Fisioterapia Suedian

Wikipedia, Entziklopedia askea
GCI ikastetxea 1900 inguruan

Fisioterapia Suedian sortu zen XIX. mende hasieran, osasun zientzia bezala. Handik Europan eta mundu osoan hedatu ostean diziplina honek norabide ezberdinak hartu baditu ere, Eskandinavia osoan (eta Suedian bereziki) fisioterapiak ariketa terapeutikoarekin lotura estua mantendu du.

Izendapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suedian fisioterapiak historikoki sjukgymnastiken izendapena izan du ("gaixoendako gimnasia"). Izen honek oso ondo adierazten du herrialde honetan fisioterapiak zer nolako atxikimendua duen ariketa terapeutikoarekiko. Hain zuzen ere, 2014 urtetik lanbidearen izendapena nazioartekoarekin homologatu bada ere (fysioterapi), gaur egun oraindik hiztegietan bi hitzak sinonimotzat hartzen dira.[1]

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

GCI-k eta gobernuak Suediako fisioterapeuta eta gorputz hezitzaileak atzerrira joatea bultzatu zuten. Argazkian, New Yorkeko "Swedish Gymnastic Institute", 1919-20 urtean

Fisioterapiaren sorrera-mugarria 1813an ezartzen da, Pehr Henrik Ling-ek urte horretan sortutako Kungliga Gymnastiska Central Institutet («Gimnastikako Errege Institutu Zentrala», GCI) ikastetxean. Ordutik hona, Suediako fisioterapeutak mundu mailako erreferente eta hedapen faktore izan dira.

Hasiera batean, fisioterapiari "medikuntza mekanikoa" ere esaten zitzaion eta barne-arazo fisikoak tratatzeko erabiltzen zen, hala nola "bihotzeko ahultasuna" eta gonorrea. Garai hartan suediar fisioterapeutak klase altuko gizonezkoak ziren, askotan militarrak, eta gimnastika-zuzendari tituludunak. Ospe handia lortu zuten, eta 1830eko hamarkadan Suediak fisioterapeuta asko nazioartera "esportatu" zituen, zati handi batean GCI-k berak bultzatuak, nolabaiteko "misio zientifikoan"; urte gutxiren buruan, Europako hiri nagusi guztietan fisioterapeuta suediarrek zuzendutako institutuak zeuden, baita beste kontinenteetako leku askotan ere.[2] Adibidez, Sigfrid Ulrich-ek ibilbide zientifiko nabarmena egin zuen; Henrik Kellgrenek, Suedian eta Europako hainbat hiritan arrakasta handiko fisioterapia institutuak zuzendu zituen; eta Thure Brandt ginekologian espezializatu zen.

Hasierako urteetan gatazka sortu zen medikuen eta fisioterapeuten artean: Nils Åkerman medikuak, Suediako lehen ortopedistak, institutu pribatu bat sortu zuen, non, besteak beste, gaixoak terapia fisikoz tratatzen hasi zen. GCIk protesta egin zuen, besteak beste, egunkarietara artikuluak bidaliz eta Parlamentuan mozioak bultzatuz. Gatazka ez zen konpondu 1864. urtera arte: orduan GCIri fisioterapeutak trebatzeko eskubide esklusiboa eman zitzaion; baina, aldi berean, medikuek formakuntza jasotzeko eskubidea lortuz.[3]

XIX. mende amaierarantz, terapia fisikoaren panoraman ikuspegi "suediarra" indarra eta definizioa galduz joan zen: ariketa fisikoak eta esku terapiak protagonismoa galdu zuten, beste tratamendu mota batzuen aldean (balneoterapia, elektroterapia...).[4]

Diziplina eta genero banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasleak anatomia lezioa hartzen CGI-an, 1891-1893

1864 urtean emakumezkoentzako fisioterapia eskola ere ireki zen, Suedian emakumeentzako izan ziren lehen lanbide heziketetako bat. Horrekin batera, medikuen artean GCIko tituludunei nolabaiteko boikota egin zitzaien, terapia fisikoa kualifikaziorik gabeko pertsonalaren gain utziz. Faktore hauen eraginez, hurrengo urteetan lanbideak estatus jaitsiera bat bizi izan zuen.[2]

1930eko hamarkadarako, fisioterapeuta gehienak emakumeak ziren eta espezialitate honek ez zuen inolako pisu zientifikorik; arlo hori landu zuenak atzerrira jo beharra izan zuen, Signe Brunnströmek egin bezala.[3] Suedian bertan, 30 urteko azpi-lanaren ostean, medikuek gimnasia bi adarretan bereiztea lortu zuten: gaixoendakoa (= fisioterapia) eta osasuntsuendakoa: 1934ean, erabakia Parlamentuak berretsi zuen.[2]

Formakuntzak GCIren esku jarraitu zuen, Unibertsitatearen zuzendaritzapean (Karolinska Institutua). Gimnasia ikasketetarako batxilergoko titulua eskatu zen, fisioterapiarako berriz lehen hezkuntzako ikasketak baino ez. Horrek genero banaketa areagotu zuen: gymnastikdirektör ikasketetan gizonak nagusitu ziren, eta sjukgymnastik ikasketetan berriz, emakumeak. Egoera honek 1960ko hamarkadara arte iraun zuen: orduan fisioterapia ikasketetan gizon gehiago sartzen hasi zen; eta 1977an formakuntzak unibertsitate maila berreskuratu zuen.[3]

Egungo baldintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014ko urtarrilaren 1ean, lanbideari izendapen ofiziala aldatu zitzaion: Suedian, terapeuta fisikoak sjukgymnast izatetik fysioterapeut izatera pasatu ziren. Hau legeak babestutako titulu profesionala izango zen, eta Osasun eta Ongizate Kontseilu Nazionalak legitimatutakoek baino ezin izango zuten erabili.

Gaur egun, Suedian Unibertsitateko fisioterapeuta ikasketetan 180 goi-mailako kreditu akademiko ematen dira. Hortaz gain master bat egin daiteke (60 kreditu), lizentziatura (120 kreditu) eta doktoregoa (240 kreditu). Ikasketak hainbat lekutan egin daitezke: Västerås, Göteborg, Lund, Luleå, Stockholm, Umeå, Linköping eta Uppsala. Hainbat katedra daude fisioterapia arloan.

Zenbait arlotan espezialitateak egin daitezke, besteak beste: pediatria, ortopedia, esku terapia, mina edo neumologia. Hainbat ospitaletan fisioterapia zerbitzu espezializatuak daude, eta beste arlo askotan lan egin daiteke Suedian: laneko osasun arretan, hezkuntza berezian, errehabilitazioan, lehen mailako arretan, kirol kliniketan, ergonomian, entrenatzaile pertsonal gisa...[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Lexin» lexin.nada.kth.se (Noiz kontsultatua: 2021-06-22).
  2. a b c Ottosson, Anders. (2011). [https://www.researchgate.net/publication/225429089_The_Manipulated_History_of_Manipulations_of_Spines_and_Joints_Rethinking_Orthopaedic_Medicine_Through_the_19th_Century_Discourse_of_European_Mechanical_Medicine The Manipulated History of Manipulations of Spines and Joints? Rethinking Orthopaedic Medicine Through the 19th Century Discourse of European Mechanical Medicine. ] Medicine Studies, 3:83–116 or..
  3. a b c d Eva Lundgren (2008) Sjukgymnastiken - En rafflande historia, GUspegeln, Göteborgs Universitet, nr.4, sid:4-6
  4. Ottosson, Anders. (2011). [https://www.researchgate.net/publication/225429089_The_Manipulated_History_of_Manipulations_of_Spines_and_Joints_Rethinking_Orthopaedic_Medicine_Through_the_19th_Century_Discourse_of_European_Mechanical_Medicine The Manipulated History of Manipulations of Spines and Joints? Rethinking Orthopaedic Medicine Through the 19th Century Discourse of European Mechanical Medicine. ] Medicine Studies, 3:83–116 or..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]