Danimarkako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Danimarkako historia K.A. 5.000 urte inguruan hasi zen.

K.A. 5.000 urtetik XVIII. mendera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 5.000 urte ingurutik aurrera, arrantzatik bizi zen zibilizazio bat izan zen Danimarkako lurretan. Brontze Aroan (K.a. 2000 - K.a. 800) arte maila handiko gauzakiak eskaini zituen kultura aurreratua garatu zen bertan. Burdin Aroan (K.a. 800. urtetik aurrera) klima hoztu zen, eta herri zelten eragina gero eta nabarmendu zen.

K.o. I. mendearen hasieran, Augusto enperadorearen garaian, erromatarrak azaldu ziren Jutlandiako zinbriarren lurretan. III. mendean, Jutlandiako hegoaldean bizi ziren angloek saxoiekin bat egin eta Britainia Handia inbaditu zuten. Anglo-saxoien eta eskandinaviarren arteko harremanak estuak izan ziren beti.

V. eta VIII. mendeen artean, arras murriztu ziren eskandinaviarren eta Europa Erdiko herrien arteko harremanak. VI. mendean osatu zen Danimarkako lehen errege dinastia, Sjaelland uhartean, Eskania edo Suedia hegoaldeko buruzagiei lotua. VIII. mende bukaeran, itsas teknikan eginiko aurrerapenei esker eta oraindik gaizki ezagutzen diren arrazoi sozio-politikoak direla medio, bikingoak Jutlandiatik, Suediatik eta Norvegiatik itsasoratu ziren eta, Frantzia, Euskal Herria eta Espainiako kostaldeak eraso ondoren, Mediterraneoko lurraldeetan barneratu ziren.

IX. mendea - XV. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IX. mendetik aurrera hiri eskandinaviarrak gorpuzten hasi ziren bitartean, azaleko kristautze batek lagundu zuen egitura politikoak sendotzen; talde militarrak gero eta ahaltsuagoak egin ziren bestalde. 994 eta 1014. urteen artean Svend I.a errege daniarrak Ingalaterrako erregearen aurka guduka eraso zuen, eta 1017an haren seme Kanuto II.a Handia Ingalaterrako koroaz jabetzeaz batera Ingalaterra, Danimarka eta Norvegia elkartu zituen bere koroapean.

Kanuto II.a hil ondoren (1036), berriro ere bereizi ziren hiru estatuak. Svend II.aren agintaldian (1047-1076), Europarekiko harremanak sendotu zituen Danimarkako koroak Elizaren eskutik, eta alde batera geratu ziren bikingoen garaiko hedapen ametsak. XII. mendean, erregetzarako barne gatazkek eta eslaviarren aurkako guduek neurri handi batean ahuldu zuten ia germaniarren mendean geratu zen Danimarka. Berriz ere Elizak eta erregeak elkar harturik salbatu zuten Danimarkako koroa eta ordainetan herria guztiz kristautu zen.

Garai horretan sendotu zen daniarren nazio nortasuna (Saxo Grammaticusek latinez egin zuen Gesta Danorum obrak zerikusi handia izan zuen berpizkunde horrekin). XIII. mendetik aurrera, alemaniarren aurkako guduek eta Elizarekiko tirabirek guztiz mugatu zuten Danimarkaren aurreramendu sozio-politikoa.

XIV. eta XV. mendeetan, Danimarka Hansako merkatari alemaniarren esku egon zen; laborariak handikien zerbitzari bihurtu ziren eta merkatari aristokrazia germaniarrak guztiz mugatu zuen erregearen aginpidea. Saio ugari egin ondoren, Suedia, Norvegia eta Danimarka aliantza batean batu ziren 1397an (Kalmarko Batasuna).

1448. urtean Kristian I.a Oldenburgoko printze germaniarra Danimarka, Norvegia eta Suediako errege izendatu zuten. Burgesiaren aliatua izaki, handiki feudalen ahalak eta germaniarren kultura nagusitasuna murrizteko asmoak (Kopenhageko Unibertsitatea sortu zuen) agertu bazituen ere, errege berriak ez zuen arrakastarik izan eta bere aurka altxatu ziren suediarrek menderatu eta egotzi zuten bertatik 1471. urtean.

Kristian II.a errege zentralista eta absolutistak Suedia eraso eta suntsitu zuen, eta bertako 80 handiki hil zituen. Haietako baten seme zen Gustavo Vasak Suediako herria erregearen aurka altxarazi (1521) eta 1523an lortu zuen Suediako askatasuna. Kalmarko Batasuna hautsia zen; garai hartako Danimarka (Jutlandia; Fionia, Seeland eta Laaland uharteak; Norvegia; Eskania eta Halland, Suedia hegoaldeko herrialdeak eta Schleswig alemaniar dukerria) eta Suedia mendeetan zehar luzatuko zen gatazkan hasi ziren.

XVI. mendea - XVIII. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. eta XVII. mendeetan, Suedia gailendu zitzaien Itsaso Baltikoko gainerako herriei, eta Danimarkak Eskania eta Halland lurraldeak eman behar izan zizkion Suediari 1658. urtean. XVII. mende bukaeran galdu zuen Danimarkak Ipar Europan noizbait izandako nagusitasuna.

Ez zen, horratik, bertako monarkia ahuldu: merkatari burgesiaren eta Luteroren erreformaren aldeko apaizgoaren laguntzarekin eta Holandako eta Hansako ontziei mendeetan zehar kobraturiko portu sariez baliatuz, monarkia absolutua indartu zen (1665eko legea) eta aitonen semeak eta burgesak berdintasunean geratu ziren legeen aurrean; ez, ordea, laborariak.

XVIII. mende erdialdea garai oparoa izan zen ekonomian eta kulturan: bertako portuak erabiltzeagatiko eskubideek beren horretan zirauten, Kopenhage Ipar Europako portu garrantzitsuena bihurtu zen, merkatari eta industria burgesia izugarri aberastu zen (Kopenhageko Bankua, 1736) eta, teknika berriei esker, Jutlandiako lur elkorrak antolatzen hasi ziren, laborantzari haize berriak emanez.

1787an indarrik gabe utzi zen morrontza feudala eta 1788an askatasuna eman zen ale eta abere salerosketarako. Neurri hauen ondoren, Frantziako Iraultzak ez zuen berehalako eraginik izan Danimarkan, baina Britainia Handiaren aurka jarri zen Napoleonen garaian; kalte handiak ekarri zizkion Danimarkari erabaki horrek (1813ko bankarrota; Norvegia Suediaren esku geratzea 1814an).

1830. urtean Frederiko VI.a erregeak herrialde mailako dieta edo parlamentuak antolatu zituen. Oposizio liberalak erreforma handiagoak eskatzen zituen, ordea, eta 1849. urtean erregearen eskubideak mugatzen zituen konstituzio liberal bat aldarrikatu zen. 1865. urtean, Schleswig eta Holstein alemaniar dukerriak Danimarkatik bereizi ziren (Gasteingo hitzarmena).

1866. urtean murriztu egin ziren konstituzio liberaleko eskubide batzuk. 1915. urtean emakumeen botorako eskubidea onartu zen eta goi-ganberako (Landsting) ordezkariak aukeratzeko sufragio zentsitarioa balio gabe utzi. XIX. mende bukaeran aldaketa sozio-ekonomiko sakonak izan ziren: industriaren hazkundearekin batera sortu ziren langile higikundeak (alderdi sozialdemokrata) eta sindikatuak, nekazaritzaren erreforma egin zen eta gizarte mailako legedia aurrerakoia ezarri zen.

XX. mendetik aurrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neutrala izan zen Lehen Mundu Gerran, eta 1866. urtean galdu zuen Schleswigko zati handi bat berreskuratu zuen. Neutral iraun nahi izan bazuen ere, Hitleren osteek Danimarka inbaditu zuten 1940. urtean. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Danimarka Nazio Batuetako kide egin zen eta Marshall planaren laguntza onartu zuen (1947).

Urte haietan, sobietar espansionismoaren mehatxuak ikaratuta, Danimarkako agintariek, eskandinaviar itunaren ahaleginak porrot egin ondoren, NATOren hegopera biltzea erabaki zuten (1949an sortu zen [Ipar Atlantikoko Hitzarmenaren Erakundea). NATOn egote horrek, hala ere, egonezin bat baino gehiago eragingo zuen, 1960ko hamarraldian batez ere, SESBrekiko harremanak lasaitu zirenean, eta, esate baterako, Danimarkak uko egin zion, bake denboran, atzerritar gudarosteak eta arma atomikoak bere lurraldean edukitzeari.

1951n Ipar Kontseiluan sartu zen, eta 1960an Truke Librerako Europar Elkartean. Bi urte geroago, lau herrialde eskandinaviarren lankidetza hitzarmena sinatu zuen Helsinkin. 1973an sartu zen Danimarka Europako Ekonomia Erkidegoan.

1992an, daniarrek uko egin zieten, erreferendum bidez, Maastrichteko akordioei, integrazio politiko eta ekonomiko geroz eta handiagoa proposatzen baitzuen, Europar Batasunaren barruan. 1993ko maiatzean onartu zituzten akordio haiek, hainbat zuzenketa sartu ondoren, horien artean Europako Diru Batasunean ez parte hartzea.

1981eko abenduko hauteskundeen ondoren, A. Jørgensenek gobernu sozialdemokrata osatu zuen, baina ez zuen lortu ekonomia suspertzeko proposatzen zuen plana aurrera ateratzerik. Hala, lau alderdiz osatutako zentro-eskuineko koalizio baten buruan, Poul Schlütter kontserbadoreak kendu zion Jørgenseni Lehen ministro postua.

1901ean parlamentu sistema ezarri zutenetik, Danimarkan gobernu kontserbadoreak agintzen zuen lehen aldia zen. Politika zorrotz eta eraginkorra aplikatu ondoren, koalizioa sendoturik atera zen 1984ko hauteskundeetan, alderdi kontserbadoreek gorakada nabarmena izan baitzuten.

Sektore publikoa murrizteko politikari eutsiz eta sozialdemokraziaren gizarte ereduarekiko distantziak markatuz, koalizioak agintean jarraitu zuen 1987ko legebiltzarrerako hauteskundeen ostean ere. 1985ean, Folketing edo legebiltzarrak zentral nuklearrak eraikitzearen aurkako legedia onartu zuen, eta gobernuak iparraldean eremu ez nuklear bat ezartzea erabaki zuen.

1988an, NATOren politikari buruz gobernu barruan zeuden tirabirek eraginda, nahikoa gaiztotu ziren Danimarkak erakunde militar horrekin zituen harremanak. Urte horretan bertan, Danimarkaren eta Suediaren arteko itsasartean hainbat otarrain kolonia suntsitu izanak eta beste zenbait hondamendi ekologikok ingurumena babesteko neurri zorrotzak hartzera eraman zuten Danimarkako legebiltzarra.

1988an, defentsa politikako konponezinen ondorioz hauteskundeak aurreratu zituztenean, lau alderdiz osatutako koalizioa zena, hiru alderdiz osatua geratu zen, eta 1990eko hauteskundeen ondoren, bi partidu soilez. 1993ko urtarrilean Lehen ministroak dimititu ostean, sozialdemokratak itzuli ziren agintera. Alderdi Sozialdemokratako buruzagiak, Poul Nyrup Rasmussenek, koalizio gobernu bat osatu zuen alderdi zentristen sostenguarekin.

1994ko hauteskundeen ondoren, legebiltzarreko gehiengoa galdu bazuen ere, Lehen Ministroaren postuan jarraitu zuen, baita 1998ko eta 2001eko hauteskundeen ostean ere. 2000. urtean euroari buruzko erreferenduma egin zen, eta koroarekin jarraitzea erabaki zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]