiz eta 19 urte izan, gauez eta egunez bizia arriskuan jarri zuen zaurituak eta hiltzear zeuden soldaduak laguntzeko. Hilabeteak aurrera joan ahala, Frantzisko konturatu zen ezinezkoa izango zela garaitzea eta erretretaren aukera aztertzen hasi zen. Otsailaren 13an, errendizio ituna burutzen zen bitartean, Cialdinik ez zuen nahi borroka bukatzea eta sua areagotu zuen. Hurrengo egunean, goizeko 7etan, erregeak eta erreginak Gaeta utzi zuten, frantsez itsasontzi baten itsasoratu ziren Terracinarantz, Aita Santuen Lurraldean. Erretretaren ostean, erregeak ez zuen inoiz abdikatu, berarentzat eta haren ondorengoentzat Bi Sizilietako Errege titulua utzi nahi zuelako. Setio luze horrek 895 hildako eragin zuen hegoaldeko tropetan, eta Piemonteko armadan, berriz, 50. Gaeta errenditzean, Bi Sizilietako Erresumaren bi gotorleku baino ez ziren geratzen: Messina eta Civitella del Tronto. Messina, 4.300 gizonek babesten zutena, martxoaren 13an erori zen. Civitella del Trontok, Teramoko probintziakoak martxoaren 20 amore eman zuen.
Amaiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zenbait egun beranduago, urriaren 21ean, plebiszitu batek baieztatu zuen Bi Sizilietako Erresumaren Sardiniako Erresumak egindako anexioa (ikusi plebiszitua). Espedizioaren amaiera lotzen da Teano elkartzearekin[41] Viktor Emanuel eta Garibaldiren artean (26.10.1861). Beste batzuentzat kanpainaren amaiera bukatzen da erregea Napolin sartu zenean azaroaren 1861ean. Garibaldik eskatu zion erregeari urte batez Sizilian jarraitzea diktadore moduan eta haren ofizialak Italiako armada berrian sartzea. Viktor Emanuelek muzin egin zizkionean eskaera hauei, Garibaldi Caprerara itzuli zen.
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Milakoen espedizioa Italiaren bateratzearen eginkizun garrantzitsuenetariko bat izan da. Ekintza militar hauen ostean, Sardiniako Erresumak Italiaz jabetu zen, Erroma eta Veneto izan ezik; lehenean Aita Santuak gobernatzen zuen eta Veneto, ostera, austriarrek kontrolatzen zuten. 1861ko otsailaren 18an, Viktor Emanuel II.a Turinen bildu zen haren autoritatea onartzen zuten estatuetako ordezkariekin. Martxoaren 17an, Jaungoikoaren graziaz eta nazioaren borondatez Italiako Errege titulua onartu zuen. Europar potentziek aintzatetsi zuten, Zurich eta Villafrancaren Itunak[42] hausten bazituen ere. Akordio horiek debekatzen zioten Italia osoaren errege izatea. Italian 1848ko Sardiniako konstituzio liberala ezarri zen (Albertoren estatutua)[43]. Salbuespena hegoaldean izan zen non independentzia iraultzak zirela eta gerra-legea jarri baitzuten. Espedizioak latifundisten babesa lortu zuen gobernu berriak agindu zielako haien ondasunak babestuko zituela. Hale ere, nekazari asko alkondara gorrietan sartu ziren pentsatuz, iraultzaren ondoren, landa eremuak nekazarien artean banatuko zirela. Gaizki ulertze horren ondorioak agerian geratu ziren Bronten. Piemonte anexioaren ostean, Italiako Erresuma berriak hegoaldeko lurraldeak erdeinatu zituela. Horrek herri matxinadak eragin zituen baina gogor zapaldu ziren. Horren ondorioz, populazioa pobretu egin zen eta Ameriketara emigratu zuen. Hurrengo urteetan, tokiko erresistentzia agertu zen (brigantaggio izenekoa),[44] [45] horregatik Piemonteko 140.000 soldadu beharrezkoak izan ziren Bi Sizilietako Erresumaren kontrola ziurtatzeko. Tradizionalki italiar historialariek brigantaggioari emandako tratua txarra izan da Garibaldi eta haren jarraitzaileekin erkatuz gero. Ingeles historialariak Denis Mack Smith[46] [47], adibidez, garai hartako iturrien urritasuna eta mesfidantzak azpimarrentzen ditu.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ DUGGAN, Christopher (2000): Creare la nazione. Vita di Francesco Crispi. Laterza.
- ↑ DEL BOCA: Maledetti Savoia.
- ↑ DEL BOCA, Lorenzo: Maledetti Savoia, ikusi II. atala.
- ↑ DI FIORE, Gigi: I vinti del Risorgimento, Utet, Torino, 2004, 99. orrialdea
- ↑ DE´SIVO, Giacinto (2009): Storia delle Due Sicilie 1847–1861, Edizioni Trabant, 331. orrialdea.
- ↑ a b BOUCHARD, Norma (2005): Risorgimento In Modern Italian Culture, Cranbury.
- ↑ a b RIALL, Lucy (2007): Garibaldi: Invention of a Hero, Yale University Press.
- ↑ RICHTER, Ronald (2011): Garibaldis "Zug der Tausend in der Darstellung der deutschen Presse. Frankfurt.
- ↑ Joseph Conrad Society (2007). The Conradian: Vol.32-33. United Kingdom.
- ↑ https://en.wikipedia.org/wiki/Istv%C3%A1n_T%C3%BCrr (ingelesez)
- ↑ a b TREVELYAN, George Macaulay (1912): Garibaldi and the Thousand, London.
- ↑ RICHTER, Ronald (2011): Garibaldis Zug der Tausend, in der Darstellung der deutschen Presse, Frankfurt.
- ↑ CHAMBERS, Osborne William (1864): Garibaldi and Italian unity. London.
- ↑ https://en.wikipedia.org/wiki/Quarto_dei_Mille (ingelesez)
- ↑ Italiarrak honako hauek izan ziren: Stromboli (lurrunezko korbeta), Valoroso (brigantina), Partenope (bela-fragata) eta armatutako baporea Capri. Britainarrek bi gerra-itasontzi zituzten Argus eta Intrepid
- ↑ https://en.wikipedia.org/wiki/Francesco_Crispi (ingelesez)
- ↑ https://en.wikipedia.org/wiki/Dictatorship_of_Garibaldi (ingelesez)
- ↑ RIALL, Lucy (1998-03-12): Sicily and the Unification of Italy: Liberal Policy and Local Power, 1859-1866, Clarendon Press. 71. orrialdea ISBN 9780191542619.
- ↑ https://it.wikipedia.org/wiki/Battaglia_di_Calatafimi (italieraz)
- ↑ DEL BOCA, Lorenzo (2003): Indietro Savoia (italieraz), Piemme.
- ↑ DE SIVO, Giacinto (1863): Storia delle Due Sicilie dal 1847 al 1861 (italieraz) (1. argitalpena), Roma: Tipografia Salviucci, 525. orriadea
- ↑ MARTUCCI, Roberto (1999): L'invenzione dell'Italia unita (italieraz). Sansoni, 191 orria. ISBN 883831828X.
- ↑ https://it.wikipedia.org/wiki/Ferdinando_Lanza (italieraz)
- ↑ https://it.wikipedia.org/wiki/Francesco_Crispi (italieraz)
- ↑ ACTON, Harold (1997): Gli ultimi Borboni di Napoli (1825-1861) (italieraz), Giunti. 501 orria, ISBN 88-09-21256-8.
- ↑ ACTON, Harold (1997). Gli ultimi Borboni di Napoli (1825-1861) (italieraz). Giunti, 514. orria, ISBN 88-09-21256-8.
- ↑ ZAZO, Alfredo (1940): La politica estera del Regno delle Due Sicilie (italieraz). Miccoli, 337. orrialdea.
- ↑ Artikulu nagusia: Milazzoko gudua (1860) https://it.wikipedia.org/wiki/Battaglia_di_Milazzo_(1860)
- ↑ https://en.wikipedia.org/wiki/Nicola_Fabrizi (italieraz)
- ↑ https://it.wikipedia.org/wiki/Bronte (italieraz)
- ↑ https://en.wikipedia.org/wiki/Nino_Bixio (italieraz)
- ↑ https://it.wikipedia.org/wiki/Agostino_Depretis italieraz
- ↑ RESSA, Giuseppe. L'unità d'Italia e l'impresa dei Mille: dal mito alla realtà, Parte III (italieraz).
- ↑ Alfontso Borboikoaren gutuna, Gigi Fiorek aurkeztuta, op. cit., 274 orr.
- ↑ MUNDY, George (1966): La fine delle Due Sicilie e la Marina britannica (italieraz). Napoli, Beriso. 199 orr.
- ↑ Napoliko errege jauregia
- ↑ NITTI, Francesco Saverio (1903). Scienze delle Finanze (italieraz). Pierro, 292 orr.
- ↑ CAMERA-FABIETTI (1972): L'età contemporanea (italieraz). Zanichelli.
- ↑ Castelfidardo gudua
- ↑ GRASSO, Alfonso: I Plebisciti (italieraz)
- ↑ Beste iturriren arabera, Del Boca barne, elkartzearen tokia Taverna della Catenan izan zen, Vairano Patenoraren udalerrian.Campaniaren iparraldea)
- ↑ https://es.wikipedia.org/wiki/Tratado_de_Villafranca (gazteleraz)
- ↑ https://es.wikipedia.org/wiki/Estatuto_albertino (gazteleraz)
- ↑ https://it.wikipedia.org/wiki/Brigantaggio_postunitario_italiano
- ↑ https://it.wikipedia.org/wiki/Brigantaggio (italieraz)
- ↑ SMITH, Denis Mack: Italy and Its Monarchy.
- ↑ https://en.wikipedia.org/wiki/Denis_Mack_Smith (ingelesez)
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ACTON HAROLD (1999). Gli ultimi borboni di Napoli. Editorial Giunti. ISBN 88-09-21256-8
- ALIANELLO, Carlo (1982): La conquista del sud, Rusconi, ISBN 88-18-01157-X
- BERTOLETTI, Cesare (1967): Il Risorgimento visto dall’altra sponda, Berisio,
- CONIGLIO, Giuseppe (1999): I Borboni di Napoli, Corbaccio, ISBN 88-7972-371-5
- COSTA CARDOL, Mario (1996): Venga a Napoli, signor conte, Mursia, ISBN 88-425-2093-4
- DE CESARE, Raffaele (1975): La fine di un regno, Newton Compton, ISBN 88-88338-69-1
- DEL BOCA, Lorenzo (2003): Indietro Savoia, Piemme, ISBN 88-384-8269-1
- PELLICCIARI, Angela (2000): L’altro Risorgimento, Piemme, ISBN 88-384-4970-8
- RESSA, Giuseppe (2003): Il sud e l'unitá.
- TOPA, Michele, (1990): Così finirono i Borbone di Napoli, Fratelli Fiorentino.