Bulgariako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Bulgariako historia hego-ekialdeko Europan dagoen Bulgariako Errepublikaren lurraldean izan diren gertaera gogoangarrien kontakizuna da.

Lehen urteak eta Bulgariar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualdeko lehen zibilizazio ezaguna traziarra izan zen, goren aldia K. a. VI. mendean erdietsi zuena. Barne borrokak zirela eta, greziarrek, persiarrek, mazedoniarrek eta erromatarrek hartu zuten lurraldea ondoko mendeetan. K. a. lehen gizaldian, Traziako Erresuma Erromatar Inperioaren mende gelditu zen. Serditsa, egun Sofia dagoen lekuan kokatua, merkataritza-gune garrantzitsua izan zen. IV. mendean, Erromatar Inperioaren zatitzearen ondoren, Bizantzioren esku gelditu zen; garai hartan iritsi zen kristautasuna[1].

VI. mendearen hasieran, eslaviar tribuak iritsi ziren eskualdera, eta gizartzea eslaviartzen hasi ziren. VII. mendearen bukaeran, Asparukh khana buru zuen bulgar tribuak Danubioren eta Balkanetako mendikateaen artean kokatu ziren; hiriburua Pliskan ezarri zuten. 681ean, Bulgariako Lehen Inperioa sortu zuten, Bizantziar Inperioaren onespenarekin[2]. 870ean, Boris I.aren agintaldian, kristautasun ortodoxoa hartu zen inperioko erlijiotzat; horrek bizantziar eta eslaviar eragina areagotu zuen[1]. 1014an, Basilio II.a buru zuen bizantziar armada nagusitu zitzaion bulgariarrari Kleidiongo guduan, eta 1018an Bizantziar Inperioak erabat beretu zuen Bulgaria.

XI eta XII. mendeetan Bulgaria Bizantziar Inperioaren mende egon zen. Lehenengo eta bigarren gurutzadek eskualdea erraustu zuten. 1202an, bizantziarren beheraldiaz baliaturik, Petri IV.ak Bulgariako Bigarren Inperioa sortu zuen. Inperioak Kalojan eta Ivan Asen II.aren agintaldietan izan zuen urrezko aroa, baina XIII. mende amaieratik aurrera, barne zatiketek ahuldurik, tatariarren, magyarren eta bizantziarren inbasioak pairatu behar izan zituen[1]. 1382an, Otomandar Inperioak Sofia hartu zuen, eta 1396rako Bulgaria osoa haien mende zegoen. Otomandar aginteak ia bost mende iraun zuen[3].

Otomandar agintea eta independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Makovskiren Bulgariar martiriak. Otomanoen errepresioa 1876ko altxaldiaren ostean

Otomandarrek desegin zituzten bulgariar estatuaren egiturak, eta Bulgariako Eliza Ortodoxoa Konstantinoplako patriarkaren mendean jarri zuten. Aldian behin odol zerga kobratzen zuten: mutiko kristatuak bahitu, islamera bihurrarazi eta jenizaroen unitatean sartzen zituzten[3]. Bulgariar kulturak monasterioetan eta herri txikietan iraun zuen bizirik; bestalde, Mendebalde eta Ekialdearen arteko merkataritza bide garrantzitsu batean zegoenez gero, jatorri askotako jendeak kokatu ziren herrialdean. XVII. mendetik aurerra, inperioa beheraka joan ahala, otomandar agintea gogortu zen. Aldi berean, inperioko beste herrialde batzuetan gertatu zen bezala, nazio kontzientzia piztuz joan zen. Turkiarren aurkako hiru matxinada handi gertatu ziren, 1590eko, 1680ko, 1730eko hamarkadetan, bortizki zapalduak izan zirenak. Bulgariar abertzaletasunaren pizkundean eragin handia izan zuen Paisi Hilendarkoak, Athos mendiko lekaideak, idatzitako Eslaviar-bulgariarren kondaira (zirilikoz: История славяноболгарская, Istoriya Slavyanobolgarskaya)[1].

Alexandro I.a, Bulgaria modernoko lehen estatuburua

XIX. mendean, bulgariar abertzaletasunak indarra hartu zuen. 1835ean, bulgarierazko lehenbiziko eskola sortu zuen Vasil Aprilovek; 1870erako 2.000 inguru zeuden, udalek, elkarteek edo partikularrek sortutakoak[4]. 1870ean, otomandarrek onartu zuten Bulgariako Eliza Ortodoxoaren burujabetza[1]. 1876ko apirilean, bulgariarrak altxatu ziren otomandar agintearen aurka. Errepresioa oso bortitza izan zen, eta 15.000 bulgariar baino gehiago hilaraziak izan ziren[4]. Horrek biziki gaitzitu zuen Europako herri iritzia. Europar estatuburuek erreforma batzuk proposatu zituzten eta, sultanak errefusatu zituelarik, Errusiak gerra deklaratu zion Otomandar Inperioari. 18771878an, Bulgariar boluntarioak eta errusiar armada elkarren ondoan borrokatu ziren Errusia-Turkia Gerran[4]. 1878ko Berlingo Itunean Bulgariako Printzerria sortzea adostu zen, autonomia handia zuena; Alexandro Battenbergekoa izan zen lehenbiziko printzea[1].

Estatu berria bulgariar abertzaleek nahi zutena baino askoz txikiagoa zen. 1885ean, Bulgariako Printzerriak eta biztanleri gehiena bulgariarra zuen Ekialdeko Rumeliak bateratzea erabaki zuten. Europako herrialde ahaltsuenak horren aurkakoak baziren ere, Serbia-Bulgaria Gerraren ostean bateratzea onartu behar izan zuten[5]. Alexandro I.a 1886an kendu zuten kargutik, eta Fernando I.ak ordeztu zuen. 1908an erdietsi zuen herrialdeak erabateko burujabetza, Bulgariako Erresumaren sorrerarekin[5].

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balkanetako Gerretan hildako bulgariarrak

Lurraldea zabaltzeko grina zela-eta, Bulgaria Balkanetako Gerretan sartu zen 1912 eta 1913. urteetan; Bigarrenean porrot handia izan zuen. Lehen Mundu Gerran, Austria-Hungaria eta Alemaniarekin bat egin bazuen ere, 1918ko irailean erretiratu zen, iritzi publikoak eta porrot militarrek beharturik[1]. Gerra ostean, ezegonkortasun ekonomiko eta politikoa nagusitu zen. 1923an, mazedoniar abertzaleek Alexander Stamboliski lehen ministroa erail zuten. 1929tik aurrera, Depresio Handiak ere gogor kolpatu zuen herrialdea. 1935ean, Boris III.a erregeak erregimen diktatoriala ezarri zuen.

Bigarren Mundu Gerraren hasieran neutrala izan zen, baina 1941eko martxoaren 1ean, naziek hertsaturik, Berlin-Erroma Ardatzarekin bat egin zuen. Beti ere, Bulgariaren jarrera nahiko pasiboa izan zen eta, Trazia eta Mazedonia inbaditu bazituen ere, uko egin zion Bizargorri Operazioan parte hartzeari eta juduak deportatzeari, eta beti eduki zituen harreman diplomatikoak Sobietar Batasunarekin[6]. 1943ko abuztutik aurrera, Boris III.aren heriotzaren ostean, gobernua saiatu zen bakea sinatzen Aliatuekin, baina 1944ko irailean Sobietar Batasunak herrialdea inbaditu zuen.

Gerra ostean, monarkia ezeztaturik, alderdi bakarreko herri errepublika komunista bilakatu zen Bulgaria. Georgi Dimitrov (1946-1949), eta Valko Txervenkovek (1950–1956) erregimen estalinista ezarri zuten; kolektibizazioa eta industralizazioa oso azkarrak izan ziren, ez errepresioa latza, milaka disidente hilarazi baitzituzten[7][8]. 1954an, Todor Zhivkov hautatu zuten Alderdi Komunistako idazkari nagusi, eta 1962an lehen ministro bilakatu zen. Haren agintaldi luzean errepresioa gutxitu zen, eta gizarte ongizatea hobetzeko neurriak hartu ziren, beti Sobietar Batasunaren gerizpean[9]. 1980ko hamarkadan Turkiar gutxiengo etnikoaren aurkako neurriak hartu ziren[10].

Bulgariako Errepublika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sobietar Batasunaren gainbehera zetorrenean, bulgariarrek bidez bide segitu zioten 1987tik aurrera Gorbatxov lider sobietarrak abiarazitako perestroikari. Horrela, 35 urtez Bulgariako estatuburu egon zen Todor Zhivkov komunista alderditik bota zuten, kargua utzi behar izan zuen, eta erreformari ekin zioten, 1989an, Petar Mladenov komunisten buruzagi berriaren zuzendaritzapean. Alderdi anitzeko sistema antolatzen hasi zen eta bulgariar turkiarren eskubide zibilak ezagutu ziren. 1990an hauteskunde libreak antolatu ziren; Bulgaria izan zen hauteskunde libreen bidez legebiltzarra hautatu zuen erregimen komunista ohiko lehen herrialdea. Komunista erreformazaleen alderdi sozialista atera zen irabazle, eta komunismo garaiko disidenteak biltzen zituen zentro-eskuineko Indar Demokratikoen Batasuna izan zen bigarren.

1991ko urriko hauteskundeetara hirurogei alderdi politikotik gora aurkeztu ziren, eta Indar Demokratikoen Batasunak irabazi zuen, turkiarren ordezkari zen Eskubideen eta Askatasunen Mugimenduaren laguntzarekin; alderdi sozialista gelditu zen bigarren. Horrela, Zhelju Zhelev oposizioko burua izendatu zuten lehendakari, eta 1992an hark irabazi zuen berriro. Baina merkatu ekonomiara egokitzeko zailtasunak, ustelkeriak eta pobreziak (biztanleen erdia baino gehiago zen pobrea) egoera larritu zuen, eta erreformari aurre egin ezinik, legebiltzarrerako hauteskunde aurreratuak egin ziren 1994an. Sozialistak izan ziren garaile, baina finantzen gainbehera ekarri zuten (soldatak murriztu ziren, inflazioa areagotu zen, eta banku eta kreditu erakundeek hondoa jo zuten).

1996 amaieran krisi politiko larria sortu zen, eta egoera larritu egin zen 1997an Indar Demokratikoen Batasuneko Petar Stoianov hautatu zutenean Zheleven ordezkari. Stonianov presidenteak sozialisten kontrako politika bideratu zuen, eta 1997ko hauteskunde aurreratuetan gehiengo absolutua eskuratu zuen (Ivan Kostov izendatu zuten lehen ministro, Zhan Videnovek bere kargua utzi ondoren). Politika ekonomiko neoliberala bideratu zuen gobernu berriak, Nazioarteko Diru Funtsaren irizpideei jarraituz, inflazioa kontrolatzearren (enpresa publiko asko pribatizatu ziren, alor publikoan lanpostu asko kendu ziren…); horrekin batera, 1990 hasieratik nabarmendu zen ustelkeria eta kriminaltasuna desagerrarazteko neurriak hartu behar izan zituzten agintariek.

Bulgariak Europar Batasunean eta NATOn sartzeko eskaerak egin zituen, eta Balkanetako egoera egonkortzen lagun zezakeen segurtasun eremu bat antolatu nahi izan zuen Grezia, Turkia eta Bulgariaren artean. Bestalde, Balkanetako Gerran ez zuen parte hartu, eta 1992an ezagutu zuen Mazedoniako Errepublikaren burujabetasuna; liskar handiak izan zituen, ordea, Mazedoniako gobernuarekin, ez baitzuen onartzen mazedoniarrek nazio bat osatzen zutenik, ezta mazedoniera Mazedoniako hizkuntza nazionala izatea ere.

XXI. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2001eko hauteskundeak irabazirik, Simeon II.a errege ohia izan zen lehen ministro 2005 arte. 2004ko martxoaren 29an, Bulgaria NATOn sartu zen, eta 2007ko urtarrilaren 1ean, Europar Batasunean.

2014ko urriaren 5ean, hauteskundeak berriro aurreratuta, bulgariarrek presidentea aukeratu behar zuten, urte eta erdian bigarren aldiz. Eskuindarrak ziren faborito: inkesten arabera, Boiko Borisov lehen ministro ohia itzuliko zen agintera. 2013an dimisioa eman zuen kudeaketa ekonomikoak eragindako protestengatik; orduan ez zeukan gehiengo osorik, eta 2014an ere gutxiengoan gobernatuko zuela zioteen inkestek[11]. Urriaren 6an, GERB alderdi kontserbadoreak irabazi zituen Bulgariako Legebiltzarrerako hauteskundeak, botoen %32,66rekin, eta, ganberako 240 eserlekuetatik 85 bakarrik izan arren, gutxiengoan gobernatu nahi zutela adierazi zuten, koalizio aukerak erabat baztertu gabe. Azaroaren 5ean, gobernua eratzeko enkargua jaso zuen Boiko Borisovek [12].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g   Country Profile: Bulgaria, Library of Congress Country Studies. Library of Congress. 2006, https://www.loc.gov/rr/frd/cs/profiles/Bulgaria.pdf. Noiz kontsultatua: 2017-8-28 .
  2.   Bulgar people, britannica.com, https://www.britannica.com/topic/Bulgar. Noiz kontsultatua: 2017-8-19 .
  3. a b   Bulgaria: Ottoman rule, britannica.com, https://www.britannica.com/place/Bulgaria/The-second-Bulgarian-empire#toc42728. Noiz kontsultatua: 2017-8-20 .
  4. a b c   Bulgaria: The national revival, britannica.com, https://www.britannica.com/place/Bulgaria/The-national-revival. Noiz kontsultatua: 2017-8-27 .
  5. a b   Chisholm, Hugh, ed, Bulgaria: Political History, 1911 Encyclopædia Britannica, Volume 4, wikisource.org, https://en.wikisource.org/wiki/1911_Encyclop%C3%A6dia_Britannica/Bulgaria/History. Noiz kontsultatua: 2017-8-27 .
  6.   Bulgaria: World War II, countrystudies.us, http://countrystudies.us/bulgaria/19.htm. Noiz kontsultatua: 2017-8-27 .
  7.   Bulgaria: The early communist era, britannica.com, https://www.britannica.com/place/Bulgaria/The-early-communist-era. Noiz kontsultatua: 2017-8-28 .
  8.   Leviev-Sawyer, Clive, When Bulgaria turned red: Remembering the thousands killed by the communists, sofiaglobe.com, http://sofiaglobe.com/2015/01/30/when-bulgaria-turned-red-remembering-the-thousands-killed-by-the-communists/. Noiz kontsultatua: 2017-8-28 .
  9.   Bulgaria: Standard of Living, Library of Congress Country Studies, https://archive.is/CNmw#selection-135.0-135.1420. Noiz kontsultatua: 2017-8-28 .
  10.   Bohlen, Celestine, Bulgaria Vote Gives Key Role to Ethnic Turks, nytimes.com, http://www.nytimes.com/1998/08/07/world/todor-zhivkov-dies-at-86-ruled-bulgaria-for-35-years.html?src=pm&pagewanted=1. Noiz kontsultatua: 2017-8-28 .
  11. Bulgariako presidentetzarako bozetan, aurpegi ezagunak berriz lehiara, berria.eus, 2014-10-05
  12. Gobernua eratuko du Borisovek Bulgarian, berria.eus, 2014-11-05


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bulgariako historia Aldatu lotura Wikidatan