Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Eskubaloi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Eskubaloi kantxaren neurriak eta deskribapena

Eskubaloia edo handball bi talderen arteko baloi kirola da, eskuekin garraiatzeagatik bereizten dena.

Partida bakoitzak hogeita hamar minutuko bi zati izaten ditu eta zazpi jokalariko bi talde aritzen dira jolasten (kantxako sei eta atezaina), gainerako jokalariak, 14ra arte, ordezkoak dira[1]. Kantxak 40 metro luze eta 20 metro zabal izaten ditu. Atetik 6 metrora area bat dago eta hortik beste 3 metrora lerro etenez egindako beste bat, 9 metroko area deitua.

Gaur egun eskuz jokatzen diren kirol ugarietatik, eskubaloia da modernoena. Izan ere, joko honen arautegia XX. mendean sortu zen, eta 1936. urteko Berlingo Olinpiar Jokoetan, egin zen famatua; garai hartan 11 jokalari izaten zituen talde bakoitzak. Geroztik, kiroldegietan jokatzen hasi da, eta talde bakoitzeko jokalarien kopurua 7 lagunera murriztu.

Arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskubaloiko mugimendu tipikoa.

Eskubaloia, ofizialki Joko arauak deitzen diren arau batzuen arabera jokatzen da. Kirol hau, baloi edo pilota esferiko batekin praktikatzen da, non zazpi jokalariko bi taldek (sei "kantxako jokalariak" eta atezain bat), baloia aurkariaren atean sartzeko lehiatzen diren, honela, gol bat sartuz. Partida amaieran gol gehien sartu duen taldea da irabazlea; bi taldeek gol kopuru bera markatzen badute, orduan berdinketa deklaratzen da.

Joko tipiko batean, jokalariak pilota banakako kontrolaz baliatuz eramaten saiatzen dira, edo taldekideei paseak emanez, aurkariaren ate ingurura, atezain batek defendatuta. Behin hara iritsita, pilota kontrako atean sartzen saiatuko dira, jaurtiketen bidez. Aurkariak pilotaren kontrola berreskuratzen saiatzen dira, paseak oztopatuz, baloia daraman jokalariari pilota kenduz edo bere beso eta eskuekin tiroak blokeatuz. Jokalarien arteko kontaktu fisikoa etengabea da, baina hainbat murrizketaren menpe dago. Arau nagusienaren arabera kantxako jokalariek ezin dute baloia oinekin ukitu. Atezainak beste inork ezin du hau egin, aurkarien taldekoek golik sar ez dezaten.

Erasotzerako orduan, erasotzen duen taldeko jokalariek ezin dute 6 metrora dagoen arean sartu eta zapaltzen badute, baloiaren posesioa beste taldearentzat da. Aldiz defenditzen duen taldeko jokalariek area zapaldu dezakete baina inolaz ere area barrutik defenditu. Hau gertatzen bada, erasotzen ari den taldeak penalti bat jaurtiko du atetik 7 metrora dagoen lerrotik. Penaltia jaurtitzerakoan, baloia askatu baino lehen 7 metroko lerroa zapaltzen bada, penaltia baliogabetuko da eta posesioa beste taldearentzat izatera pasako da.

Beste arauetako batek, baloia talde baten eskuetan egon daitekeen denbora mugatzen du, denbora hori gaindituz gero pasiboa sortzen da eta automatikoki baloia beste taldearentzat da[1].

Jokalari posizioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joko honek jokalarientzat posizio konkretuak ditu, arautegian agertzen ez direnak baina urteen poderioz sortu direnak: pibota, bi hegaleko, bi alboko, erdikoa eta atezaina.

Atezaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atezaina da, area barruan, pilota eskuetan duela nahi dituen pausoak eman ditzakeen jokalari bakarra, erreboterik eman beharrik gabe. Beste kolore batez identifikatu behar da bere ekipazioan, gainerako jokalarienarekin alderatuta, eta pilota bere hankekin ukitu dezakeen bakarra da, baina defentsarako bakarrik (tiro bat geldiarazteko, adibidez). Eremu horretatik kanpo, kantxako beste edozein jokalarik bezala jokatu behar du[2].

Erdikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi albokoen artean dagoen lehen lerroko jokalaria da, kantxa barruan jokoa gurutzatuz eta gainerako jokaldi planifikatuen bidez zuzentzen duena. Beraz, ez da haren indarra edo abiadura joko ikuspena eta trebetasuna bezain garrantzitsua. Kontrako taldeak erasoan huts eginez gero, zentrala da, normalean, atezainaren baloia jasotzen duen pertsona bere erasoari ekiteko. Defentsan, zentrala, normalean, defentsa lerroaren erdian jartzen da, pibotarekin batera.

Hegalekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alboetako alde banatan jartzen dira hegalekoak. Jokalari azkarrak izan ohi dira, arinak, pisu gutxikoak eta jauzi egiteko ahalmen handikoak. Jokalekua ahalik eta gehien baliatzen dute defentsak ireki eta hutsuneak sortzeko. Eraso estatikoko jokaldiak hasten dira euren posiziotik. Golen iturri konstante bihur daitezke defentsa irekien aurka jokatzen denean (3-2-1 motakoak).

Albokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alboak erdikoaren alde banatan daude. Jokalari altuak eta indartsuak izan ohi dira, jaurtiketa indartsu batekin. 9 metroko lerrotik itxitako defentsak hausteko erabiltzen dira. Gehienetan hegalekoei laguntzen dietenak dira, hurbiltasunagatik

Pibota[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pibotak aurkariaren defentsan barneratu eta hutsuneak irekitzeko ardura du. Jokalari sendoak dira, gorputzez gorputz ondo funtzionatzen dutenak. Bere mugimenduek bide librea uzten diete albokoei, baina, era berean, golegile bihurtzen dira pase bat jasotzen dutenean eta atezainarantz abiaduraz biratzeko aukera dutenean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskubaloiaren jatorriak ezartzeko, greziarren eta erromatarren berezko jokoekin antzekotasunak eta kontaktu puntuak bilatzen saiatzen dira ikertzaileak. Logikoa dirudi pentsatzea gizakiak bere eskuekin zuen arintasunak eraman zezakeela jada ezagutzen diren lehen zibilizazioetara bere jokoetarako erabiltzera. Eskubaloia, ordea, orain ulertzen den bezala, kirol benetan gaztea da, XX. mendeko lehen laurdena.

Edonola ere, egia da ere, antzinako Grezian "urania jokoa" egon zela, non airean mantendu behar zen sagar baten antzeko neurriko baloi bat erabiltzen zen. Literatura klasikoaren funtsezko liburuetako batean, Odisea izenekoan, Homerok jolas honi buruz hitz egiten du, eta bere protagonistetako bik pilota hodeietarantz airera nola jaurtitzen zuten eta jauzi eginez hartzen zuten azaltzen du, bere oinek lurra zapaldu aurretik. Mota honetako eszena batzuk 1926an aurkitu ziren Atenasko harresian.

Ondoren, erromatarren artean ere Claudio Galeno medikuak bere gaixoei harpastuma egitea aholkatu zien, pilota batekin eta eskuekin egiten zen modalitate bat, K. a. 150ean. Erdi Aroan, Walter Von der Vogelwide trobadoreak "pilota jokoa" ere deskribatu zuen, baloia airean harrapatzean zetzana, orain eskubaloi jokalariek pasatzen duten antzera. Batez ere gortean praktikatzen zen, eta trobadoreek "udako lehen jokoa" bezala bataiatu zuten. Nolanahi ere, egituratu gabeko kirol praktika zen, inolako arau eta araudirik gabe[3].

Gaurkotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi eta Ipar Europan jokatzen ziren jolas antzeko batzuekin hasi zen eskubaloia, XX.mendean. Hasieran, urte batzuetan zehar, kanpoan jokatzen zen, eta taldeko hamaika jokalarik hartzen zuten parte; baina 1965ean, polikiroldegietan jolastera pasatu zen. Alemanian eta Austrian oraindik 11 jokalarirekin jokatzen da batzuetan, futbol-zelai irekietan. Eskubaloia ez da oraindik herrialde guztietan famatua egin, baina pixkanaka-pixkanaka ezagunagoa egiten ari da.

Eskubaloi mota desberdinak daude, polikiroldegikoaz gain:

Hondartzako eskubaloia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normalean lau jokalarirekin eta luzeran 27 m eta zabaleran 12 m dituen zelaietan jokatzen da, harez beteta, 10 minututako bi zatitan. baloia botatzeko modu asko daude, eta golek nola jaurtitzen duzun araberan, gehiago edo gutxiago kontatzen dute. Baloia airean hartzen bada eta lurra ukitu gabe, sartzen bada, bi puntu balio ditu. Horrekin batera, jokalaria harearen mugan dagoenean eta 360 graduko buelta bat ematen duenean beste bi puntu balio ditu. Puntu bakarra balio du normal jaurtitzen denean[4].

Eskubaloi txikia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normalean bost jokalarirekin eta luzeran 20 m eta zabaleran 13 m duten kantxetan jokatzen da, kantxa batean, 10 minututako lau zatitan. Jolas mota hau umeei zuzendua da, eskubaloiaren irakaskuntzarako erabilia[5][6].

Txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioartekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1993. urtetik aurrera Munduko Eskubaloi Txapelketa IHF ("International Handball Federation") erakundeak antolatzen du bi urtetik behin, 1970.etik 1992ra lau urtetik behin egiten zen. Lehenengo edizioa 1938an izan zen, eta ondorengoak 1954, 1958, 1961, 1964 eta 1967an. 2011 arte Suediako eskubaloi selekzio nazionala da urrezko domina gehien, eta dominak orohar, lortu duen taldea (4 urrezko, 3 zilarrezko eta 4 brontzezko), bigarrena Frantzia da (4 urrezko, zilarrezko 1 eta 3 brontzezko) eta hirugarrena Errumania da (4 urrezko eta 2 brontzezko).

Bestela, Europako Eskubaloi Txapelketa 1994tik aurrera antolatzen da, eta Suedia da ere titulu gehien lortu duen selekzioa (4). Klubei dagokienez, EHF Txapeldunen Liga eta EHF Kopa txapelketa nagusien artean ditugu.

Estatu barrukoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

FC Barcelona 2008an.

Espainiar estatuan txapelketa nagusiak ASOBAL Liga eta Errege Kopa dira, FC Barcelona izanda titulu gehien dituena (2010 arte, 9), baita txapeldunorde sarrien gelditu den taldea ere. Are gehiago, "División de Honor" zelakoa eta gaur egungo Liga kontuan hartuta ere titulu gehien duen taldea da (17 txapelketa eta 15 txapeldunorde). BM Granollers bigarrena da historia osoko zerrendan 10 titulurekin, eta Atlético de Madrid hirugarrena da 7 txapelketekin.

Bestalde, Portland San Antonio talde nafarrak 2002 eta 2005ean titulua irabazi zuen, eta 1998, 2000 eta 2007an bigarren postua eskuratu zuten. Halaber, Bidasoa Kirol Kluba 1995ean txapelduna izan zen, aurreko urtean txapeldunordea eta 1987an (Ligak ASOBAL izena eduki baino lehen) txapelduna ere bai, eta Salleko talde gipuzkoarra 1964 eta 1965ean txapeldunordea izan zen Liga zaharrean.

Emakumezkoen txapelketei dagokienez Itxako nafarrak eta Bera Bera gipuzkoarrak azken urteetan Espainiako Ligan eta Erreginaren Kopan nagusitu egin dira. Itxakok 2011 urtean Emakumezkoen EHF Txapeldunen Ligako finala ere jokatu zuen.

Frantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako Eskubaloi Liga (gaur egun "Division 1") 1952an lehenbizikoz antolatu zen, 2010 arte Montpellier HB izan da txapelketa gehien lortu duen kluba (12), hurrengoak zerrendan US Ivry (8) eta Stella Saint-Maur (6) izanda.

Antzeko kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txekiako eskubaloia, Frisiakoa (keatsen), Amerikakoa, Australiakoa (four square) eta Txinakoa (New Yorken jokatutakoa) antzeko kirolak dira. Eskubaloi gaelikoa squashen antzekoa da, baina erraketen ordez eskua erabiltzen dute. Azkenik, hondartz-eskubaloia bestelako lur mota batean egindakoa dugu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (pdf) Eskubaloia. Araudiaren egokitzapenak, . Noiz kontsultatua: 2019-10-10.
  2. (Gaztelaniaz) «Reglas de juego» web.archive.org 2013-08-16 . Noiz kontsultatua: 2019-10-08.
  3. (Gaztelaniaz) «Origen y Evolución del Balonmano (Historia del Balonmano Mundial) ~ HAND-BALL.ORG» web.archive.org 2008-11-06 . Noiz kontsultatua: 2019-10-08.
  4. Hondartzako eskubaloia, . Noiz kontsultatua: 2019-10-10.
  5. (Gaztelaniaz) «Mini Balonmano» web.archive.org 2008-12-20 . Noiz kontsultatua: 2019-10-08.
  6. (pdf) Eskubaloi txikia. Araudiaren egokitzapenak, . Noiz kontsultatua: 2019-10-10.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]