Kroaziako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Kroaziarren etorrera Itsaso Adriatikora, Oton Iveković

Kroaziako historia Balkanetara VII. mendean kroaziarren etorrerarekin hasten bada ere, horren aurretik beste herri batzuek iragan ziren: Hallstatt kultura, La Tene kultura, iliriarrak, greziarrak kostaldean... Erromatarrek K. a. 168an konkistatu zuten lurralde hori, eta Mendebaldeko Inperioaren gainbeherarekin, hunoak eta ostrogodoak iragan ziren, Bizantziar Inperioak bereganatu baino lehen.

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun Kroazia bezala ezagutzen dugun eremua Harri Arotik populatua izan da. Erdi Paleolitoan Neanderthalgo gizakiak bizi izan ziren Krapina eta Vindijako leizeetan (Kroaziako ipar-mendebaldea) eta Mujina Dalmacia Pecinan (Kroazia erdialdea). Neolito hasieran Starčevo, Vučedol eta Hvar kulturak iritsi ziren. Burdin Arotik Hallstatt (iliriarrak) eta La Tène kulturaren (zeltak) aztarnak ditugu.

Iliria askea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dokumentazioa iliriarrekin hasten da. Hauek hizkuntza indoeuroparra zen iliriera hitzegiten zuten hainbat leinuren familia zen, barruan baitzeuden dalmatak (gaur egungo Dalmazian), liburnoak (Zadar inguruan), histrioak (Istrian), andautonioak (erdialdean) eta andizetak (Eslavonian) besteak beste.

K.a. IV mendean iparraldetik zeltak sartu ziren eta hegoaldetik greziarrak koloniak eratzen hasi ziren, esate baterako Tragurion (Trogir), Pharos eta Dimos (Hvar uhartean) edo Asphalatos (Split). Zeltekin nahastu egin ziren bitartean greziarren ohitura eta antolaketa hartu zuten iliriarrek. Iliria estatu subiranoa izan zen K.a. 168 urtean erromatarrek menperatu zuten arte.

Erromatar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Erromatar Inperioa»

Erromatarrek Gentio errege iliriarra menperatu eta Illyricum probintzia sortu zuten K.a. 168 urtean. Hasieran gaur egungo Kroaziaren eremua hartzen bazuen ere, erromatarrek garaipen militarrak lortu ahala (Bellum Pannonicum, Panoniako Gerrak) eremua handitzen joan zen, gutxi gora behera XX mendeko Jugoslaviaren lurrak hartzeraino. K.a. 12 eta 9 urteen artean bertako biztanleak zirenen matxinadei aurre egin behar izan zien Erromak. Bellum Batonianum (Batoren Gerrak) izenez ezagutzen dira matxinada hauek eta erromatarrek garaipena lortu ostean probintzia bitan banatu zuten iparraldeko zati lauari Panonia eta hegoaldeko menditsuari Dalmazia deituz.

Erromatar Inperioaren barnean garrantzia handia izan zuen inguruak izan ere bertakoak baitziren Diokleziano (245?-312?), Valentiniano I.a (321-375) eta Valente (328-378) enperadoreak.

V. mendean Erromatar Inperioaren gainbehera gertatu zenean, iliriarrak erabat erromanizaturik zeuden eta Dalmaziako kostaldean babestu ziren.

Kroaziarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kroaziar»

Kroaziarrak VII. mendearen hasieran finkatu ziren eremu hauetan. Jatorriz gaur egungo Polonia hegoaldekoak baziren ere (Kroazia Zuria, gaur egungo Polonia Txikia, eta Galitzia), huno eta germaniarren erruz mugitu beharra izan zuten V eta VI mendeetan. Heraklio Bizantziar enperadoreak Panonia eta Dalmaziako lurrak eskaini zizkien avaroen aurkako borrokan laguntzearen truke. Horrela bada, bi printzerri, Dalmazia eta Panonia, osatu zituzten. Trpimirović leinuaren etorrerarekin, 850 inguruan, bi lurralde horiek hurbiltzen hasi ziren, eta, 925ean Kroaziako erresuma osatu zuten Tomislav erregearen agindupean. Tomislavek Bulgariako tsarraren aurka lorturiko garaipenei esker lortu zuen Konstantinoplak askatasuna ematea.

Kroaziarrek izan zuten errege handiena Petar Krešimir IV.a izan zen. 1058an errege bihurtu eta Kroaziaren zabalkundeari ekin zion. Hegoaldetik hiri dalmata ugari konkistatu zituen , bai eta Neretvako Printzerria ere. Iparraldean aldiz Sava eta Drava ibaien arteko lurretan agintzea lortu zuen. 1075ean ondorengorik izan gabe hil zenez, Eslavoniako bana (erregeordea) zen Dimitar Zvonimir jarri zen agitari. Honek Europako nazio handiekin harremanajk sakondu zituen eta erresumak bake garaia eta aurrerapen kulturala ezagutu zituen. Hau ere ondorengorik gabe hil zen eta gerra zibilaren arriskua ikustean Kroaziar aritokraziak Hungariarekin bate egitea erabaki zuen, Zvonimir-en emaztea zen Jelenaren jatorria zela aprobetxatuz.

Kroazia eta Hungaria elkarrekin. Arpad Dinastia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hungariako Erresumarekin batasun pertsonalean sartu zen beraz 1102an. Erreinu bien arteko muga Drava ibaian ezarri zen. Arpad Dinastiako Koloman izan zen Kroaziako tronuan jarri zen lehenengo errege hungariarra. Kroaziak lasaitasun uneak bizi izan zituen eta errege hungariarrek gainera Kroaziaren kontrola Sabor (parlamentuari) eta ban-ei utzi zien, eta kroaziar armada antolatzen ere utzi zuten. Kolomanen ondorengo erregeek ere kroaziar instituzioak errespetatu zituzten eta veneziarren eta bizantziarren erasoetatik babestu zituzten kostaldeko hiriak.

XIII mendean feudalizazioa nabarmendu zen eta erresumako lurraldean sakabanatzen hasi ziren. Eslavonia Kroaziatik bereiztu zen esate baterako. Honetaz gain Hungariako tronurako lehia dinastikoak hasi ziren. Erregeen boterea ahula zela aprobetxatuz Veneziak kostaldeko hiri eta uharteak konkistatzeari ekin zion.

Habsburgotarrak eta Otomandarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otomandarrek Mohácseko batailan (1526) hungariarrak gainditu eta gero, noble hungariar eta kroatek Austriako erregea zen Fernando I.a Habsburgotarrari eman zioten Hungariako koroa. XVI. mendean zehar, Kroaziako lurraldeak Otomandar Inperioak azpiratu zituen. XVIII. menderako, Otomandar Inperioa Hungariatik eta Kroaziatik kanporatuta,

Napoleondar Gerrak eraginda 1797an Veneziako Errepublika erori zen eta 1808an Ragusakoa eta Napoleon Bonapartek lurralde guztia Probintzia Ilirikoak izenpean batu zituen. 1815ean Napoleon erortzean Austriar Inperioak lurralde horiek eskuratu eta era zentralizatuagoan gobernatu zituen. XIX. mendean nazionalismo erromantikoa areagotu zen Kroazian, germanizazioari eta magiarizazioari aurre egin nahian. Kroazierazko literaturan eta kulturan aurrerapauso nabarmenak eman ziren 1830 urtetik aurrera.

1848ko iraultzekin, Habsburgeko lurraldeetan Austria-Hungariako monarkia ezarri zen, zein ez zen bereziki ona kroaziarren autonomiarako. Alexander von Bach ministro austriarrak absolutismoa ezarri zuen Kroazian eta Hungariaren kontrolpean utzi zuen herrialdea. Herritarrak ez zeuden gustora eta Josip Jelačić Kroaziako Ban izenda zezaten eskatu zuten. Honek austriarren aldeko jarrera zabaldu zuen eta heroi nazionala bihurtu zen.

Jugoslaviako erresuma (1918-1941)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Jugoslaviako Erresuma»

XX mendearen hasieran Otomandar Inperioa desegin egin zen bera osatzen zuten herrialdeen askatasun nahiak bultzaturiko matxinadak zirela eta. Urte gutxiren buruan etorri zen Lehen Mundu Gerraren amaierarekin, Habsburgeko Inperioa ere bukatu zen, eta hegoaldeko herri eslaviarrak ziren Serbia, Eslovenia eta kroaziak bat egitea erabaki zuten 1918an Serbiar, Kroaziar eta Esloveniar Erresuma (kroazieraz Kraljevina Srba, Hrvata i Slovenaca) sortuz. Hiriburua Belgraden zegoen, berau baitzen errege kategoria zuen hiri bakarra. Serbiarren nagusikeria zela eta gainontzeko herriak altxamenduak izan zituzten eta Montenegroko diputatu batek Kroaziako Stjepan Radić parlamentaria erailtzean Alejandro I.a erregeak Konstituzioa bertan bera utzi, Sabor parlamentua itxi eta 1929an Jugoslavia (hegoaldeko eslavia) sortu zuen, 1931etik aurrera diktadura osoa izan zena.

1933an erregeak atentatua jasan zuen Zagreben baina bizirik atera zen. 1934ean Marseillara joan zen Frantziarrekin harremanak sendotzera eta orduan Vlado Chernozemski bulgariar iraultzaileak erail zuen. Bere semeak hartu zuen boterea baina adin txikikoa zenez Pablo Printzea izan zen benetako agintaria. 1939an Italiaren edo Alemania naziaren erasoen beldur zirenez kroaziarrek autonomia handiagoa eskuratu zuten Jugoslaviaren aldeko defentsan ari zitezen.

Jugoslavia komunista (1945-1991)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Jugoslavia»


Bigarren Mundu Gerran, 1941-1945 bitartean, Ardatzak estatu-txontxongiloa eratu zuen Kroazian. Aliatuen garaipenarekin, Kroazia Jugoslaviako Federazioko zati bat bihurtu zen, Eslovenia, Serbia, Bosnia-Herzegovina, Montenegro eta Mazedoniarekin batera. Bigarren Mundu Gerran nazien aurka partisanoekin borrokatu zuen Tito bihurtu zen agintari bakar. Tito kroaziarra zen eta herrialde desberdinen arteko harremanak zaintzen ahalegindu zen. 1963ko Konstituzioak serbiarren eta kroaziarren arteko boterea zerbait orekatu zuen arren bi aldeen arteko tentsioa nabaria zen eta hurrengo urteetan kroaziarrek hainbat matxinada eragin zituzten. Ondorioz 1974ean Konstituzio berri bat eratu zen Kroaziarrei eskubide zibil gehiago ematen ziena.

Kroazia independentea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kroazia»

1991n Kroazian independentzia aldarrikatu zuen. Gerra latz baten ostean, 1995eko Daytongo akordioari esker, borroka amaitu zen Kroaziak independentzia lortu zuela. 2000an Stjepan Mesić presidente izendatu zuten eta 2003an Kroaziak Europar Batasunean sartzeko eskaera egin zuen. Hurrengo urteetan sartuko da.

2014ko abenduaren 28an, Europako Batasunaren barruan egindako lehen hauteskundeak egon ziren, presidentea hautatzeko. Ivo Josipović zen faborito nahiz eta ekonomia alde ez eduki. Konstituzioa aldatuko zuela esan zuen[1]. Josipović Kroaziako presidentea zenak botoen % 38,5 lortu zituen eta, Grabar-Kitarovićek, berriz, bozen % 37. Biak bigarren itzulira igarota, urtarrilaren 11n ezagutuko zen presidente berriaren izena[2].

2015eko urtarrilaren 11ean, hauteskundeak ziren eta Lehia estua espero zen[3]. Kolinda Grabar-Kitarović kroata kontserbadoreak botoen % 51,4 lortu zuen, hauteslekuetan egindako inkesten arabera eta beraz, garailea izan zen[4].

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kroaziako historia Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]