Durangoko heresia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Santa Maria elizaren egurrezko arkuteria. Durangoko heresak arkupe honen aurrean erre zituzten.

Durangoko heresia XV. mendean (1442-1445) Durangon zabaldu zen erlijio-disidentzia mugimendu bat izan zen. Bultzatzaile nagusia Fray Alonso de Mella izan zen, eta Durangaldeko herri guneetan arrakasta handia izan zuen.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIII. menderako, Eliza Katolikoa lehen mailako potentzia zen Europan: erlijio arloan ez eze, ekonomiaren eta politikaren arlo guztietan infiltratua zegoen. Halere, eliza buruek agertzen zuten jokabidea -publiko zein pribatua- ez zetorren bat Ebanjelioaren mezuekin, eta horrek bere baitan disidentzia mugimendu asko eragin zituen. Elizak mugimendu horietako batzuk bereganatu zituen -frantziskotarrak, esate baterako-, eta besteei gogor eraso zien.

Erdi Aroaren garai honetan jende xehearen bizitza mingotsa zen: etengabeko borroka eta lan gogorraren erdian, gosea eta izurritea noiznahi jasaten zuten. Erlijiozko heresiek eta politikazko disidentzia edo iraultzaletasun mugimenduek egoera honi erantzun bezala ulertu izan dira: heriotza osteko zeruaren zain egon beharrean, bizitzaren baldintzak hobetzeko ahalegina. Autore batzuen arabera, Durangoko heresen doktrinak estoikoen apatheia kontzeptuarekin[1] eta sufismoarekin lotura nabarmenak ditu.[2]

Ideologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fraticelli frantziskotarren heresiarekin[3] antzekotasunak bazituen ere, hauen aldean oinarri teologiko sakonagoak zituen.[4] Ernesto García Fernándezen iritzian, "badaude parekotasun batzuk "Izpiritu Askearen Anaiekin" (sexualitateari buruzkoak batez ere), dotrina Joakindarrekin (Espiritu Santuaren Aroaren iristeaz), eta halaber, Wiclifdar eta Hustar XIV. mende amaieran eta XV. mende hasieran azaldutako ideiekin (elizaren aberastasuna, doktore eta teologoek egiten duten liburu santuen interpretazioa, Aita Santuaren kontrako iritziak, eta abar)".[5] Zentzu horretan, Durangoko heresak, lehen aipatutakoekin batera, Lutherrek XVI. mendean bultzatuko zuen Erreforma protestantearen aintzindaritzat hartzen dira.[6][7]

Pobretasunaren balio ebanjelikoa aldarrikatzen zuten, bistan denez, aberatsek eta hierarkek ongi ikusten ez zutena. Bestalde, barruko erlijiositatea bultzatzen zuten, elizaren ageriko sakramentuei balioa kenduz (gurutzea gurtzea, eukaristiako eraldakuntza, ezkontza ukatzen zuten, eta seguraski bataioa ere bai). Halere, autore batzuen esanetan, heresia honen oinarria eta ezaugarri bereziena Bibliaren interpretazio askea zen (eliza katolikoaren ikuspegi dogmatikoaren aldean).[8] Joakim Fiorekoaren historiaren teoriaren eta Amaury de Béne-ren jarrera anarkista-mistikoaren eragina nabarmena izan zuten (biak ala biak Izpiritu Askearen doktrinaren oinarriak ere).[9] Hauen arabera, errebelazioaren historian hiru aro bereiz zitezkeen, lehena Aitaren aroa (Itun Zaharrari dagokiona), bigarrena Semearena (Itun Berriari dagokiona) eta hirugarrena, heltzear zegoena, Izpirituarena: bertan burutuko zen Jainkoaren obra, eta bere ezaugarriak maitasuna, alaitasuna, poza, zoriona, atsegina, askatasuna... izango ziren. Izpirituaren aro berri horretan Eliza gainditua izango zen eta ez zuen inolako baliorik izango, "karitate soilaren erreinu monastikoa" ezarriz.[4]

Sineste hauek hartu zuten jokabide eta jarrera praktikoa "ondasunen eta emakumeen" (sic) partekatzea izan zen. Zentzu horretan, talde hark kutsu komunista edo sozialista nabarmena izan zuen.[10] Bestalde, frai Alfonsoren ustez harreman sexualek esangura berezi bat zuten: bizitza dakarren eta askatzen gaituen maitasunezko atsegina elkarbanatzeak zentzu eukaristiko bat hartzen zuen, salbaziorako eta Jainkoarekin elkartzeko bidea irekiz. Honen kontura, Durangoko hereseak hippien "komuna erotiko" batekin parekatu izan dira.[11]

Bere gutunean ageri denez, frai Alfonsok benetan sinesten zuen Jainkoak berari eta bere mugimendukideei agindu ziela ordenu berria predikatzea. Baina eztabaida teologikorako prest agertu zen arren, bere eskaintzak ez zuen harrera onik izan boteretsuen eta elizgizonen aldetik.[4]

Durangoko hereseen eta beste disidenteen doktrinen ondorioak bizitza eta gizarte osoari hedatzen zirenez, mugimendu hauetako askok boterea eskuratu nahi izan zuten, benetako iraultza bultzatuz eta borroka armatua erabiliz.[12] Uste denez, frai Alfonsok berak, Durangaldeaz jabetzeko altxamendu armatu bat prestatzen ziharduen ihes egin behar izan zuenean.[4]

Gertakariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alfonso de Mella Zamorako familia aberats batean jaiotako fraide frantziskotarra zen. Italian urte batzuk egin zituen (agian fraticellien ideiak bereganatuz), eta elizako hierarkiarekin arazoak izan zituen: bere ideiak zirela eta, Perugiako komentu batean zigortuta urte batzuk eman zituen, eta konfesioak hartzea eta predikatzea debekatu zitzaion. Santa Maria del Poyo-ko monastegitik (Caceres) ere igaro zen. Gorabeherak gorabehera, 1440 inguruan Durangon agertu zen. Han bere familiak Barrenkaleko etxe baten maiorazkoa bazuen ere, horri uko egin eta ostatu batean bizitzen jarri zen. Berarekin beste frantziskotar batzuk zeuden, seguraski haietako bat Francisco del Castillo. Lehenik doktrina baserrietan zabaltzen hasi ziren, arrakasta handirik barik; gero Durangoko herrian hasi ziren, eta arrakasta berehalakoa izan zen. Durangon bazen San Frantziskoren hirugarren ordeneko komentu bat, non andre beatak bizi ziren; Alfonsoren mugimenduarekin bat egin zuten, eta gero inguruetako emakume gehienak. Herese kopuru zehatza ezezaguna bada ere, "ehundaka" izan zirela uste da eta Durangaldean hedatzeaz gain (Mañaria, Izurtza, Abadiño eta Berriz) Aramaio eta Zornotza aldera ere zabaldu zen.[4]

« La mayor parte de las mujeres de aquella tierra... dexaron a sus maridos e las moças a sus padres e madres e se fueron con los dichos frailes. »


Errepresioa 1444 inguruan hasi zen. Agintariek zailtasun handiak izan zituzten hereseak harrapatu ahal izateko, haiei ihesi mendietan biltzen baitziren.[4] Joan II.a Gaztelakoak bidalitako inkisizioak erreprimitu zituen eta ehunetik gora heriotza zigorra ezarri ondoren hamahiru erre zituen elizaren aurrean Kurutziagan (gero Kurutziagako gurutzea egingo zuten), Santo Domingo de la Calzadan eta Valladoliden. Mella bera eta bere lagun frai Guillen tarteko, ihes egitea lortu zuten.[5] Sektako emakume batzuk ere haiekin ziren, eta lehenik Santander aldera jo zuten; gero itsasoz Granadako erreinura joan ziren, eta handik Alfonsok Gaztelako erregeari gutun bat idatzi zion, bere ihesaren zergatiak azalduz eta doktrina predikatzeko askatasuna eskatuz. Idatzi honetan azaltzen denez badirudi ongi zegoela frai Alfonso musulmanen artean (Islamaren zenbait alderdi ere goraipatuz), baina han ere arazoak izan zituen -arrazoiak ezezagunak dira- hangoek kanaberak jaurtikiz hil baitzuten.[4]

Ondorengoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badirudi heresiaren mugimenduaren oihartzunak berrogeita hamar bat urte iraun zituela, Diego de Valerak 1487-88ko kronikan adierazten zuenez; "duraron aquellos errores en tiempos del rey don Enrique (IV). E aun fasta oy se cree que en algunos dura la eregía de Durango".

Prozesuaren ostean, Calahorrako Inkisizioaren epaimahaiak Durangaldean jarri zuen egoitza 1499tik 1502ra eta 1507tik 1509ra. Haiek egindako ikerketen txostenak (non hobendunen izen eta hutsegiteak azaltzen baitziren) Santa Maria elizan gorde ziren, eta han izan ziren XIX. mende hasierara arte: orduan, frantziarren inbasioarekin batera, dokumentuak eliza aurrean erre ziren, heretikoak erretako leku berean (itxuraz, inbaditzaileen ideiak heretikoenekin bat zetozela uste zutelako). Beraz, urte askoan Durangoko heretikoen ideiez ezer gutxi jakin da.

Halere, XX. mendean aurkitutako bi dokumentuk (Alfonsok Gaztelako erregeari idatzitako gutuna, eta F. de Munquetak Aita Santuari idatzitako beste gutuna) frai Alfonsoren doktrinari buruzko hainbat zalantza argitu dituzte.[4] 1990 urtean, Geroa antzerki taldeak Ignacio Amestoyen "Durango, un sueño" antzezlana estreinatu zuen, historia honetan oinarritua.[13]


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Menéndez y Pelayo, Marcelino.. (1987). Historia de los heterodoxos españoles.. Editorial Católica ISBN 84-220-0111-X PMC 644593906 . Noiz kontsultatua: 2019-12-18.
  2. Asín Palacios, Miguel 1871-1944 autor. El islam cristianizado : estudio del "sufismo" a través de las obras de Abernarabi de Murcia. ISBN 978-84-9001-582-7 PMC 1117442955 . Noiz kontsultatua: 2019-12-18.
  3. Lur entziklopedietatik hartua.
  4. a b c d e f g h Artola Zubillaga, Fermín.. (1986). Hereseak Durango aldean, XV. mendean. Kriselu ISBN 84-7407-266-2 PMC 434923792 . Noiz kontsultatua: 2019-12-17.
  5. a b Durangoko Udala: Ezagutu Durango
  6. Geddes, Michael.. (2010). Spanish protestant martyrology. by michael geddes, .... Gale Ecco, Print Editions ISBN 1-171-16889-6 PMC 945889792 . Noiz kontsultatua: 2019-12-18.
  7. Carriazo y Arroquia, Juan de Mata, 1899-1989.. ([1925?]). Precursores Españoles de la Reforma : Los herejes de Durango - 1442-1445. Museo Antropologico Nacional PMC 796353181 . Noiz kontsultatua: 2019-12-18.
  8. Rodríguez, Darío Cabanelas. (1950). «Franciscano heterodoxo de la Granada nasri» Al-Andalus : revista de las Escuelas de Estudios Árabes de Madrid y Granada (1): 233–250 ISSN 0304-4335 . Noiz kontsultatua: 2019-12-18.
  9. Aranzadi, Juan.. (2001). Milenarismo vasco : Edad de Oro, etnia y nativismo. Taurus ISBN 84-306-0387-5 PMC 962417761 . Noiz kontsultatua: 2019-12-18.
  10. Labayru, Estanislao J. de.. (1974). Historia general del Señorío de Bizcaya.. La Gran Enciclopedia Vasca ISBN 84-248-0022-2 PMC 932321502 . Noiz kontsultatua: 2019-12-18.
  11. Castellano, Rafael, 1943-. (1977). Vascos heréticos : ensayos y enredos de la cábala vasca. L. Haranburu ISBN 84-7407-034-1 PMC 4504643 . Noiz kontsultatua: 2019-12-18.
  12. Cohn, Norman, 1915-2007. (2015). En pos del milenio : revolucionarios milenaristas y anarquistas místicos de la Edad Media. (1ª ed. argitaraldia) Pepitas de Calabaza ISBN 978-84-15862-31-4 PMC 907028704 . Noiz kontsultatua: 2019-12-18.
  13. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1990-01-19). «Ignacio Amestoy monta en escena el cerco de Durango por Castilla» El País ISSN 1134-6582 . Noiz kontsultatua: 2019-12-18.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]