Erresuma Batuko ekonomia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
City of London britainiar finantzen zentroa da.

2018an Erresuma Batuko ekonomia munduko 5. handiena izan zen.

Erresuma Batua munduko bostgarren herrialde indartsuena da ekonomiari dagokionez. Oso ekonomia aurreratua du, eta hirugarren sektorea da nagusia (langileen % 74 eta barne produktu gordinaren % 64,2). 1973-1995 urte bitartean industria ekoizpenak ez ziren % 6 baino gehiago hazi (zerbitzuak % 50 hazi ziren). Baina egiturak berritzeko egin diren saioen ondoren, britainiar industria goranzko bidean da berriz ere. Langabezia tasa asko jaitsi da, batetik biztanleriaren zahartzea dela-eta, eta, bestetik, ekonomiaren hazkundeari esker: 1992 eta 1993 urteetan % 10era iritsi zen, 1998an, berriz, % 5era jaitsi da. Hala ere, lanaren merkatuaren egoerak okerrera egin du, eta gizataldeen arteko desberdintasunak larriagotu egin dira. Behartsuen kopurua 12 milioira iritsi da. Barne produktu gordina 20.000 dolarrekoa da biztanleko, Zazpi Handien taldea osatzen duten herrialdeen artean ahulena.

Nekazaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritzak ekonomiaren zati txikia hartzen du (langileen % 2,1); hala ere, industrializazio maila garaia da eta produkzio ahalmena handia; herrialdeko bertako beharren % 60 asetzen dira. Nekazaritza jarduera nagusia da Ingalaterraren mendebaldean, Galesen eta Ulsterren. Garia, garagarra, azukre erremolatxa, patata eta oloa dira nekazaritza gai nagusiak. Gaur egun Erresuma Batuan asko ugaritu dira barazkijaleak, eta horrek nekazaritza biologikoa ere haztea ekarri du. Abeltzaintzari dagokionez, Erresuma Batuak Europar Batasuneko ardi azienda handiena du, 29 milioi bururekin (bederatzigarrena munduan, zazpigarrena artileari dagokionez); behi azienda, berriz, 12 milioi buruk osatzen dute (Europar Batasuneko % 15).

Basogintza eta arrantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2,4 milioi hektarea basok Ingalaterraren % 7 hartzen dute, Eskoziaren % 15, Galesen % 2 eta Ipar Irlandaren % 5. Haritza, pagoa, lizarra eta zumarra dira zuhaitz mota nagusiak. Zuraren ekoizpenak 6,5 milioi m3 hartzen ditu. Arrantza industriak Erresuma Batuko beharren % 55 asetzen du. Arrantza portu nagusiak hauek dira: Kingston-upon-Hull, Grimsby eta Plymouth, Ingalaterran; Aberdeen, Lerwick eta Ullapool, Eskozian.

Industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuma Batua XIX. mendearen erdialdean industrializatuta zegoen; munduko lehena izan zen. 1990eko hamarraldiaren hasieran industriak barne produktu gordinaren % 23 hartzen zuen. Hala ere, 1980ko hamarralditik aurrera jaisten ari da industrian diharduen langile kopurua. Teknologiaren inguruko industriek gorakada handia izan dute, eta 1990eko hamarraldiaren hasieran Europako ordenagailuen % 40 Erresuma Batuan egiten zen. Eskozia eta Ipar Irlanda whisky eta ehun ekoizle handiak izan dira betidanik. Ingalaterrako industriagune nagusiak Londres Handia eta Manchester, West Midlands (Birmingham), South Yorkshire, eta Tyne and Wear dira.

Meatzaritza eta energia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuma Batuak lehengai asko du; Alemania, Belgika, Irlanda, Frantzia eta Italiak, guztiek batera ekoizten dutena baino energia gehiago ekoizten da bertan. Europako petrolio esportatzaile nagusia da, munduko bederatzigarrena. Inbertsio handiak egin dituzte Ipar itsasoko petrolio hobien produkzio ahalmena handitzeko: erauzketa plataformak, oliobideak, gasbideak. Gas naturalari dagokionez, energia kontsumoaren % 25 asetzen du. Gas hobi nagusiak Shetland, Northumberland eta Norfolken daude. Ikatzari dagokionez, Europako ekoizle nagusia da Erresuma Batua, eta Peninoen ekialdean, Yorkshire- eta Midlandsen ateratzen da ikatz gehiena.

Zerbitzuak eta merkataritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo merkataritzak garrantzizko lekua du Erresuma Batuko gaur egungo ekonomian, ekoizpenaren erdia esportatu egiten baita. Hala ere, inportazioak ere hazi egin dira. Erresuma Batuak Europako kideekin ditu batez ere harremanak, eta bera da, hain zuzen, Europan atzerriko inbertsio gehien dituen herrialdea. Urteko 25 milioi bisitaritik gora izaten ditu (munduko bosgarrena), eta Londreskoa da Europako aireportu nagusia. 30 milioi britainiar joaten dira urtero atzerrira turista gisa. Hirugarren sektorea da gaur egun sektore nagusia; langileen hiru laurdenak sektore horretan dihardute lanean. Londres Europako finantzagune nagusi bihurtu da, Frankfurt eta Paris baino askoz aurrerago, eta munduko hirugarrena da New York eta Tokioren atzetik. Erresuma Batuan dago Europako petrolio merkatu bakarra, eta bertan dago munduko aseguru eta truke merkatu nagusia. Erresuma Batuan atzerriko 550 banku daude, eta 170 artekari etxe; horietan 625.000 langile inguru aritzen dira, eskaintzen dituzten zerbitzuek Erresuma Batuko barne produktu gordinaren % 20 osatzen dute, eta esportazioen parte handi bat, eskulaneko industriak baino gehiago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]