Edukira joan

Atlas katalana

Wikipedia, Entziklopedia askea
1375eko Atlas Català de la Corona de Catalunya i Aragó portulanoaren XIX. mendeko kopia

Atlas katalana (katalanez Atles Català) 1375 inguruko portulano edo mapamundi bat da, Abraham Cresques mallorcarrak egina eta Erdi Aroko mapagintzako gailurtzat hartzen dena[1]. Haize-arrosa bat duen lehen mapa da.

Abraham Cresques mallorcar judu bat zen, Petri IV.a Aragoikoaren zerbitzura lan egiten zuena. Bere buxoler (iparrorratz egile) lantegian, Jafuda semearen laguntza zuen. Atlasa mapamundi bat da, hau da, mundu mapa bat bertan bizi diren gizataldeekin batera. Obra Joan printzeak, Petri errefearen semeak, eskatu zion, mundua zehatz irudikatzeko asmoz mendebaldetik ekialdera. Mapamundi honen berritasun nagusia Asiaren irudikapena da, Kaspiar itsasotik Katai eskualderaino (Txina), Marco Polo eta Jordanusen informazioa kontuan hartzen duena.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrian, atlasa sei pergamino-orri zituen (bakoitza 64,5 x 50 cm inguru), bertikalki tolestuta, hainbat koloretan margotua, urrea eta zilarra barne[2]. Guztira 64,5 x 300 cm zituen. Geroago, zurezko bost paneletan atze-aurre muntatu ziren, larruzko azaletan sartuta 1515ean, eta 1991n zaharberritua. Higadurak orri bakoitza bitan banatu ditu[2].

Atlas Katalanaren 6 pergaminoak.

Lehen pergaminoa (Kosmogonia)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen pergaminoa.

Atlasaren lehen atalak gai kosmogonikoak adierazten ditu besteak beste: 30 eguneko ilargi-hilabeteen laburpen bat eta bi diagrama biribil. Lehenengoak haize-arrosa bat du, ilbetean itsasgora kalkulatzeko, ezagutzen diren zaharrenetakoa[3]. Besteak, berriz, gailu mugikor bat zuela uste da, urteko jaiegun mugikorrak kalkulatzeko: inauteria, pazkoa eta mendekostea.

Jarraian, anatomia mediko astrologiko bat dago, zodiakoan ilargia aurkitzeko taula batekin. Bigarren taula honetan Lurrari biruzko testu bat dago, bere jatorriari, neurriei eta zenbait fenomeno naturalen interpretazioari buruzkoa. Testu honetan, Lurra esferikoa da eta gehienez 180.000 estadio ditu zirkunferentzian. Egileak «ohiko estadio» (185,12 m) erabili bazuen, Lurraren zirkunferentziak 33.321 km neurtuko lituzke; baina egileak «estadio handia» (222,34 m) erabili bazuen, zirkunferentziak 40.021 km neurtuko lituzke (ekuatorean 40.075 km dituenean egiazki).

Bigarren pergaminoa (Egutegia)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren pergaminoa.

Orri honetan bi egutegi handi aurki daitezke, bata eguzki-eguregia eta bestea ilargi-egutegia, urteko lau urtaroek inguratuta.

Egutegien ondoan, Klaudio Ptolomeoren eredu geozentrikoan oinarritutako datu astronomikoak daude, garai hartan hedatuena. Lurraren gaineko gizateria oinarrizko hiru elementuz inguratuta dago: airea, ura eta sua. Eraztun urdinetan Ilargia, Merkurio, Artizarra, Eguzkia, Marte, Jupiter eta Saturno aurki daitezke, eta hemazortzi izar dituen ortzia. Hurrengo zirkuluak argizagi hauen alegoria klasikoak ditu: eguzkia erregea da, Artizarra (Venus) dama bat da, eta abar, Marte gerlari batekin amaituz.

Jarraian, Zodiakoaren hamabi atalen izenak eta sinboloak aurki daitezke. Ondoren, ilargiaren faseak: ilberria iparraldean, ilbetea hegoaldean, ilbehera ekialdean eta ilgora mendebaldean. Konposizio honek udaberriko lehen ilberriaren garrantzia gogorarazten du, eta juduen lehen hilabete sakratuarekin du harremana.

Adibide honetan urtaroak markatzeko erabilitako doitasuna eta arreta ikus daiteke; udaberria, ipar-ekialdeko angeluan, Aries eta Cancer artean dago, dagozkien Alnath eta Albatraren ilargi-zeinuak, eta hiru XXX dibisio ditu, Aries, Taurus eta Geminis zeinuei dagozkienak, 90 graduko koadrante batean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Clayton J. Drees. (2001). The Late Medieval Age of Crisis and Renewal, 1300–1500: A Biographical Dictionary (The Great Cultural Eras of the Western World). Greenwood, 119–120 or. ISBN 0-313-30588-9..
  2. a b «Espagnol 30» Bibliothèque nationale de France jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2023-02-08).
  3. (Katalanez) «Marees i Atles Català [1375»] Cuadernos de Geografía de la Universitat de València 2019-03-14  doi:10.7203/CGUV..14286. ISSN 2695-7965. (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]