Galiziako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Galiziako historia (galizieraz: Historia de Galicia) Burdin Aroaren hasieran hasi zen. Mendeetan zehar hainbat erasoaldi jasan zituen zenbait herrien partetik.

K.a. 1000 - K. o. VII. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santa Tegrako etxe eraikia.

Burdin Aroaren hasieran (K.a. 1000. urte aldera) iritsi ziren lehen herri indoeuroparrak Galiziara eta K.a. 400-200 urteetan hasi ziren herri haiek, zeltak zirenak ezbairik gabe, castro izeneko moldearen arabera herriak eraikitzen. Gisa honetako 5.000 herritik gora aurkitu dira Galizian.

Harremanak zituzten Bretainia eta Britainiako herriekin garai hartako Galiziako zeltek. Augusto enperadore erromatarrak menderatu zituen herri galaikoak (gallaeci) K.a. 29-19. urteetan, eta handik aurrera Asturica izeneko herrialdearekin lotu zuten erromatarrek Galizia (Gallaecia).

Suebo Erreinua (V-VI. mendeak)██ Suebo Erreinuaren mugak ██ Jabetza aldaketa izan zuten eremuak ██ Probintzia erromatarren mugak

K.o. 409. urtean bandalo eta suebo germaniarrak egokitu ziren Galizian eta urte batzuk geroago, hegoaldera jo zuten bandaloek. Sueboen agintea 585. urtea arte luzatu zen, Leovigildo errege bisigodoa nagusitu zen arte. Errege germaniarren agintea, ordea, ez zen guztizkoa izan eta galegoek eutsi egin zioten bere nortasunari: galegoak ez ziren hispaniarrak.

VIII. mendea - IX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

VIII. mendean, arabiarrak sartu ziren Galizian, baina ez ziren luzaroan egon. Mende horretan Asturiasko erregeak nagusitu ziren bertan eta Alfontso II.aren garaian (791-842) asmatu eta zabaldu zen Jakue Kristoren apostoluaren hilobia Santiago de Compostelan. X. mendearen hasieran sortu zen Galiziako Erresuma, Asturiaskotik bereiz (Ordoño II.a, 910-914) eta, erreinu nahiz konderri, Galiziak independente iraun zuen luzaroan XII. mendea arte; bestalde, Galiziako jaun handiek autonomia handiz jokatu zuten Erdi Aro osoan, XV. mendea arte.

X. mendea - XIII. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

X. mendean erasoaldi batzuk egin zituzten normandiarrek (968) eta arabiarrek (Almanzor, 997) Galizian. XII. mende bukaeran omen handia zuen Galiziako hizkuntzak eta XIV. mende bukaera arte galegoa (edo galego-portugesa) izan zen Iberiar Penintsulako literatura hizkuntza nagusia. Jakueren hilobiari esker, Europako erromes hiri nagusi bihurtu zen Santiago Konpostelakoa (Donejakue bidearen helmuga baitzen), eta elizak, bertako handikiek lagunduta, izugarrizko indarra hartu zuen Galizia osoan.

XIV. mendea - XVIII. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIV. eta XV. mendeetan emendatu ziren handikien arteko liskarrak, eta bi matxinada aipagarri ekarri zituen nekazarien egoera latzak: irmandiñoen (irmandade edo laborari federazioetako partaideak) matxinadak. 1431ko matxinada berehalakoan zapaldu zuten, baina 1465ekoan 80.000 laborari matxinatu ziren eta zailtasun askoren ondoren geldiarazi zuten Galiziako nobleek eta elizako handiek matxinada, Gaztelako erregearen laguntzaz.

Espainiako Errege-erregina Katolikoen garaian, Galiziako nobleen aginpidea guztiz murriztu, Gaztelako erreginaren ahalak handitu eta laborarien egoera ez zen ezertxo ere hobetu. Bestalde, Galiziak ez zuen inongo ordezkaririk Gaztelako erresumako gorteetan, urrunegi zegoela eta, eta Zamorako lurraldeak hartzen zuen haren ordea.

XVI. mendean, Ameriketako konkista zela eta, garrantzi handia hartu zuten Galiziako portuek, ontziolek eta marinelek, eta arras handitu ziren kostaldeko hiriak. Hala ere, Coruñako hiriak ez zuen Ameriketako merkataritza etxerik lortu, nahi zuen bezala. Filipe II.aren Armada Garaiezinaren porrotaren ondoren (1588), guztiz murriztu zen Espainiaren eta Ipar Atlantikoko herrien arteko merkataritza eta orduan hasi zen Galiziako portuen gainbehera.

1621. urtean lortu zuten Galiziako herrialdeetako hiriburuek (Santiago de Compostela, Betanzos, Lugo, Mondoñedo, Ourense, Coruña eta Tuy) Gaztelako gorteetan ordezkari bana izateko eskubidea. XVII. mendean, Galiziarekin lotura handiak izan dituen Portugalgo erresuma saiatu zen, Espainiako erreinuaren mendean egon ondoren (1580-1640), galegoen herriaz jabetzen, baina alferrik.

Anales de la Corona de Aragón izenekoaren 1610eko portada.

Galiziako laborarien egoera eramanezina izan zen luzaroan; handikien, militarren eta elizako hierarkiaren esku zegoen lur oro eta, hori zela eta, izugarri emendatu zen galegoen emigrazio maila: gizon-emakume gazte asko segalari aritzen zen Gaztelako galsoroetan; Madril eta Gaztelako beste hiri askotara jo zuten Galiziako hargin, igeltsero, urketari eta abar luze batek, eta milaka galego egokitu ziren Lisboan (XVIII. mendean, galegoa zen Lisboako biztanleriaren zortzirena), Ameriketara jo zutenez gainera.

XIX. mendea - XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendearen lehen erdialdean, Coruñako burges liberalek (Galizian oso hiri burges gutxi zegoen halere) zer esan handia izan zuten Espainiako estatu osoan (matxinada liberalak 1815 eta 1846. urteetan). XIX. mendeko azken hamarkadetan agertu ziren Galiziako lehen mugimendu abertzaleak, bertako hizkuntzaren eta kulturaren aldeko lan handia egin zutenak.

Galiziako kazikismoaren aurka bazeuden ere, autonomiazaleek eta abertzaleek ez zuten Galiziako jende xehea proiektu politiko batera biltzerik lortu eta, beharrak eragindako ohitura zahar bati jarraituz, emigrazio bidea hautatzen zuen galego askok eta askok. 1929. urtean sortu zen O.R.G.A (Galiziako Errepublikar Erakunde Autonomoa), Casares Quiroga zela buru, Galizian aspaldian erroturiko eskuin espainiarzaleari aurre egin zion alderdi autonomiazalea; 1936ko ekainean onartu zuen Galiziak autonomia estatutua erreferendum batean.

1936ko uztaileko matxinadan, Francoren armadak ez zuen oztopo handiegirik izan Galizian, baina errepublikaren aldeko gerrilla komunistak indarrean iraun zuen 1940-50 urteak arte. Francoren diktadurako urteetan, areagotu zen talde batzuetan, erbestean nahiz Galizian bertan, hizkuntza galegoaren aldeko sentipena, eta gorpuztu zen Galiziako ezker abertzaletasun berria, Union do Pobo Galego erakundearen bidez.

1980ko abenduan onartu zen Galiziako autonomia estatutua erreferendum batean eta 1981eko apirilean egin ziren hauteskundeen ondoren osatu zen Galiziako Xunta edo gobernua. Eskuin espainiazale eta betiko kazikeen aldekoa da gaur egungo Galiziako alderdi politiko nagusia, Espainiako alderdi sozialista bigarrena eta ezker abertzalea (B.N.P.G., Bloque Nacionalista do Pobo Galego) hirugarrena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]