Edukira joan

Simon Aragorri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Simon Aragorri
Bizitza
JaiotzaHendaia1720ko irailaren 29a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
BizilekuaMadril
HeriotzaMadril1801eko apirilaren 17a (80 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakekonomialaria
KidetzaEuskalerriaren Adiskideen Elkartea
Filipinetako Konpainiaren biltzarra Francisco Goyaren margolan batean.

Simon Aragorri Olabide, Irandako Markesa (Hendaia, 1720ko irailaren 29aMadril, 1801ko apirilaren 17a) ekonomilari, bankari eta intelektual ilustratua. Nahiz eta Lapurdin jaio bere bizitza guztia Hegoaldean eta Espainian, erregeen zerbitzuan, eman zuen. Gizon ilustratua izan zen eta proiektu eta enpresa ugari jarri zuen martxan. Nahiz eta bere finantzia-etxe nagusia Madrilen izan, Euskal Herrian ere lan handia egin zuen. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea izan zen eta Filipinetako Konpainiaren sortzaile bat izan zen.

Wilhelm von Humboldtek Aragorrieren tertulian parte hartu zuen.

Nahiz eta Hendaian jaio, haurtzaroan Donostian bizi zen. Donostian, etxeko negozioan, komertzioaren eta finantzen oinarriak ikai zituen. 1753an Madrilen kokatu zen; han, bere anaia Martinekin batera, finantza-negozio bat jarri zuen. Urteekin Aragorri etxea Espainiako banketxe garrantzitsuenetako bat bihurtu zen; haren korrespontsalak Frantziako, Erresuma Batuko eta Ameriketako Kolonietako hiri nagusietan zeuden. Oinarri horrekin garaiko ekonomiaren sektore ugarietan inbertsio handiak egin zituen hendaiarrak. Aragorriren ondarea denborarekin ere asko handitu egin zen Errege Armadaren janarien hornitzaile bezala aritu zenean.

Poliki-poliki, Simon Aragorriren eragina eta ospea handitu zen eta Espainiako Koroari eskainitako zerbitzuei esker, 1769an, Karlos III.a Espainiakoak Iranda markesaren titulua eman zion. Euskal Herrian ere inbertsio handiak egin zituen. 1769an, esaterako, Errenterian, lur batzuk eta burdinola zahar bat, Errenteriola, erosi zituen bertan "fanderie" bat kokatzeko. Eredua Frantziako Entziklopediatik jaso zuen. Horretarako, laminazio tren bat sortzeko, makinak eta espezialistak kanpotik ekarri zituen, ezaugarri horiekin Espainiako lehenengoa martxan jarriz. Fanderian, makinaria horri esker, burdina luzatu eta zapaldu egiten zuten, tolestatu arte. Lantegi horrek astean 55.000 libra burdina eta 30.000 ailara eralda zezakeen.

1770an Euskalerriaren Adiskideen Elkartean bazkide emeritu bezala sartu zen. Aragorriren dirua beti zegoen prest negozio eta ekimen berrietan sartzeko. Adibidez, haren diruarekin, aipatutako elkarte horrek industria-espioi bat Sheffieldeko lantegietan sartu zuten hango egiteko metodoak ikasteko. Operazioan Aragorrik berak lagundu zuen, horretako bere Ingalaterrako negozio-sarea ekintzan erabiliz. Beste konplize Francisco Escarano, Espainiako enbaxadorea Londresen, izan zen. Beste bi proiektuetan ere bere eraginak erabili zituen Aragorrik: Bergarako Errege Mintegia eta Cecial Arrantza Lantegia martxan jartzeko. Beste proiektu legatza lehortzeko eta, gatzatu ondoren, Espainiako merkatuetan saltzeko konpainia sortzea izan zen. Donostiako Ibaeta aldean, bestetik, bertako hezeguneak lehortzeko eta lurrak erabiltzeko beste proiektu bat jarri zuen martxan, 1773an: kanalak eta erretenak egin zituen baina, azkenik proiektua ez zuen burutu.[1]

Urte horietan ere Filipinetako komertzioa maldan behera zegoen eta horren aurrean eztabaida aberats bat sortu zen. Egoera aldatzeko Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren antzeko beste konpainia bat sortzea proposatu zuen Aragorrik. Azkenik, 1785an, Caracaskoa aldatu zen Filipinetako Errege Konpainia sortzeko. 1789an Aragorri, Erregearen eta Espainiako Ogasunaren ordezkapenean, konpainia horren zuzendaritzan sartu zen. Konpainian kargu desberdinak bete zituen ondoren, 1797 arte; urte horretan, osasunez ondo ez zegoela eta, erretreta hartu zuen.

Erretreta hartu aurretik, 1795an, Manuel Godoyk, Bulego Unibertsalaren Idazkariak, lan diplomatiko bat eskatu zion. Eskaera, benetan, denbora irabazteko tranpa bat izan zen. Urte horretan, Espainia Frantziarekin gerran zegoen, Konbentzioaren Gerran alegia. Frantsesek Gipuzkoako alde handia hartuta zuten eta bertakoek estatu espainiarretik alde egiteko gogoa adierazten ari ziren. Godoyk Aragorriri frantsesekin bakearen negoziazioa egiteko eskatu zion. Negoziazio hori Servan jeneral frantsesarekin egin behar zuen. Itxuraz helburua bakea lehenbailehen lortzea zen baina Godoyk benetan bilatzen zuena luzatzeko maniobra bat egitea zen, frantsesek bitartean Deba ibaia ez igarotzeko. Aragorrik Madrili negoziatzeko botere gehiago eskatu zionean ez zuen erantzunik jaso. Urte bereko ekainean Euskal Herriko frontea erori zen eta, hilabete bat geroago, uztailaren 22an, Domingo Iriarte eta François Barthélemy artean Basileako Ituna sinatu zen. Urte horren amaieran, agian engainuaren ordaina, Aragorrik Estatuko Kontseilariaren izendapena jaso zuen.

Markesaren bizitza pertsonala eta familiarra haren negozioen menpe egon zen beti. Horregatik, bere ezkontza helburu horrekin lotu zuen: 1777ko irailaren 8an, Fernando Llano Lezamaren alarguna zen Josefa de la Torrerekin ezkondu zen. Ezkontza horrekin bere proiektuetarako diru dezente eskuratu zuen bankariak.

Kultura ikuspuntutik, Irandako markesak bere Madrilgo etxean, Fuencarral kalean, tertulia garrantzitsu bat antolatzen zuen. Bertatik euskaldun asko ibili ziren; baita ere garaiko politikarekin, bereziki Floridablancako kondearekin, oso kritikoak ziren intelektualak. Halaber, bere iloba Rosa de las Casas Aragorrik Alexander O'Reilly kondearekin ezkondu zen[2] eta Irandako markesak harekin harreman estua izan zuen; horren ondorioz intriga batzuen erdian agertu zen eta Pedro Rodríguez de Campomanes ministroaren errieta pairatu behar izan zuen. Aragorriren tertuliatik jende ospetsu igaro zen, tartean, 1799an, Wilhelm von Humboldt bidaiari ezaguna.

Aragorrik Madrilen, 1801an, hil zen.

  • Reflexiones sobre el establecimiento de una Compañía de Comercio a las Islas Filipinas. Bernardo Iriarterekin batera. Madril, 1781.
  • Jesus Astigarraga: "Las Reflexiones (1761) de Simón de Aragorri y la reforma delcomercio atlántico español", Revista de Indias, 2013, LXXIII liburuki, 259. zk., 759-788 or, ISSN: 0034-8341 [1].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]