Eslovakiako historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Eslovakiako historia gaur egungo Eslovakiako Errepublikaren lurraldean izan diren gertaera historiko nagusien kondaira da.

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. 400 aldean, zeltak iritsi ziren egungo Eslovakiaren lurraldera. Zeltek hiri gotortuak (oppida) sortu zituzten herrialdearen hego-mendebaldean. Kristo aurreko azken mendeetan, erromatarrek gotorleku sistema bat ezarri zuten Danubioren bazterrean (Limes Romanus). Danubioren iparraldean, berriz, germaniar tribuak kokatu ziren. K. a. II. mendean, erromatarrek hainbat gotorleku eraiki zuten Danubioren iparraldeko bazterrean (Devín, Bratislava, Iža Komárnotik hurbil). Marko Aurelioren agintaldian (161180), erromatarren eta germaniarren arteko bakezko elkarbizitza hautsi zen, eta erromatar eragina iparralderantz hedatu zen[1].

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen eslaviarrak V. mendearen amaieran kokatu ziren Danubioren ertzean. 568an iritsitako abaroek laster hartu zituzten mendean eslaviarrak, baina hauek matxinatu ziren 620an. VIII. mendean, Nitrako Printzerria sortu zen, 820ko hamarkadatik aurrera kristautuz joan zena; 828an, Pribinak printzerriko lehenbiziko eliza kristaua eraiki zuen Nitra hirian[1]. 833an, Nitrako Printzerria Moravia Handiaren zati bilakatu zen.

IX. mende amaieratik aurrera, magyarrrak nagusitu ziren Panoniako ordokian. Nitrako Printzerriak autonomia atxiki zuen Hungariako Printzerriaren barnean, eta eslovakiarrek beren hizkuntza eta kulturari eutsi zieten[1]. Eztebe I.ak, Hungariako lehen erregeak, zortzi konderri sortu zituen gaur egungo Eslovakiaren lurraldean: Abov, Boršod, Esztergom, Hont, Komárno, Nitra, Tekov eta Zemplín. 1108an, Kolomanek Nitrako Printzerria ezeztatu zuen[1]. 1241ean, mongolek Hungariako Erresuma inbaditu eta suntsitu zuten; hala ere, egungo Eslovakiaren iparralde menditsuak eutsi zion inbasioari, eta baita ongi gotortutako hiriek ere (Trenčín, Bratislava, Nitra, Komárno eta Fiľakovok). Bela IV.aren agintaldian, alemaniar kolonoak kokatu ziren jendegabeko basabazterretan[1].

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1526an otomandarrek hungariar armada azpiratu zuten Mohácseko guduan. 1536an, habsburgotarrek Bratislavan kokatu zuten Hungariako Erresumaren hiriburua. 150 urtez, Eslovakiako hegoaldea izen zen Otomandar Inperioaren muga, alegia, zibilizazio kristauaren eta musulmanaren artekoa[1]. Edonola ere, otomandarren eta habsburgotarren aurkako borroketan lurraldea, batik bat landa eremua, suntsitua izan zen[2]. XVIII. mendean, otomandarrek Hungariatik alde egindakoan, Eslovakiaren garrantzia gutxitu zen, nahiz eta Bratislavak 1848 arte jarraitu zuen hiriburua izaten.

Aro Garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Austria-Hungariako federalizazio baterako egindako proposamena, Inperioko lurralde ezberdinak aitortzeko xedeaz.

1848ko iraultzan, eslovakiarrak Frantzisko Josef Austriako enperadorearen alde atera ziren, hungariar eremutik banatzeko laguntza emango zielakoan, baina deus gutxi lortu zuten (magiarizazioaren debekua, eslovakieraren erabilera ofizial mugatua). 1850eko hamarkadatik aurrera, eslovakiar mugimendu sezesionista zapaldua izan zen. Austria-Hungariako Inperioaren garaian (1867-1918), Hungariaren erdian egonik, hungariarrek bultzatutako magiarizazio prozesua jasan behar izan zuten eslovakiarrek[1].

1918an, Eslovakiak, Bohemiak eta Moraviak Txekoslovakia osatu zuten; urtebete geroago Rutenia Transkarpatikoa batu zitzaien. Estatu berriak 140.394 kilometro koadroko eremua eta 13.007.831 biztanle zituen. Hauetatik, 48.936 kilometro koadro 1.910.000 biztanle Eslovakiari zegozkion[1]. 1919 eta 1920an, Saint-Germaingo eta Trianongo ituenk Txekoslovakiaren mugak berretsi zituzten. Gerra arteko garaian, Txekoslovakiako estatu demokratiko eta oparoak Alemaniaren eta Hungariaren tirria errebisionistei aurre behar izan zien.

Alemania Nazik estuturik, 1939ko martxoaren 14an Eslovakiako Parlamentuak independentzia adierazpena egin zuen; biharamunean Adolf Hitlerrek Txekia okupatu zuen[1]. Eslovakiako Errepublika Hirugarren Reicharen mendeko txotxongilo estatua izan zen. Bigarren Mundu Gerraren garaian, herrialdeko judu gehienak, 75.000-105.000 artean, sarraskitze esparruetan sartu eta hilarazi zituzten[1]. 1944ko abuztuan, Eslovakiako Altxamendu Nazionala gertatu zen, alemaniar okupazioaren aurkako matxinada handia; bi hilabetez, 60.000 soldadu eta 18.000 gerrillari armada naziaren aurka borrokatu ziren[3]. 1945eko apirilean, sobietar eta errumaniar indarrek Eslovakiako lurraldea askatu zuten.

Gerraren ostean, Txekoslovakia berriz eratu zen, eta 1947an Eslovakiako Errepublikako presidente Jozef Tiso hilarazi zuten, naziekin kolaboratzeagatik. Ondoko urteetan, 80.000 hungariar[4] eta 32.000 alemaniar[5] egotzi zituzten. Kanporatze horrek gorabeherak sortzen ditu, gaur egun ere, Hungariako estatuarekin.

1948ko otsailean, Pragako kolpea gertatu zen: Edvard Beneš presidenteak komunisten esku utzi zuen Txekoslovakiako agintea; handik aurrera, erresuma Sobietar Batasunaren itzalpean gelditu zen. 1968an, Varsoviako Itunaren indarrek okupatu zuten herrialdea, Alexander Dubček-ek hasitako liberalizazio-prozesua bortizki amaitzeko[1]. Hurrengo urtean, Txekiar Errepublika Sozialista eta Eslovakiar Errepublika Sozialistaren federazioa bihurtu zen Txekoslovakia.

Komunismoa 1989an bukatu zen Txekoslovakian. Luze gabe, herrialdea bi estatutan banatu zen: 1992ko uztailean, Eslovakiak independentzia adierazpena egin zuen. Udazken hartan, Vladimir Meciar eslovakiarrak eta Václav Klaus txekiarrak federazioaren amaiera burutzeko xehetasunak adostu zituzten. 1993ko urtarrilaren 1etik bi estatu dira[6]. Biak, beste herrialde batzuekin batera, Europar Batasunean sartu ziren 2004ko maiatzean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eslovakiako historia Aldatu lotura Wikidatan